Bermerik gabeko etorkizuna

Bermerik gabeko etorkizuna

Peru Azpillaga Diez

Prekaritate hitzak egunkari azal eta izenburu ugari hartu ditu XXI. mendeaz geroztik. Ezerezetik, egunkari eta albistegi guztietara egin du salto azken hamarkadan, eta badirudi lanaren munduaren logika itxuraldatu egin duela. Gazteekin eta bizi duten lan egoerarekin lotzen da, batik bat, prekaritatea; baina, zer esan nahi du zehazki?

Euskaltzaindiaren hiztegiak, halaxe definitzen du prekario hitza: “Lanaz edo enpleguaz mintzatuz, ezegonkorra dena eta lan baldintza kaskarrak dituena”. Hots, arlo profesionalera mugatzen den fenomenoa dela deritzo. Asier Zamorano Ernaiko kideak, ordea, harago doan irakurketa egiten du: “Krisi ekonomikoak ekarritako guztiarekin, prekaritatea bizitzako eremu guztietan pairatzen dugun gaitz bilakatu da. Ez da soilik lan munduari eragiten dion gauza bat; egun gure bizitzako esparru guztietan gara prekarioak”. Hots, prekaritatea hedatu dela dio Zamoranok, eta horregatik, “bizi prekaritateaz” mintzatzen da.

Egoera horrek gazteen bizitzak zuzenean “kolpatu” dituela eta, horri aurre egiteko sortu dute Euskal Herrian Bizi dinamika. “Prekaritatearen erantzuleak seinalatu eta egoera larri baten aurrean gaudela adierazi nahi dugu; eta hori da, hain zuzen ere, larunbateko [biharko] manifestazioan egingo duguna”. Prekaritateari ateak itxi lelopean, Bilboko kaleak hartzeko deia egin du Ernai gazte antolakundeak. Bihar 17:00etan Euskadi plazatik abiatuko da manifestazioa.

Haien dinamika azaltzeko, Oraina borrokatzeko koordenadak izeneko liburuxka plazaratu du Ernaik. Bertan, prekaritatearen inguruan egindako irakurketa azaltzen dute, batez ere, hezkuntzari, enpleguari eta etxebizitzari erreparatuz. Zamoranok adierazi duenez, berez, ez da fenomeno berria, baina bere ondorioak “geroz eta ageriagoak” dira. “Prekaritatea aspalditik existitzen da, badakigu lan baldintza prekarioek zer eragin izan duten azken hamarkadako gazte guztiontzat. Lan baldintzei lotuta egon izan da beti prekaritatea: soldatari, malgutasunari…”.

Hala ere, hori aldatu egin dela uste du, eta gaur egun, prekaritatea, gazteek bizitza proiektu “duin” bat garatzeko duten oztopo nagusia dela deritzo. Hezkuntza prozesutik abiatuta, bizitza “zoro” batean murgiltzen dituztela zehaztu du. “Ez da soilik lan baldintza kaxkarrak ditugula, baizik eta horrek prekario bilakatzen gaituela bizitzako esparru guztietan: etxebizitza duin bat lortzeko orduan, harremantzeko orduan edota ikasteko orduan”. Hala, prekaritatea “kronifikatu” egin dela dio, gazteen emantzipazioa oztopatuz. “Azken finean, bizitzako elementu bat izatetik, bizitzako elementu guztiak jotzen dituen gaitz izatera igaro da prekaritatea”.

Aldaketa horren zergatiei erreparatuz gero, Zamoranok argi du: “Prekaritatearen erantzuleek krisi ekonomikoaren aitzakipean prekaritatea basatiago bihurtu dute, haien etekinak handitzeko”. Horregatik, dinamikaren bidez, erantzule horiek seinalatu nahi dituzte. “Confebasketik hasita, higiezin agentzietaraino, instituzioek enpresari handiak laguntzeko egindako politika publikoetatik igaroz, guztiak dira horren erantzule”.

Egun prekarizazioaren adibide bihurtu dira Glovo edo Deliveroo bezalako banaketa enpresak, baina, Zamoranoren aburuz, bertan ematen den “flexibilizazio” prozesua “pixkanaka” beste lan eta esparru batzuetara ere hedatzen ari da. Horregatik, eta prekaritateak gizarte sektore askori eragiten dien arren, gazteengan duen eragina azpimarratu du Zamoranok. “Pentsiodunen borroka edo borroka feminista, esaterako, guztiz lotuta daude prekaritatearen ideia honekin, baina egia da gazteok zapalkuntza propio bat pairatzen dugula”.

Gazteak jo puntuan

Nabarmendu duenez, gazteen izaeraz “baliatu” egiten dira: “Ikasten ari garela diote, lehenengo lan esperientziak direla edota etapa trantsitorio bat dela”. Ernaiko kidearen ustez, gazteei sinestarazi egiten diete halabeharrez eman behar dituztela urte batzuk baldintza txarretan, ostean lan eta bizitza duin bat eskuratu ahal izateko; “bitartean esplotazio eta prekaritate ereduetan sakontzen dute, gazteon lan baldintzak muturrera eramanez”.

Ildo horri jarraituz, prekaritateak gazte eremuan dituen ezaugarriak identifikatzen saiatu da: soldata txikiak, ezegonkortasuna, kontratu partzialen igoera… “Gehienbat gazteek pairatzen dituzten arazoak dira”. Prekaritateak, baina, bizi baldintzak “kaskartzeaz” gain, egoerari aurre egiteko aukerak ere murriztu dituela dio Zamoranok. “Eskubideak borrokatzeko funtsezkoa da kolektiboaren indarra”. Gazteria, ordea, “fragmentatuta” dagoela uste du, eta horrek asko zailtzen duela “antolakuntza eta borrokaren ideia sozializatzea”.

Iñigo Alonsok bat egiten du ideia horrekin. LAB sindikatuko kide da, eta sektore pribatuko langileekin dihardu aholkularitza lanetan, batez ere ordezkaritzarik ez duten beharginekin. Gainera, Eragin gazte prekarioen asanbladako kide ere bada, eta antolakuntzaren ideia ezinbestekotzat jotzen du: “Behin eta berriro errepikatzen den patroi bat dago zerbitzu pribatuen barruan, edozein denda edo komertziotan: atomizatuta daude langileak”.

Hau da, antolatzeko zailtasun “nabariak” daudela dio: “Ez da soilik ez dutela ordezkaritzarik, askotan ez dute batera egoteko aukerarik ere. Glovo enpresan, adibidez, detektatu egiten badute langile batzuk beti daudela batera abisua bidaltzen diete banatzeko esanez. Hori da printzipioetako bat: toki komunak desagerraraztea”, salatu du.

Azaldu duenez, sektore pribatuko lantoki askotan, taberna, ileapaindegi, ogitegi eta abarretan, ez dute ordezkaritzarik lortzeko aukerarik ere legearen arabera, gutxienez sei langile izan behar dira hartarako eta gehienetan, gainera, “jabearen ondoan” egoten dira lanean. “Inoiz ez dira egoera onean egon, eta beltzean kobratu izan dute ia beti. Arazoa da orain enpresa handienak ere joko horretan ari direla”. Guggenheim museoan izandako lan gatazka jarri du adibide gisa Alonsok. “Jaitsi egin dira oinarrizko baldintzak, eta, sektore horretan lehiatu ahal izateko, hitzarmena saltatu behar duzu: berez baino ordu gehiago sartu, estrak doan egin edo dirua gutun-azaletan jaso… mila formula daude”, erantsi du.

Hori dela eta, hitzarmen askok baliorik ez dutela dio; “ostalaritzan, adibidez, %90ean ez dela betetzen baieztatuko nuke”. Alonsoren esanetan, legeak bete egiten diren ustea dago gizartean, “baina hitzarmenekin ez da hala, eta lan ikuskaritza ez da hori kontrolatzeko gai”. Horregatik, bere ustez, jendearen ardura da instituzio lokalak “interpelatzea” egoera kontrolatzeko tresnak jar ditzaten.

Langileen errealitateari lotuz, haien baldintzak hobetzeko zailtasun asko dituztela deritzo: “Hobetzeko aukera dago, baina banan-banan”. Lan berdina egiten dutenen artean ere nomina desberdinak egon ohi dira: “Nominak konparatzen badituzu eta desberdinak badira, gure borroka ez da berdina izango. Halako trikimailu asko erabiltzen dituzte langileak elkarren aurka jartzeko, mesfidantzak sortzeko eta batek duen eskubidea bestearen lepotik lortu duela pentsarazteko”.

Langile gehienek aldi baterako kontratuak dituztela ere salatu du, eta horrek “atzera botatzen” dituela langileak edozein aldarrikapen egiterako orduan. SEPE Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak egindako txostenaren arabera, 30 urtetik beherakoek izan zituzten kontratu berrien %93,37 aldi baterakoak izan ziren Bizkaian 2017an. Alonsoren hitzetan, gainera, kontratuan ordu gutxi batzuk baino ez dituzte izaten jasota, eta gainontzekoak kontratutik kanpo geratzen dira. “Hori da niretzat prekaritatea: ez da diru gutxi jasotzen duzula, baizik ez dakizula zenbat jasoko duzun, ezta noiz arte jasoko duzun ere”.

Rakel Salazar (Irakaslea)
“Ez denez betirako, onartu egiten duzu,
eta ez duzu hobetzeko esfortzurik egiten”

Hainbat urte daramatza Raquel Salazarrek eskolak ematen: partikularrekin hasi zen, eta egun, karrera amaitu ostean, akademietan dihardu. Emakume gazteak dira nagusi bi lanetan, eta bietan, prekarizazio maila “handia” dagoela azaldu du.

Noiz hasi zinen eskola partikularrekin?

Gazteen artean oso hedatua dagoen praktika da. Egoera oso berezia da, lan baldintzak zuzenean hitzartzen dituzulako familiarekin. Hori bai, ez duzu inongo kontraturik eta familiek dute kontrol guztia: ordutegia, klaseak bertan behera uzteko ahalmena… Normalean tasa baxuak izan ohi dira eta prestakuntza denbora ez da kontuan hartzen.

Eta akademietan?

Lau urte daramatzat eta denetarik bizi izan dut. Adibidez, lehenengo urte osoa kontraturik gabe eman nuen. Beste guztietan aldi baterako kontratuarekin egon naiz; finkoak izan beharko lirateke lanpostua existitzen delako, baina aldi baterakoa eskaintzen dute akademia guzti guztiek.

Nolakoak dira baldintzak?

Akademiaren arabera nahiko aldatzen dira. Oro har, kontaktu gutxi duzu beste langileekin, ez dakizkizu besten baldintzak, egoera etabar. Soldata hitzarmenetik gorakoa izan ohi da baina prestaketa orduak ez dituzte kontuan izaten; teorian ez duzu lanaldi osoa, baina praktikan bai. Gero, kontratutik kanpo ere klaseak ematen ditut, beltzean kobratuz.

Baduzu egoera hobetzeko aukerarik?

Urtero batetik bestera nabil, arazoak izan ditudalako nagusiekin. Pasa den urtean saiatu nintzen lankideekin eskubide batzuk lortzen baina ez zuten nahi, beldur zirelako. Ez denez betirako, onartu egiten duzu, eta ez duzu hobetzeko esfortzurik egiten; are gehiago kalean amaitu badezakezu.

Nekane Martinez (Dendaria)
“Kezka handia sortzen dit hilabetero
kalean geratu naitekeela pentsatzeak”

Arropa denda batean egiten du lan Nekane Martinezek. 16 urterekin praktikak amaitu zituenetik sei urte daramatza Inditex bezalako multinazional handien saltokietan lanean. Lan baldintzekin pozik dagoen arren, soldata txikia izateak eta aldi baterako kontratuekin ibiltzeak “ezegonkortasunera” kondenatzen duela dio.

Zer nolako baldintzak dituzte arropa dendetako dendariek?

Lan baldintzei erreparatuz, kontratuena da gogorrena, batez ere gazteontzat. Aldi baterako izateaz gain, dendari kontratua egin beharrean laguntzaile kontratua egiten digute, eta beraz, soldata askoz txikiagoa da. Lan eta ordu berdinak egin arren, 800 euroren ordez, 500 inguru jasotzen ditugu. Beraz ordutegiekin pozik egon arren, egoera gogorra da.

Zenbateko iraupena izan ohi dute kontratuek ?

Normalean, gauzak ondo egiten badituzu edota errefortzuak behar badituzte, hilero berritu egiten dizute kontratua. Baina ez zara toki berdinean denbora gehiegi egoten, denda batetik bestera ibiltzeko joera dago; sartu eta irteten ibiltzen zara, nonbaiten tokia egitea lortzen duzun arte. Horretarako, baina, zorte handia izan behar duzu; normalean, behin kontratua amaituta, beste toki batean saiatu behar zara.

Zer dakar bermerik gabe bizitzeak?

Kontratua amaitu baino aste bat lehenago-edo esaten dizute berrituko dizuten kontratua edo ez, beraz, ziurgabetasuna da nagusi. Ni adibidez, oso urduri jartzen naiz hilabete amaieran, kezka handia sortzen dit pentsatzeak kalean geratu naitekeela.

Etorkizunera begira zer aurreikuspen dituzu?

Baldintza hobeak lortu ezean beste zerbait egingo dut, ez dut bizitza osoa soldata txiki hauekin eta bermerik gabe lanean eman nahi.

Olaia Bilbao (Garbitzailea)
“Hamar urtean 51 kontratu ere
kateatu ditzakezu, toki finkorik izan gabe”

2005etik garbiketa lanetan dabil Olaia Bilbao. Bilboko Udalaren azpiegiturak garbitzen egiten du lan, azpikontrata batekin. Pozik eta zortedun ageri da, joan den urtean kontratu finkoa egin ziotelako. Aurreko urteetan, ordea, 50 kontratu baino gehiago izan ditu.

Zer nolako baldintzak dituzue garbitzaileek?

Nabarmenena aldi baterako kontratuen arazoa da. Nik hamabi urte eman ditut aldi baterako kontratuak bata bestearen ostean kateatzen: astero, hilero… Zorte handia izan dut nik, kideek berdin jarraitzen dutelako; 10 urtetan, 51 kontratu katea ditzakezu, toki finkorik izan gabe. Izan ere, enpresak zentro bat baino gehiago kudeatzen duenez, toki batetik bestera edukitzen gaituzte askotan.

Zer suposatzen du aldi baterako kontratuekin lan egiteak?

Ez duzu inolako bermerik. Ziurgabetasun eza da nagusi, ezin duzu pisu bat erosi adibidez edo inbertsio bat egin, ez dakizulako hurrengo astean edo hilean lanean jarraituko duzun. Beldur horrekin bizi zara.

Zer nolako egoera duzu orain?

Orain mutilen lana egiten dut; peoi espezialista naiz eta baldintzak askoz hobeak dira.

Zergatik diozu mutilen lana dela?

Mutilek bezala lan egin eta kobratzen dudalako. Normalean peoi espezialista izateko aukera gizonezkoei ematen diete soilik. Sektore honetan emakumeak peoi garbitzaile izaten gara eta gizonezkoak, berriz, espezialistak.

Peoi garbitzaile edo espezialista, zer desberdintasun dago?

Garbitzaile izanik diru gutxiago jasotzen duzu eta baldintzak ere askoz kaskarragoak dira: garbitu, erratza pasatu… nekagarria da oso. Espezialistak berriz, makinekin ibiltzen dira eta eramangarriagoa da.