Bidea urratzeko oholtzak

Bidea urratzeko oholtzak

Natalia Salazar Orbe

Bizkaian bertsolaritzak zuen hutsunea betetzeko asmoari helduta, herriz herri ibili zen hilaren 8an azken arnasa eman zuen Jon Lopategi bertsolaria. Bizkaiko taldekako lehiaketak ere eskualdez eskualde aritzen diren bat-bateko kantu egileak bilatzen ditu. Bertsolari hasiberriak zein plaza aspaldi utzi zutenak eta euren burua ohiko txapelketetatik kanpo ikusten dutenak erakarri nahi ditu lehiaketa horrek. Helburua lortu duela erakutsiko du igandetik aurrera egingo dituen saioetan.

Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria indartzeko asmoz egin zuten lehenengoz lehiaketa, 2017an. Bertsozale Elkartea sinetsita dago asmatu dutela. 21 taldek eman dute izena: iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, ordezkaritza zabal batek bat egin du deiarekin.

Arratiako, Busturialdeko, Bilbo inguruetako, Durangaldeko, Enkarterriko, Ezkerraldeko, Lea-Artibaiko eta Uribe Kostako berrehun parte hartzaile inguru ariko dira norgehiagokan. Profil askotako lehiakideak ikusiko dira oholtzan: oso gazteak, beteranoak, aspaldi bertso mundutik kanpo ibilitakoak, hasiberriak, Bizkaiko txapeldunak, txapelketetan parte hartu dutenak eta sekula parte hartu ez dutenak. Hala, izen ezagunak ere azalduko dira agertokira. Besteak beste, Onintza Enbeita Bizkaiko txapelduna, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Ibon Ajuriagojeaskoa.

Hiru fase izango ditu lehiaketak. Lehen faseko kanporaketetako bakoitzean hiru talde ariko dira nor baino nor gehiago. Horietako bakoitzean, hiru saio labur egingo dituzte: lehenengo taldea bigarrenaren aurka, bigarrena hirugarrenaren kontra, eta hirugarrena lehenengoaren aurka.

Zazpi kanporaketa horietatik, talde bana pasatuko da bigarren fasera. Beraz, zazpi taldek jarraituko dute lehian. Hiru saio egingo dituzte bigarren fase horretan. Hiru talderen arteko lehia egingo dute saio batean, eta, beste bitan, bina talde jarriko dituzte aurrez aurre. Maiatzaren 25ean lehiatuko den finalera hiru talde iritsiko dira.

Lehenengo faseak martxoaren 25era arte iraungo du. Egun horretan jakingo da zeintzuk talde lehiatuko diren bigarren fasean, martxoaren 27tik maiatzaren 13ra. Finala Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera jokatuko da.

Gutxienez sei bertsolarik osatu beharko dute talde bakoitza. Izan ere, hainbat funtzio bete beharko ditu bakoitzak: hiru bertsolari lanetan ariko dira, eta gai jartzaile bat, epaile bat eta laguntzaile bat ere egon beharko dira.

Saio bakoitza parte hartzen duten hiru taldeetako epaileek eta ikus-entzuleek puntuatuko dute. Hala, denen artean erabakiko dute lehian aritu diren hiru taldeetatik zeinek egiten duen aurrera hurrengo fasera.

Gaiak ere parte hartzen duten hiru taldeetako gai jartzaileen artean pentsatuko dituzte. Aurkezle lanak, berriz, kantatzen ari ez den taldeko gai jartzaileak egingo ditu.

Oinarrian eragin

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen helburuekin bat datoz lehiaketaren asmoak: bertsolaritzaren ekosistema osoa elikatu nahi du, eskualdez eskualde, eta etenik gabe. Horrez gain, bertsogintzaren oinarria motibatu, finkatu eta garatzeko bideak urratzen ari dira etengabe.

Taldekako txapelketaren bidez, ekosistema horren oinarrian eragin gura dute. Alegia, bertso eskolak eta eskualdeak indartzea dute helburu. Asmo horiek betetzeko gune ludiko bat eskaini nahi du elkarteak. Horretarako, jai giro ez-formala sortzen du saioetan.

Bertsolari gazteei bidea egiten laguntzeko modua da lehiaketa. Batez ere, bertsolari hasi berriei plazarako bidea erraztu nahi die. Horrez gain, beren arrazoiak direla medio ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik ez dutenei beste aukera bat zabaltzen die. Antolatzaile, epaile eta gai jartzaile berrien sorrera ere bultzatuko da, eta baita eskualdeen arteko harremana sendotu ere.

Lehen fasean zazpi saio egingo dituzte. Bakoitzean hiru talde lehiatuko dira.

Otsailak 24, igandea

Algortan. Durango eta Iurretako Tronperrieta, Uribe Kostako Tosu Bizirik eta Uribe Kostako Anubix lehiatuko dira.

Martxoak 1, ostirala

Leioan. Leioako Leioatik Leioara, Mungiako Taket eta Uribe Kostako Basordako gorringoak ariko dira nor baino nor gehiago.

Martxoak 10, igandea

Portugaleten. Deustuko Elorri, Enkarterri eta Ezkerraldeko Far Westeko bertsolariak eta Bilboko Potojorran lehiatuko dira.

Martxoak 15, ostirala

Errigoitin. Arrigorriagako Estropezu, Busturialdeko Zahar-alive eta Lekeitioko Poto taldeek osatutako saioa izango da.

Martxoak 17, igandea

Gernika-Lumon. Busturialdeko Itsosupetekuek, Abadiñoko Koipelustre’s eta Busturialdeko Punta Batekoak taldeak ariko dira norgehiagokan.

Martxoak 22, barikua

Markina-Xemeinen. Larrabetzuko Itallen, Markiina-Xemeingo Akerbeltzen Antxumak eta Busturialdeko Dolu Gabe taldeek egingo dute erakustaldia.

Martxoak 23, larunbata

Igorren. Santutxuko Otsoa & Co., Arratiako Aramotzetik Itxinera eta Berriz eta Elorrioko Miotako bidelapurrak taldeen arteko lehia izango da.