Natalia Salazar Orbe
Kale gorrian, inongo aterperik gabe bizi diren hogei etxegaberi bizitza proiektu berri bat abiatzeko aukera zabalduko diete datozen asteetan. Hain zuzen, Habitat Bizkaia programaren bidez, etxebizitza bana jarriko du aldundiak haie...
Gizartea
Ur zikinek 2019ra arte jarraituko dute Urdaibai kutsatzen
Ander Zarraga
Unescok 1984an biosfera erreserba izendatu zuen, baina, Bizkaiak duen naturgune babestu bakarra izan arren, Urdaibaiko biztanleen ur zikinak errekara isurtzen dira gaur egun. Saneamendurako plan orokorra martxan dago, baina bukatu gabe oraindik. Eta Gernika-Lumoko araztegia oso zaharkituta dago.
Busturialdea eskualde administratiboa osatzen duten hogei udalerrietatik 19 sartzen dira Urdaibaiko biosferan, eta horietan bizi diren 45.000 inguru biztanlek sortzen dituzten ur zikinak, gehienetan, zuzenean botatzen dira naturaren gune babestu horren uretara.
Herri txikietako ur zikinak hobi septikoetara joaten dira, eta tratatu gabe zuzenean itsasadarrera isurtzen dira. Conchi Onaindia Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko ingurumen osasunaren arduradunak azaldu du egoera: "Itsasadarrak herrietako hondakinak jasotzen ditu, batzuk halabeharrez eta beste batzuk Gernikako araztegiaren funtzionamendu txarraren ondorioz. Guztiek Oka ibaian bukatzen dute, garbiketa egoki bat jaso gabe".
Kutsadura horren ondorioz, Europako Ingurumen Agentziak (AEMA) Sukarrietako Toña eta Abiña hondartzetan ez bainatzeko gomendioa eman izan du. Izan ere, Toñako uren kalitatea Europako Batasunak agintzen dituen adierazleen azpitik egon da 1992tik; Abiñako hondartzan, berriz, uraren kalitatea muga-mugan mantendu da urte hauetan, eta, hori dela eta, ez bainatzeko gomendatu dute aurten.
Bertako sorosleek ez bainatzeko gomendioa ematen dute bozgorailuetatik, eta bainatzen direnei gero dutxatzeko aholkatzen diete. "Itsasaldiaren araberakoa da: marea behera dagoenean, ura beti dago zikinagoa, ura barrualdetik datorrelako", azaldu dute sorosleek.
Eusko Jaurlaritzako zientzialariek ur laginak hartzen dituzte astero hondartzetan, horien kalitatea aztertzeko eta kutsadura fekala kontrolatzeko. Abiña hondartzaren kasuan, azken bost urteotan egindako probetan kutsadura aurkitu dute. Ondorioz, aurten ez bainatzeko gomendatzen duen kartela jarri behar izan dutela azaldu du Onaindiak.
Saneamendu plana
Deigarria da babestutako naturgune batean ur zikinak horrela isurtzea, eta are gehiago saneamendu plan propioa bukatu gabe duen eskualde bakarra izatea. Kontraesanez betetako egoera hori behingoz bukatzeko, saneamendu plana osatuko duten lanak egiten ari dira 2003. urtetik aurrera, eskualdeko zenbait herritan. Lanak 2019an bukatzea da asmoa.
2014tik, Bermeo eta Mundaka artean, martxan dago Lamiarango Uren Araztegia (HUA), eta, orain, itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusiaren punpaketa zentroa ari dira egiten Sukarrietako parkean. Horrek Lamiarango araztegira bideratuko ditu Gernika-Lumotik etorriko diren ur zikinak. Hala ere, oraindik Muxika eta Gernika-Lumo, eta Gernika-Lumo eta Sukarrieta lotuko dituen kolektoreak falta dira, hondakin ur guztiak Lamiarango araztegira bidaltzeko.
Proiektua 2003an hasi zen, baina 2007. urtean geldialdia izan zuen, Eusko Jaurlaritzak ez baitzuen diru sailik ipini lanak bukatzeko. 2014. urtean, berriz ere ekin zieten lanei, Busturialdeko Ur Partzuergoko eskaerei erantzunez. Horrela gogorarazi du Iratxe Arriola Eako alkate eta orduan partzuergoko presidente izan zenak.
Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak urtea amaitu orduko adjudikatu nahi ditu Gernika-Lumo eta Sukarrieta batzeko lanak. Uraren Euskal Agentziak gogorarazi du azken bost urteetan 49.070.000 euro inbertitu dituela lan horietan. Kopuru horri 2003tik aurrera inbertitu ziren 35.000.000 euro gehitu behar zaizkiola ere adierazi zuen maiatzean Sukarrietako lanetara egindako bisitan, Jaurlaritzak inbertsioa egin duela nabarmentzeko.
Ekologisten kritikak
Greenpeace eta Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistek askotan kritikatu izan dute gune natural babestu batek behar duen saneamendu plana aurretik bukatu ez izana. Kezka azaldu dute, era berean, uren kalitatea neurtzeko probetan metal astunen presentzia ez dela aztertzen eta. Urteetan eskualdeko industriek itsasadarrean egin dituzten isurketen ondorioz, horien presentzia ere kontuan hartu behar litzatekeela uste dute.
Bestalde, Zain Dezagun Urdaibai elkartearen esanetan, 70eko hamarkadatik Muruetako ontzioletako itsasontziak ateratzeko egin diren dragatzeek eta harea mugimenduek aldatu egin dute uren berritze prozesu naturala. Ondorioz, itsasadarraren sakonera naturala zeharo aldatu dela diote; ur gutxiago sartzen dela orain, eta horrek garbiketa prozesu naturala eragozten duela.
Hala ere, denak datoz bat saneamendu sistema bukatuta dagoenean uren kalitatea nabari hobetuko dela esaterakoan. Iratxe Arriolak Bermeoko portuaren kasua jarri du adibide gisa: "Portura bota beharrean herriko ur zikinak Lamiarango araztegira bidaltzen hasi zirenean, portuan aldaketa izugarria egon zen, eta orain fauna eta flora izugarri leheneratu da".
Irakaspen eta bizipen ugari
Natalia Salazar Orbe
Emaitza bikainengatik ezaguna da Lauaxeta ikastola. Zornotzako familiek ez ezik, hainbat herritakoek ere bidaltzen dituzte seme-alabak hara ikastera. Urte askoan ereindako lanak emandako fruitu emankorrak jasotzen ari dira, beraz. ...
Kolpe baten itzal amaigabea
Ainhoa Larrabe Arnaiz Sirenak. Ezkilen hotsa. Hegazkinen barrunbeak. Abisua. Sua zerutik behera. Bonbak. Gernika. Eta, Gernika bezala, Durango. Eta Bilbo, Otxandio, Markina-Xemein, Sestao. “Gernikako bonbardaketak ez du parekorik historia militarrean. […] Antza denez, bonbardaketak bazuen helburu bat: biztanle zibilak adoregabetzea eta euskal arrazaren sehaska suntsitzea”. Hala idatzi zion munduari George Steer kazetariak The Times egunkarian,...
Sexu erasoek ez dute izan etenik
Natalia Salazar Orbe
Zenbaki hotzak ez ezik, indarkeria matxista eta sexu erasoei buruzko kontaketa eta salaketa latz eta gordinak ere utzi dituzte udako azken bi hilek. Erasoei aurre egiteko indarrak herritarren erantzun irmoa ere atera du kalera. Eta...
Parte hartzaileak, herrikoiak, askotarikoak eta arrakastatsuak
Aitziber Laskibar Lizarribar
Zenbaki handiak utzi ditu Bilboko Aste Nagusiak: 800 ekitaldi baino gehiago, itzelezko parte hartzea, eta tenperatura ere itzela; bai eguraldiaren beroa, eta bai giroarena. Antolatzaileak gustura agertu dira bederatzi egun ...
Maitasun egarria ase guran
Natalia Salazar Orbe
Bizkaiko txakurtegi gehienetan, animaliak hil egiten dituzte oraindik; triste samarra da hori". Adierazpen gordina egin du Sonia Brena SOS Bilbao animalien babeserako lagunarteko presidenteak. Besteak beste, Bilboko, Basauriko eta ...
Pinza eremurako kultur espazio bat proposatu dute, Uribarri biziberritzeko
Natalia Salazar Orbe
Galtzagorri taldeak Bilboko Udalaren esku jarri du Uribarri auzoko gazteen aisialdirako aukera gabeziari erantzun bat eman eta Pinza deritzon eremuko segurtasun arazoa konpontzeko aukera eskaintzen duen proposamena. Auzoan bertan d...
Zabaldu da euskaltegietan matrikulazioak egiteko epea
Aitziber Laskibar Lizarribar
Irailarekin batera, hasi da ikasturte berriari begira jartzeko garaia, eta, euskara ikasi nahi duenak orain du lan horri eusteko abagunea. Euskaltegiek aurki abiatuko dute 2016-2017ko ikasturtea. Eta hasiak dira matrikulazioak jasotzen. Atzo zabaldu zuten izena emateko epea, eta irailarekin batera amaituko dute.
Bilboko Udalak bat egin du euskararen aldeko apustuarekin, eta, euskaltegien sarearekin elkarlanean, kanpaina bat abiatu du. Helburua argia da: herritarrak euskara ikastera bultzatzea eta horiei euskaraz bizitzeko baliabideak erraztea. Eskaintzaren hartzaileengana hobekien heldu nahian, gaztelerazko leloa aukeratu dute matrikulazio kanpainarako: El euskera para todas las personas y para todos los días.
Horretarako, Bilbotarrek ondo ikusteko moduko lekuetan jarriko dituzte iragarkiak: hamar Bilbobusetan, 24 publizitate zutabetan, bost udal erlojutan eta San Mames barruko zein kanpoko pantailetan. Irratietan ere zabalduko dute mezua.
Euskararen normalizazioan euskaltegiek sekulako garrantzia dutela nabarmendu dute udal ordezkariek kanpaina aurkeztean. Garrantzi horren jakitun, herritarren eta euskaltegien arteko zubi lana egin nahi dutela adierazi dute, eta, horretarako, publizitate kanpaina egitearekin batera, diru laguntzak emango dituztela. "Euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei" emango dizkiete laguntza horiek: gurasoei, eta aisialdiko begiraleei. Baliabide ekonomikorik ez duten eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ere jaso ahalko dituzte laguntza horiek. Euskarari etorkizuna ziurtatzeko helburuz, 164.600 euroko diru saila baliatuko du hiriburuko udalak diru laguntza horietarako.
Euskaltegi sare zabala du Bilbok; hamazortzi euskaltegi ditu: hiru Deustu aldean, bat Uribarrin, bat Txurdinagan, bat Santutxun, bi Zazpikaleetan, zazpi Abando inguruan, bi Errekalden eta bat Zorrotzan. Horietako edozeinetan izena emateko deia egin dute bai udalak, bai euskaltegien sareko ordezkariek. Ikastaroak behar eta jakintza maila guztietara egokitzen direla gogoratu dute, ordutegi zabalak izaten dituztela, ikastaro trinkoak egiteko aukera zein barnetegietan euskaraz bizitzekoa ere izaten dela, eta on line ikasteko eskaintza ere badela. Edozein formula aukeratuta, euskaraz bizitzeko bidean urratsa egiteko dei egin diete herritarrei.
8.458 lagunek eman zuten izena aurreko ikasturtean Bilboko euskaltegietan, eta kopurua berdindu edo hobetzea du helburu kanpainak; eta, aurrera begira, euskara "euren bizimoduan eguneroko tresna izan dadila".
Gainontzeko herrietan ere zabaldu da euskara ikasteko eskoletan izen emateko epea, eta hainbat udalek sustatuko dute hautua. Zaldibarren, esaterako, matrikulazio epea hilaren 23ra arte luzatuko dela jakinarazi du udalak, AEKren euskaltegian behar guztietarako ikastaroak eta berbalagun saioak izaten direla, eta ikasturtea baldintza batzuk beteta amaitzen dutenek, berriz, diru laguntzak jasoko dituztela.
Durangoko udal euskaltegian irailaren 26ra arte izango da izena emateko aukera. Ikastaro presentzialak eta on line bidezkoak eskainiko dira, eta ikasteko diru laguntzak emango ditu udalak.
Sopelako Udalak, berriz, Emaiozu Bizia kanpaina abiatu du, euskaraz hezteak haurrei dakarzkien onuren inguruko kontzientzia zabaltzeko guraso izan berri direnen artean.
Nahi orotarako aukera mordoa
Natalia Salazar Orbe
Industrializazioa gainbehera utzita, zerbitzuen sektoreari bultzada handia eman zaio azken urteetan. Asko dira Bizkaiak turismoari begira dituen elementu erakargarriak. Berezkoak dira horietako asko; propio sortuak, beste hainbat. ...