Botilak gordetzen zuen sekretua

Botilak gordetzen zuen sekretua

Aitziber Laskibar Lizarribar

Sustraien inguruko jakin- minak Bilbora ekarri zuen Andrew Gangoiti Robinson artista australiarra, eta, 2004an, bekadun aritu zen Bilbo Arten. Horrela hasi zuen bere arbasoen historiari buruzko ikerketa eta artea uztartzeko proiektua. Beragatik izena jaso zuen Andres Gangoiti Cuesta osabari gertatutakoa argitzeko premia zuen, eta buru-belarri sartu zen orain argia ikusi duen proiektuan. Eretza-Mendi itsasontzian langile zuen osaba; ikatz botatzailea. Itsasoan lanean ari zela atxilotu zuten, tripulazio osoarekin, 19 urte zituela. 1937a zen. Lau urte geroago, kartzelan hil zen. Urteetan osabari buruzko arrastoei jarraitzen aritu ondoren, 2007an aurkitu zituzten haren gorpuzkiak, baita hari gertatutakoaren oinarrizko informazioa ere.

Botila batek gordetzen zuen sekretua. Gorpuzki bihurtutakoaren izen abizenak, jatorria eta heriotzaren zergatia, besteak beste; tuberkulosiak jota hil zen. Ezkaba mendiaren magalean Aranzadik aurkitutako hilerrian topatu zuten Gangoitiren gorpua, beste 130 bat gorpurekin. Botilen hilerrian. Iruñeko San Kristobal espetxeko erietxeko kapilau batek botila bana jarri zien hildako presoei hankartean, horietako bakoitzaren datuekin. “Donostian egindako gerra kontseiluan 30 urtera zigortua, matxinadarekin bat egin izanaren delituagatik”, jasotzen du Gangoitiren botila barruko idatziak.

Papera usteldu gabe zuen botila bakarra zen australiarraren osabarena. Gainontzekoek kortxozko tapoia zuten. Denboraren joanak janak zituen kortxoak, eta baita barruko paperak ere. Gangoitiren botila zen metalezko tapoia zuen bakarra eta, ondorioz, gorpuzkien nondik norakoak fidel gorde zituen bakarra.

Idazki haren kopia beste ehunka dokumenturekin ikus daiteke Bilboko Itsas Museoan, Andrew Gangoitiren The Last Voyage (Azken bidaia) erakusketan. Collage eran aurkeztu ditu, obra handi batean, osabaren ingurukoak. Parez pare duen beste collage erraldoian, Eretza-Mendi ontziari buruzkoak jasotzen dira.

Frankistek atxikitako tripulazio haren zeregina ere erakusten dute dokumentuek: ontzia Argentinako La Platan laborez bete eta elikagaiak Bilbora eramatea zuen eginbehartzat. Faxistek Bizkaia bonbardatu eta hilabetera Euzkadiko Gobernuak emandako mandatua zen.

Itsasontzia ez zen helmugara heldu, eta marinelen patua ezkutuan egon zen, luzaro. Hori argitara emateko eta halakoak Euskal Herriko “familia arruntei, familia askori” gertatu zitzaizkiela ohartarazteko egin du artista australiarrak lan historiko-artistikoa.