Ur zikinek 2019ra arte jarraituko dute Urdaibai kutsatzen

Ur zikinek 2019ra arte jarraituko dute Urdaibai kutsatzen

Ander Zarraga

Unescok 1984an biosfera erreserba izendatu zuen, baina, Bizkaiak duen naturgune babestu bakarra izan arren, Urdaibaiko biztanleen ur zikinak errekara isurtzen dira gaur egun. Saneamendurako plan orokorra martxan dago, baina bukatu gabe oraindik. Eta Gernika-Lumoko araztegia oso zaharkituta dago.

Busturialdea eskualde administratiboa osatzen duten hogei udalerrietatik 19 sartzen dira Urdaibaiko biosferan, eta horietan bizi diren 45.000 inguru biztanlek sortzen dituzten ur zikinak, gehienetan, zuzenean botatzen dira naturaren gune babestu horren uretara.

Herri txikietako ur zikinak hobi septikoetara joaten dira, eta tratatu gabe zuzenean itsasadarrera isurtzen dira. Conchi Onaindia Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko ingurumen osasunaren arduradunak azaldu du egoera: “Itsasadarrak herrietako hondakinak jasotzen ditu, batzuk halabeharrez eta beste batzuk Gernikako araztegiaren funtzionamendu txarraren ondorioz. Guztiek Oka ibaian bukatzen dute, garbiketa egoki bat jaso gabe”.

Kutsadura horren ondorioz, Europako Ingurumen Agentziak (AEMA) Sukarrietako Toña eta Abiña hondartzetan ez bainatzeko gomendioa eman izan du. Izan ere, Toñako uren kalitatea Europako Batasunak agintzen dituen adierazleen azpitik egon da 1992tik; Abiñako hondartzan, berriz, uraren kalitatea muga-mugan mantendu da urte hauetan, eta, hori dela eta, ez bainatzeko gomendatu dute aurten.

Bertako sorosleek ez bainatzeko gomendioa ematen dute bozgorailuetatik, eta bainatzen direnei gero dutxatzeko aholkatzen diete. “Itsasaldiaren araberakoa da: marea behera dagoenean, ura beti dago zikinagoa, ura barrualdetik datorrelako”, azaldu dute sorosleek.

Eusko Jaurlaritzako zientzialariek ur laginak hartzen dituzte astero hondartzetan, horien kalitatea aztertzeko eta kutsadura fekala kontrolatzeko. Abiña hondartzaren kasuan, azken bost urteotan egindako probetan kutsadura aurkitu dute. Ondorioz, aurten ez bainatzeko gomendatzen duen kartela jarri behar izan dutela azaldu du Onaindiak.

Saneamendu plana

Deigarria da babestutako naturgune batean ur zikinak horrela isurtzea, eta are gehiago saneamendu plan propioa bukatu gabe duen eskualde bakarra izatea. Kontraesanez betetako egoera hori behingoz bukatzeko, saneamendu plana osatuko duten lanak egiten ari dira 2003. urtetik aurrera, eskualdeko zenbait herritan. Lanak 2019an bukatzea da asmoa.

2014tik, Bermeo eta Mundaka artean, martxan dago Lamiarango Uren Araztegia (HUA), eta, orain, itsasadarreko ezkerraldeko kolektore nagusiaren punpaketa zentroa ari dira egiten Sukarrietako parkean. Horrek Lamiarango araztegira bideratuko ditu Gernika-Lumotik etorriko diren ur zikinak. Hala ere, oraindik Muxika eta Gernika-Lumo, eta Gernika-Lumo eta Sukarrieta lotuko dituen kolektoreak falta dira, hondakin ur guztiak Lamiarango araztegira bidaltzeko.

Proiektua 2003an hasi zen, baina 2007. urtean geldialdia izan zuen, Eusko Jaurlaritzak ez baitzuen diru sailik ipini lanak bukatzeko. 2014. urtean, berriz ere ekin zieten lanei, Busturialdeko Ur Partzuergoko eskaerei erantzunez. Horrela gogorarazi du Iratxe Arriola Eako alkate eta orduan partzuergoko presidente izan zenak.

Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak urtea amaitu orduko adjudikatu nahi ditu Gernika-Lumo eta Sukarrieta batzeko lanak. Uraren Euskal Agentziak gogorarazi du azken bost urteetan 49.070.000 euro inbertitu dituela lan horietan. Kopuru horri 2003tik aurrera inbertitu ziren 35.000.000 euro gehitu behar zaizkiola ere adierazi zuen maiatzean Sukarrietako lanetara egindako bisitan, Jaurlaritzak inbertsioa egin duela nabarmentzeko.

Ekologisten kritikak

Greenpeace eta Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistek askotan kritikatu izan dute gune natural babestu batek behar duen saneamendu plana aurretik bukatu ez izana. Kezka azaldu dute, era berean, uren kalitatea neurtzeko probetan metal astunen presentzia ez dela aztertzen eta. Urteetan eskualdeko industriek itsasadarrean egin dituzten isurketen ondorioz, horien presentzia ere kontuan hartu behar litzatekeela uste dute.

Bestalde, Zain Dezagun Urdaibai elkartearen esanetan, 70eko hamarkadatik Muruetako ontzioletako itsasontziak ateratzeko egin diren dragatzeek eta harea mugimenduek aldatu egin dute uren berritze prozesu naturala. Ondorioz, itsasadarraren sakonera naturala zeharo aldatu dela diote; ur gutxiago sartzen dela orain, eta horrek garbiketa prozesu naturala eragozten duela.

Hala ere, denak datoz bat saneamendu sistema bukatuta dagoenean uren kalitatea nabari hobetuko dela esaterakoan. Iratxe Arriolak Bermeoko portuaren kasua jarri du adibide gisa: “Portura bota beharrean herriko ur zikinak Lamiarango araztegira bidaltzen hasi zirenean, portuan aldaketa izugarria egon zen, eta orain fauna eta flora izugarri leheneratu da”.