Irakaspen eta bizipen ugari

Irakaspen eta bizipen ugari

Natalia Salazar Orbe

Emaitza bikainengatik ezaguna da Lauaxeta ikastola. Zornotzako familiek ez ezik, hainbat herritakoek ere bidaltzen dituzte seme-alabak hara ikastera. Urte askoan ereindako lanak emandako fruitu emankorrak jasotzen ari dira, beraz. Orain, ibilbide luzea ospatzeko ordua iritsi zaio. 60 urte beteko ditu zentroak datorren astean. Merezi duen eran ospatuko dute. Ikasketak han egiten ari diren gazteak zein ikasle eta irakasle ohiak elkartuko dituzte festa giroa eta oroitzapena ardatz izango dituen topaketan.

Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Galiziako ehunka ikaslek egingo dute bat jaialdian, bizkaitarrekin batera. Badute zer oroitu eta zer ospatu Euba auzoan dagoen ikastolan. Pasiotarrek 1956ko irailaren 17an zabaldu zuten ikastetxea, Orueko tontorrean. Hasieran, apaiztegia izan zen. 1970eko hamarkadan, San Gabriel ikastetxe bihurtu zuten, eta 1980ko hamarkadan bilakatu zen gaur egun arte iraun duen Lauaxeta ikastola.

Euskararekiko konpromisoa izan du ardatz ibilbide osoan zentroak. Hori ere gogoan izango dute datorren asteko ospakizun ekitaldietan. Izan ere, diktadura urteetan ere eutsi egin zion euskal kulturarekiko lotura estuari. Ikasgelen barruan zein handik kanpo izan zuen isla konpromiso horrek: euskara eskolak emateaz gain, Bidez aldizkaria ere argitaratu zuten. 1963an jarri zuten abian argitalpen hori. Euskara hutsean idazten zuten. Euskal kultura garatzea zuen helburu, euskara idatzizko komunikazioaren eta heziketaren ardatz hartuta.

Eta hezkuntza lanetatik kanpo, ospetsuak bihurtu ziren 1959- 1979 bitartean San Pablo Gurutzekoa pasiotarren sortzailearen eguna ospatzeko urtero antolatzen zituzten Eubako Euskal Jaiak. Arrakasta handia zuten ospakizun haiek pasiotarren komunitatean, eta, apaizgaien artean ez ezik, baita giro euskalduna bizi zutenen artean ere.

Garaiz garaiko ezaugarriak

Ondo bereiz daitezkeen hiru aldik osatzen dute Eubako ikastetxearen historia. 1956tik 1969ra arteko apaiztegiaren garaian, ikasketen antolaketa eta programazioa sasoi hartan beste apaiztegi txikietan ematen zenaren antzekoa zen. Otoitz egiteko izpiritua eta diziplina ziren portaeraren oinarria, eta latina ikasgairik garrantzitsuena.

Urteak aurrera joan ahala, aldaketa nabarmenak egin zituzten. Gaztelerazko zein euskarazko idazmen literarioari aparteko garrantzia emateari ekin zioten. Baita kantu koralari eta antzerkigintzari ere. Apurka hartu zuten lekua natur zientziek eta matematikek ere. Irakasgai horiek eta hizkuntza modernoak irakasteko, irakasle laikoak kontratatu zituzten. Bideari indartsu ekin zion ikastetxeak. Matrikulazioak goraka zihoazen urtetik urtera. 1956. eta 1969. urteen artean, 1.029 ikaslek eman zuten izena.

1970eko hamarkadan, Eubako Apaiztegia San Gabriel ikastetxe bihurtu zen. 1969ko ikasturtean hasi ziren irakasle emakumeak ere eskolak ematen: Miren Ozerin eta Maria Luisa Bollain izan ziren lehenengoak.

1977-1978ko ikasturtean bilakatu zen Lauaxeta ikastola, Fermin Iraolagoitia, Juliana Berrojalbiz eta Jose Manuel Uribarrik bultzatuta. Eta era horretan iraun du gaur egun arte. Ospakizunean, gogoan izango dituzte gaur egungo ikastolara iritsi bitartean lanean buru-belarri aritu diren denak.