Ekonomia

Abandoko geltoki gainean mila bat etxe eraikitzeko asmoa du udalak

Abandoko geltoki gainean mila bat etxe eraikitzeko asmoa du udalak

Alaitz Armendariz

Abandoko Indalecio Prieto tren geltoki historikoak erabateko aldaketa jasango du hurrengo urteetan. Onartu berri duten hitzarmen baten arabera, oraingo geltokia desagerrarazi, eta lur azpian bi solairu izango dituen geltoki berria egingo dute. Proiektua abiatzeko akordioa sinatu zuten aurreko astean Espainiako Sustapen Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzak; ez dute behin betiko datarik ezarri, baina, lehen aurreikuspenen arabera, lan horien ondorioz, AHTa 2023an helduko da Bilbora. Obra osoa 2027an bukatuko litzateke; izan ere, geltokiaren gaineko eremuan mila etxebizitza inguru egitea da asmoa, berdegune bat ere izango duen 90.000 metro koadroko inguru batean. Zenbait komunikabidek adierazi dute guztira 300-400 milioi euroko inbertsioa beharrezkoa izango dela. Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Sustapen Ministerioaren artean ordaintzekoa litzateke hori. Europatik diru laguntzak lortzea ere posiblea da, halere.

Lanen lehen fasea ez da bi urte barru arte hasiko. Fase horretan, Bailen kalearen eta oraingo Abandoko geltokiaren artean egongo den geltokia egiteko indusketa lanak hasiko dira. Hiru solairu izango ditu geltoki berriak. AHTarentzako tunela behe-beheko solairuan egongo da: hogei metroko sakoneran egingo da, eta zortzi nasa izango ditu. Horren gainean, ohiko trenentzako nasak egongo dira, lur azpiko lehen solairuan: Renferentzat bost nasa izango dira, eta, FEVErentzat, hiru. Lehen fase horretan Abusu eta Abando arteko 2,1 kilometroko tunela egingo da, abiadura handiko trenak trenbide bikoitzean hel daitezen. Hala, aurreikusten da AHTa 2023an helduko dela Bilbora. 20.000 metro koadro geratuko dira libre eraikitzeko eta geltoki gainean aparkalekua sortzeko.

Bigarren fasean, oraingo geltokiaren funtzionamendua apur bat aldatuko da, aldirietako bi nasa kendu beharko baitituzte. FEVEren lineak geltokiaren -1 solairura aldatuko dituzte; horretarako, tunel faltsu bat jarriko dute orain Ametzola dagoenaren eta geltoki berriaren artean. 2023 bukaeran amaituko litzateke bigarren fase hori, FEVEren nasak martxan jartzearekin batera.

2024an hirugarren fasea bukatuko litzateke: Urduñatik heltzen den Renfe linea mugituko dute orduan. Ordea, Muskiz eta Santurtzitik datozen trenak laugarren fasean helduko lirateke behin betiko nasetara. Horrela, lur azpiko lanak 2026. urtearen amaieran bukatzea aurreikusten da. Hori egitearekin batera, bidaiari guztientzako eraikina eraikiko dute lur azalean; garraioak bateratzea sustatu nahi dute horrela. Gainera, geltoki berriaren ondoko lau solairuko aparkalekuko lanak egiten hasiko dira. Azkeneko fasea Cantalojasko lubakia estaltzea izango da; 2027an bukatzea aurreikusten dute.

Oraingo Indalecio Prieto geltokitik gordeko den bakarra eraikinaren egitura izango da, haren balio historikoarengatik. Ondoan, hainbat etxebizitza eraikin egingo dituzte, lokal komertzialak, ekipamendu publikoak eta berdegune zabal bat. Proiektua egiteko ordaindu beharreko diru kopurua, 300-400 milioi euro bitartekoa, hiru erakunderen artean ordainduko dute: Espainiako Sustapen Ministerioa, Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udala.

Ez dute oraindik zehaztu zein izango den behin betiko zifra, baina horri etxebizitza berrien gainbalioak kendu beharko litzaizkioke. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea tentuz mintzatu da ordaindu beharreko kopuruaz, eta nabarmendu du pausoak "bata bestearen atzetik" eman behar direla: "Ez dakigu zein izango den finantzaketa, baina gu prest gaude dirua jartzeko. Beharrezkoa izango da aurrekontuetatik dirua jartzea, eta baita hirigintza ikuspuntutik aprobetxamenduak lortzea ere".

Europako laguntzak

Azaldu duenez, geltoki gainean 90.000 metro koadroko gune bat irabaziko dute hiriarentzat, etxebizitzentzako eta hiritarrentzako ekipamenduekin. Bilboko alkateak Europatik lor daitezkeen laguntzak ere aipatu ditu. "Bilboren kasuan, proiektu hau gizarte proiektua da, eta horrek esan nahi du Europako Inbertsio Bankutik finantzaketa zati bat lor dezakegula". Aburtok nabarmendu du hiriarentzat oso proiektu "garrantzitsua" dela, eta hiru ikuspuntu aipatu ditu: gizartearena, ekonomiarena eta hirigintzarena.

Alkateak iragarri du "oraingoz" lizitazio bat egin dutela, azterketa baten bidez jakiteko nola geratuko den behin betiko egitasmoa. Etxebizitza kopuruaren inguruan galdetuta, Aburtok adierazi du zifra "erabakitzeke" dagoela: "Guk hainbat aukera landu ditugu udalean, baina lizitazioa martxan jartzeko bakarrik". 800-1.000 etxebizitza izan daitezkeela onartu du; hala eta guztiz ere, "gehiago edo gutxiago" izan litezkeela ere ohartarazi du.

Larrialdi zerbitzuak, kolokan

Larrialdi zerbitzuak, kolokan

Nerea Bedialauneta Alkorta

Larrialdiak-Eulen Aldi Baterako Enpresa Elkarteak kudeatzen dituen Bizkaiko 25 anbulantzien langileen lan baldintzak "tamalgarriak" direla ohartarazi dute beharginek eurek. Duten egoera "jasanezina" salatu dute. Orain, itxaropenerako leiho bat zabaldu zaie. Datorren hilean enpresaz aldatuta, baldintzek hobera egin dezaketela sinetsita daude. Hala ere, hainbat arlo konpondu gabe dituzte.

Larrialdiak-Eulen ABEE-k 2015eko irailean hartu zuen zerbitzuaren ardura, eta, geroztik, prekaritatea areagotu egin da. "Ondo geunden, baina kaos egoera batean gaude orain. Lehengo egoera bestelakoa zen. Hainbat urte egin ditugu DYAn, Gurutze Gorrian eta Ambuiberican, eta horrelako arazorik ez dugu sekula eduki". Hala azaldu dute langileek.

Enpresak ez ditu betetzen kontratuan azaldutako hainbat baldintza; besteak beste, ez dira bermatzen atseden hartzeko legeak ezartzen dituen gutxieneko baldintzak. Langileetako askok, 12 orduko lanaldia amaitu eta gero, beharrean jarraitu behar izaten dute. Enpresak erreleborik ez duela aurkitzen eta zerbitzua ematea nahitaezkoa dela argudiatuta, ordezkoren bat bidali arte lanpostuan egotera behartuta egoten dira. Batzuetan, langileek 24 orduko lan txandak egin behar izaten dituzte jarraian. Horrek eragina du langileen osasunean eta atsedenaldian. Eta, azkenean, nola ez, zerbitzu guztian. "Ez dago inorentzako segurtasun bermerik. Ez anbulantzia gidatzen doanarentzat, ez barruan doanarentzat. Batzuetan, anbulantzia gidari batzuk 36 orduz jarraian egon dira lanean. Baldintza horietan lanean jarraitzea ezinezkoa da".

Behin-behinekoak, txarrago

Praktiketako kontratua edo behin-behineko kontratua dutenen egoera are kaskarragoa da. "Ez dute koadrante finkorik, eta edonoiz jaso dezakete txanda betetzeko deia".

Egoera horretan dauden langileetako batzuek, esaterako, 30 egunean bi egun besterik ez dute atseden hartzeko —berez, lau egun jarraian lan egin, eta hurrengo bostak atseden hartu behar dituzte—. "Ezetz esan eta lanetik botako gaituzten beldur garenez, egoera aprobetxatzen dute. Aurreko batean, lanean nengoela lo hartzen hasi nintzen. Ezin nien begiei irekita eutsi ere", azaldu du praktiketako langile batek. Are gehiago: haietako asko, praktika epea amaitu ostean ere, praktika kontratuarekin ari dira lanean.

Soldatak ere ez dituzte askotan garaiz kobratzen. Urtarrileko nominak, esaterako, oso atzeratuta jaso dituzte: hilaren erdian. "Diru sarrera egin digute; baina, nominarik ez digutenez eman, ez dakigu zer kobratu dugun ere. Berandutze hau arazo teknikoengatik izan dela erantzun digute; antza denez, nomina programa berritu dutelako".

Nominetan ez ezik, aparteko orduen ordainketetan ere atzerapen nabarmenak pairatu dituzte. "Jaiegunak eta gaueko lanaren plusa ere ez dira behar bezala ordaintzen ari. Horiek ere berandu ari dira ordaintzen. Aparteko orduen kasuan, bestalde, batzuei milaka euro zor dizkiete. Eta horiek kobratzeko era bakarra salaketa jarri eta auzitara joatea da".

Lan baldintzak oso txarrak izateaz gain, ohartarazi dute anbulantzia oso zaharretan ari direla lanean. Bizkaiko toki askotan, esaterako, bederatzi urteko erreserba anbulantzia zaharkitu batekin ibili dira larrialdi zerbitzua ematen. "Erreserbako anbulantzia asko egoera tamalgarrian daude. Lehengo legediaren arabera, zortzi urte baino gehiagoko anbulantziak kendu egin behar ziren, baina legea orain bestelakoa da".

Material falta nabarmena

Ondarroan, esate baterako, erreserbako anbulantziarekin ari dira egun zerbitzua ematen. "Lehenik eta behin, oso anbulantzia handia ekarri zieten, baina ibilgailu hori ez da Ondarroako toki askotan sartzen. Hainbat protesta egin, eta, erabiltzaileek salaketa bat jarri ostean, beste anbulantzia txikiago bat ekartzea lortu zuten. Hori ere ez zen herriko toki askotan sartzen, ordea, eta, hainbat eskabide egin ostean, herriko toki gehienetan sartu ahal izateko moduko anbulantzia ekarri zieten".

Ekarritako anbulantzia berriak, ostera, hainbat arazo tekniko eduki ditu. Horrenbestez, erreserbako anbulantzia erabili behar dute. Horrek ere nahikoa arazo eman ditu. Hainbat astez berogailurik gabe egon dira, esaterako. "Aurreko batean, gaixo bat etxeko manta eta guzti atera behar izan zuten, ez hozteko".

Askotan, pazienteak artatzeko materiala ere faltan izaten dute. "Anbulantzia batean oxigenoa hil edo bizikoa da, eta askotan batere barik egoten gara. Aurreko batean, esaterako, anbulantzia zerbitzuz kanpo jarri behar izan zuten, oxigenorik ez zutelako". Antzeko arrazoiengatik, anbulantzia asko zerbitzurik eman ezinda egon dira azken hileotan. "Lehen halakorik ez zen gertatzen. Gorabehera horiek gure lana oztopatu besterik ez dute egiten".

Zornotzara, derrigorrean

Anbulantziekin edo materialarekin edozein gorabehera dutenean, berriz, Zornotzako egoitza nagusira joan behar izaten dute, eta, han dauden denboran, ezin izaten dituzte larrialdiak artatu. Nola edo hala konpondu behar izaten dute. Izan ere, enpresak debekatu egin die momentu horretan larrialdiak koordinatzen dituen zerbitzuari operatibo ez daudela jakinaraztea. "Koordinazio zentrotik non gauden galdezka deitzen digutenean, askotan, gezurra esan behar izaten dugu".

Lanean pairatzen dituzten baldintzak erabat kaskarrak direla salatzeko, hainbat protesta egin dituzte azken asteotan. Aurreko hilean, esaterako, bi manifestazio egin zituzten Bilboko kaleetan. Otsailaren 6an, bestalde, greban hastekoak ziren, baina, lortutako akordio bati esker, protesta horiek bertan behera geratu ziren. Akordioa zentzu batean soilik lortu dela argitu dute: "Beste hainbat eskaerak bere horretan jarraitzen dute".

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren utzikeria ere salatu dute: "Funtsezko zerbitzua ematen dugula jakinda, ez dugu ulertzen Jaurlaritzak zelan onartzen dituen horren lan baldintza prekarioak. Era berean, ulertezina da enpresak hainbat kexa jaso arren beste esleipen batzuk ere enpresa hari zelan eman dizkioten".

Egoera zailean dauden arren, aurrera begira itxaropentsu daude. Eskaintzen duten oinarrizko zerbitzuaren ardura datozen asteetan beste enpresa bati esleituko diotela espero dute. "Anbu-iberica ez da egon konforme esleipena egin zuten moduarekin, eta, orain, epaiketa irabazi du". Beraz, datorren hilean enpresaz aldatuko dituztela uste dute. Hala ere, otsaileko nomina kobratuko ez duten beldur dira.

Langabezian, baina lana bilatzeko lanean

Langabezian, baina lana bilatzeko lanean

Oihana Cabello
Hondotik azalera, denok batera. Bou Sarea izeneko anezka sortu dute Busturialdean, langabeei lana bilatzen laguntzeko. Gizarte berrikuntzarako programak garatu dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ezkerraldean, Nerbioi Ibaiz...

Duintasunerako aldarria

Duintasunerako aldarria

Natalia Salazar Orbe
Gazte-gaztetatik hasita, bizitzako urterik onenak eta gehienak beharrean eman dituzte gaurko adinekoek. Baldintza txarretan, belaunaldi berriei egoera hobea uzteko borrokaldi luzeak igarotakoak dira horietako asko. Penaz begiratzen...