Kutsadura nuklearrari etena

Kutsadura nuklearrari etena

Natalia Salazar Orbe

Ukrainako haurrak hotzak direla esaten dugu beti. Eta, sarri, ez dugu ulertzen hori. Badirudi umeak ez digula maitasunik adierazi nahi. Ez dakigu zer dagoen maitasuna adierazteko arraro deritzogun modu horren atzean”. Udan Txernobylgo haurrak (Ukraina) hartzen dituzten familien sentimendua da. Hala azaldu du Marian Izagirre Txernobyl elkarteko presidenteak. Bizkaian 90 inguru dira. Kulturen talka horrek sortzen dituen zalantza eta ezinegonei aurre egiteko helburuaz Ukrainan izan dira, Aste Santuko oporretan, Hego Euskal Herriko 24 familia; 64 lagun, denera.

“Aberasgarria izan da, baina gogorra”. Esaldi horrek laburbiltzen du familiek astebetez bizitako esperientzia. Bereziki gogorra izan da bidaia hori lehenengoz egin duten sendientzat. Elkarteak beti ohartarazten die ume horien egunerokoa gogorra dela; Euskal Herrikoa ez bezalako gizarte batean bizi direla. Askoz baliabide gutxiago dituztela, edota askok familia arazoak dituztela. “Umeak udan hona datozenean, ez zaie horrelakorik antzematen: jarrera egokia izaten dute, ongi hezita daude, eta jatorrak dira. Ez dugu imajinatzen zer-nolako errealitatean bizi diren han. Eta guretzako eurentzako baino gogorragoa izaten da hura ezagutzen dugunean”.

Inguruneak, orokorrean, egin ohi du talka Euskal Herritik abiatutako familien ikusmoldearekin. Eremu kutsatutik irten ahal izateko baliabide ekonomikorik ez duten familiekin lan egiten du elkarteak. “Umeetako batzuek familia egituratuak dituzte, eta bizitza normala daramate. Hala ere, ingurunea bortitza da”. Hori guzti hori bertatik bertara ezagututa, etorkizunera begira oso baliagarria izango zaiela sinetsita daude. “Errazagoa litzateke dena zoragarria dela pentsatzea. Uda bukatzean, haurrak euren etxeetara itzuli eta familiarekin egoteko gogotsu izaten dira eta. Baina euren errealitatea ezagutu gabe euren jarrerak ulertzea ere zailagoa da”.

Ivankiev eskualdean izan dira familia horiek. Txernobyldik gertuen dagoen lehen jendegunea da. Haien herriez gain, Oraneko eskola ezagutzeko aukera izan dute. Duela hamar urtetik, elkarteak laguntza bideratzen du eskola horretara.

Harrera sendien beharra

Txernobyl elkartearen programan, 6 eta 17 urte arteko ume eta gazteek har dezakete parte. Udan bi hilabete ematen dituzte Bizkaian zein Hego Euskal Herriko gainerako herrietako zenbait familiaren etxeetan. Datorren udari begira, proiektuarekin bat egin nahi duten familia gehiagoren bila ari dira.

Izan ere, Txernobylgo zentral nuklearraren istripua gertatu zeneko 30. urteurrena betetzear bada ere, hango umeentzat oso garrantzitsua da kutsatuta jarraitzen duen inguru hartatik hil batzuez ateratzea. “Oinarri-oinarrizko beharrizana horixe da”.

Osasunaren Munduko Erakundearen gomendioa da zentral nuklearrek kutsatutako eremuetan bizi diren umeek urtean gutxienez bi hilabete egitea inguru horietatik kanpo. Aire garbia arnastu eta behar bezala elikatzea du helburu programak, eurenean lurra bera ere kutsatuta dagoelako.

Egonaldi horiei esker, sistema immunologikoa indartzen dute, ohikoa baino ahulagoa baitute. Zenbait zientzialariren arabera, han zabaldutako erradioaktibitateak inguruan bizi diren herritarren 35 belaunaldiri erasango die.

Informazio guztia, eskura

Beraz, abentura horretan murgildu nahiko luketenei informazioa eskatzera gerturatzeko deia egin diete. Inongo konpromisorik gabe argi ditzakete dituzten zalantzak. Izagirrek azaldu duenez, elkartearen lehentasuna ume horien ongizatea da.

Familiei argi azaltzen dizkiete norbere hizkuntza eta kultura ezagutzen ez dituen ume bat etxera eramateak sor ditzakeen zailtasunak. “Elkarbizitzan arazoak sor ditzaketen puntu guztiak jartzen ditugu mahai gainean”.

Txanponaren beste aldean, umeei egiten zaien mesedeak ez du preziorik. Eta eurak zein euren senideek biziki eskertzen dute; euren erara baino ez bada ere.