Zabaldu da euskaltegietan matrikulazioak egiteko epea

Zabaldu da euskaltegietan matrikulazioak egiteko epea

Aitziber Laskibar Lizarribar

Irailarekin batera, hasi da ikasturte berriari begira jartzeko garaia, eta, euskara ikasi nahi duenak orain du lan horri eusteko abagunea. Euskaltegiek aurki abiatuko dute 2016-2017ko ikasturtea. Eta hasiak dira matrikulazioak jasotzen. Atzo zabaldu zuten izena emateko epea, eta irailarekin batera amaituko dute.

Bilboko Udalak bat egin du euskararen aldeko apustuarekin, eta, euskaltegien sarearekin elkarlanean, kanpaina bat abiatu du. Helburua argia da: herritarrak euskara ikastera bultzatzea eta horiei euskaraz bizitzeko baliabideak erraztea. Eskaintzaren hartzaileengana hobekien heldu nahian, gaztelerazko leloa aukeratu dute matrikulazio kanpainarako: El euskera para todas las personas y para todos los días.

Horretarako, Bilbotarrek ondo ikusteko moduko lekuetan jarriko dituzte iragarkiak: hamar Bilbobusetan, 24 publizitate zutabetan, bost udal erlojutan eta San Mames barruko zein kanpoko pantailetan. Irratietan ere zabalduko dute mezua.

Euskararen normalizazioan euskaltegiek sekulako garrantzia dutela nabarmendu dute udal ordezkariek kanpaina aurkeztean. Garrantzi horren jakitun, herritarren eta euskaltegien arteko zubi lana egin nahi dutela adierazi dute, eta, horretarako, publizitate kanpaina egitearekin batera, diru laguntzak emango dituztela. “Euskararen normalizazioan garrantzi biderkatzailea duten kolektiboei” emango dizkiete laguntza horiek: gurasoei, eta aisialdiko begiraleei. Baliabide ekonomikorik ez duten eta DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ere jaso ahalko dituzte laguntza horiek. Euskarari etorkizuna ziurtatzeko helburuz, 164.600 euroko diru saila baliatuko du hiriburuko udalak diru laguntza horietarako.

Euskaltegi sare zabala du Bilbok; hamazortzi euskaltegi ditu: hiru Deustu aldean, bat Uribarrin, bat Txurdinagan, bat Santutxun, bi Zazpikaleetan, zazpi Abando inguruan, bi Errekalden eta bat Zorrotzan. Horietako edozeinetan izena emateko deia egin dute bai udalak, bai euskaltegien sareko ordezkariek. Ikastaroak behar eta jakintza maila guztietara egokitzen direla gogoratu dute, ordutegi zabalak izaten dituztela, ikastaro trinkoak egiteko aukera zein barnetegietan euskaraz bizitzekoa ere izaten dela, eta on line ikasteko eskaintza ere badela. Edozein formula aukeratuta, euskaraz bizitzeko bidean urratsa egiteko dei egin diete herritarrei.

8.458 lagunek eman zuten izena aurreko ikasturtean Bilboko euskaltegietan, eta kopurua berdindu edo hobetzea du helburu kanpainak; eta, aurrera begira, euskara “euren bizimoduan eguneroko tresna izan dadila”.

Gainontzeko herrietan ere zabaldu da euskara ikasteko eskoletan izen emateko epea, eta hainbat udalek sustatuko dute hautua. Zaldibarren, esaterako, matrikulazio epea hilaren 23ra arte luzatuko dela jakinarazi du udalak, AEKren euskaltegian behar guztietarako ikastaroak eta berbalagun saioak izaten direla, eta ikasturtea baldintza batzuk beteta amaitzen dutenek, berriz, diru laguntzak jasoko dituztela.

Durangoko udal euskaltegian irailaren 26ra arte izango da izena emateko aukera. Ikastaro presentzialak eta on line bidezkoak eskainiko dira, eta ikasteko diru laguntzak emango ditu udalak.

Sopelako Udalak, berriz, Emaiozu Bizia kanpaina abiatu du, euskaraz hezteak haurrei dakarzkien onuren inguruko kontzientzia zabaltzeko guraso izan berri direnen artean.