Mundua bertan bizitzen

Aitziber Laskibar Lizarribar

Tren geltokiko makina gela edo bagoi bat. Tatuajeak egiten dituzten denda, ile-apaindegia eta musika tresnen saltokia. Arkitekto baten estudioa. Berbere jatetxea. Museo bat. Edozein txoko izan daiteke berezia. Guztiek eskaintzen dituzte irudimenari bide egiteko hegoak. Horiek guztiak dira hainbat ipuin eta narrazioren kokagune, eta irudikatu egiten dira kontakizun bat entzutean. Bilboko Atxuriko Garcia Rivero Maisua eskolako ikasleek ikusi ere egiten dituzte; ukitu; bizi. Eskolatik atera, eta alboan duten tren geltokiko makina gelan entzungo dute antzeko txoko batean gertatutako istorioa. Bagoi baten barruan, tren bidaia bateko kontakizuna biziko dute. Tatuatzaileak gorputza errotuladorez margotzen dien bitartean sentituko dute antzeko lekuren batean gertatutako ipuina. Berbere tabernan, lurralde urrunetako berezitasunekin ikusiko dute Afrika iparraldeko herrien kondaira.

Auzoan irakurriz gozatu da, Atxuriko eskolako hainbat irakasle eta gurasok abiatutako ekintza. Eskola umeak hamarreko multzoetan banatu, eta txandaka egiten dituzte bertatik bertara dituzten txokoetarako txangoak: Atxuri bertako, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko, Zazpikaleetako eta Solokoetxeko txokoetarakoak. Bi nagusik lagunduko dituzte, aukeratutako gunean ipuina kontatuko dieten irakasle, irakasle ohi, begirale, guraso edo aitona-amonek. Toki berezi horietako auzokideek zabalduko dizkiete agertoki bihurtuko diren espazioetako ateak.

Berritzailea da esperientzia, berezia, eta emaitza onak ematen ari dena. Joseba Barinaga-Rementeria irakasle eta egitasmoaren sustatzaileetakoak dio konplizitateak sortzen dituela; ikaskideen, irakasleen, gurasoen eta auzoko herritarren arteko harremanak estutzen dituela; ondoan daudenak ezagutu, eta bertatik mundu txiki asko ezagutzeko aukera ematen duela.

Eta ez da Atxuriko eskolako haur eta nagusiei mundua irekitzen laguntzen ari den egitasmo bakarra. Hori bezain berezia da Munduko ipuinak. Eskolan bertan duten aberastasunetik edateko aukera ematen die elkarlanean oinarritutako esperientziak. Jatorri aniztasuna baliatu, eta mundua bertatik bertara bizitzen ari dira eskolan bertan.

500 ikasle inguru ditu Atxuriko eskolak; horietatik 30 munduko dozena bat jatorri ingurutatik iritsitako etorkinak dira. Askotariko kulturen elkargune da, beraz, ikastetxea, eta horri zukua ateratzen ari dira. Mundu zabaletik etorritako gurasoak eta horien seme-alaba diren ikasleak protagonista bihurtzen dira, hartarako, egun batez. Eskolara joan, eta nork bere lurraldeko ipuinak nork bere jatorriko hizkuntzan kontatzen dizkiete haur hezkuntzako eta lehenengo zikloko ikasleei. Horrela bidaiatzen dute umeek gertuagoko munduetatik urrunagokoetara.

Hamaika hizkuntza

Gurasoek arabieraz, woloferaz, alemanez, amazigeraz, italieraz, suedieraz, ingelesez, frantsesez, Ginea Bissauko kreoleraz zein galegoz kontatuko dizkiete haurrei euren lurretako kondaira edo ipuinak. Baita Mexikoko, Kolonbiako edo Zamorako gaztelania bereziez ere, eta baita bizkaiera, gipuzkera eta nafarreraz ere.

Euskalkietan eta gaztelaniaz edo gaztelaniarekin antzekotasunak dituzten hizkuntzetan azaldutako ipuinak ulertzeko arazorik ez dute izango haurrek. Ezta erabat desberdinak diren hizkuntzetan kontatutakoak ulertzeko ere. Batetik, ipuinean agertuko diren hitz giltzarri batzuk ikasiko dituzte, aurrez, ikasgelan. Eta, bestetik, kontakizunak irudiz lagunduko dituzte, izan litezkeen zailtasunak saihesteko.

Ipuina kontatzera eskolara joango den gurasoak seme edo alaba ikasgelatik atera, eta dagokien gelara joango dira biak, kondaira elkarrekin kontatzeko. “Familiek etxean prestatzen dute ipuina, eta haien harremana estutu egiten da”, azaldu ditu proiektuaren onurak Barinaga-Rementeriak. “Guraso eta haurrek naturaltasunez azaltzen dute euren kultura euren hizkuntzan, eta gainontzeko umeek ere normaltasunez jasotzen dute”.

Gero, ipuinaren jatorriari buruzko lanketa egingo dute eskolan: non dagoen, zein kultura mota duen, nola bizi diren eta abar. Kuriositateak ikasketa arinduko du, eta elkarbizitzan ere lagunduko du.

Nabari dira emaitzak, irakaslearen esanetan. Lau urte dira Munduko ipuinak egitasmoa lantzen hasi zirela. Auzoan irakurriz gozatu proiektuak hiru urte ditu, eta komunitatea sendotzea lortu duela dio Barinaga-Rementeriak. Lehen elkar agurtu ere egiten ez zuten gurasoak orain elkarrekin aritzen direla, elkarbizitza nabarmen naturalizatu eta hobetu dela, eta proiektuetan parte hartu duten etorkinak “oso ondo” sentitu direla; “onartuak”. Are gehiago, Bilboko Udalak integrazioaren alde egindako lana aitortzeko Atxuriko eskolari Iparra-Hegoa saria eman dionean. Aurreko astean jaso zuen saria eskolak.