Albisteak

Kutsadura nuklearrari etena

Kutsadura nuklearrari etena

Natalia Salazar Orbe
Ukrainako haurrak hotzak direla esaten dugu beti. Eta, sarri, ez dugu ulertzen hori. Badirudi umeak ez digula maitasunik adierazi nahi. Ez dakigu zer dagoen maitasuna adierazteko arraro deritzogun modu horren atzean". Udan Txernoby...

Oroimenerako tokiak

Oroimenerako tokiak

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Aurten, 80 urte beteko dira armada Espainiako Errepublikaren aurka altxatu zela. Eta 80 urte herritarrak altxamendu horri eusteko defentsa sarea eraikitzen hasi zirela. Francoren aldeko indarrei aurre egiteko, lubakiz, metrailador...

Oihal betean iritsitako eskola

Oihal betean iritsitako eskola

Natalia Salazar Orbe
Kostatu egiten da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko kaian geldi dagoen Atyla eskola ontzia Europa iparraldeko itsaso hotzetan gora eta behera irudikatzea. Geldi ageri da XIX. mendeko egurrezko goleta ikusgarria, lasai asko, itsasad...

Arte eszenikoen topagunea

Arte eszenikoen topagunea

Euskal Herrian eta euskaraz eginiko arte eszenikoen topagune da Aulesti egunotan: astelehenaz geroztik, martxan da Artedrama. Antzerkia, musika eta dantza uztartu dira jaialdian, eta baita hausnarketa ere. Izan ere, ikuskizunaz gain, laborategia ere b...

Institutu berria Pagasarribiden

Bilbon Pagasarribide Bigarren Hezkuntzako institutua eraikiko duela iragarri du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Bi lerro izango ditu; horietan, 200 ikasle hartu ahalko ditu .Duela hainbat urte agindutakoa betetzeko prozesua abiatu du...

Eskolak, bertako jaki eske

Eskolak, bertako jaki eske

Kattalin Barber

Zer jan, hura izan. Azken urteetan gero eta gehiago entzuten den esaera da, elikadurari buruzko kezka areagotu egin baita. Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio egoki jateari, eta eskola jantokietara iritsi da eztabaida. Durangaldean, esaterako, bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko elkartu da guraso talde bat: zazpi ikastetxetako guraso elkarteek indarrak batzea erabaki dute Berton Bertokoa izendaturiko egitasmoan. Lehen urratsa egin dute, eta manifestu bat sinatu dute eskola jantokietako jakien kalitatea hobetzeko asmoz. "Umeak eskubidea du ganorazko elikadura izateko, eta hortik abiatu da gure eskakizuna", adierazi du Alex Azpiri egitasmoaren kideak eta Atxondoko eskolako ordezkariak. Jantokietan euren seme-alaben elikadura osasuntsua, bertakoa eta sasoikoa izatea eskatzen dute.

Eskualde osora zabalik

Durangoko Landako eta Zabalarra, Iurretako Maiztegi, Abadiñoko Traña-Matiena eta Zelaieta, eta Atxondo eta Elorrioko eskolek bat egin dute Berton Bertokoa egitasmoan. Azpirik azaldu duenez, atxikimenduen bila arituko dira hemendik aurrera, "eragin esparrua hedatzeko". Eskualdeko gainontzeko ikastetxeentzat ere "ateak zabalik" dituztela nabarmendu du: "Proiektua eskualde mailakoa izatea gustatuko litzaiguke; finean, zenbat eta eskola gehiago batu, orduan eta indar handiagoa lortuko dugu".

Zelaieta eskolako ordezkari Atxarte Agirrek argi du zer bultzatu nahi duten: ikastetxeetan eskaintzen den jakien kalitatea hobetzea. "Ez dugu nahi gure gain hartzea jantokien kudeaketa, eredua hobetzea baizik. Eta horretarako, uste dugu aukerarik onena bertakoa eta sasoikoa kontsumitzea dela, eta jaki horiek guztiak bertan presta daitezela eskatzen dugu", nabarmendu du. Haurrak ondo hazi eta garatzeko ezinbestekotzat jotzen dute elikadura zaintzea, eta, jakiek berezko propietateak gal ez ditzaten, sukaldean bertan prestatzea galdegin dute.

Proiektuak, gainera, umeen elikaduran eragiteaz gain, inguruan ere onurak ekarriko lituzkeela seguru daude: eskualdeko ekonomia indartuko lukeela, eta nekazaritza eta baserriko bizimodua bultzatuko lukeela, besteak beste. "Horretaz gain, baserriak bizirik irautea bermatzen lagunduko genuke, eta gure ohitura eta jakituria mantendu", gaineratu du. Sustatzaile ari diren gurasoek beti eman diote garrantzi handia umeek jaten dutenari, baita garapen iraunkorraren ereduari eta elikadura subiranotasunari ere.

Jaurlaritzaren zeregina

Berton Bertokoa egitasmoko kideek badakite, hala ere, ez dela haien ardura eskoletako jantoki eredua aldatzea, Eusko Jaurlaritzarena baizik. Aldarrikapena egin eta kezka azaleratzea nahi dute, eta ahal den neurrian, "gizartean eragin".

Eskola jantokien kudeaketa catering enpresa handien menpe dago Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan, eta berriki 18,4 milioiko isuna jarri diete zortzi enpresari, Lehiaren Euskal Agintaritzaren arabera lehiaren oinarrizko arauak urratu eta "merkatua banatu" zutelako eskoletako jantokien zerbitzuan. Auzia, gainera, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurara ailegatu da, eta bertan izan dute hizpide eskoletako jangelen auzia. Adostu zutenaren arabera, eskola bakoitzak bere jangela eredua aukeratu ahal izango du aurrerantzean. "Umeen elikadura negozio bihurtu da catering enpresekin; umeen elikaduraren merkantilizazioa gertatu da, baina argi izpiren bat ikusten hasi gara", iritzi dio Azpirik. Puri-purian dago gaia, eta egitasmoaren kideen aburuz, "mugimenduak egon daitezke hemendik aurrera".

Bi mila ume inguru

Gaur egun, Durangaldeko zazpi eskola horietan 2.000 ume inguruk bazkaltzen dute egunero jantokietan. "Pentsa ezazu zer-nolako eragina izango lukeen gure eskualdean 2.000 menu horiek bertako produktuekin eginak izateak; bada, menu horiek guztiek, beste era batera kudeatuta, eskualdeko ekonomia indartuko lukete, eta lanpostuak sortuko lirateke", hausnartu du Maiztegi ikastetxeko ordezkari Egoitz Ortiz de Zaratek. Eskolaz eskola egoera desberdina da, baina helburu bera dute guztiek: eskoletan bertan kozinatzea, gertuko eta garaiko produktuak erabiliz.

Atxondoko eskolak, adibidez, ez du sukalderik. Catering enpresa batek eramaten du jatekoa prestatuta. Beste eskola batzuetan, enpresak jakiak eramaten ditu, eta bertan prestatzen dituzte. Hala egiten dute, esate baterako, Iurretan. Azkenik, bada eskolaren bat non enpresak janaria erdi prestatuta eramaten dien, egoitzako sukaldean azken beroaldia eman, eta ondoren zerbitzatzen duten. Edozein kasutan, lehengaiak kanpotik jasotzen dituzte eskola guztietan.

Agirrek azaldu duen moduan, hainbat guraso 2015-2016 ikasturtearen hasieran biltzen hasi ziren, gaiarekin kezkatuta, eta gutxika-gutxika gorpuztu zuten haien asmoa. "Nola erein dituzte gure seme-alabek jantokietan jaten dituzten produktuak? Zer-nolako baldintzetan? Nondik datoz? Ongarri kimikoak erabili dituzte?". Hausnarketa dator galderen ondoren, eta oraindik hastapenetan dauden arren, kezka aldarri bihurtu da dagoeneko. Sindikatu, kultur eragile eta elkarteen babesa bilatuko dute orain, eta bide horretan, elkarlanean arituko dira. Ekainean, gainera, egitasmoa zabaltzeko eta ezagutzera emateko jaia antolatuko dute proiektuaren sustatzaile izan diren eskola horietakoren batean. Finean, konpromisoa hartua dute Durangaldeko zazpi ikastetxe horiek, elikaduran hezteko eta eskualdean eragiteko ere baliatu nahi dituztelako jantokiak.

Erakundeek Ibaiondoko hezkuntza publikoa utzita daukatela salatu dute

Erakundeek Ibaiondoko hezkuntza publikoa utzita daukatela salatu dute

Natalia Salazar Orbe

Ibaiondoko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateak hezkuntza eredu horretan sumatu dituen gabeziei aurre egiteko baliabideak eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Bilboko Udalari. Erakunde biek hartuak zituzten konpromisoak betetzeko eskatu dute. Leku kopurua handitzea eta "eskola politika klasista eta baztertzaileak" alde batera uztea dago euren aldarrikapenen oinarrian. Eta argi dute itunpeko ikastetxeei eskaintzen dieten arreta ez daukatela eskola publikoekin. Garcia Rivero, Miribilla, Mujika, Pagasarribide, Iruarteta, Gallegorria, San Adrian eta Ezkurtze zentroetako guraso elkarteek egin dituzte salaketak.

Aferaz afera aletu ditu antzeman dituzten arazoak Jokin Alberdi Ibaiondo barrutiko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateko kideak. Hainbat zentro handitu eta beste berriren bat eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak eta udalak zuten konpromisoa gauzatzea da aldarrikapenetako bat. Solokoetxen, Atxurin, Zazpikaleetan eta Bilbo Zaharrean hamabi urte daramatzate Emilio Campuzano institutuko heziketa zikloetarako zentro bat eskatzen. Helburua da bertako instalazioetan beste zentro bat izatea, barrutiaren beheko alde osorako Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa emateko. Asmoa, baina, bertan behera geratu zen, Jaurlaritza eta udala ez zirelako ados jarri.

Duela bost urte heldu zioten berriz ere eskaerari. Izan ere, gaur egun Garcia Rivero, Mujika eta Miribillako ikasleek, behintzat, hiru zentrotan egin behar dute euren hezkuntza ibilbidea: "Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa zentro desberdinetan egiten dute. Ez da logikoa. Beraz, aldarrikapen historiko honi heldu diogu".

Solokoetxen iaz Batxilergoa egiteko lerroa zabaldu zuten. Hala ere, eskas deritzote eskaintzari. "Hemendik hiru urtera gainezka egingo du: Mujika eta Miribillatik datozen D ereduko ikasleek hura dute erreferentziazko zentro. Horregatik beteko da. Beraz, DBH eta Batxilergo ikasketak egiteko zentro indartsu bat behar dugu. Eta, oraingoz, adabakiak jartzen besterik ez dira ari".

Jaurlaritzaren konpromisoa badute. Duela bizpahiru urte agindu zieten Zorrotzaurren egingo zutela Emilio Campuzanoko heziketa zikloetarako zentroa. Hiru urte barru zentro hori prest izatea nahiko lukete guraso elkarteek. Hala ere, Bilboko Eskola Kontseiluak esan die 2018aren bukaera aldera arte ez diotela entregatuko eraikina egiteko lursaila Jaurlaritzari. "Horrek dena atzeratuko luke. Beraz, obrak azkartzeko presioa egiten ari gara".

Hazkunde demografikoa ere etsai dute erlojuz kontrako afera horretan. "Ibaiondo barrutiko goiko aldera —Miribilla, San Adrian eta Iralaberrira— familia asko joan ziren, etxebizitza ugari egin zirelako". Hala, lau urtetik gora dira Jaurlaritzak "hiruzpalau obra handi egiteko" konpromisoa hartu zuela. Besteak beste, Pagasarribiden DBH ere sartzeko eraikin berri bat egin behar zuten, eta San Adrian handitu. Hala ere, ez dute horrelakorik egin.

Ikastetxe publikoetan gabezia horiek daude, baina itunpekoek, aldiz, bestelako onurak izan dituztela salatu du Alberdik. "Azken bost urteetan Abusu eta Miribillako zentroetan obra garrantzitsuak egin dira; publikoan baino askoz azkarrago. Hau ez da itunpeko ikastetxeen aurkako kritika bat, administrazioen jokabidearen aurkakoa baizik".

Adibiderik argiena Urretxindorra ikastola handitzeko lanak direla azaldu du. Mercadona supermerkatu kateak bertan saltoki bat zabalduko duela eta, udalak Hiria Biziberritzeko Plan Berezi baten izapideak azkartu dituela diote. "Era horretako presarik ez du izan Zorrotzaurreko lanekin. Horrek agerian uzten du eskola publikoak merkataritza zentroaren atzetik jartzen dituztela. Udalaren lehentasuna da hirian Mercadona egotea, eskola publikoen arazoak konpondu ordez".

Eskola klasisten aurka

Leku kopuruak handitu beharraz gain, aberatsen eta pobreen eskola ereduen aurkako aldarrikapena ere egin du Ibaiondoko ikastetxe publikoetako hezkuntza komunitateak. Alberdik nabarmendu du behe klasekoen kontzentrazioa gertatzen dela zentro askotan. Hala, eskola batzuk bigarren mailako bihurtu dira, besteak beste emaitzen aldetik. Jaurlaritzak erraztu duen politika bat dela deritzo. Hala ere, familien aurreiritziei ere egotzi die erruaren zati bat.

Egoera horri buelta emateko konponbidea badutela sinetsita daude. Frogatu ere egin dute bertako ikastetxe batean. Zazpikaleetan dagoen Mujika eskola publikoan egin zuten esperientziak bermatzen du euren proposamena. "Oso matrikula gutxi zituen, leku ugari geratzen ziren hutsik. Orain, ez da plaza hutsik geratzen".

Duela urte batzuk Atxurin lekurik gabe geratu ziren hogei familia inguruk hara jo zuten euren seme-alabak eskolatzera. Lerro bakarreko eskola bat da, eta orduan A eredua besterik ez zuen. D eredua ezarri zuten, eta, gaur egun, gorengo mailetan A eredua badago ere, gainerako guztiak D ereduko gelak dira. Hala, bospasei urtetan erabat aldatu da ikastetxearen egoera. "Talde handi bat horretan inplikatzea da gakoa. Guk hasi genuen bidea, baina gure atzetik familia konprometitu gehiago etorri ziren, eta gehienbat etorkinak zituen ikastetxea normalizatzea lortu genuen".

Izan ere, sinetsita daude eskolek auzoaren errealitatearen isla izan behar dutela. Atxurin hori betetzen dela dio Alberdik. "Hori onuragarria da. Batzuek esaten dute gero eta etorkin gehiago dagoela. Gure eskolan %10 inguruan dira etorkinak. Kopuru hori errealitate soziologikoaren parekoa da. Eta hori da nik nire haurrentzako gura dudana: eskolan auzoaren isla izan dezala".

Horretarako erakundeen konpromiso handia eskatu du. "Baliabide gehiago jarri behar dituzte, diskriminazio positiboa egin behar dute matrikulazio eremuan eta jendea animatu behar dute". Gogora ekarri du eurak ate irekien egun batera gonbidatu zituztela Mujika zentroan. "Guk ere aurreiritziak izan genituen". Baina aurrera egin zuten eta pozik daude lortutakoarekin. Miribillan ere lortu zuten A eredua kentzea. Beraz, Alberdik argi du zein den bidea. "Asko kostatzen da, norbere seme-alaben hezkuntza lehentasuna delako. Hala ere, askotan, pixka bat arriskatuta, askoz gehiago lortzen da".

Kili-kili baten historia guztia

Kili-kili baten historia guztia

Iñigo Astiz

Euskara pozgarri egitea. Subertsio doinu argia zuten hitz horiek debekuz eta zigorrez betetako frankismoko giro estuan, baina horixe izan zen Kili-kili proiektua sortu zutenen asmoa hasieratik: eskoletan euskaraz alfabetatzeko aukerarik ez zuten haur euskaldunak jolas bidez alfabetatzea. Jolas bidez, irribarrez, azken finean, kili-kilika. Jose Antonio Retolazaren eta Lander Gallastegiren ekimenez hasi zen dena Bilboko San Antongo elizan. 1966an kaleratu zituzten lehenengoz eskuz fotokopiatutako orritxo batzuk, eta urteekin Euskal Herri osora zabaltzen zen 18.000 harpideko aldizkari bilakatu zen Kili-kili. Proiektu haren 50 urteko historia biltzen duen erakusketa zabaldu du orain Bilboko Euskal Museoak: Kili-kili euskera pozgarri. 1966-2016.

Sariak, lehiaketak, txokolate janak, jolasak eta asmakizunak ziren maiz amua, baina euskara zen benetako helburua. Nolabait ere, irribarrea hautatu zuten haurrak euskaraz alfabetatzeko metodo modura hasieratik. Baina frankismopean nekeza zuten bidea euskarazko irribarreek ere, eta funtsezkoa izan zen Elizaren eta Euskarazaleak elkartearen babesa. Euskarazko kristau taldeak dira klabea. Giro horretan sortu zen proiektuaren ikur izango zen Kili-kili izeneko pertsonaia, eta agerikoak dira giro horren arrastoak 1966an pertsonaiak bere burua euskalduna, bilbotarra eta jainkozalea zela esanez egin zuen lehen aurkezpenean: "Bilbotara naz. Jaio-baria. S. Anton'go zubi-ondoan jaioa ta bertako elizan Kili-Kili izena ipiñi daustena. Izen oreri zer deritxazu? Polita da?".

Bilbokoa zena azkar bihurtu zen Euskal Herrikoa. Kili-kili martxan jarri eta berehala hedatu baitzen lehenik Bizkaira eta gero Euskal Herri osora. Hamabi koaderno argitaratu zituzten 1969tik 1972ra arte, baina zabalpena kontuan harturik lekuan lekuko hizkerara egokitzen zituzten edukiak. Koadernoak ez ezik, Gabonetako postalak, egutegiak, gutunak idazteko orriak eta itsasgarriak ere sortu zituen Kili-kili-k sasoi hartan, eta haien guztien lagin bat ere biltzen du orain Bilboko Euskal Museoko erakusketak, garai hartako argazki sorta batekin batera.

1977a ere bada klabea. Izan ere, urte hartan egin zen lehen Kili-kili eguna, Bilbon, eta erantzun handia izan zuen deialdiak. Garai hartako argazkiak ikus daitezke Euskal Museoko hormetan, eta jendetza ageri da gehienetan. San Mames futbol zelaiaren arkuaren atzealdean, eta milaka pertsona haren aurreko autobus geltokian. Ikurrinak, kartelak, dantzariak, familiak... Festa hura baliatu zuten Kili-kiliko arduradunek aldizkariaren formatu berria aurkezteko, eta aldaketa garrantzitsua izan zen. Komiki itxura izan zuen aldizkariak ordutik aurrera, eta beste hizkuntzetan irakur zitezkeen komiki sorta zekarren euskaraz. Asterix eta Obelix, Mortadelo eta Filemon, Zipi eta Zape, Panter Gorriska, Errobin eta Seherif... Eta, horiekin batera, baita Euskal Herriko pertsonaia garrantzitsu bati egindako elkarrizketa ere. Eta zenbaki guzti-guztietan beti ikur bera: Kili-kili pertsonaia aldizkariaren izenari kili-kiliak egiten, irribarre zabalez eta begi bat itxita, jostari.

18.000. Esanguratsua da datua. Izan ere, 18.000 harpidedun ere izan zituen aldizkariak bere garairik oparoenean, eta zifra horrek ematen du Kili-kili proiektua sustatzen zegoen jendetzaren neurria ere. "Esan daiteke mugimendu bat izan zela", zehaztu dute erakusketaren antolatzaileek. Laguntzaile sare ikaragarri handia izan zuen atzean aldizkariak. Aldizkariak sortu ez ezik, aldizkari haiek banatu ere egin behar ziren, eta antolatu behar ziren Kili-kili egunak, eta lortu behar ziren sariketarako sariak, eta... Eta ezinbestekoa zen mugimendu oso bat hori posible egin ahal izateko.

Irratirainoko jauzia

Komiki liburu osoak ere argitaratu zituen Kili-kili-k. Kili-txortak deitu zituzten liburuki haiek. Horrela kaleratu ziren, esaterako, William Tellen nondik norakoak kontatzen zituen komiki liburua, Dick Turpinen abenturak biltzen zituena, Erramun Basajaunarenak eta beste hainbat. Baina irribarrea sortzearekin batera, ikasgaiak eskaintzea ere bazen Kili-kili-koen asmoa, eta horiekin batera euskal historiari eta Jesusi buruzko liburukiak ere kaleratu zituzten. Eta irrati uhinetara ere egin zuen jauzi Kili-kili-k Euskal Herriko hainbat irratitan ematen zuten Kili-Irratia programaren bidez.

Oraingoz Bilbon dago erakusketa, baina Euskal Herriko beste txoko batzuetara ere eramatea da antolatzaileen asmoa. Zabaldu egin nahi dute 50 urte bete dituen umearen historia.

Bilbo, kulturaz blaituta

Bilbo, kulturaz blaituta

Aitziber Laskibar Lizarribar
Jaiegun hauetan kanporako planik egin ez duenak izango du non gozatu bertan ere. Bizkaiko hainbat herrik prestatu dituzte kultur eskaintzak, baina, ezbairik gabe, hiriburua izango da nagusi. 140 ekitaldiz osatutako programa...