Berritzeko gogotsu

Berritzeko gogotsu

Natalia Salazar Orbe

Hogei urte bete dira Bilbon Mesedeetako eliza gazteen eta rockaren topaleku bilakatu zenetik. 1997an eratu zuten Bilborock. Bilbo Zaharra suspertzeko bultzada eman zuen lokalak. Estilo barrokoko eraikin zahar hark kolorea eraman zuen urteak ilunpean eta utzita egin zituen auzora. Lehen udal ekipamendua izan zen. Urte horietan, milaka jarduera egin dituzte bertan: 1.620 kontzertu baino gehiago, 1.350 antzerki emanaldi eta 370 zine emanaldi. 900.000tik gora ikuslek bisitatu dute horietan denetan.

Trantsizio garai batean murgilduta dago egun aretoa. Belaunaldi berriak eta aisialdia aldatu egin direla jakitun zeuden, eta udalak parte-hartze prozesu bat abiatu zuen Bilborocken etorkizunerako ildoak zer-nolakoak izan beharko liratekeen erabakitzeko. Rocka eta askoz gehiago leloarekin, Bilboko gazteek eta gazteen elkarteek proposamen sortzaileak sustatu, ezagutu, erakutsi, esperimentatu, gozatu eta ekoiztu ahal izatea da helburua.

Egoera berri horretara egokitzeko, nahitaezkoa da komunikazio digitala eta Bilborock bera sendotzea. Ekoizpen sortzaileak gero eta diziplina gehiago nahasten ditu. Eta eklektikoagoa ere bada. Gazteek lankidetzako irizpideak eta kodeak erabiltzen dituzte ekoizpen prozesu horietan. Musika, irudia, adierazpena, arlo digitala eta birtuala, dantza eta mugimendua elkarrekin gauzatzen dira sorkuntzaren ideian bertan zein berau gauzatzean. Bilborockek komunitate horretako kide izan nahi du. Etengabeko topaketa lekua sortu gura du, eta gazte sortzaile horiei lankidetzarako espazioa eman.

Helburu eta norabide ugari zehaztu beharretik atera da lan ildo hori. Izan ere, aretoaren etorkizuna zehazteko asmoz, Bilborock Lab prozesua dago abian, haren dinamizazioa gauzatzeko. Elkarlanean ari dira udal eragileak, aretoa kudeatzen duen taldeko kideak, hiriko eragile eta sustatzaileak eta Bilborockeko egunerokoan parte hartzen duten gazteak.

Etorkizuneko Bilborock aretoa definitzeko prozesua 2015eko azaroan abiatu zutenez geroztik, 29 elkarrizketa zehatz egin dizkiete beste horrenbeste gazteri. Horrez gain, 378 lagunekin sare sozialen bitartez egon dira harreman zuzenean. Azkenik, 1.000 mezu jaso dituzte Twitter bidez. Guztira, gazteek 155 ekinaldi planteatu dituzte.

Lan horrek udalaren, kultur eragileen eta gazteen arteko harreman eredu berri bat sortu du. Eta lanerako hiru ildo definitu dituzte: Bilborocken kudeaketa du ardatz horietako batek; programazio gaztea, besteak; eta aretoa topaketarako espazio gisa aldarrikatzen du azkenak. Azken horretan egin dute komunikazio digitalaren aldeko apustua.

Prozesuan parte hartu dutenek argi dute zer izan behar duen Bilborockek: “Bilboko gazteentzako eta gazteen elkarteentzako erreferentzia izan behar du, beren proiektuak bultzatzeko, sortzeko, erakusteko, partekatzeko, esperimentatzeko eta ekoizteko, Bilbo Gazte estrategiaren barruan”.

Bilborockeko proiektu berria diseinatzeko eta helburuak zehazteko udalak darabilen plan estrategikoan parte hartze aktiboa darabilte eragileek. Hain zuzen, talde eragile bat ari da gauzatzen plan hori. Ildo estrategikoak aztertzeaz gain, gaur egungo eta etorkizuneko espazioari buruzko iritziak jasoko ditu, eta programazioa, komunikazioa eta egitasmoak alderatu eta landu.

Gaur egun hainbat jarduera eta ekipamendu eskaintzen dizkie aretoak bertan aritu nahi duten elkarte eta taldeei; besteak beste, agertokia, entseguak egiteko gelak, bilera gelak eta proiekzio eta soinu ekipamenduak.

Parte-hartze prozesuaren barruan bigarren zeregina programazioa egitea izan da. Ahalegin eta indar berezia jarri dute sorkuntzaren, joeren eta berrikuntzen sustapenean.

Helburu hori gauzatzeko espazio bat sortu dute, gazteen sormen ahalmenari ikusgarritasuna emateko. Hainbat arlotan interesa sortzen duten esperientziak aurkitzeko espazioa da. Besteak beste, ondoko hauetan: sorkuntzan, berrikuntzan, kolaborazioan edo komunikazioaren eta interakzioaren hizkera berrietan. Gaueko aisialdirako, gazteentzako espazio bat ere eskaintzen du: desberdina eta alternatiboa. Hala definitu du udalak, eta ildo batzuk zehaztu ditu aretoaren erabilera arautzeko: hiriko gazteek lehentasuna izango dute.

Horrez gain, gazteak helburu dituen programazio berri bat diseinatu dute. Alegia, gazteentzako jarduerak edo haien intereseko gaiei buruz egindako saioak gauzatzeko. Arlo horretan, hainbat proiektu sustatu dituzte: Let’s Jo programa berria da. Bilboko musika talde berriei aukera bat emateko sortu dute. Bestalde, Bilbo Gazte Night programak gaueko aisialdi aukerak eskaintzen dizkie gazteei.

Izarren agertoki

Hainbat izarrek zapaldu dute Bilborockeko agertokia. Gustu eta izaera askotako artistentzat, Bilborako atea izan da aretoa. Robbie Williams, The Corrs, Julieta Venegas, Amaral eta beste hainbat abeslari pasatu dira bertatik. Antzerkigintzari dagokionez, hainbat artistak taularatu dituzte euren lanak han; besteak beste, Leo Bassi komikoak.

Izarrak izar, gazteak dira Bilborocken jomuga. Haien sormena garatzeko erremintak eta gaueko aisialdirako alternatibak eskaintzea du helburu. Ikuskizunak programatzeko leku bat baino zerbait gehiago bihurtu gura dute aretoa. Askotariko kulturek bat egiteko erreferentziazko toki bilakatzea da xedea.