Berriz hasteko etxe bat

Berriz hasteko etxe bat

Natalia Salazar Orbe

Kale gorrian, inongo aterperik gabe bizi diren hogei etxegaberi bizitza proiektu berri bat abiatzeko aukera zabalduko diete datozen asteetan. Hain zuzen, Habitat Bizkaia programaren bidez, etxebizitza bana jarriko du aldundiak haien esku. Housing first filosofian oinarritutako egitasmo bat da. Horren arabera, etxebizitza gizarteratzeko abiapuntua da urteetan etxebizitzarik izan ez duten eta parte hartu duten prozesuetan emaitza onik lortu ez duten pertsonentzat. Alegia, etxebizitza izango da pertsona horiek etorkizunean gauzatuko duten bizimodu aldaketarako motorra eta bultzatzailea.

Joan den asteartean onartu zuen Aldundiaren Gobernu Kontseiluak ia 250.000 euroko inbertsioa programa horretara bideratzeko. Eta, onartutako hitzarmenaren arabera, ebaluatu egingo dute programaren onuradunen bizi kalitatea hobetzeko izan duen eraginkortasuna. Horrez gain, aztertu egingo dute Habitat Bizkaian egindako inbertsioa, beste programa eta aukera batzuekin alderatuta.

Proiektuaren erabiltzaileen eskumenek eta gaitasunek programa garatzen den bitartean izan duten bilakaerari ere erreparatuko diote. Erabiltzaileak programan sartzen diren unean, berau garatzen den bitartean eta esku-hartze prozesuaren bukaeran egingo dituzte ebaluazio horiek. Erabiltzaileen bizi kalitatea hobetzea du helburu horrek guzti horrek.

Oraingoz, ez dute esperientzia martxan jartzeko egun zehatzik ezarri. Hala ere, aste batzuen buruan hasiko dira lehen etxegabeak Eskuinaldeko etxeetan bizitzen. Eta, urtarrilaren 1erako, hogeiak izango dira euren etxeetan, bakoitza berean.

Eskualdearen aukeraketa ez da kasualitatea izan. Etxegabe gehien dauden bigarren eskualdea da-eta Eskuinaldea. Eta, aldi berean, esku hartze sozialei dagokienez, gabezia ugari ditu eremu horrek.

Egoerarik zailena, andreena

Mila lagun inguru bizi dira kale gorrian Bizkaian. Habitat Bizkaia programan parte hartzen dutenek lurraldean erroldatuta egon behar dute. Horrez gain, kalean hiru urtetik gora eman dituzten herritarrak dira. Izan ere, egoerarik txarrenean daudenak hartu gura dituzte. Horien guztien artean, emakumeena da kolektiborik zaurgarriena. Etxegabeen %20 inguru dira andrazkoak. Hori dela eta, Teresa Laespadaren Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun sailak ahalegin berezia egin gura du ahalik eta andre gehienengana iristeko.

Aterpeak baino merkeagoa

Etxebizitzen baliabidea garesti irudi dakioke askori. Hala ere, Laespadaren arabera, aldundiarentzat merkeagoa da etxebizitza baten alokairua aterpe batean ostatua eskaintzea baino. Egunean 45 euro ordaindu behar dira etxebizitzan; eta 113 aterpean.

Hartara, hastear duten bizitza berrirako abiapuntua eskainiko diete etxebizitzok. Izan ere, etxe horiek ez dira gizarteratzeko helmuga, abiapuntua baizik. Prozesu horretan, bidelagun izango dituzte gizarte langileak. Edonorentzako egunerokoa diren xehetasun txikienek ere euren bizitzaren jabe sentiaraziko dituzte gutxi barru etxe batean biziko diren etxegabeak: dutxa zein ordutan hartu aukeratu ahal izatea, egunerokoa era normalizatuago batean antolatzea eta utzita zeuden familiarekin loturak berreskuratzea, senideak etxera gonbida ditzaketelako.