Ikuskizuna hastear dago

Ikuskizuna hastear dago

Natalia Salazar Orbe

Adin txikikoak zein helduak eta adinekoak, eskutik helduta; lurrean eserita edo zutik; adi-adi begira. Txundituta. Barreari ezin eutsi. Hainbat belaunaldi elkartzeko gaitasuna duten ikuskizunak dakartza, aurten ere, Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiak. 22.ena dute. Diziplina asko uztartuta, denetariko ikuskizunak taularatzeko prest: bederatzi konpainiak 11 lan aurkeztuko dituzte. Zortzi, estreinakoz izango dira Euskal Herrian. Denak, doakoak, edonoren eskura. Ikuskizuna hastera doa. Igo oihalak.

Euskal Herriko konpainiei leku bat utzi eta bultzada emateaz gain, atzerriko taldeen ikuskizunak ekartzeko ahalegin berezia egiten du jaialdiak. Hala ekarri du gogora Amagoia Garaizabal zuzendariak: “Naoto Okada japoniarra eta Duo Laos argentinarra, esaterako, saritu egin dituzte nazioarteko beste jaialdi batzuetan”.

Hemengo lanei dagokienez, Lurrak ikuskizunak aipamen berezia merezi du. “Hemen jaio da. Tamaina handiko proiektua da. Bira handi bat egitera kanpora joan aurretik, gurera etortzea nahi genuen”. Adrian Schvarzstein clown eta zirku eta antzerki zuzendaria du gidari ekainean estreinatu zuten proiektuak. Lantoki baten istorioa kontatzen du emanaldiak, lantoki hori zein izan daitekeen gehiegi zehaztu gabe. Izan daitezke Labe Garaiak, izan liteke ontziola bat edo beste edozein fabrika. Euskal Herria oso presente dago ikuskizunean. Giro horretan kokatzen dira ez soilik zirku ikuskizunak, baizik eta baita pertsonaia bakoitzaren kontakizunak ere. Musikariak aktore bilakatzen dira, eta aktoreak, pixka bat ekilibrista. Lau akrobatak, lau musikarik eta clown batek egindako lana uztartuko du istorio sinple baina ikusgarria eta hunkigarria sortzen duen lanak.

Emakumeen parte hartzea bermatzea da Arrigorriagako jaialdiak azken urteetan ezarri duen beste helburuetako bat. Hala, Cristina Sole eta Bambolea konpainia izango dira ordezkari nagusiak.

Bambalas eskainiko du Bambolea taldeak, Alas de Circorekin elkarlanean. Lau metro garai den hamaka batean eskegita azalduko dira Bambalas ahizpak. Mugimendu eta trebezia ikusgarriak utziko dituzte agerian, irakaspen bat ere ematen duten bitartean.

Bambolea konpainiak berak, haurrentzako zirku tailerra ere emango die, gaur, herri ikastetxeko ikasleei. Zirkuan erabiltzen diren teknikak ezagutuko dituzte parte hartzen dutenek. Besteak beste, ondoko trebetasunak landuko dituzte: akrobaziak, lurrean zein airean; itzulipurdiak aurrerantz, atzerantz eta alboz; akrosport teknikak: esaterako, oreka; eta, eskujokoak hainbat elementu baliatuta.

Didaktikari garrantzi berezia eman diote aurreko jaialdietan, eta, aurten ere, horri eutsi nahi izan diote. Batetik, eskolako tailerren bidez garatu dute. Bestetik, Asmakizunen Azoka deritzon erakusketa zabaldu dute Euskaldun Berria erakusketa aretoan. “Erakusketa interaktibo bat da. 20tik gora kutxa ditu. Banaka zein binaka har daiteke parte, eta bertan planteatuta dauden asmakizunak ebatzi”.

Huescako Civi-Civiac taldearena da. Fantasiazko espazio bat sortu dute, baina benetakoa dirudi, modernismoan girotutako elementu eszenografikoei esker. Ikusleak pentsamenduaren abentura batean murgilduko dituzte. Zientzia eta asmakizunak dira protagonista nagusiak. Halaber, jakin-mina eta sormena ere suspertuko dituzte. Proposamen plastiko eta bisual hori modernismoaren garaian dago girotuta. Aurkikuntza, bidaia eta asmakizunen bitartez mundu osoa zur eta lur utzi zuen garaiaren mamia ikusleei helaraztea du xede. Elementu ulertezin eta fantastikoak dituzten asmakizun, zientzia eta makinak baliatuta ikusleak liluratzen saiatuko da erakusketa. Zoramen horretan murgiltzen laguntzeko gidari aproposak ditu, gainera. Azokako pertsonaiak asmatzaile zoro batzuk dira. Ia ezinezkoak diruditen azalpen zientifikoak eta antzezpen eroak gauzatuta gidatuko dituzte bisitariak.

Didaktikaren alorra lantze aldera, ikasleentzako goizez zabalduko dute azoka. Eta, arratsaldez, gainerako bisitariek ikus dezakete.

Bi lan euskaraz

Ikuskizunak denek ulertzeko moduan planteatuko dituzte konpainiek. Gehienak mutuak dira. Onomatopeiak erabiliko dituzte artistek antzeztutakoari indarra emateko. Bi lan aurkeztuko dituzte euskaraz: Gari, Lontxo eta Joselontxo pailazoena eta Lurrak.

Denetariko ikuskizunak dakartza, beste urtebetez, Arrigorriagako Clown eta Pailazoen jaialdiak: akrobaziak, umorea, dantzak, malabarismoak, ohiko pailazoak zein trapezistak aurkituko dituzte gaur, bihar eta etzi hara gerturatzen direnek. “Gaur egun ikuskizunetan teknika guztiak nahasten dira. Hala ere, umorea lantzen dute, bereziki. Hori da ildo nagusia”.

Ikus-entzunezko baliabideak ere ohikoak izaten dira era horretako saioetan. Arrigorriagan, ordea, mugatu egin behar izan dituzte. “Helburua da saioak kalean egitea. Beraz, zaila da ikus-entzunezko irudiak ere tartekatzea”.

Eguraldia lagun bada, ikuskizunak kalean eskainiko dituzte. Salbuespen bi izango dira: Asmakizunen Azoka eta Lurrak. Euria egingo balu, kaleko lanak frontoira eramango lituzkete.

Artea denen esku. Horixe eskainiko du jaialdiak. “Gure asmoa da ikuskizunak familia osoari zuzentzea. Eta ikuskizuna ulergarria izatea bost urteko umeentzat zein 90 urteko adinekoentzat”.