Kili-kili baten historia guztia

Kili-kili baten historia guztia

Iñigo Astiz

Euskara pozgarri egitea. Subertsio doinu argia zuten hitz horiek debekuz eta zigorrez betetako frankismoko giro estuan, baina horixe izan zen Kili-kili proiektua sortu zutenen asmoa hasieratik: eskoletan euskaraz alfabetatzeko aukerarik ez zuten haur euskaldunak jolas bidez alfabetatzea. Jolas bidez, irribarrez, azken finean, kili-kilika. Jose Antonio Retolazaren eta Lander Gallastegiren ekimenez hasi zen dena Bilboko San Antongo elizan. 1966an kaleratu zituzten lehenengoz eskuz fotokopiatutako orritxo batzuk, eta urteekin Euskal Herri osora zabaltzen zen 18.000 harpideko aldizkari bilakatu zen Kili-kili. Proiektu haren 50 urteko historia biltzen duen erakusketa zabaldu du orain Bilboko Euskal Museoak: Kili-kili euskera pozgarri. 1966-2016.

Sariak, lehiaketak, txokolate janak, jolasak eta asmakizunak ziren maiz amua, baina euskara zen benetako helburua. Nolabait ere, irribarrea hautatu zuten haurrak euskaraz alfabetatzeko metodo modura hasieratik. Baina frankismopean nekeza zuten bidea euskarazko irribarreek ere, eta funtsezkoa izan zen Elizaren eta Euskarazaleak elkartearen babesa. Euskarazko kristau taldeak dira klabea. Giro horretan sortu zen proiektuaren ikur izango zen Kili-kili izeneko pertsonaia, eta agerikoak dira giro horren arrastoak 1966an pertsonaiak bere burua euskalduna, bilbotarra eta jainkozalea zela esanez egin zuen lehen aurkezpenean: “Bilbotara naz. Jaio-baria. S. Anton’go zubi-ondoan jaioa ta bertako elizan Kili-Kili izena ipiñi daustena. Izen oreri zer deritxazu? Polita da?”.

Bilbokoa zena azkar bihurtu zen Euskal Herrikoa. Kili-kili martxan jarri eta berehala hedatu baitzen lehenik Bizkaira eta gero Euskal Herri osora. Hamabi koaderno argitaratu zituzten 1969tik 1972ra arte, baina zabalpena kontuan harturik lekuan lekuko hizkerara egokitzen zituzten edukiak. Koadernoak ez ezik, Gabonetako postalak, egutegiak, gutunak idazteko orriak eta itsasgarriak ere sortu zituen Kili-kili-k sasoi hartan, eta haien guztien lagin bat ere biltzen du orain Bilboko Euskal Museoko erakusketak, garai hartako argazki sorta batekin batera.

1977a ere bada klabea. Izan ere, urte hartan egin zen lehen Kili-kili eguna, Bilbon, eta erantzun handia izan zuen deialdiak. Garai hartako argazkiak ikus daitezke Euskal Museoko hormetan, eta jendetza ageri da gehienetan. San Mames futbol zelaiaren arkuaren atzealdean, eta milaka pertsona haren aurreko autobus geltokian. Ikurrinak, kartelak, dantzariak, familiak… Festa hura baliatu zuten Kili-kiliko arduradunek aldizkariaren formatu berria aurkezteko, eta aldaketa garrantzitsua izan zen. Komiki itxura izan zuen aldizkariak ordutik aurrera, eta beste hizkuntzetan irakur zitezkeen komiki sorta zekarren euskaraz. Asterix eta Obelix, Mortadelo eta Filemon, Zipi eta Zape, Panter Gorriska, Errobin eta Seherif… Eta, horiekin batera, baita Euskal Herriko pertsonaia garrantzitsu bati egindako elkarrizketa ere. Eta zenbaki guzti-guztietan beti ikur bera: Kili-kili pertsonaia aldizkariaren izenari kili-kiliak egiten, irribarre zabalez eta begi bat itxita, jostari.

18.000. Esanguratsua da datua. Izan ere, 18.000 harpidedun ere izan zituen aldizkariak bere garairik oparoenean, eta zifra horrek ematen du Kili-kili proiektua sustatzen zegoen jendetzaren neurria ere. “Esan daiteke mugimendu bat izan zela”, zehaztu dute erakusketaren antolatzaileek. Laguntzaile sare ikaragarri handia izan zuen atzean aldizkariak. Aldizkariak sortu ez ezik, aldizkari haiek banatu ere egin behar ziren, eta antolatu behar ziren Kili-kili egunak, eta lortu behar ziren sariketarako sariak, eta… Eta ezinbestekoa zen mugimendu oso bat hori posible egin ahal izateko.

Irratirainoko jauzia

Komiki liburu osoak ere argitaratu zituen Kili-kili-k. Kili-txortak deitu zituzten liburuki haiek. Horrela kaleratu ziren, esaterako, William Tellen nondik norakoak kontatzen zituen komiki liburua, Dick Turpinen abenturak biltzen zituena, Erramun Basajaunarenak eta beste hainbat. Baina irribarrea sortzearekin batera, ikasgaiak eskaintzea ere bazen Kili-kili-koen asmoa, eta horiekin batera euskal historiari eta Jesusi buruzko liburukiak ere kaleratu zituzten. Eta irrati uhinetara ere egin zuen jauzi Kili-kili-k Euskal Herriko hainbat irratitan ematen zuten Kili-Irratia programaren bidez.

Oraingoz Bilbon dago erakusketa, baina Euskal Herriko beste txoko batzuetara ere eramatea da antolatzaileen asmoa. Zabaldu egin nahi dute 50 urte bete dituen umearen historia.