Festa giroak erakarrita

Festa giroak erakarrita

Natalia Salazar Orbe

Oporraldiek iradokitzen duten Bilbo basamortu hutsaren irudia atzean uzteko bidea zabalik da. Euskal Herriko kultura, gastronomia eta aisialdiaren erakusleku bihurtuta dago egunotan hiria. Basque Fest jaialdian murgilduta, jai eremu erraldoi bat osatu dute haren txokoetan antolatu dituzten jarduera guztiek; 200 inguru, eta gehienak, doakoak. Hirira bisitariak erakartzea eta Bilbotik ateratzen ez diren herritarrek aisiarako aukera zabal bat izatea du helburu, atzo hasi eta domekara bitarte.

Iazko arrakasta oinarri hartuta, jarduerarik erakargarrienek lekua izango dute, aurten, berriz ere. Apustu berriei ere heldu diete, ordea: esaterako, Guggenheim museoko atrioa lehenengoz bilakatuko da jaialdiaren agertoki. Crazy Hospital taldeak ikuskizuna taularatuko du bertan. Bitxia da break dance-a eta trikitia nahastuta sortu duten fusio berria.

Museoak protagonismo berezia hartuko du, bere 20. urteurrenean. Estilo eta genero artistiko askoren arteko fusio gehiagoren lekuko izango da egunotan. Euskal dantzak eta Txalaparty saioak ere hartuko ditu. Musika elektronikoa eta txalaparta fusionatzen ditu azken horrek.

Frank Gheryk diseinatutako eraikinaren kanpoaldea ere aprobetxatu dute, aurreko urteetan bezala. Han izango dira erraldoiak, buruhandiak, dantzak eta txalaparta, besteak beste.

Artxanda aisialdirako eremu bihurtu dute. Trikiti doinuz bustitako erromeriak jai giroan murgilduko du hiriaren balkoia, igandean. Euskal dantzak ikasteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Hirigunetik gertu, eta, aldi berean, naturaren bihotzean izango dira; paraje ikusgarrian.

1936ko gerran lubakiz bete zen eremu hori. Aurten, Durango, Gernika-Lumo eta beste hainbat herriren bonbardaketen 80. urteurrena da. Gertatutakoa gogorarazteko espresuki sortutako antzezlan bat ikusi ahalko da jaialdian: Gernika. Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Gorka Hermosa eta Jesus Prieto Piti musikariak elkartu ditu lan horrek. Gaur taularatuko dute, Plaza Barrian.

Memoria, iragana eta etorkizuna uztartuko ditu Basque Festek. Enkarterri Fashionbox-ek bertako gazte sortzaileen proposamenik onenak ezagutzera emango ditu. Areatzako oholtzetan jarriko dute erakusketa ibiltari hori.

Txoko Gourmet izango da, zalantzarik gabe, bertako zein kanpoko bisitari gehien erakarriko duen ingurua. Areatzan kokatuta, dozena bat eskualde turistikoren produktuak hartu ditu. Bakoitzak erakusleku bat du. Bertan, erakargarritasun turistiko, gastronomiko eta enologikoak emango dituzte ezagutzera. Horietara joaten direnek produktuak doan dastatzeko aukera dute. 36 dastatze prestatu dituzte horretarako. Ondoko hauek dira Areatzan ordezkaritza duten eremu turistikoak: Arabako Errioxa, Bizkaiko Euskal Kosta, Enkarterri, Gorbeia, Lea Artibai, Urdaibai, Uribe, Goierri, Tolosaldea, Urola Kosta eta Euskal Kostako geoparkea.

Gastronomiak eta sukaldaritzak Bilboko kulturatik bereizi ezineko arloak dirudite. Egitarauan leku nabarmena hartu dute. Basque Fest Gastronomy tailerrak antolatu dituzte. Mokadu berritzaileak egiteko ikastarook familientzat zein helduentzat dira. Goizez egiten dituzte lehenengoak, eta arratsaldez bigarrenak. Parte hartu ahal izateko, izena eman behar da Plaza Biribileko lehen zenbakian dagoen Turismo Bulegoan.

Orain arte Bilbon egin dituzten era horretako jaialdien artean handiena da aurtengoa. Euskal abangoardiaren eta kulturaren ekitaldi gisa definitu du udalak. Herritarrentzat zein bisitarientzat erakargarria den ingurune bilakatu dute hiriburua. Gastronomia, dantza, bluesa, rocka, herri kirolak, antzerkia, haurrentzako animazioa, tailerrak, azokak, bidaia gidatuak itsasadarrean, kalejirak, DJak… Denetariko jarduerak antolatu ditu Bilboko Udalak beste administrazio publikoekin eta hainbat elkarterekin elkarlanean. Lan horretan parte hartu dute hainbat merkatari elkartek —Bilbao Erdigunea, Bilbao Dendak eta Zazpi Kaleak—, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak, kultur eragileek, eskualde turistikoek eta enpresa pribatuek.

Bost ataletan banatu dituzte jaialdiaren egitarauaren barruan antolatutako jarduera guztiak: Gourmet, Musika, Kultura, Sport eta Market, hain zuzen ere. Horiek baliatuta, euskal kulturaren esentzia osoa jaso gura dute.

Musika eta animazioa

Bilboko kaleak musikaz blai daude jada. Kalejira eta emanaldiak bereziki turista gehien dagoen eremuetan egingo dituzte: Ledesman, Villariasen, Pozan, Garcia Riveron, Zazpikaleetan, Areatzan, Plaza Barrian eta Guggenheim museoan. Zuzeneko musikak eta DJen emanaldiek Martzana kaia ere girotuko dute.

Areatza bilakatu da jaialdiaren zentro neuralgiko. Bertan antolatu dituzte jardueretako asko eta asko. Txoko Gourmet eremuaz gain, Sport Basque Fest ere han dago. Kirolari eta tradizioari lotutako hamaika ekitaldiren agertoki bihurtu da: herri kirolak, frontoia, baserri jokoak eta lehiaketak izango dira. Bilboko historia ezagutzeko ibilbide antzeztuak eta itsasadarra umore giroan zeharkatzeko bidaiek osatzen dute eskaintza.

Bost eguneko jaialdiak festaren erritmoan dantzan jarriko du hiria. Iaz, 73.000 lagun erakarri zituen. Euskal unibertsoaren adierazpen kultural eta artistikoari ateak zabaldu dizkio.