Arte eszenikoen topagunea

Euskal Herrian eta euskaraz eginiko arte eszenikoen topagune da Aulesti egunotan: astelehenaz geroztik, martxan da Artedrama. Antzerkia, musika eta dantza uztartu dira jaialdian, eta baita hausnarketa ere. Izan ere, ikuskizunaz gain, laborategia ere bada Artedrama: aktore, zuzendari, antzerkigile eta antzerkizaleentzako topaketa, solasaldi, eztabaida eta hausnarketarako gunea, eta esperimentatzekoa. Antzerkigintzari buruzko ikastaroak ere ez dira faltatu.

Azken txanpan murgilduta dago XI. jaialdia, baina oraindik badu zer eskaini: gaur gauean, antzeztoki bihurtuko du herriko frontoia. Huts Teatroak Etxekoak antzezlana taularatuko du 22:00etatik aurrera; “Euskal Herriko edozein etxetan gerta daitezkeenak” ikusi ahalko dira, bost euroren truke. Antzerkia amaitutakoan, Errime kontzertu akustikoa izango da gaztetxean.

Rouge Elea taldearen Zuek ikuskizuna izango da protagonista bihar: “Familia memorian egindako zooma”, musikaren, zinemaren eta objektuekin egindako antzerkiaren uztarketa. Plazan jarritako karpan izango dira emanaldiak bihar 17:30ean eta 19:30ean, eta bi euroren truke eskuratu ahal izango dira sarrerak.

Kukai dantza taldeak Gelajauziak ikuskizuna eskainiko du frontoian 22:00etatik aurrera, eta ondoren, Lekittoko Deabruak Antzerki Elkarteko kideek eta K-TUM-K batukada taldekoek ikuskizun ibiltaria egingo dute.

Artedrama

Etxekoak antzerkia eta Errime kontzertua, gaur. Zuek eta Gelajauziak ikuskizunak eta batukada, bihar.