Erreparaziorik izan ez dutenei, aitorpena

Natalia Salazar Orbe

Felipa zuen izena; orozkoarra zen. Senarra sozialista zuen, errepublikazalea edota abertzalea izatea gogor zigortzen zen garai hartan. Eta hura ere zigortu zuten: erbesteratu egin zioten gizona. Felipak, berriz, herrian bertan pairatu zituen errepresaliak. “San Martinerako errepidea egiteko lanak egitera behartu zuten; orgarekin lan egitera. Seme-alaba gaztetxoek eramaten zioten haurtxo txikia amari, bularra eman ziezaion errepide hartan lanean ari zen bitartean. Egunean bizpahiru aldiz eramaten zioten. Han lanean ari ziren presoek errespetu handiz tratatzen zutela kontatzen zuen; intimitatea gordetzen laguntzen ziotela”. Karla Santistebanen hitzak dira. Orozkoko memoria historikoa berreskuratzeko lanerako elkartu den herritar talde bateko kidea da. Bihar ikusiko dute argia Feliparenak bezalako lekukotzek, osatu duten ikus-entzunezko batean. Horrez gain, hainbat ekitaldi egingo dituzte, gaur hasita.

Memoria Historikoa 1936-1939 eta Gerra Ostea izenburupean antolatu dituzte jardunaldiak herrian. Bizkaiko beste hainbat herritan bezala, Orozkon garai hartan jasandako gehiegikeriak jaso dituzte. “Pedro Mari Intxaurragak izan zuen hau abiatzeko ideia”. Udalaren onespena jaso eta deialdia egin ostean, lanerako taldea eratu zuten. “Esperientzia ona izan da, kontuan hartuta pentsaera desberdineko herritarrak elkartu garela”.

Desberdin pentsatze horrek hausnarketarako bidea zabaldu zuen prozesuaren hasieran. “Eztabaidak sortu ziren: baten batek esan zuen alde batekoak eta bestekoak omendu beharko liratekeela. Baina kontrako iritzia nagusitu zen: erabaki genuen alde batekoek, alegia, irabazleek, izan dutela 80 urtetan nahi izan duten guztia eta gehiago. Beraz, orain zentra gaitezen galtzaileei eskaintzen omenaldi hau”. Omenaldia egiteaz gain, helburu zehatza du egitasmoak: “Argi geneukan aurrera atera behar zirela egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea”.

Lan handia egin dute informazioa biltzeko. Zenbait datu nabarmendu dituzte: 21 pertsona hil zituzten Orozkon. Lan behartuak egitera Deustutik eta beste leku batzuetatik bidali zituzten 41 preso aritu ziren San Martinerako errepidea egiteko obretan. Eta bestelako errepresaliak pairatu zituzten beste 89 lagun zenbatu dituzte. Guztira, 151. Horien denen izenak jaso dituzte bihar aurkeztuko duten monolito batean.

Jose Lopez Tatok egin duen eskulturak prisma baten itxura dauka. Aurrealdean, goiko aldean, lauburu bat du. Beheko aldean, berriz, errepublikanoen bandera alde batean eta ikurrina bestean. Erdian, ondokoa idatzi dute: 1936ko gerran eta ondoan frankismoak errepresaliatutako gizakien omenez eta onarpenez. Isabel Salcedo eta Manuel Otegi adineko herritarrek kenduko diote estalkia, bihar. Hala aurreikusi dute antolatzaileek. Errepresaliatuen senideak dira biak.

Ez daude denak

Monolilto horretan jasota geratu diren herritarrez gain, jakin badakite gehiagok pairatu zutela errepresioa. “Falta direnengatik barkamena eskatu nahi dugu. Epe motza izan dugu, eta ezin izan dugu gehiago egin. Baina gure helburua da datozen urteetan honekin jarraitzea, eta orduan aipatzea orain aipatu ez direnak”.

Zenbaki hotzetatik harago, garai hartako hainbat bizipenen kontakizunak lortu dituzte. Feliparena, kasurako. Baita Domingo Olabarria alkate ohiarena ere. “Hil egin nahi izan zuten, baina eskuineko ideologia zuten herritar batzuek haren alde sinatu zuten”.

Alkate ohia bizirik atera zen, beste asko ez bezala. Haien zein errepresioa bestelako moduren batean pairatu zuten herritarren ahotsa entzungo da euren senideen ahotik. Bego Perurenak egin ditu elkarrizketak. “Hainbat lekukotza jaso ditu, eta hunkigarriak direla aurreratu digu”.

Elkarrizketez gain, dokumentazio lan mardula egin behar izan dute. Horretan jardun dira Garbiñe Sarrionandia eta Arantza San Pedro. “Sarrionandiak begiratu ditu Guadalajara, Segovia, Avila eta Ferroleko artxibo militarrak”. Bestalde, San Pedrok Orozko, 1936 erakusketarako materiala bildu eta prestatu du. Hilaren 24ra arte bisita daiteke, Orozko museoan.

Frontean egotearen gordintasuna ezagutu zuten herritarren oroimena ez galtzeko harri koskorra jarri dute. Herriaren aitorpena, gutxienez, izango dute sufrikario guztia isilpean gordeta joan zirenen senideek.