Kultura

Arnasa luzeago baten bila

Arnasa luzeago baten bila

Lander Muñagorri Garmendia

Gisa honetako makinek beste denbora batera eramaten gaituzte; baina ez soilik denbora kronologikora, baita beste erritmo batera ere. Denbora bizitzeko beste modu batera". Hori dioen bitartean, inauguratu berri duen Erredakzioa egitasmoaren lokalean dago Tania Arriaga kazetari eta EHUko irakaslea. Mende inguru duen inprenta zahar bat dago sarreran, eta, barrurago joanez gero, berunezko eta egurrezko tipoz betetako armairu bat, edo txibaletea. Iragan kutsua dario inguruari, eta horiek eramaten dute Arriaga beste denbora edo beste erritmo batera. Kazetaritzari askotan falta zaion arnasa luzeago edo pausatuago hori eman nahi dio makina horiekin, garai horietan egiten zen lanaren modua gaur egun egiten jarraitzeko. Makina badute, eta, hilabete barru inguru, erreportaje batekin osatutako Minerva aldizkaria ere argitaratuko dute, besteak beste inprentako makina zahar hori erabilita.

Bilboko Solokoetxe auzoan dago Erredakzioaren lokala, La Taller grabatu gunearen parez pare. Hain zuzen, La Tallerren hedapena dela azaldu du Arriagak. "Maite [Martinez de Arenaza, La Tallerreko arduraduna] grabatuekin dabil, eta arte grafikoa egiten du; berak erabiltzen dituen makinak eta hau aski hurbil daude elkarrengandik", dio, inprentari erreferentzia eginez. Azken finean, bietan teknika grafikoa eta inprentaren erabilera partekatzen dute, eta horregatik daude horren hurbil elkarrengandik. "La Tallerren, teknika grafikoen bidez sortutako arte irudien ekoizpena da helburua, eta Erredakzioa, berriz, testuak ekoizteko eta hedatzeko bulego gisa pentsatu dugu". Baina, finean, kazetaritza berreskuratu nahi du Arriagak, dena presaka egin behar hori alboratu, eta patxadaz egindako lanak ekoiztu nahi ditu espazio horretan. Eta horretarako daukate gaur egun erabiltzen ez den inprenta bat.

Minerva aldizkari hori izango da gune horrek eskainiko duen lehen proiektua. XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako aldizkari ilustratuen itxura eman nahi diote aldizkariari, eta, horretarako, kazetari eta ilustratzaile bati egingo diote testua eta irudiak egiteko enkargua. Lehen zenbakia ekainaren erdi aldera argitaratzea aurreikusten du Arriagak, eta Mirentxu Purroyk AEBei eta Donald Trumpi buruz idatzi duen erreportajea izango du ardatz. Ilustrazioak egiteko ardura Higi Vandisi eman diote. Aldizkariak testu bakarra izango du, eta kazetaritza lanari berari prestigioa emateko modu bat izango da. "Produktua bera artea balitz bezala saltzea izango da asmoa, kazetariaren lanari balioa emanez". Aldizkariaren 250 ale inprimatuko dituzte; edizio mugatua, beraz.

Hala ere, aldizkaria ez dute eskuratu berri duten makinan inprimatuko. Ez, behintzat, osorik. Hala egitekotan, orri guztietako testuak eskuz osatu beharko baitzituzten, lerro bakoitza osatuz, eta letra guztiak alderantziz jarriz. Duela mende bat egiten zen bezala. "Hala egiteak lan handia eskatzen du". Azala, ordea, gisa horretan egingo dute, eta ilustrazioak ere inprenta horretatik pasatuta inprimatuko dituzte. Ilustrazio bakoitzaren fotograbatu bat egingo dute La Taller gunean, eta horiek inprenta horretan jarri ahal izango dituzte ondoren aldizkarian inprimatzeko. Testuak Deustuko Anotherpress inprentan egingo dizkiete. "Teknologia ezberdinak erabiliko ditugu aldizkari hau inprimatzeko".

Aldizkari hori izango da espazio berritik aterako den lehen egitasmoa, "baina auskalo zer gehiago eman dezakeen". Izan ere, plataforma zabala da Erredakzioa, eta inork gune hori erabili edo proiekturen bat garatzeko aukera izan dezan nahi du Arriagak. Horregatik, proiektu ezberdinei ateak irekiko dizkien espazio baten moduan definitu du Erredakzioa.

Makinak berreskuratzen

Iraganeko inprenta eta erredakzio bat sortzeko aukera aztertzen ari zirela topatu zuten makina honen erreferentzia Arriaga eta Martinez de Arenazak. "Kantabriako inprenta batean zeukaten, baztertuta eta hautsa biltzen; hori erosi, eta txibaletea eta gillotina bat ere oparitu ziguten", gogoratu du. Lokal bat alokatu, eta bertan jarri dituzte makina hauek. "Auzoko adineko pertsona batzuk dagoeneko etorri dira inprenta ikustera, eta eurek lan nola egiten zuten erakustera", dio. Arriagak ez du baztertzen etorkizunean makina horiekin dibulgazio lana egitea, kazetaritzako ikasleek ikus dezaten garai batean nola egiten zuten lan inprentetan.

Hain justu, horretarako balio dezake inprentako makina zahar horiek egungo kazetaritzako ikasleei erakusteak: beste patxada eta arnasa batekin nola lan egiten zen ikusteko. Oraingoz, ordea, aldizkari bat argitaratzen hasiko dira, "urtean bi zenbaki-edo". Aurrerago emango duena ikusteko dago.

Kaleko artea, bazter guztietara

Kaleko artea, bazter guztietara

Lander Muñagorri Garmendia

Erdigunetik atera, eta auzoetara ere kultura eskaintza eramatea. Hitz bitan, hori litzateke Udaberrian Eszena Kalera zirkuituaren izaera eta asmoa. Orain arte, Bilboko auzoetara urtero eramaten zituzten kale arteetako ikuskizunak, baina aurten lehen aldiz zirkuitu gisa diseinatu dituzte maiatz eta ekainean eskainiko dituzten ikuskizun guztiak. Eta, halako zirkuitu bat antolatzen hasita, Euskal Herriko kale arteen zirkuiturik handiena antolatu dutela azaldu du Bilboko Udalak. Denetara, hemezortzi euskal talderen 50 emanaldi programatu dituzte Udaberrian Eszena Kalera zirkuituaren barruan. Zirku, clown, magia eta antzerki formatuan eskainiko dituzte horiek guztiak.

Bilbo erdigunetik kanpora eraman dute zirkuitua, eta hori izan daiteke haren bereizgarri nagusietako bat. Izan ere, behin ikuskizun bat antolatzen hasita, horiek nekez iristen dira Olabeaga, Abusu, Masustegi, Peñaskal, Bolueta, Uretamendi, Elorrieta, San Inazio, Irala, Ibarrekolanda edo Atxuriko auzoetara. Bada, kasu honetan hori lortu nahi izan da, ikuskizunak auzo denetara zabaltzea. "Programazioa deszentralizatu nahi izan dugu horrela, auzoetako herritarrek etxetik gertu ere halako ekintzez gozatzeko aukera eduki dezaten", azaldu du Pedro Ormazabal Bilboko Udaleko kultura programatzaileak. Zirkuitu hau, gainera, Bilboko Kalealdia jaialdiaren aurrekari gisa ere uler daiteke, Udaberriak Eszena Kalera amaitu eta berehala izango baita kaleko arteen jaialdia ere.

Auzoz auzoko eskaintza hori programatzeko garaian, gainera, bertako jaiekin edo beste ekitaldi batzuekin bat egin zezaten saiatu direla azaldu du Ormazabalek. "Ezer ez dagoen une batean zirku edo bestelako ikuskizun bat antolatu beharrean, kalean giroa dagoen garai batean programatzen saiatu gara". Hori dela eta, orain arte antolatu izan dituzten emanaldiek erantzun ona izan dutela azpimarratu du kultura programatzaileak. "Herritarrentzat positiboa da, jaietako egitaraua askotarikoagoa bihurtzen delako, eta baita konpainientzat ere, beti egongo delako halakoetan jende gehiago". Horregatik guztiagatik, aurten ere harrera beroa izatea aurreikusten du.

Udaberrian Eszena Kalera zirkuitua maiatzaren 1ean abiatu zen, eta ekainaren amaierara arte iraungo du. Ormazabalek ontzat eman du orain arte egindako emanaldien erantzuna.

Ikusle denentzat

Programa deszentralizatu bat ez ezik, programa demokratiko bat ere diseinatu dutela azaldu du kultura programatzaileak. Izan ere, halako ikuskizunetara joaten den jendea denetarikoa izaten dela dio: gazte eta heldu, eta era guztietako pertsonak. "Kalean denen eskura egoteak hori ekartzen du: arte mota hori denen eskura geratzen dela". Halako ikuskizunak ikustera ohituta ez dauden pertsonengana iristeko ere baliagarriak dira, "eta, horrek antzoki batera sartzeko ateak irekitzen ez baditu ere, ikuskizun horiek denengana iristeko" balio dutela adierazi du. Gainera, ikusleak ikuskizunaren parte bihurtzeko aukera izaten dute kasu askotan, eta hori beti aberasgarria dela dio.

Akaso horregatik, zenbait sektorek askotan gutxietsi izan dute kaleko artea. "Bigarren mailako gisa hartu izan da, baina, egia esan, goi mailako ikuskizunak izaten dira", Ormazabalek azpimarratu duenez. Gero eta gehiago, gainera. Izan ere, genero gehiago lantzen dituzte kaleko arteetan, zirku garaikidea izan, dramaturgia izan. "Gaur egun, denetarik egiten da: ez da malabarismoetara soilik mugatzen". Horrek guztiak berarekin ekarri du kaleko arteek gero eta onarpen zabalagoa edukitzea. "Duela zenbait urte, ez zen ohikoa herriko jaietan kaleko arteetako ikuskizun bat kontratatzea, baina gaur egun gero eta arruntagoa da".

Kaleko arteen alde positiboak nabarmendu ditu Ormazabalek. Izan ere, esan du gisa horietako ikuskizunak baliagarriak direla kalearen eta inguruko plazen inguruan herritarrek duten pertzepzioa aldatzeko. "Beti modu berean ikusten den plaza batean kaleko ikuskizun bat ikusiz gero, ordutik aurrera inguru horrekin duzun pertzepzioa aldatu egiten da". Horregatik bakarrik baldin bada ere, emanaldi horiek Bilboko auzoetara eramatea positiboa dela adierazi du.

Bi emanaldi asteburuan

Maiatza hastearekin batera abiatu zen Udaberrian Eszena Kalera zirkuitua, eta asteburu honetan bi emanaldi izango dira. Gaur bertan, Santutxuko Karmelo plazan, Trapu Zaharrak konpainiaren Etsita! ikuskizuna eskainiko dute, 18:00etan. Txurdinaga auzoko Grupo Garaizar-en, bestalde, Cia Trotamundos taldearen Historia de un baúl emanaldia izango da bihar, ordu berean. Datorren asteburuari begira, berriz, hainbat emanaldi izango dira auzo ezberdinetan. Orduan izango da, aldi berean, Leioako Umore Azoka jaialdia. Ormazabalek, ordea, ez du uste horrek eraginik izango duenik. "Auzoan zerbait prestatzen baldin bada, ez dut uste jendea bertatik mugituko denik; beraz, ez zait iruditzen eragin handirik izango duenik". Deszentralizazio hori eskertzen baitute auzoetako biztanleek.

Botilak gordetzen zuen sekretua

Botilak gordetzen zuen sekretua

Aitziber Laskibar Lizarribar

Sustraien inguruko jakin- minak Bilbora ekarri zuen Andrew Gangoiti Robinson artista australiarra, eta, 2004an, bekadun aritu zen Bilbo Arten. Horrela hasi zuen bere arbasoen historiari buruzko ikerketa eta artea uztartzeko proiektua. Beragatik izena jaso zuen Andres Gangoiti Cuesta osabari gertatutakoa argitzeko premia zuen, eta buru-belarri sartu zen orain argia ikusi duen proiektuan. Eretza-Mendi itsasontzian langile zuen osaba; ikatz botatzailea. Itsasoan lanean ari zela atxilotu zuten, tripulazio osoarekin, 19 urte zituela. 1937a zen. Lau urte geroago, kartzelan hil zen. Urteetan osabari buruzko arrastoei jarraitzen aritu ondoren, 2007an aurkitu zituzten haren gorpuzkiak, baita hari gertatutakoaren oinarrizko informazioa ere.

Botila batek gordetzen zuen sekretua. Gorpuzki bihurtutakoaren izen abizenak, jatorria eta heriotzaren zergatia, besteak beste; tuberkulosiak jota hil zen. Ezkaba mendiaren magalean Aranzadik aurkitutako hilerrian topatu zuten Gangoitiren gorpua, beste 130 bat gorpurekin. Botilen hilerrian. Iruñeko San Kristobal espetxeko erietxeko kapilau batek botila bana jarri zien hildako presoei hankartean, horietako bakoitzaren datuekin. "Donostian egindako gerra kontseiluan 30 urtera zigortua, matxinadarekin bat egin izanaren delituagatik", jasotzen du Gangoitiren botila barruko idatziak.

Papera usteldu gabe zuen botila bakarra zen australiarraren osabarena. Gainontzekoek kortxozko tapoia zuten. Denboraren joanak janak zituen kortxoak, eta baita barruko paperak ere. Gangoitiren botila zen metalezko tapoia zuen bakarra eta, ondorioz, gorpuzkien nondik norakoak fidel gorde zituen bakarra.

Idazki haren kopia beste ehunka dokumenturekin ikus daiteke Bilboko Itsas Museoan, Andrew Gangoitiren The Last Voyage (Azken bidaia) erakusketan. Collage eran aurkeztu ditu, obra handi batean, osabaren ingurukoak. Parez pare duen beste collage erraldoian, Eretza-Mendi ontziari buruzkoak jasotzen dira.

Frankistek atxikitako tripulazio haren zeregina ere erakusten dute dokumentuek: ontzia Argentinako La Platan laborez bete eta elikagaiak Bilbora eramatea zuen eginbehartzat. Faxistek Bizkaia bonbardatu eta hilabetera Euzkadiko Gobernuak emandako mandatua zen.

Itsasontzia ez zen helmugara heldu, eta marinelen patua ezkutuan egon zen, luzaro. Hori argitara emateko eta halakoak Euskal Herriko "familia arruntei, familia askori" gertatu zitzaizkiela ohartarazteko egin du artista australiarrak lan historiko-artistikoa.

Ikuskizuna hastear dago

Ikuskizuna hastear dago

Natalia Salazar Orbe
Adin txikikoak zein helduak eta adinekoak, eskutik helduta; lurrean eserita edo zutik; adi-adi begira. Txundituta. Barreari ezin eutsi. Hainbat belaunaldi elkartzeko gaitasuna duten ikuskizunak dakartza, aurten ere, Arrigorriagako ...

Odol berriaren taupada

Odol berriaren taupada

Gotzon Hermosilla

Musika jaialdi gehienetan, antolatzaileak saiatzen dira entzule kopuru handia erakartzen duten musikariak programatzen. Ez da harritzekoa; denek nahi dute arrakasta, eta, antza denez, talde entzutetsu, ezagun eta ibilbide luzekoekin baino ez da bermatzen arrakasta hori. Badirudi musika jaialdiek, jaialdi handiek behintzat, ez dutela balio zaleei harribitxi ezkutuak ezagutarazteko edo talde hasiberriei ikusle askoren aurrean aritzeko aukera emateko.

Oso bestelakoa da gaur hasi eta igandea bitarterako Bermeon antolatu duten New Blood Weekend jaialdiaren filosofia. Izenak iradokitzen duen moduan, odol berria eskaini nahi dute: musikari gazteak, talde hasiberriak, proposamen interesgarriak baina ez oso ezagunak. Betiere, punk, afterpunk eta hardcore generoen inguruan.

Talde antolatzaileko kide Alex Lertxundik azaldu duenez, zerbait "xumea" egin nahi izan dute, ohiko jaialdietako masifikazio eta handinahikeriatik urrun: "Azken finean, betikoa baino ez dugu egin; hots, talde batzuk batu eta kontzertuak antolatu. Baina lortu nahi izan dugu talde guztiek ezaugarri hori edukitzea, denak talde berriak eta gazteak izatea, alegia. Interesgarriagoa iruditzen zitzaigun".

New Blood Weekend antolatu dutenetako batzuk ibiliak dira Mareak jaialdiaren antolaketan ere, eta, Lertxundik dioenez, jaialdi biek badute antzeko filosofia: "Gauza txikiagoak, errazagoak eta politagoak egitea, gozatzeko aukera ematen dizutenak", haren hitzetan.

Filosofian bai, baina edukietan arras desberdinak dira jaialdi biak: Mareak jaialdiak "tradizioa eta abangoardia" uztartzea du helburu, eta arte eta kultur adierazpen ugariri egiten die leku. New Blood Weekend-ek, berriz, ondo zehazturik du bere esparrua: "Gutako batzuei beti gustatu zaigu punka eta hardcorea, eta bagenuen gogoa musika mota horren inguruan zerbait egiteko".

Beste arrazoi bat ere badago jaialdian talde gazte eta hasiberriak lehenesteko: "Askotan esaten da kontzertuetan ez dagoela gazterik. Nik uste dut gazteak erakarri nahi baditugu talde gazteekin lan egin behar dela. Gazteei ez zaizkie erraztasunak ematen musika mota hauetara hurbil daitezen".

Programazio interesgarria

Lertxundik nabarmendu du programatutako talde guztiak direla interesgarriak; edozelan ere, argi dago Euskal Herritik kanpoko taldeek erakarriko dutela bereziki zaleen arreta, beharbada luze joko duelako talde horiek Euskal Herrian berriro ikusi ahal izateak.

Gaur, PMS 84 taldea arituko da. Portlandetik datoz (AEB), eta 2014ko udaberrian sortu zuten taldea, urtebete geroago haren osaera aldatu zuten arren. Maketa eta EP batzuk kaleratu ostean, hilabete honetan argitaratu dute iraupen luzeko euren lehen lana, zortzi abestiko LP bat.

Bihar, berriz, Arms Race taldearen txanda izango da. Londreskoak dira, eta haiek ere single pare bat eta berriki plazaratutako iraupen luzeko lan bat argitaratu dituzte, New Wave of British Hardcore izenekoa.

Paradoxikoki, PMS 84 talde estatubatuarrak oso soinu ingelesa du —Lertxundik "Blitz eta Poison Idearen arteko nahasketa" gisa definitu ditu—, eta haien abestietan Partisans eta antzeko talde ingelesen eraginak nabari daitezke. Arms Race ingelesek, aldiz, AEB-etako hardcorea dute eragin nagusitzat, eta Negative Approach, SS Decontrol eta antzeko taldeak ekar ditzakete akordura.

Igandean arituko da Euskal Herritik kanpokoa den beste taldea: Nadie, munduko hainbat lekutatik datozen baina Bartzelonan bizi diren hiru neska eta mutil bat, postpunk azkarra egiten dutenak.

Gainerako taldeak Euskal Herrikoak dira, eta berton ere proposamen berri eta interesgarriak badaudela frogatzen dute. Haietako batzuk Bilboko Izar Beltz gune okupatuaren inguruan —duela gutxi, hustu egin dute— sortutako eszena berritzailean koka daitezke: azken bolada honetan, zale guztiak txunditzen ari den Die Wagen laukote gaztea, Karpatos taldearen hardcore-afterpunk ilun eta itogarria eta Serpiente, afterpunk minimalista egiten duten hiru emakume. Beste bi taldeak, Puro Odio eta Revertt, Bermeokoak dira.

"Nik behintzat gogoko ditut aniztasuna zaintzen duten jaialdiak", esan du Lertxundik, "eta hau oso eszena jakin batzuetan zentratuta dagoen arren, uste dut askotariko talde eta estiloak daudela".

Jarraitzeko asmoz

Bermeoko Kapillan kontzertuak antolatu ohi dituen Nuntxaku kultur elkartea eta Beleza Malandra ateneoa daude ekinbide honen atzean, eta, Lertxundik azaldu duenaren arabera, asmoa da datorren urtean ere jaialdia antolatzea eta ideiak denboran irautea. "Nik uste dut udaberrian punk, hardcore eta horrelako doinuetan oinarritutako jaialdi bat egitea eta udazkenean Mareak-en moduko jaialdi intimistago bat antolatzea urteroko kultur eskaintza polita izango litzatekeela Bermeorako", erantsi du.

New Blood Weekend jaialdia Bermeon bide komertzialetatik kanpoko musikaren eskaintza zabalaren beste adibide bat da, eta eskaintza horren osagarri izan daiteke. Kapillan, Beleza Malandran eta Kafe Antzokian kontzertu ugari antolatu ohi dituzte, eta maiatzean ere egitaraua bete-beterik dator. "Ez gara asko, baina argi dugu emanaldiak guk geuk antolatzen ez baditugu inor ez dela hona etorriko kontzertuak guri antolatzera", azaldu du Lertxundik. "Helburua ez da soilki kultur ekarpena egitea. Ondo pasatzen dugu, eta gogoko taldeak ekartzen ditugu".

Regueifa eta bertsoa uztartuko dituzte Arratian, bigarren urtez

Regueifa eta bertsoa uztartuko dituzte Arratian, bigarren urtez

Alaitz Armendariz

Euskal Herrian bezala, Galizian ere aritzen dira bertsotan, nahiz eta hemen baino gutxiago aritu. Bertako ahozko inprobisazioari regueifa deritzo, eta iaz, lehen aldiz, topaketa batzuk antolatu zituzten Euskal Herriko eta Galiziako ikasleen artean, bertsolaritza oinarri hartuta. Ikasle euskaldunen eta galegoen arteko kultura eta esperientzia trukea egin zuten 2016an; bertsolaritza eta regueifa landu zituzten bertan. Iaz bezala, bi fase izango ditu topaketak aurten ere: lehena gaur hasiko da, Galiziako 55 ikasle eta bi irakasle Arratiara helduko baitira, eta igandera arte hainbat ekintza egingo dituzte Arratia BHIko ikasleekin batera. Maiatzaren 11tik 14ra, berriz, Arratiako ikasleak joango dira Galiziara.

Gaur bertan harrera egingo diete Galiziako ikasleei Arratiako ikastetxean. Arratsaldean, herrian zehar ibiliko dira; Galiziako ikasleek regueifan egingo dute, eta euskaldunek, bertsotan. "Oilar lehia deritzoguna egingo dugu horrela; batzuek galegoz, eta besteek euskaraz", argitu du Iñaki Iturriotz bertsolaritza irakasleak. Nork irabazten duen "txalometro" bidez erabakiko dute iluntzean, gaztetxeko finalean.

Haren arabera, "mugarri" bat sortu da Regueibertso topaketetan. "Jendeak jardueretara etorri nahi du, parte hartu, lagundu... Ikasleen gurasoen inplikazioa ere oso handia izaten ari da, baita Bizkaiko Bertsozale Elkartearena ere", nabarmendu du. Gainera, aipatu du gazteak ere oso "motibatuta" daudela, eta "jabetzen" ari direla zer-nolako garrantzia duen gizartean hizkuntzaren erabilerak, euskarari zein galizierari dagokienez. "Hemendik 700 kilometrora ere beste hizkuntza batean bertsotan egiten dutela ikusarazi nahi diegu gazteei".

Regueifa "batez ere" festetan sortzen zen bertso bat da, geroago tabernetara eta umore giroetara igaro zena. Orain, gazteentzako berreskuratzen saiatzen ari dira Galiziako Sechu Sende eta Manuel Maseda irakasleak, eta klaseetan ikasteko aukera ematen diete. Apurka-apurka, herrietara ere zabaltzen ari dira. "Horrekin batera, balio berriak txertatzen saiatzen dira irakasleok: berdintasuna eta errespetua. Alegia, tradizioarekin jarrai daitekeela, baina gaur egunera ekarriz".

Ondarroa eta Zeanuri

Bihar ere egun osoko plana izango dute ikasleek. Zeanurira joango dira; Dantzari Eguna ospatuko dute han, eta bazkalostean bertso eta regueifan arituko dira. Igandean Bizkaiko beste herri bat bisitatuko dute bi taldeek: Ondarroa. "Itsasoari esker, herri horrek lotura handia dauka Galiziako hainbat herrirekin, eta galiziar askoren bizileku da", arrazoitu du Iturriotzek. Bisita gidatu baten ostean, kale ikuskizun bat inprobisatuko dute, eta trikitia eta gaita joko dituzte, bi kulturen uztarketa gisa.

Maiatzaren 11n joango dira ikasle euskaldunak Galiziara, 14ra arte. Aurten lehen aldiz, Galizia osoko 1.000 ikasle inguru batuko dira Auditorio de Galician, "makroregueifabertso" ekitaldi batean. Bertsoak "bidea" izan daitezke gazteak kulturan barneratzeko, Iturriotzen ustez. "Ikasleei erakutsi nahi diegu gaztelania ez dela beharrezkoa euskaldun batek eta galiziar batek elkar uler dezaten: inprobisazioak egin ahal du lan hori".

Berritzeko gogotsu

Berritzeko gogotsu

Natalia Salazar Orbe
Hogei urte bete dira Bilbon Mesedeetako eliza gazteen eta rockaren topaleku bilakatu zenetik. 1997an eratu zuten Bilborock. Bilbo Zaharra suspertzeko bultzada eman zuen lokalak. Estilo barrokoko eraikin zahar hark kolorea eraman zu...

Festa giroak erakarrita

Festa giroak erakarrita

Natalia Salazar Orbe

Oporraldiek iradokitzen duten Bilbo basamortu hutsaren irudia atzean uzteko bidea zabalik da. Euskal Herriko kultura, gastronomia eta aisialdiaren erakusleku bihurtuta dago egunotan hiria. Basque Fest jaialdian murgilduta, jai eremu erraldoi bat osatu dute haren txokoetan antolatu dituzten jarduera guztiek; 200 inguru, eta gehienak, doakoak. Hirira bisitariak erakartzea eta Bilbotik ateratzen ez diren herritarrek aisiarako aukera zabal bat izatea du helburu, atzo hasi eta domekara bitarte.

Iazko arrakasta oinarri hartuta, jarduerarik erakargarrienek lekua izango dute, aurten, berriz ere. Apustu berriei ere heldu diete, ordea: esaterako, Guggenheim museoko atrioa lehenengoz bilakatuko da jaialdiaren agertoki. Crazy Hospital taldeak ikuskizuna taularatuko du bertan. Bitxia da break dance-a eta trikitia nahastuta sortu duten fusio berria.

Museoak protagonismo berezia hartuko du, bere 20. urteurrenean. Estilo eta genero artistiko askoren arteko fusio gehiagoren lekuko izango da egunotan. Euskal dantzak eta Txalaparty saioak ere hartuko ditu. Musika elektronikoa eta txalaparta fusionatzen ditu azken horrek.

Frank Gheryk diseinatutako eraikinaren kanpoaldea ere aprobetxatu dute, aurreko urteetan bezala. Han izango dira erraldoiak, buruhandiak, dantzak eta txalaparta, besteak beste.

Artxanda aisialdirako eremu bihurtu dute. Trikiti doinuz bustitako erromeriak jai giroan murgilduko du hiriaren balkoia, igandean. Euskal dantzak ikasteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hirigunetik gertu, eta, aldi berean, naturaren bihotzean izango dira; paraje ikusgarrian.

1936ko gerran lubakiz bete zen eremu hori. Aurten, Durango, Gernika-Lumo eta beste hainbat herriren bonbardaketen 80. urteurrena da. Gertatutakoa gogorarazteko espresuki sortutako antzezlan bat ikusi ahalko da jaialdian: Gernika. Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Gorka Hermosa eta Jesus Prieto Piti musikariak elkartu ditu lan horrek. Gaur taularatuko dute, Plaza Barrian.

Memoria, iragana eta etorkizuna uztartuko ditu Basque Festek. Enkarterri Fashionbox-ek bertako gazte sortzaileen proposamenik onenak ezagutzera emango ditu. Areatzako oholtzetan jarriko dute erakusketa ibiltari hori.

Txoko Gourmet izango da, zalantzarik gabe, bertako zein kanpoko bisitari gehien erakarriko duen ingurua. Areatzan kokatuta, dozena bat eskualde turistikoren produktuak hartu ditu. Bakoitzak erakusleku bat du. Bertan, erakargarritasun turistiko, gastronomiko eta enologikoak emango dituzte ezagutzera. Horietara joaten direnek produktuak doan dastatzeko aukera dute. 36 dastatze prestatu dituzte horretarako. Ondoko hauek dira Areatzan ordezkaritza duten eremu turistikoak: Arabako Errioxa, Bizkaiko Euskal Kosta, Enkarterri, Gorbeia, Lea Artibai, Urdaibai, Uribe, Goierri, Tolosaldea, Urola Kosta eta Euskal Kostako geoparkea.

Gastronomiak eta sukaldaritzak Bilboko kulturatik bereizi ezineko arloak dirudite. Egitarauan leku nabarmena hartu dute. Basque Fest Gastronomy tailerrak antolatu dituzte. Mokadu berritzaileak egiteko ikastarook familientzat zein helduentzat dira. Goizez egiten dituzte lehenengoak, eta arratsaldez bigarrenak. Parte hartu ahal izateko, izena eman behar da Plaza Biribileko lehen zenbakian dagoen Turismo Bulegoan.

Orain arte Bilbon egin dituzten era horretako jaialdien artean handiena da aurtengoa. Euskal abangoardiaren eta kulturaren ekitaldi gisa definitu du udalak. Herritarrentzat zein bisitarientzat erakargarria den ingurune bilakatu dute hiriburua. Gastronomia, dantza, bluesa, rocka, herri kirolak, antzerkia, haurrentzako animazioa, tailerrak, azokak, bidaia gidatuak itsasadarrean, kalejirak, DJak... Denetariko jarduerak antolatu ditu Bilboko Udalak beste administrazio publikoekin eta hainbat elkarterekin elkarlanean. Lan horretan parte hartu dute hainbat merkatari elkartek —Bilbao Erdigunea, Bilbao Dendak eta Zazpi Kaleak—, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak, kultur eragileek, eskualde turistikoek eta enpresa pribatuek.

Bost ataletan banatu dituzte jaialdiaren egitarauaren barruan antolatutako jarduera guztiak: Gourmet, Musika, Kultura, Sport eta Market, hain zuzen ere. Horiek baliatuta, euskal kulturaren esentzia osoa jaso gura dute.

Musika eta animazioa

Bilboko kaleak musikaz blai daude jada. Kalejira eta emanaldiak bereziki turista gehien dagoen eremuetan egingo dituzte: Ledesman, Villariasen, Pozan, Garcia Riveron, Zazpikaleetan, Areatzan, Plaza Barrian eta Guggenheim museoan. Zuzeneko musikak eta DJen emanaldiek Martzana kaia ere girotuko dute.

Areatza bilakatu da jaialdiaren zentro neuralgiko. Bertan antolatu dituzte jardueretako asko eta asko. Txoko Gourmet eremuaz gain, Sport Basque Fest ere han dago. Kirolari eta tradizioari lotutako hamaika ekitaldiren agertoki bihurtu da: herri kirolak, frontoia, baserri jokoak eta lehiaketak izango dira. Bilboko historia ezagutzeko ibilbide antzeztuak eta itsasadarra umore giroan zeharkatzeko bidaiek osatzen dute eskaintza.

Bost eguneko jaialdiak festaren erritmoan dantzan jarriko du hiria. Iaz, 73.000 lagun erakarri zituen. Euskal unibertsoaren adierazpen kultural eta artistikoari ateak zabaldu dizkio.