Maitasun egarria ase guran

Maitasun egarria ase guran

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko txakurtegi gehienetan, animaliak hil egiten dituzte oraindik; triste samarra da hori”. Adierazpen gordina egin du Sonia Brena SOS Bilbao animalien babeserako lagunarteko presidenteak. Besteak beste, Bilboko, Basauriko eta Galdakaoko udalek animaliak ez hiltzeko araudiak dituzte. Eta Santurtzin ere bide horretatik ari dira. Gehienetan, baina, errealitatea bortitzagoa da.

Txakurrek zein katuek era horretako tokietara iritsi behar ez izatea da Brenaren eta hura bezala animalien eskubideen alde diharduten beste askoren helburua. Orain urte batzuetara arte, uda oso sasoi latza zen animaliontzat. Oporraldian, abandonatuta uzten zituzten familia askok. Orain, jarrera hori asko aldatu da, eta garai hori ez da latzena izaten. Urtaro kontuak baino gehiago, ehiza da bihozgabetasun hori areagotzen duen elementua. “Sasoia bukatzen denean izaten dira abandonu gehienak; bereziki, setter arrazari dagokionez”.

Animalien babeserako legearen arabera, administrazio publikoen esku dauden animaliek, mikrotxipik ez baldin badute, gutxienez 30 egunez egon behar dute txakurtegian. Txipa baldin badute, zazpi egunez egon daitezke, gutxienez, jabea euren bila joan bitartean. Zazpi egunetan ez badute jaso, animalia hori adopzioan eman dezakete. Txipik ez dutenen kasuan, gauza bera gertatzen da 30 egun igaro ostean. “Hori da legeak hitzez hitz dioena. Hala ere, udalek ulertzen dutena ondoko hau da: txipik ez badu, 30 egunen buruan hil dezakegu. Txipa badu, zailagoa da”.

Ez dago datu zehatzik jakiterik. Hala ere, herritarrak gero eta kontzientzia handiagoa hartuz doazela nabaritu dute SOS Bilbao elkarteak eta Affinity fundazioak. “Behera egin du abandonatze kopuruak. Ez da jaitsiera handia izan, baina nabari da”.

Bereziki, txakurrak identifikatzeko beharrak ekarri du jaitsiera hori. “Horren ondorioz, herritarrek ezin dituzte abandonatu animaliak, eta horiek babesteko elkarteetara jotzen dute etxean gehiago izan nahi ez dituztenean”.

Administrazioak ere gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari direla sinetsita dago. “Mikrotxipen kontrolerako gero eta kanpaina gehiago egiten dituzte”. Hori ez da nahikoa, ordea. Esterilizazioa da, Brenaren ustez, landu beharko litzatekeen beste arlo garrantzitsua. “Gurean oso baliagarria izango litzateke abandonatze kopuruak murrizteko”.

Beste herrialde batzuetako ereduak ekarri ditu gogora. “AEBetan, esaterako, nahitaezkoa da, profesionalki txakurrak hazten dituztenentzat izan ezik”. Europan ere badira neurri horri jarraitzen dioten herrialdeak.

Bizkaian ez dago esterilizaziorako ohiturarik. “Hala, kumaldi ugari izaten dira, eta kume horientzako guztientzako familiak aurkitzea ez da izaten lan erraza. Edozein eratan ematen dira: oparitu egiten dituzte, eta, sarri, animaliok abandonatuta bukatzen dute, txakurtegietara iristen dira, edo erreka batean amaitzen dute, kutxa batean sartuta”. Beraz, mikrotxipa eta esterilizazioa, faktore biak konbinatuz gero, askoz animalia gutxiago abandonatuko lirateke.

Adoptatu ala erosi?

Txakur edo katu bat eskuratu gura duten zenbaitzuei sortzen zaien galdera ondoko hau da: “Adoptatu ala erosi egingo dut?”. Kontzientziak adopzioaren aldeko hautura bideratu arren, praktikotasunak erostera bultzatzen ditu asko; gainerakoan, animaliok arazo fisikoak edo psikikoak zein portaera desegokia izan ditzaketela uste izaten dutelako. “Bistakoa da arazoak dituzten txakurrak badaudela, baina askok ez dute horrelakorik”.

Oro har, merkatura jotzen dute txakur bat erosi gura dutenek. “Txakurkume horiek nondik datozen jakin ere ez dute egiten. Bereziki txakurren salerosketari dagokionez, negozio sistema ilun eta tamalgarri bat dago atzean: erakusleihora iristen den kume bakoitzeko, iristen ez diren asko eta asko geratzen dira atzean. Abeletxeetan oso baldintza txarretan izaten dituzte txakurkumeok. Ekialdeko herrialdeetan, txakur emeak kaioletan gordeak izaten dituzte, ugaltzea beste zereginik gabe”.

Beraz, Brenak moralki eztabaidagarri deritzo norbait animalia bat erostera joateari, “kontuan hartuta hainbat eta hainbat hil egingo dituztela, eta ziurra denean pertsonok eurentzako animalia egokia aurkituko dutela”.

Kaiola barruetatik norbaitek ateratzeko zain daude hainbat animalia, bai horiek babesten dituzten elkarteen eta bai udalen esku. Hala ere, adopzioek behera egin dute; nabarmen, gainera. “Udan jaitsiera handia izaten da. Baina aurtengoa bereziki gogorra izan da. 13 urte daramatzat lan honetan, eta ez dut ikusi aurtengoa bezalakorik”. Irailak ilusioz betetako adoptatzaileak ekarriko dituen itxaropena du. “Txakurtegiek ez dute itxaroten. Ez dago olinpiar jokoen artean izaten zen tregoarik: oraindik ere hiltzen dituzte txakurrak”.

Baldintzarik bako maitasuna

Brenak argi du: “Maitasun mordoa” ematen dute maskotek. “Azaltzen zaila den harremana sortzen da. Zurearekin alderatuta hain desberdina den espezie batekin oso lotura estua sortzen da”. Inongo baldintzarik gabeko maitasuna eskaintzen dute: “Berdin zaie nor edo zer zaren, edo egun txar bat izan duzun. Haiek hor daude beti, zure ondoan, eta ez zaituzte epaitzen”.

Bakartiak direnentzat ere oso lagungarriak dira. “Kalera ateratzen eta harremanak egiten laguntzen diete”. Eta, haurrak dituztenentzat, bizitzaren zikloa ulertzen laguntzeko oso lagungarriak dira.