Aniztasun oro bistaratuz

Aniztasun oro bistaratuz

Natalia Salazar Orbe

Pertsona oro sexuduna da, eta bere sexualitatea askatasunez eta modu osasungarri batean gozatzeko eskubidea du. Zalantza edo eztabaida gutxi sortu beharko lituzkeen baieztapena dirudi. Hala ere, gaur egun, oraindik, bada eskubide hori osotasunean gauzatzeko aukerarik ez duenik. Arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonak, esaterako, sarri asko ez dira beharrizan horien barruan kokatzen. “Badirudi sexualitatea ustez ahalmen guztiak dituzten pertsona heterosexual, homosexual zein transexualen kontua besterik ez dela. Bestelako funtzionaltasunari buruz ari garenean, zail egiten zaigu ulertzen denok garela sexudunak, eta guztiok ditugula ase beharko genitzakeen sexu beharrizanak”. Pau Guillen Zinegoak jaialdiko zuzendariaren hitzak dira. Astelehenean hasi eta hilaren 29ra arte beteko da hiriburua Bilboko Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen jaialdiko jardueraz.

Yes, We Fuck! dokumentalak agerian utziko ditu arauz kanpoko funtzionaltasuna duten pertsonen beharrizanak eta haien eskaerak. “Kontzeptu modernoak erakutsiko dizkigu. Martxan denbora asko badaramate ere, gizarte zabalaren artean argia ikusiko duten kontzeptuak dira”. Bestelako funtzionaltasuna duten pertsonentzako sexu terapia da horietako bat, Guillenek zehaztu duenez. “Itsuak, gurpil aulkian dabiltzanak zein beste zirkunstantzia batzuetan daudenak honekin guztiarekin zelan bizi diren ikusteko aukera eskainiko digu: zeintzuk kexa dituzten eta zeintzuk konponbide aurkitzen dituzten”.

Homosexualitatea da jaialdiak landuko duen beste gaietako bat. Gizarteak arlo horretan garapen handia izan duela zabaldu bada ere, ezin ahantz daiteke astero izaten dela eraso homofoboren baten berri. “Gaia kezkagarria da”.

Mundu osoari erreparatuta, polarizazio bat gertatu dela dio Guillenek. “Herrialde batzuetan, aurrerapausoak ematen ari dira legeen alorrean. Esaterako, sexu bereko pertsonen ezkontzak legeztatu dituzte. Ikusgarritasuna ematen du horrek”.

Kontrako jarrerak hartu dituzte beste batzuek, ordea. Errusia da horien adibide bat. “Sexualitate tradizionalez kanpoko sexu jarduerei buruz hitz egitea debekatu dute espresuki”. Beste batzuk harreman homosexualekin lotutako oro are gehiago kriminalizatzeko formulen bila ari dira: “Uganda, kasurako. Bizi osoko zigorra dena heriotza zigor bihurtzea aztertzen ari da hango parlamentua”.

Errealitate horiek guztiak ezagutzeko aukera ona eskainiko du Zinegoak jaialdiak gaur. Hacia una primavera rosa izeneko plataforma aurkeztuko dute (Udaberri arrosa baterako bidean). “Udaberri Arabiarrari erreparatuta, hastapenak Tunisian izan zituen eskubideen garapena LGTB kolektibora ere iritsi zenentz aztertu gura zuen ikasle talde baten lana da”. Dokumental sail bat filmatu zuten, eta aurrera egin beharrean, atzerapausoa gertatu zela ebatzi zuten. Gaur, Mexikon filmatutako atala aurkeztuko dute; sail horretako azkena.

Ikusleria osoari zabalduz

Aniztasuna, orokorrean; horixe bistaratzea du helburu Zinegoak jaialdiak: “Sexuaz eta sexualitateaz harago, familia ereduekin eta aniztasunarekin lotuta dauden gaiak”, hain zuzen. Gay-Lesbo-Trans festibalak ikusle guztientzako egitarau zabala dakar aurten ere, helburu hori lortzeko bidean: besteak beste, kontzertuak, erakusketak, antzerkiak eta mahai inguruak prestatu dituzte.

Ibilbide luzearekin batera, garapen handia ere izan du jaialdiak. “Hasieran, LGTB kolektiboarentzako ahalduntze erreminta gisa sortu zen; talde horretako kideak islatuta sentitzeko modu bat zen. Garatu ahala, jaialdiko elementu guztiak kalera ateratzeko balio duten espazio eta jarduera ere bilakatu gara. Ikusleria osoari zabalduta dago”.

Kalera zabaldu beharra argi zeukaten. Ikusgarritasuna emateko orduan oso baliagarria delakoan. Hala, Zazpikaleetan Maitatzea ez da delitua argazki erakusketa zabaldu dute asteon. LGTB kolektiboaren ekintzaileek Afrikan duten egoera azaleratzen du. 27 lokaletan daude ikusgai argazkiak.

Hori bakarrik ez. Domeka goizean, heldu eta umeentzako rock kontzertua egingo dute: Gora nire familia! ekitaldia Azkuna zentroko Atrioan izango da. Familia eredu ororen aldeko aldarrikapena egingo dute bertan.

Zine ona eskaintzea helburu

Ezin ahantz daiteke Zinegoak jaialdiaren xede nagusia: zine ona eskaintzea du helburu topaketak. Areto komertzialetara iritsiko ez diren lanak ikusteko aukera ezin hobea zabaltzen du urtero. Astelehenean abiatuko dute lehiaketa, Arriaga antzokian egingo duten inaugurazio ekitaldian. Rose Trocheri ohorezko saria emango diote bertan. Igandean, Go Fish haren filmaren emanaldi berezia egingo dute, Bilborocken. Inaugurazio ekitaldian Stephen Dunn zuzendariaren Closet Monster filma ikusteko aukera ere izango da.

Hogei lan lehiaketara

Sail Ofizialean fikziozko hamabi film luze eta zortzi dokumental lehiatuko dira. Besteak beste, Desde allá, Io e Lei eta Yes, We Fuck! ikusi ahalko dira. Urrezko Lehoia eskuratu zuen lehenak, Veneziako Zinemaldian.

Aurtengo Zinegoak jaialdian sexu eta nahitasun aniztasuna hainbat ikuspuntutatik jorratzen duten lanak jaso dituzte. TransMex atalak, esaterako, kontraste handiko Mexikoko bizilagunen transexualitatearen ikuspuntua erakutsiko du. Off Zinegoak sailean, aldiz, zinemarik esperimentalena aurkeztuko dute. Biak ala biak Bilbo Arten eskainiko dituzte, doan. Bestalde, Begiradak sailaren lanak gaiaren eta jatorriaren arabera sailkatu dituzte aurten.

Bilgune eztabaidagunea

Zinea eta arte eszenikoak ditu ardatz jaialdiak. “Jende mordoa gonbidatu dugu bere esperientzia kontatzera: aktoreak, zuzendariak, ekoizleak… Kutsu zinematografikoagoa dauka”. Hala ere, harago ere badoa jaialdia. Lanak aretoetatik atera eta hausnarketa eta solasaldi espazioetara eraman dituzte. Bilgune gunean ekingo diote bide horri. Transexualitatea, maskulinitate berriak, euskal nortasuna eta aniztasuna eta gorputzak erresistentzian: horra landuko dituzten gaiak.

“Film labur zein luze batzuk erabiliko ditugu landuko ditugun gaiak ulertu ahal izateko. Ostean, gai horietan jantziak diren adituekin komunikazio eta elkarrizketarako espazioak zabalduko ditugu”. Hala, pantailan ikusitakoari buruz sakontzeko aukera eskainiko dute.

Tansexualitatea lantzeko bi film jarriko dituzte: Club Amazonas eta Diversxs. “Informazioaren garrantzia nabarmendu gura dugu horien bidez. Errealitate guztiak ikusgai dauden espazioak beharrezkoak dira. Baita pertsonen arazoei konponbideak jarriko dizkieten guneak ere, denek garapen zoriontsu, natural eta normalizatua egiteko aukera izan dezaten”.

Diversxs filmean, 18 urte inguruko gazteen udaleku bat azaltzen da. “Imajina daitekeen aniztasunik handiena du: transexualak, lesbianak, GIBdunak… Denetariko pertsonen arteko elkarbizitza. Norberak bere egoera bizi du; baina bakoitzak bizitzan aurrera egiteko gainditu beharreko egoerak besterik ez dira. Horrek barne bakea izaten laguntzen die. Tipo bitxia ez zarela jabetzeak asko laguntzen du”. Are gehiago gazteen artean.

Club Amazonas film mexikarrean, herrialdez herrialde ibili diren transexualen bizitza kontatzen dute. Mexikora iritsi bitartean, ez dira seguru bizi izan; euren bizia arriskuan ikusi dute ordura arte, etengabe. “Ez dute gertuko harremanik izan; kriminalizatu egin dituzte”.

Saioa osatzeko, Errespetuz transexualen elkarteko kide bat kolektibo horren eskubideei buruz mintzatuko da. Eremu sozialaz harago joango dira, beraz. Besteak beste, onartu berri duten transexualentzako trantsizio agiriari buruz mintzatuko dira.

Sareak jostearen garrantzia

Jaialdia antolatzen duen Hegoak elkartea txikia da, baina, denborarekin sareak josi ditu hiriburuko zein handik kanpoko beste eragile batzuekin. Aliantza horiei esker, besteak beste, Pikara Magazine aldizkariarekin egingo dituzten jardunaldiak lortu dituzte. Trans nortasuna eta lesbofeminismoa jorratzeko elkarrizketarako bilgunea egingo dute, bihar.

Zazpikaleetan zabalik dagoen erakusketa Amnesty Internationalekin eta bertako merkatari elkarteekin antolatu dute elkarlanean. “Elkarte eta sare horiekin elkarlana sustatu behar dugu, eurek egiten dutena ere Zinegoak jaialdiaren koloreez jantz dadin eta ahalik eta jende gehiagorengana irits dadin”. Abian da aniztasuna agerikoa izango den mundu baterako bidea.