Odol berriaren taupada

Odol berriaren taupada

Gotzon Hermosilla

Musika jaialdi gehienetan, antolatzaileak saiatzen dira entzule kopuru handia erakartzen duten musikariak programatzen. Ez da harritzekoa; denek nahi dute arrakasta, eta, antza denez, talde entzutetsu, ezagun eta ibilbide luzekoekin baino ez da bermatzen arrakasta hori. Badirudi musika jaialdiek, jaialdi handiek behintzat, ez dutela balio zaleei harribitxi ezkutuak ezagutarazteko edo talde hasiberriei ikusle askoren aurrean aritzeko aukera emateko.

Oso bestelakoa da gaur hasi eta igandea bitarterako Bermeon antolatu duten New Blood Weekend jaialdiaren filosofia. Izenak iradokitzen duen moduan, odol berria eskaini nahi dute: musikari gazteak, talde hasiberriak, proposamen interesgarriak baina ez oso ezagunak. Betiere, punk, afterpunk eta hardcore generoen inguruan.

Talde antolatzaileko kide Alex Lertxundik azaldu duenez, zerbait “xumea” egin nahi izan dute, ohiko jaialdietako masifikazio eta handinahikeriatik urrun: “Azken finean, betikoa baino ez dugu egin; hots, talde batzuk batu eta kontzertuak antolatu. Baina lortu nahi izan dugu talde guztiek ezaugarri hori edukitzea, denak talde berriak eta gazteak izatea, alegia. Interesgarriagoa iruditzen zitzaigun”.

New Blood Weekend antolatu dutenetako batzuk ibiliak dira Mareak jaialdiaren antolaketan ere, eta, Lertxundik dioenez, jaialdi biek badute antzeko filosofia: “Gauza txikiagoak, errazagoak eta politagoak egitea, gozatzeko aukera ematen dizutenak”, haren hitzetan.

Filosofian bai, baina edukietan arras desberdinak dira jaialdi biak: Mareak jaialdiak “tradizioa eta abangoardia” uztartzea du helburu, eta arte eta kultur adierazpen ugariri egiten die leku. New Blood Weekend-ek, berriz, ondo zehazturik du bere esparrua: “Gutako batzuei beti gustatu zaigu punka eta hardcorea, eta bagenuen gogoa musika mota horren inguruan zerbait egiteko”.

Beste arrazoi bat ere badago jaialdian talde gazte eta hasiberriak lehenesteko: “Askotan esaten da kontzertuetan ez dagoela gazterik. Nik uste dut gazteak erakarri nahi baditugu talde gazteekin lan egin behar dela. Gazteei ez zaizkie erraztasunak ematen musika mota hauetara hurbil daitezen”.

Programazio interesgarria

Lertxundik nabarmendu du programatutako talde guztiak direla interesgarriak; edozelan ere, argi dago Euskal Herritik kanpoko taldeek erakarriko dutela bereziki zaleen arreta, beharbada luze joko duelako talde horiek Euskal Herrian berriro ikusi ahal izateak.

Gaur, PMS 84 taldea arituko da. Portlandetik datoz (AEB), eta 2014ko udaberrian sortu zuten taldea, urtebete geroago haren osaera aldatu zuten arren. Maketa eta EP batzuk kaleratu ostean, hilabete honetan argitaratu dute iraupen luzeko euren lehen lana, zortzi abestiko LP bat.

Bihar, berriz, Arms Race taldearen txanda izango da. Londreskoak dira, eta haiek ere single pare bat eta berriki plazaratutako iraupen luzeko lan bat argitaratu dituzte, New Wave of British Hardcore izenekoa.

Paradoxikoki, PMS 84 talde estatubatuarrak oso soinu ingelesa du —Lertxundik “Blitz eta Poison Idearen arteko nahasketa” gisa definitu ditu—, eta haien abestietan Partisans eta antzeko talde ingelesen eraginak nabari daitezke. Arms Race ingelesek, aldiz, AEB-etako hardcorea dute eragin nagusitzat, eta Negative Approach, SS Decontrol eta antzeko taldeak ekar ditzakete akordura.

Igandean arituko da Euskal Herritik kanpokoa den beste taldea: Nadie, munduko hainbat lekutatik datozen baina Bartzelonan bizi diren hiru neska eta mutil bat, postpunk azkarra egiten dutenak.

Gainerako taldeak Euskal Herrikoak dira, eta berton ere proposamen berri eta interesgarriak badaudela frogatzen dute. Haietako batzuk Bilboko Izar Beltz gune okupatuaren inguruan —duela gutxi, hustu egin dute— sortutako eszena berritzailean koka daitezke: azken bolada honetan, zale guztiak txunditzen ari den Die Wagen laukote gaztea, Karpatos taldearen hardcore-afterpunk ilun eta itogarria eta Serpiente, afterpunk minimalista egiten duten hiru emakume. Beste bi taldeak, Puro Odio eta Revertt, Bermeokoak dira.

“Nik behintzat gogoko ditut aniztasuna zaintzen duten jaialdiak”, esan du Lertxundik, “eta hau oso eszena jakin batzuetan zentratuta dagoen arren, uste dut askotariko talde eta estiloak daudela”.

Jarraitzeko asmoz

Bermeoko Kapillan kontzertuak antolatu ohi dituen Nuntxaku kultur elkartea eta Beleza Malandra ateneoa daude ekinbide honen atzean, eta, Lertxundik azaldu duenaren arabera, asmoa da datorren urtean ere jaialdia antolatzea eta ideiak denboran irautea. “Nik uste dut udaberrian punk, hardcore eta horrelako doinuetan oinarritutako jaialdi bat egitea eta udazkenean Mareak-en moduko jaialdi intimistago bat antolatzea urteroko kultur eskaintza polita izango litzatekeela Bermeorako”, erantsi du.

New Blood Weekend jaialdia Bermeon bide komertzialetatik kanpoko musikaren eskaintza zabalaren beste adibide bat da, eta eskaintza horren osagarri izan daiteke. Kapillan, Beleza Malandran eta Kafe Antzokian kontzertu ugari antolatu ohi dituzte, eta maiatzean ere egitaraua bete-beterik dator. “Ez gara asko, baina argi dugu emanaldiak guk geuk antolatzen ez baditugu inor ez dela hona etorriko kontzertuak guri antolatzera”, azaldu du Lertxundik. “Helburua ez da soilki kultur ekarpena egitea. Ondo pasatzen dugu, eta gogoko taldeak ekartzen ditugu”.

Egitaraua
Gaur hasi eta igandera arte egingo dute Bermeon New Blood Weekend jaialdia. Egunero, kontzertu bat egongo da, eta, musika emanaldi bakoitzaren ostean, disko jartzaileak arituko dira Beleza Malandran.
Ostirala, apirilak 28
22:00etan, Kapillan. Serpientes, Karpatos eta PMS 84. Bost euro.
Larunbata, apirilak 29
22:00etan, Kapillan. Puro Odio, Die Wagen eta Arms Race. Bost euro.
Igandea,  apirilak 30
13:00etan, Beleza Malandran. Revertt eta Nadie. Hiru euro.