Bermeoko merkataritza portua konpontzeko lanak hasi dituzte

Bermeoko merkataritza portua konpontzeko lanak hasi dituzte

Natalia Salazar Orbe

Itsasoaren astinduek eta eguneroko kargatze eta deskargatze lanek portuan eragin dituzten kalteak konpontzeko lanak abiatu dituzte Bermeon. Zehazki, Xixili eta Erroxape moilak konponduko ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak. Moila bietako lanak bukatzeko, zazpi hilabeteko epea aurreikusi dute. Lanok egiteko, bi milioi eta erdi euro baino gehiago beharko dituzte.

Joan den astelehenean abiatu zituzten Erroxape moilako obrak. Zoladura osoa konponduko dute. Merkataritza beharretarako erabiltzen den makineria astunaren lanek eta itsasoaren eraginak kalteak sortu dituzte eremuan, eta horiek konponduko dituzte. Aurreikusitakoaren arabera, irailean bukatuko dituzte lanok.

Zoladura atontzeaz gain, kalteak pairatu dituzten zerbitzuak berrituko dituzte. Bestalde, merkataritza kaietan drainatze sare berria egingo dute.

Obrak abiatu dituztela baliatuko dute itsasoko eguraldiaren baldintzak kontuan hartuta moila horietara egokitzeko. Hain zuzen, amildegiaren buruaren gailurraren kota metro erdi altxatuko dute, 6,4 metroraino.

Xixili moila

Martxoan ekingo diete obren hurrengo faseari: Xixili moilaren konponketa lanei, hain zuzen. Egitura bera konpontzeaz gain, biltegi gunearen zoladura hobetuko dute, portuaren behar berrietara egokitzeko asmoz.

Kalteak pairatu dituzten zerbitzuak berrituko dituzte, eta, Erroxapen egingo dutenaren antzera, han ere merkataritza moilen drainatze sare berria egingo dute.

Ingeniaritza enpresa berak idatzi ditu bi eraikuntza proiektuak. Lanak gauzatzeko ardura beste bi enpresak hartuko dute: Erroxapeko lanez Ferrovial Agroman arduratuko da, eta milioi bat eta erdi eurotik gorako esleipen kontratua sinatu du, BEZa kontuan hartu gabe; Xixili moilako lanak, berriz, Viuda de Sainz enpresak egingo ditu, milioi bat eurotik gorako esleipen aurrekontuarekin, BEZa kontuan hartu gabe.