Oihal betean iritsitako eskola

Oihal betean iritsitako eskola

Natalia Salazar Orbe

Kostatu egiten da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoko kaian geldi dagoen Atyla eskola ontzia Europa iparraldeko itsaso hotzetan gora eta behera irudikatzea. Geldi ageri da XIX. mendeko egurrezko goleta ikusgarria, lasai asko, itsasadar barean. Baina ibiltzen da itsaso zakarrak zeharkatzen, itsas gizon eta emakumeak trebatzen.

31 metro luze eta zazpi zabal. Neurri horiek ditu itsasontziak, eta 23 lagunentzako nabigazioa ahalbidetzen du. Txikia eman dezake, baina bertan ari direnek nahikoa leku badagoela uste dute. Gaizka Uriagereka bermeotarra da tripulazioko kideetako bat. Sukaldari eta nabigazio laguntzaile gisa ari da bertan. Bistan du nabigazioa eta Atyla bera benetan gustuko dituela. Pasioz kontatzen ditu ontziaren ezaugarriak. Erosotasuna antzematen du bisitariak leku estua ikusten duen tokian. Itsasoaren askatasunak maitemindua du atunontzietan Indiako itsasoan ibilitako itsasgizona. Harentzat, “esperientzia izugarria da”.

Abiapuntua Sorian (Espainia) zeukan proiektuak, baina Lekeition gauzatu zuen Esteban Vicente Jimenezek, Rodrigo de la Serna kapitainaren osaba eta piraguista profesionalak. 1953an bururatu zitzaion egurrezko ontzi bat eraiki behar zuela. Munduari bira ematea ahalbidetuko zion ontzi sendo bat zeukan buruan. Vinuesako zura (Soria) aukeratu zuen horretarako. Hala ere, Lekeition eraiki zuten ontzia. Sei kamioi handitan garraiatu zituzten bertara egurrezko pieza guztiak. “Egurra Soriatik ekarri bazuten ere, ontzi hau euskalduna da!”, dio barre artean Uriagerekak.

Itsasontziak daukan historiari erreparatuta Atyla-k Itsas Museoan egon behar zuela sinetsita zegoen nabigatzaile bermeotarra. Jon Ruigomez zuzendariarekin harremana zuen. Proposatu zion, eta han dago. Negua igarotzera ekarri dute Bilbora. Bisitariek barrutik ezagutzeko aukera ahalbidetzen du horrek. De la Serna kapitainak gustura azalduko dizkie gerturatzen direnei ontziaren historia eta egitura, eta baita bertan bizi dituzten abenturak ere. Halaber, hiriko gazteentzako jarduera eta trebakuntza ikastaroak ere eskainiko ditu.

Atyla-k hainbat gela eta espazio dauzka. Egongela handi bat du popan. Han egiten du eguneroko bizitza tripulazioak. Sukaldea dauka ondoan. Logelen bi eremu daude: bata, brankan, sei lagunentzako ohaxkekin eta komunarekin. Logela nagusira egongelatik sartzen da. Hamabost ohaxka dauzka. Han komun gehiago dituzte.

Denek partekatu beharreko espazioz osatuta dago ontzia. Izan ere, esperientzia horretan parte hartzen dutenek elkarrekin hitz egitea eta elkarbizitza gauzatzea da ideia nagusia. “Kultura berriak ezagutzen eta norbere adimena esperientzia berrietara irekitzen laguntzen du”.

Alde txarrik ere izan dezake itsasoan, ontzi baten barruan, elkar ezagutu berri duten pertsonek elkarrekin egunak igaro beharrak. Arazo nagusia buruan dagoela sinetsita dago Uriagereka. Nabigazio kideekin haserretuz gero sortuko litzatekeen giroa izango litzateke arazo horien adibideetako bat. “Hala ere, hau handia da. Badaukazu lekua bakarrik egoteko. Gainerakoan, masta puntara igo eta han gera zaitezke haserrealdia pasatu arte”.

Eskuz maneiatzeko ontzia

Txanponaren beste aldean, egun gutxiren buruan kide guztien artean sortzen diren harremanak daude. “Oso esperientzia bizia da, eta lagun handiak egiten dituzu. Jende gaztearekin zaude, eta asko ikasteko aukera ematen du”. Izan ere, oihal ontzi klasiko bat da Atyla. “Dena egin behar dugu eskuz. Ez dago makinarik oihalak igo eta jaisteko edo maniobrak egiteko. Eta denetarik ikasten da: arotzeria, motorrak konpontzen, elektrizitatea, oihalak maneiatzen, korapiloak egiten… Dena egin behar da”. Ez dauka zalantzarik: “Esperientzia polita da; ezin daiteke bizi horrelakorik beste inon”.

Iparraldeko itsasoetan eskola ontzian nabigatu gura dutenek zabalik dute aukera. Ez da beharrezkoa inolako baldintza edo ikasketa berezirik izatea. Lan egiteko gogoa eta jarrera ona nahikoa dira.

Bilbora iritsi diren ikasle gehienak gazteak dira, baina 75 urteko gizon bat ere bada. Itsasoak erakarritako itsas gizon eta emakumeak dira. Nekerik ez da ageri haien begietan. Oinutsik, mahuka hartu eta ontziaren kroskoa garbitzen ari dira batzuk. Denek ala denek irribarrea dute ahoan.

Ekainaren 6ra bitarte izango da Bilbon Atyla. Aste barruan ikastola eta ikastetxeetako ikasleentzat soilik egongo da zabalik. Halere, asteburuetan eta jaiegunetan bisitari ororentzat zabalduko dute. Ostiral arratsaldetan, 16:00etatik 20:00etara bisita daiteke. Larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, 11:00etatik 20:00etara.

Mantentze lanak egiteko eta denboraleak saihesteko Bilbon egingo dituen egonaldiak bisitariekin osteratxoak egiteko ere baliatu nahiko lituzke goletak. Oraingoz, ordea, aukera hori ez dago zabalik. Atyla ikusi gura dutenek kaian geldi dagoela egin beharko dute.