Mende erdia igarota, omena

Mende erdia igarota, omena

Aitziber Laskibar Lizarribar

Lauro ikastola: duela 50 urte sortu eta ikastolen aitzindari izandakoa. Lege baimena lortu zuen lehen ikastola izan zen; euskaraz ere irakasteko eskubidea aitortu zitzaion aurrenekoa. Ikasturte osoan egiten ari den ospakizunen barruan, aste honetan omenaldia egin diete egun Loiun dagoen ikastolaren lehen hazia erein zutenei. Egun berezia izan da Emakumeen Junta hura osatu zutenentzat eta haien oinordekoentzat. Aitortza publikoa jaso duten egun berean baieztatu da talde sustatzaile haren buru izan zen emakumearen izena izango duela Bilboko kale batek: Julita Berrojalbiz.

Omenaldia amaitzeko hitzartzean eman du jakitera albistea Juan Maria Aburto Bilboko alkateak: “Remigio Vilariño maisua kalea Julita Berrojalbiz kalea izango da”. Memoria historikoaren legea beteta, izen frankistak kentzeko udalak hartua duen konpromisoarekin lotuta dator erabakia. Eta frankismoarekin bat eginda aritu zen maisuaren izena duen kaleak frankismoari aurre eginez bestelako heziketa proiektu baten alde borrokatu zuen emakumearen izena izango du. Alkateak jakinarazi duenez, martxoaren amaierarako egingo da aldaketa Mallonako galtzaden ondoan dagoen kalean, erabakia ofizial bihurtu eta izen berria duten plakak egiten direnean.

Herritarren babes zabalarekin egingo da aldaketa, gainera. Udalak herritarrei aukera eman zien proposatutako izenen artean gustukoena babesteko, eta Berrojalbizenak izan do boto gehien.

Ikastolen sorrera

1957. urtean hasi zen Bizkaiko ikastolen mugimendua Bilbon, San Nikolas elizako ikasgela batzuetan. Hamalau ikasle zituela murgildu zen Maria Angeles Garai andereño lanetan, Julita Berrojalbiz eta Xabier Peña sustatzaileak ondoan zituela.

Garai zailak ziren, ordea. Euskaraz irakastea debekatuta zegoen, eta eskola itxiarazi egin zuten. Iralabarriko frantziskotarren egoitzara eraman zituzten eskolak. Hori ere itxi zuten, eta etxez etxeko garaia hasi zen 1960an: beren burua eskaintzen zuten familien etxeetan ematen ziren eskolak. Baina 1965ean Espainiako Hezkuntza Legea aldatu izanak egokitu beharra ekarri zuen: ikasleek batxilergoa egin ahal izateko eskolaratze kartilla beharko zuten aurrerantzean, eta hori ez zen posible etxez etxeko eskoletan.

Berrojalbizek eta harekin ari zen taldeak argi ikusi zuen bidea: beharrezkoa zen ofizialtasuna. Mugimendu horren beste zutoietako bat izan zen Tere Rotaetxek Elkano kalean zuen etxe bat alokairuan utzi, eta han kokatu zuten ikastola; gerora Lauro izango zen Resurreccion Maria de Azkue ikastola. 1966. urtea zen.

Euskaltzaindiaren laguntza

Beharrezko lege baimenak lortzeko, Euskaltzaindira jo zuen Berrojalbizek, laguntza eske. Babesa eman zion hark, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiak ere. Horri esker jaso zuen baimena ikastolak.

Garai zail haietan egin zuten lan eta borrokagatik eskerrak eman dizkie bai sustatzaileei eta bai laguntza eman zuten instituzioei Itziar Laskurain Lauroko presidenteak: “Izan zirelako gara, garelako izango dira”.

Hain zuzen, aurrera begirako lanean jarraitzeko deia egin du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Lauroko guraso izana da Urrutia; ikastolako errektore kontseiluko kide ere bai. Eta alde guzti horien izenean eskertu du “andre talde horrek izan zuen ikuspegi izugarria eta ausardia”. Orduan hasitako proiektuari eusten dietenei ere eman dizkie eskerrak, eta, aurrerantzean ere, “Lauro proiektuaren alde” indar berarekin jarraitzeko eskatu.

Arantza Aurrekoetxea Hezkuntza eta Hizkuntza politikarako sailburuordeak ere babestu du ikastolaren eredua, Eusko Jaurlaritzaren izenean. “Orduan abiatutako proiektu aurrerakoiari” eusteko deia egin, eta “beste 50 urte” irauteko aldiro egokitu beharra plazaratu du. Gorazarre egin die Lauro ikastolaren sortzaileei Aurrekoetxeak: “Gaur egungo euskal hezkuntza sistemaren oinarri nagusietakoa da orduan egindakoa”.

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura foru diputatuak emakume haien “adorea” goratu du, eta euskararen aldeko lanari eusteko gonbita egin die herritarrei. “Batzuek pauso bat aurrera eman zutelako dugu orain gizarte elebidunagoa”.

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak Lauroren komunitate osoa zoriondu, proiektuaren beharra plazaratu, eta ikastolaren lehen haziak jarri zituzten emakumeen “ilusioa, ahalegina, lana eta konpromisoa” txalotu ditu: “Einsteinek esaten zuen bezala, bada elektrizitatea eta baporea baino indartsuagoa den indar bat: borondatea”.

Sustatzaile lanetan ari ziren emakumeei edo oinordekoei oroigarria eman, eta ikastolaren lehen egoitza izan zen Elkano kaleko atarian plaka jarrita amaitu dute eskertza ekitaldia ikastolako eta instituzioetako ordezkariek.