Nahi orotarako aukera mordoa

Nahi orotarako aukera mordoa

Natalia Salazar Orbe

Industrializazioa gainbehera utzita, zerbitzuen sektoreari bultzada handia eman zaio azken urteetan. Asko dira Bizkaiak turismoari begira dituen elementu erakargarriak. Berezkoak dira horietako asko; propio sortuak, beste hainbat. Iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera zer ikusi, non lasaitu eta bertako historian murgiltzeko aukera eskaintzen duten txokoak dauzka, nonahi, bisitariak.

Paisaiari erreparatuta, naturaren indarra antzeman daiteke: kostalde malkartsuak, itsasgora eta beherek astindutako haitzek askatutako hare fina, mendi harritsuak eta haitzuloetan gordetako estalaktiten eraikuntza ikusgarriak.

Kantauri itsasoak bustitzen du kostaldea. Haren uretan bainu bat hartzeko aukerarik ezin du galdu bateko eta besteko hondartzetara gerturatzen denak. Muskiz eta Zierbenatik hasi, Areeta, Ereaga, Barinatxe, Plentzia, Gorliz, Armintza, Bakio, Aritzatxu, Laida, Laga, Ogella, Karraspio eta Arrigorrira bitartean, itsasora zabalik dauden eremuetan zein itsasadarrekin lotzen diren guneetan murgiltzeko urak daude eskura.

Hondartza horien artean bada puntu beltz bat: Sukarrieta eta Busturia artean dagoen San Antonion bainurik ez hartzeko gomendioa egin du aurten Europako Batzordeak, uraren kalitatea ez delako ona. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren erdigunean egoteak ez ditu ur horiek babestu. Gainerakoetan, hilaren erdi aldera hartutako laginen arabera, ona da kalitatea: bikaina horietako askotan; eta, nahikoa, gutxi batzuetan: Mundakan, Areetako erdigunean eta Mendexan, itsasadarraren aldean, kasu.

Itsasoaren beste aldean, zein parez pare, mendiak dira bisitariari lurraldeak eskaintzen dizkion beste aukeretako bat. Hondartzetatik aldenduta, Durangotik oso gertu, Urkiolako parke naturalak kontraste handiko paisaia ikusgarriak ditu ezaugarri nagusi. Kareharriz osatutako gailurren azpian zelai berde eta basoz osatutako ibilbideak ezkutatzen ditu. Anboto du gailurrik garaiena. Haren iparraldeko hormak Anbotoko Mariren gordelekua ezkutatzen du. Areatza, Artea, Orozko, Zeanuri eta Zeberio alderantz gerturatuta, Gorbeiako parke naturala dago; babestutako eremua da.

Paisaia ikusgarrien artean, bada Bizkaiaren adierazgarri bihurtu den bat: Gaztelugatxe. Kontinentera bi arku dituen zubi batek lotuta dago. 241 maila dituen eskailera aldapatsua igo behar da gailurrean dagoen ermitara iristeko. X. mendekoa da San Juanen omenez han egindako eraikin hori. Ohitura zaharren arabera, hiru aldiz jo behar da bertako kanpaia desio bat betetzeko edota izpiritu txarrak uxatzeko. Game of Thrones telesailaren eszena batzuk Gaztelugatxen filmatuko dituztela jakin ondoren, ez da harritzekoa izango jakingurak bultzatutako bisitariak erakartzea.

Haitzetatik kanpo beharrean, haitzetan barrena murgildu behar da munduan ia bakarra den fenomeno bat ikusteko: estalaktita ezentriko kontzentrazio harrigarria du Pozalagua haitzuloak. Karrantzan dago. 1957an aurkitu zuten, ustekabean. Eta bisitak egiteko aukera eskaintzen du.

Leku ikusgarri, aisirako tarte eta abenturarako aukerez gain, historiari eta askatasunei lotutako sinboloek ere xarma handiari eutsi diote. Gernikako Arbola da elementu horietako bat. Mundu osoan ezaguna egin da askatasunen sinbolo gisa. Haren itzalpean egiten zituzten euskal legeak eta arauak sortu eta herritarren ordezkaritza sistema bultzatzeko batzarrak, XIV. mendeaz geroztik. 1937ko bonbardaketatik bizirik atera zen haritza. Frankismoaz geroztik ere, lehendakariek han egin izan diote zin karguari. Gaur egun haren bosgarren belaunaldia da Gernikako Batzar Etxearen ondoan dagoena.

Abangoardiaren hiriburua

Aparteko atala merezi du Bilbok, Bizkaiko hiriburuak. Itsasadarra oinarri izan zuen hiriaren irudia goitik behera aldatu da azken urteetan. Industriaren jarduerek lekua utzi diete diseinuzko zubi eta eraikinei. Guggenheim museoa da horietako bat. Erreferente eta elementu erakargarri bihurtu da Frank Gheryren lana. Barruko erakusketek ez eze, eraikinak berak uzten ditu liluratuta bisitariak.

Hala ere, hori baino askoz gehiago eskaintzen du hiriak. Itsasadarra eta bertako zubiak zeharkatuta historian barrena bidaia daiteke. Eta bide hori jarraituta iritsiko da oinezkoa Zazpikaleetara. Giro bizia eta xarmaz betetako betiko denda eta lokalik ez da falta; hiriko bizimoduan murgiltzeko aukera paregabea.

Bizkaiak eskura dituen altxorretako gutxi batzuk besterik ez dira horiek. Butroeko gaztelua, Balmaseda herria bera, Areatzako alde zaharra, Baltzolako kobak, Jentil Zubia… Eta edozein herritara gerturatuta ere, denean aurki daitezke txoko bitxiak, leku bereziak eta berriz ere itzultzeko gogoa sorrarazten duten eremuak.