Albisteak

Mende erdia igarota, omena

Mende erdia igarota, omena

Aitziber Laskibar Lizarribar

Lauro ikastola: duela 50 urte sortu eta ikastolen aitzindari izandakoa. Lege baimena lortu zuen lehen ikastola izan zen; euskaraz ere irakasteko eskubidea aitortu zitzaion aurrenekoa. Ikasturte osoan egiten ari den ospakizunen barruan, aste honetan omenaldia egin diete egun Loiun dagoen ikastolaren lehen hazia erein zutenei. Egun berezia izan da Emakumeen Junta hura osatu zutenentzat eta haien oinordekoentzat. Aitortza publikoa jaso duten egun berean baieztatu da talde sustatzaile haren buru izan zen emakumearen izena izango duela Bilboko kale batek: Julita Berrojalbiz.

Omenaldia amaitzeko hitzartzean eman du jakitera albistea Juan Maria Aburto Bilboko alkateak: "Remigio Vilariño maisua kalea Julita Berrojalbiz kalea izango da". Memoria historikoaren legea beteta, izen frankistak kentzeko udalak hartua duen konpromisoarekin lotuta dator erabakia. Eta frankismoarekin bat eginda aritu zen maisuaren izena duen kaleak frankismoari aurre eginez bestelako heziketa proiektu baten alde borrokatu zuen emakumearen izena izango du. Alkateak jakinarazi duenez, martxoaren amaierarako egingo da aldaketa Mallonako galtzaden ondoan dagoen kalean, erabakia ofizial bihurtu eta izen berria duten plakak egiten direnean.

Herritarren babes zabalarekin egingo da aldaketa, gainera. Udalak herritarrei aukera eman zien proposatutako izenen artean gustukoena babesteko, eta Berrojalbizenak izan do boto gehien.

Ikastolen sorrera

1957. urtean hasi zen Bizkaiko ikastolen mugimendua Bilbon, San Nikolas elizako ikasgela batzuetan. Hamalau ikasle zituela murgildu zen Maria Angeles Garai andereño lanetan, Julita Berrojalbiz eta Xabier Peña sustatzaileak ondoan zituela.

Garai zailak ziren, ordea. Euskaraz irakastea debekatuta zegoen, eta eskola itxiarazi egin zuten. Iralabarriko frantziskotarren egoitzara eraman zituzten eskolak. Hori ere itxi zuten, eta etxez etxeko garaia hasi zen 1960an: beren burua eskaintzen zuten familien etxeetan ematen ziren eskolak. Baina 1965ean Espainiako Hezkuntza Legea aldatu izanak egokitu beharra ekarri zuen: ikasleek batxilergoa egin ahal izateko eskolaratze kartilla beharko zuten aurrerantzean, eta hori ez zen posible etxez etxeko eskoletan.

Berrojalbizek eta harekin ari zen taldeak argi ikusi zuen bidea: beharrezkoa zen ofizialtasuna. Mugimendu horren beste zutoietako bat izan zen Tere Rotaetxek Elkano kalean zuen etxe bat alokairuan utzi, eta han kokatu zuten ikastola; gerora Lauro izango zen Resurreccion Maria de Azkue ikastola. 1966. urtea zen.

Euskaltzaindiaren laguntza

Beharrezko lege baimenak lortzeko, Euskaltzaindira jo zuen Berrojalbizek, laguntza eske. Babesa eman zion hark, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiak ere. Horri esker jaso zuen baimena ikastolak.

Garai zail haietan egin zuten lan eta borrokagatik eskerrak eman dizkie bai sustatzaileei eta bai laguntza eman zuten instituzioei Itziar Laskurain Lauroko presidenteak: "Izan zirelako gara, garelako izango dira".

Hain zuzen, aurrera begirako lanean jarraitzeko deia egin du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Lauroko guraso izana da Urrutia; ikastolako errektore kontseiluko kide ere bai. Eta alde guzti horien izenean eskertu du "andre talde horrek izan zuen ikuspegi izugarria eta ausardia". Orduan hasitako proiektuari eusten dietenei ere eman dizkie eskerrak, eta, aurrerantzean ere, "Lauro proiektuaren alde" indar berarekin jarraitzeko eskatu.

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza eta Hizkuntza politikarako sailburuordeak ere babestu du ikastolaren eredua, Eusko Jaurlaritzaren izenean. "Orduan abiatutako proiektu aurrerakoiari" eusteko deia egin, eta "beste 50 urte" irauteko aldiro egokitu beharra plazaratu du. Gorazarre egin die Lauro ikastolaren sortzaileei Aurrekoetxeak: "Gaur egungo euskal hezkuntza sistemaren oinarri nagusietakoa da orduan egindakoa".

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura foru diputatuak emakume haien "adorea" goratu du, eta euskararen aldeko lanari eusteko gonbita egin die herritarrei. "Batzuek pauso bat aurrera eman zutelako dugu orain gizarte elebidunagoa".

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak Lauroren komunitate osoa zoriondu, proiektuaren beharra plazaratu, eta ikastolaren lehen haziak jarri zituzten emakumeen "ilusioa, ahalegina, lana eta konpromisoa" txalotu ditu: "Einsteinek esaten zuen bezala, bada elektrizitatea eta baporea baino indartsuagoa den indar bat: borondatea".

Sustatzaile lanetan ari ziren emakumeei edo oinordekoei oroigarria eman, eta ikastolaren lehen egoitza izan zen Elkano kaleko atarian plaka jarrita amaitu dute eskertza ekitaldia ikastolako eta instituzioetako ordezkariek.

Euskara, uzten bizigarri

Euskara, uzten bizigarri

Natalia Salazar Orbe
Gero eta jarraitzaile gehiago ditu Errigorak, euskara, elikadura burujabetza, Nafarroa hegoaldea eta auzolana ardatz dituen proiektuak. Bertako produktuak, nekazari txikiek ekoitziak, etxean prezio duinean jasotzeko aukera eskaint...

Aniztasun oro bistaratuz

Aniztasun oro bistaratuz

Natalia Salazar Orbe

Pertsona oro sexuduna da, eta bere sexualitatea askatasunez eta modu osasungarri batean gozatzeko eskubidea du. Zalantza edo eztabaida gutxi sortu beharko lituzkeen baieztapena dirudi. Hala ere, gaur egun, oraindik, bada eskubide hori osotasunean gauzatzeko aukerarik ez duenik. Arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonak, esaterako, sarri asko ez dira beharrizan horien barruan kokatzen. "Badirudi sexualitatea ustez ahalmen guztiak dituzten pertsona heterosexual, homosexual zein transexualen kontua besterik ez dela. Bestelako funtzionaltasunari buruz ari garenean, zail egiten zaigu ulertzen denok garela sexudunak, eta guztiok ditugula ase beharko genitzakeen sexu beharrizanak". Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariaren hitzak dira. Astelehenean hasi eta hilaren 29ra arte beteko da hiriburua Bilboko Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen jaialdiko jardueraz.

Yes, We Fuck! dokumentalak agerian utziko ditu arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonen beharrizanak eta haien eskaerak. "Kontzeptu modernoak erakutsiko dizkigu. Martxan denbora asko badaramate ere, gizarte zabalaren artean argia ikusiko duten kontzeptuak dira". Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonentzako sexu terapia da horietako bat, Guillenek zehaztu duenez. "Itsuak, gurpil aulkian dabiltzanak zein beste zirkunstantzia batzuetan daudenak honekin guztiarekin zelan bizi diren ikusteko aukera eskainiko digu: zeintzuk kexa dituzten eta zeintzuk konponbide aurkitzen dituzten".

Homosexualitatea da jaialdiak landuko duen beste gaietako bat. Gizarteak arlo horretan garapen handia izan duela zabaldu bada ere, ezin ahantz daiteke astero izaten dela eraso homofoboren baten berri. "Gaia kezkagarria da".

Mundu osoari erreparatuta, polarizazio bat gertatu dela dio Guillenek. "Herrialde batzuetan, aurrerapausoak ematen ari dira legeen alorrean. Esaterako, sexu bereko pertsonen ezkontzak legeztatu dituzte. Ikusgarritasuna ematen du horrek".

Kontrako jarrerak hartu dituzte beste batzuek, ordea. Errusia da horien adibide bat. "Sexualitate tradizionalez kanpoko sexu jarduerei buruz hitz egitea debekatu dute espresuki". Beste batzuk harreman homosexualekin lotutako oro are gehiago kriminalizatzeko formulen bila ari dira: "Uganda, kasurako. Bizi osoko zigorra dena heriotza zigor bihurtzea aztertzen ari da hango parlamentua".

Errealitate horiek guztiak ezagutzeko aukera ona eskainiko du Zinegoak jaialdiak gaur. Hacia una primavera rosa izeneko plataforma aurkeztuko dute (Udaberri arrosa baterako bidean). "Udaberri Arabiarrari erreparatuta, hastapenak Tunisian izan zituen eskubideen garapena LGTB kolektibora ere iritsi zenentz aztertu gura zuen ikasle talde baten lana da". Dokumental sail bat filmatu zuten, eta aurrera egin beharrean, atzerapausoa gertatu zela ebatzi zuten. Gaur, Mexikon filmatutako atala aurkeztuko dute; sail horretako azkena.

Ikusleria osoari zabalduz

Aniztasuna, orokorrean; horixe bistaratzea du helburu Zinegoak jaialdiak: "Sexuaz eta sexualitateaz harago, familia ereduekin eta aniztasunarekin lotuta dauden gaiak", hain zuzen. Gay-Lesbo-Trans festibalak ikusle guztientzako egitarau zabala dakar aurten ere, helburu hori lortzeko bidean: besteak beste, kontzertuak, erakusketak, antzerkiak eta mahai inguruak prestatu dituzte.

Ibilbide luzearekin batera, garapen handia ere izan du jaialdiak. "Hasieran, LGTB kolektiboarentzako ahalduntze erreminta gisa sortu zen; talde horretako kideak islatuta sentitzeko modu bat zen. Garatu ahala, jaialdiko elementu guztiak kalera ateratzeko balio duten espazio eta jarduera ere bilakatu gara. Ikusleria osoari zabalduta dago".

Kalera zabaldu beharra argi zeukaten. Ikusgarritasuna emateko orduan oso baliagarria delakoan. Hala, Zazpikaleetan Maitatzea ez da delitua argazki erakusketa zabaldu dute asteon. LGTB kolektiboaren ekintzaileek Afrikan duten egoera azaleratzen du. 27 lokaletan daude ikusgai argazkiak.

Hori bakarrik ez. Domeka goizean, heldu eta umeentzako rock kontzertua egingo dute: Gora nire familia! ekitaldia Azkuna zentroko Atrioan izango da. Familia eredu ororen aldeko aldarrikapena egingo dute bertan.

Zine ona eskaintzea helburu

Ezin ahantz daiteke Zinegoak jaialdiaren xede nagusia: zine ona eskaintzea du helburu topaketak. Areto komertzialetara iritsiko ez diren lanak ikusteko aukera ezin hobea zabaltzen du urtero. Astelehenean abiatuko dute lehiaketa, Arriaga antzokian egingo duten inaugurazio ekitaldian. Rose Trocheri ohorezko saria emango diote bertan. Igandean, Go Fish haren filmaren emanaldi berezia egingo dute, Bilborocken. Inaugurazio ekitaldian Stephen Dunn zuzendariaren Closet Monster filma ikusteko aukera ere izango da.

Hogei lan lehiaketara

Sail Ofizialean fikziozko hamabi film luze eta zortzi dokumental lehiatuko dira. Besteak beste, Desde allá, Io e Lei eta Yes, We Fuck! ikusi ahalko dira. Urrezko Lehoia eskuratu zuen lehenak, Veneziako Zinemaldian.

Aurtengo Zinegoak jaialdian sexu eta nahitasun aniztasuna hainbat ikuspuntutatik jorratzen duten lanak jaso dituzte. TransMex atalak, esaterako, kontraste handiko Mexikoko bizilagunen transexualitatearen ikuspuntua erakutsiko du. Off Zinegoak sailean, aldiz, zinemarik esperimentalena aurkeztuko dute. Biak ala biak Bilbo Arten eskainiko dituzte, doan. Bestalde, Begiradak sailaren lanak gaiaren eta jatorriaren arabera sailkatu dituzte aurten.

Bilgune eztabaidagunea

Zinea eta arte eszenikoak ditu ardatz jaialdiak. "Jende mordoa gonbidatu dugu bere esperientzia kontatzera: aktoreak, zuzendariak, ekoizleak... Kutsu zinematografikoagoa dauka". Hala ere, harago ere badoa jaialdia. Lanak aretoetatik atera eta hausnarketa eta solasaldi espazioetara eraman dituzte. Bilgune gunean ekingo diote bide horri. Transexualitatea, maskulinitate berriak, euskal nortasuna eta aniztasuna eta gorputzak erresistentzian: horra landuko dituzten gaiak.

"Film labur zein luze batzuk erabiliko ditugu landuko ditugun gaiak ulertu ahal izateko. Ostean, gai horietan jantziak diren adituekin komunikazio eta elkarrizketarako espazioak zabalduko ditugu". Hala, pantailan ikusitakoari buruz sakontzeko aukera eskainiko dute.

Tansexualitatea lantzeko bi film jarriko dituzte: Club Amazonas eta Diversxs. "Informazioaren garrantzia nabarmendu gura dugu horien bidez. Errealitate guztiak ikusgai dauden espazioak beharrezkoak dira. Baita pertsonen arazoei konponbideak jarriko dizkieten guneak ere, denek garapen zoriontsu, natural eta normalizatua egiteko aukera izan dezaten".

Diversxs filmean, 18 urte inguruko gazteen udaleku bat azaltzen da. "Imajina daitekeen aniztasunik handiena du: transexualak, lesbianak, GIBdunak... Denetariko pertsonen arteko elkarbizitza. Norberak bere egoera bizi du; baina bakoitzak bizitzan aurrera egiteko gainditu beharreko egoerak besterik ez dira. Horrek barne bakea izaten laguntzen die. Tipo bitxia ez zarela jabetzeak asko laguntzen du". Are gehiago gazteen artean.

Club Amazonas film mexikarrean, herrialdez herrialde ibili diren transexualen bizitza kontatzen dute. Mexikora iritsi bitartean, ez dira seguru bizi izan; euren bizia arriskuan ikusi dute ordura arte, etengabe. "Ez dute gertuko harremanik izan; kriminalizatu egin dituzte".

Saioa osatzeko, Errespetuz transexualen elkarteko kide bat kolektibo horren eskubideei buruz mintzatuko da. Eremu sozialaz harago joango dira, beraz. Besteak beste, onartu berri duten transexualentzako trantsizio agiriari buruz mintzatuko dira.

Sareak jostearen garrantzia

Jaialdia antolatzen duen Hegoak elkartea txikia da, baina, denborarekin sareak josi ditu hiriburuko zein handik kanpoko beste eragile batzuekin. Aliantza horiei esker, besteak beste, Pikara Magazine aldizkariarekin egingo dituzten jardunaldiak lortu dituzte. Trans nortasuna eta lesbofeminismoa jorratzeko elkarrizketarako bilgunea egingo dute, bihar.

Zazpikaleetan zabalik dagoen erakusketa Amnesty Internationalekin eta bertako merkatari elkarteekin antolatu dute elkarlanean. "Elkarte eta sare horiekin elkarlana sustatu behar dugu, eurek egiten dutena ere Zinegoak jaialdiaren koloreez jantz dadin eta ahalik eta jende gehiagorengana irits dadin". Abian da aniztasuna agerikoa izango den mundu baterako bidea.

Irudimena askatzeko atea, zabalik

Irudimena askatzeko atea, zabalik

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gazteenei begira jarri da Bizkaiko Foru Liburutegia aurtengo egitarau kulturala osatzerakoan. Haur eta gazteak kulturara hurbildu nahi ditu, eta haientzako erakusketa eta tailerrak antolatu ditu horretarako. Hain zuzen, gazteek osatutako erakusketa batekin hasiko du egitarau kulturala, asteartean. Guztira, 37 ekintza jaso ditu 2016rako egitarauan: erakusketak, solasaldiak, topaketak eta ikastaroak egingo dituzte hilero.

Udara begira, umeak eta gazteak ez eze, familia osoak hartu dituzte gogoan, eta haientzako jarduerak antolatu dituzte. Irakurketa izango dute oinarri topaketok.

Foru liburutegia barrutik ezagutzeko aukera ere balia daiteke aurten. Urrian zabalduko dute eraikinaren barreneko txokoak bertatik bertara ezagutzeko aukera hori.

Berritasunak dakartza aurtengo egitarauak. Etxeko gazteenak kulturara gerturatzeko helburu horretan, irakurzaletasuna ere jarri dute jomugan. Hala, liburuen nazioarteko egunean foru liburutegiak antolatzen duen bookcrossing-ean haurrentzako liburuak ere banatuko dituzte. Liburuak eskuz esku zabalduta, kultura txoko guztietara hedatzeko baliabideak jarri nahi dituzte martxan datozen hiletan.

Jardueretan parte hartu gura duenak izena eman behar du aurretik. Horretarako, bi bide dauzka: foru liburutegian bertan, edo webgunean. Informazioa eskatu edo zalantzak argitzeko ere bi bide zabaldu dituzte: 94-308 24 87 telefono zenbakia eta kulturjarduerak@bizkaia.eus webgunea jarri dituzte erabiltzaileen esku.

ERAKUSKETAK

Erakusketa batek emango dio hasiera foru liburutegiaren urteko programazioari. Marta Perez Elosuak zuzendu duen Oihal artean lana aukeratu dute horretarako. Euskal Herriko gazte sortzaileen hogei irudik osatzen dute proiektua, eta jantzien diseinua eta Euskal Herriko paisaiak elkartzen dira argazkietan. Hain zuzen, helburu bikoitza du: diseinuen edertasuna ezagutaraztea batetik, eta diseinu horiek sortzen ikusi dituzten bertako lekuak erakustea bestetik. Areto nagusiko bigarren solairuan jarriko dute erakusketa. Asteartean hasiko da, eta apirila bitarte izango da ikusgai.

Baina urte osoan bestelako lanak izango ditu aretoak. Ekainetik abuztura, 1936ko gerrako argazkiak jasotzen dituen Euskadiko Gerra Zibileko berregite historikoa izango da ikusgai. 36ko gerran euskaldunek izan zuten parte hartzea jaso du Jesus Valbuenak. Gernika, Gueñes, Laudio, Maroño (Araba) eta Areces (Asturias) herrietan egindako argazkien bitartez islatuko ditu orduan bizitakoak. 2011 eta 2014 artean ateratako irudiak diren arren, beste sasoi bateko sentsazioak gogora ekartzeko baliagarri bihurtu ditu egileak. Jesus Valbuenak lan horretarako erabilitako jantziekin eta materialekin egindako ekarpen kulturala nabarmendu du foru liburutegiak.

Urtea bukatzeko, euskal mitologiaren inguruko erakusketa izango da azaro eta abenduan. Haur eta gazteentzat bereziki antolatutako lana izango da.

HITZALDIAK

Erakusketen gaiekin lotutako hitzaldiak ere egingo dituzte martxotik aurrera. Zazpi solasaldi antolatu dituzte guztira, eta horietako bost izango dira euskaraz. Moda eta argazkigintzan sormena nola landu, Francisco de Iturribarriaren ipuinak nola aztertu, ilustrazio digitalaren erronka berriak, 36ko gerrak Euskal Herrian zer eragin izan zuen, txiste bat nola egin, genero bortizkeria, eta Lea Artibaiko ipuinak. Horiexek dira hitzaldietan landuko dituztenak.

Aurten 80 urte beteko dira armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela. Eta aldundiak tokia egin dio gertakariari, jardunaldiak antolatu baititu uztailerako. Valbuenaren erakusketaren aldi berean, 1936ko gerrak Euskal Herrian izan zituen gorabeherei buruzko eta Bilbo defendatzeko eraikitako burdin hesiari buruzko hiru solasaldi egingo dituzte Sancho de Beurko elkarteko kideek. Gaztelaniaz izango dira hirurak, uztailean.

TOPAKETAK

Bederatzi topaketa literario ere egingo dituzte aurten, eta horietako bost izango dira euskaraz. Lourdes Oñederra idazlearekin hasiko da topaketen bira, apirilean. Herritarrekin beraien lanaz arituko da foru liburutegian. Ibilbide luzea eta oparoa du Gasteizen bizi den donostiar horrek. Oñederrari testigua hartuko diote Mikel Peruarena, Alaine Agirre, Katixa Agirre eta Ramon Saizarbitoria idazleek. Profil, adin eta ibilbide ezberdineko sortzaileekin bertatik bertara eztabaidatu eta hausnartzeko tartea izango dute, horrela, herritarrek.

Gaztelaniaz egingo dute saioa Martin Olmos, Nere Basabe, Juan Carlos Marquez eta Marisol Ortiz de Zarate idazleek.

IKASTAROAK

Zazpi ikastaro jasoko ditu liburutegiak 2016an, eta horietatik hiru izango dira euskaraz. Ikastaroek hogei lagunentzako lekua izango dute. Bi datorren hilabetean hasiko dira. Belen Lucasek ilustrazioari buruzko solasaldiak egingo ditu. Autoedizioaren proiektu sinpleak landuko ditu, aurrez eremu horretan ezagutzarik ez dutenentzat. Ilustrazioa sortzeko prozesua istorioak kontatzeko baliabide gisa irakatsiko du.

Euskal Herriko komikigintzan emakumeek izandako rola aztertuko du Josune Muñoz ikerlariak, martxoaren 29tik maiatzaren 10a bitarte, asteartero. Ikuspegi bikoitzetik aztertuko du komikigintzan emakumeek duten rol hori: pertsonaia gisa eta egile gisa. Gaur egungo egoera ulertzeko, emakumeek arlo horretan iraganean izan duten egitekoa ere aztertuko du adituak.

Sormen prozesua bultzatzeko tailerra, ilustrazio mundurako sarrera, autobiografia femeninoa, jendaurrean nola hitz egin eta musika terapia dira tailerretan landuko dituzten gainontzeko gaiak.

JARDUNALDIAK

Hiru dira aurtengo kultur egitarauan jaso dituzten jardunaldiak. Apirilean, haur eta gazte literaturan balio ez-sexistak lantzeko saio bi egingo dituzte. Azaroan, letren eta futbolaren arteko harremanaren inguruan ariko dira. Topaketak, mahai inguruak eta hitzaldiak baliatuta aztertuko dute harreman hori. Eta hilabete berean egingo dira Liburutekia jardunaldiak, seigarren aldiz. Literatura eta joera berrien inguruan hausnartuko dute saio horietan. Profesionalentzat zein bestelako parte hartzaileentzat dago zabalik: denentzat.

BIZKAIDATZ

Aurten ere Bizkaidatz eta Bizkaidatz Txikia sariak banatuko ditu aldundiak. Sorkuntza literarioa sustatzea dute helburu antolatzaileek. Bukatuta dago lanak bidaltzeko epea. Apirilaren 23an banatuko dituzte VIII. Bizkaidatz lehiaketaren sariak, Liburuaren Nazioarteko Eguna horretarako baliatuta.

Bestalde, azaroan III. Bizkaidatz Txikiaren lehiaketari emango diote hasiera. 8 eta 16 urte arteko eskola ikasleek parte har dezakete. Euskaraz parte hartzen dutenek Xabier Olasok proposatutako kontakizunari eman beharko diote jarraipena. Gaztelerazko hautua egiten dutenentzako istorioaren hasiera, berriz, Laida Martinezek idatziko du.

IRAKURLE KLUBAK

Irakurketei buruzko iritziak emateko, euskarazko eta gaztelaniazko irakurle klubak antolatu dituzte foru liburutegian. Txanda bi antolatuko dituzte aurten; martxotik ekainera egingo dute lehen taldea, eta irailetik abendura bigarrena. Txanda bakoitzean hogei laguneko bi talde osatuko dituzte.

Martxoaren 2an egingo dute irakurle taldeko lehen txandakoek lehen saioa. Asteazken edo ostegunetan izango dira euskarazko taldeak, 18:00etatik 20:00ak arte, eta Txani Rodriguez izango dute koordinatzaile. Bigarren txandakoak irailaren 1ean hasi eta abenduaren 29a bitarte elkartuko dira. Julen Gabiria idazlea izango dute koordinatzaile azken horiek.

UDAKO LIBURUTEGIA

Haurrentzako ekintzen artean dago udako liburutegia ere. Ekainaren 27tik uztailaren 29ra, haur eta familientzako espazioa egokituko du astelehenetik ostiralera, Abierto kaleko karpan. Jolaserako espazioa da jarriko dutena, baina irakurketa oinarri duten ekintzak egingo dituzte, euskaraz zein gaztelaniaz.

Irudimena lantzeko haurtzaroan erein daitekeen zaletasun horrek fruitu emankorrak emango dizkie haurroi helduaroan, sustatzaileen esanetan.

Mundua bertan bizitzen

Mundua bertan bizitzen

Aitziber Laskibar Lizarribar
Tren geltokiko makina gela edo bagoi bat. Tatuajeak egiten dituzten denda, ile-apaindegia eta musika tresnen saltokia. Arkitekto baten estudioa. Berbere jatetxea. Museo bat. Edozein txoko izan daiteke berezia. Guztiek eskai...

Arte Ederren Museoa handitu nahi dute Batzar Nagusiek

Arte Ederren Museoa handitu nahi dute Batzar Nagusiek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Kalitate handikoa da Bilboko Arte Ederren Museoa. Maila goreneko margoak ditu, eta asko. Baina ez da behar bezala ikusten. Proiekzio handiagoa behar du, eta espazio gehiago eskatzen du horrek. Handitu egin behar da. Ondorio horretara heldu da, ia aho batez, Batzar Nagusietako Kultura Batzordea. EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoarekin, Ahal Dugu-ren kontrakoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, museoa handitzeko aukera aztertzeko eskatu diote Batzar Nagusiek Arte Ederren Museoaren Patronatuari.

Beste bi aldiz ere handitu da pinakoteka, orain arte. 1970. urtean eta 2001ean zabaldu egin zuten, eta, gaur egun, 12.000 metro koadroko azpiegitura du. Horietatik erdiak baino gutxiago dira, ordea, erakusketetarako: 5.000 metro koadro. Gainontzeko zatiaren gehiena museoak duen artelan bilduma oparoa gordetzeko erabiltzen da. Izan ere, 10.000 lan inguru ditu.

Aspaldiko nahia

Bi handitze horien ondoren ere, sarritan jarri izan da mahai gainean museoaren eremua handitzeko beharra, arazo bat edo beste dela medio gaia beti tiraderan gordeta geratu izan den arren. Iñaki Azkuna alkate zenak berak jendaurrean adierazi zuen premia 2009. urtean: "Handitzean pentsatzen hasi behar da, txiki geratzen ari baita". Museoak gordeta artelan asko dauzkala baina ez dagoela horiek erakusteko espaziorik argudiatu zuen orduan alkate zenak. Gaiari heldu, eta Campo Volantin pasealekuan dagoen Olabarri jauregia museoarentzat hartzea ere pentsatu zuen. Negoziazioetan hasi zen. Baina jauregiaren jabe den Portu Agintaritzak hautsi egin zuen eraikina erosteko hitzartua zuten aurreakordioa, eta hor zapuztu ziren Azkunaren asmoak.

Azkenekoz, PPk jarri zuen gaia mahai gainean, udal hauteskundeetan. Non jarri ere zehaztu zuen. Egungo kokalekuan eremu handiagoa hartzea ezinezkoa dela eta, museoaren zati bat Abando ingurura eramatea proposatu zuen; AHTa Bilbora Abandotik sartuko dela ziurtzat jo zuen, trenbidea lurperatu egingo dela Cantalojas arte, eta, beraz, eremu hori guztia "libre" geratuko dela. "Biziberritze garrantzitsua izango da hiriarentzat", esan zuen.

Oraingoan ere PPk proposatu du handitzea. "Guggenheimek museoen mapan jarri du Bilbo, baina ez du lortu ikusleak Arte Ederren Museora erakartzea. Milioi bat pertsonak baino gehiagok bisitatzen dute Guggenheim, baina horietatik %7 soilik igarotzen dira Arte Ederretatik, pinakoteka altxor bat den arren", azaldu du.

EAJk babestu egin du ekimena, abisu bat emanda: "Foru aldundiak Euskal Museoa osorik berritzeko konpromisoa hartu du, eta, beraz, berritze hori amaitu arte gutxienez, aldundiak ez du dirurik izango pinakoteka handitzeko". Hortaz, ohartarazi du proiektua gauzatzeko datarik ez dela oraindik ezarriko. Zabaltzea bere ustez non egin behar litzatekeen ere ez du zehaztu; egungo egoitza lurrazpitik handitu behar litzatekeen edo beste lekuren bat bilatu behar litzaiokeen.

PSEk bat egin du eskaerarekin, baina argi du ezingo dela egungo eremuan handitu. Uste hori plazaratu du EH Bilduk ere. Ahal Dugu-ren iritziz, berriz, ez da handitzeetan eta turistetan pentsatu behar, dinamizazioan eta bertoko publikoan baizik. Eskaeraren aurka bozkatu du. Hemendik aurrera, museoaren patronatuak zer dioen itxaron beharko da, Batzar Nagusien nahiak aurrera egin dezakeen edo ez ikusteko.

Arrantza kultura berpizteko

Arrantza kultura berpizteko

Olaia Zabalondo
Esperientzia alde batean, eta ikasteko grina bestean. Jesus Gangoitiren eskuetan erraza dirudiena, praktikan, ez da horren erraza. Hala ere, pazientzia apur batekin eta behin eta berriro errepikatuta, lortzen da. Hain zuzen ere, arrantz...

Argi apur bat puntu ilunei

Argi apur bat puntu ilunei

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Hiri zein herrien egiturek segurtasun falta eragiten dute hainbat herritarrengan. Argirik gabeko tokiak, bihurguneak, lurpeko igarobideak... arrisku guneak dira, eta, kasu askotan, emakumeei askatasunez ibiltzea eragozten diete, b...

Iraganak baldintzatutako etorkizuna

Iraganak baldintzatutako etorkizuna

Natalia Salazar Orbe
Pedro Arronategi 1945ean hil zen, tuberkulosiak jota, gaixotasun hori zutenentzako Frantziako kartzela batean. II. Mundu Gerran borrokan ibilitakoa zen busturiarra. Hura frontean zebilela, haren emazteak eta amaginarrebak Busturin ...