Alonsotegiko Udalaren beste irregulartasun bat salatu du EH Bilduk

Alonsotegiko Udalaren beste irregulartasun bat salatu du EH Bilduk

Aitziber Laskibar Lizarribar

Eta beste bat. Alonsotegin argia ikusten ari diren irregulartasun salaketek ez dute etenik. Ustez 2008tik aurrera izandako irregulartasun kasu baten berri eman du oraingoan EH Bilduk. Bi milioi euroren diru laguntza batzuk inolako kontrolik gabe kudeatu zirela ohartarazi du. Eskuratu dituzten datuen arabera, iruzur egin zuela udalak. Konponketa batzuetarako lanak EAJren gertuko enpresa bati eman zitzaizkiola salatu du, adjudikazioa inolako lehiaketa publikorik gabe egin zela, eta gastuak puztu egin zirela.

Gainera, Alonsotegin EH Bilduk dituen zinegotzien arabera, udaleko idazkaritzak arduradunei aurrez adierazi zien ez zela zuzen jokatzen ari. Kontratazioak ezin zirela horrela egin ohartarazi ziola udalari, baina, hala ere, orduko alkateak ordainketa haiek guztiak egiteko agindu zuela. Bizkaiko Foru Aldundiak onartu egin zuen diru laguntza horiek ematea, hark ere kudeaketa susmagarriaren berri zuen arren.

Horiek horrela, orduan alkate zen Aitor Santiesteban (EAJ) eta udal gobernuak kontratatu zuen Arkideiak SL enpresako buru Alberto Zulueta arkitektoa egin ditu ustezko iruzurraren arduradun. Baita foru aldundia ere, horren aurrean “beste alde” batera begiratu izanagatik.

2008ko maiatzaren 31n izan ziren uholdeek eragindako kalteak konpontzeko jarraitu zen prozedura da EH Bilduk zalantzan jarri duena. Aldundiak hainbat diru laguntza banatu zituen, eta Alonsotegi izan zen onuradunetako bat. Udalak Arkideiak enpresa kontratatu zuen diru horrekin: 1.742.058 euro eman zizkion konponketa lanak egiteko. Espainiako Gobernuaren eskutik beste 230.000 euro jaso zituen.

Zulueta buru duen enpresak txostenean bildu zuenaren arabera, ia 204.000 euro bideratu zituen Basteita futbol zelairako sarbideetako kalteak konpontzera; 448.000 Artibaiko bidea eta futbol zelairako sarbideak hobetzera, eta 230.000 Basteitako Gizarte Zerbitzuen egoitza konpontzera.

Faktura zehaztugabeak

Koalizioak dioenez, lan horiei buruzko txostenak eta fakturak zehaztugabeak izan ziren oso. Alor bakoitzerako txostenak elkarren “kopiak” ziren, eta aipatzen zituen lan batzuk ez ziren egin. Esate baterako, hiru gunetan txakurrentzako pipican bana jarriko zela jaso zen txostenean, baina ez zen bakar bat ere jarri.

Kasuaren atzean iruzurra egon litekeela sinetsita dago EH Bildu. Eta honako hau EAJk urtetan egin duen beste adibide bat besterik ez dela. “Ez dirudi soilik kudeaketa txarraz ari garenik; eskandaluak bata bestearen atzetik agertu izanak eta EAJk hau guztia estaltzeko duen jarrerak balizko azpijoko deliktibo baten aurrean egon gaitezkeela pentsarazten digu”. Udalak kontuen auditoria egitea oztopatu izanak uste hori indartu dio koalizioari, eta berriz eskatu du ikerketa sakona.