Saltoki handiek eta bulegoek hartuko dute Berangoko Landaida

Saltoki handiek eta bulegoek hartuko dute Berangoko Landaida

Aitziber Laskibar Lizarribar

“Ez da merkataritza gune handi bat izango; saltoki handi batzuk egongo dira, baina ez da Artea moduko gunea izango. Hirigintza sektore berri batean oinarritzen da proiektua”. Hala erantzun du Anabel Landa Berangoko alkateak Landaida Goikorako sustatzaile partikular bat lantzen ari den proiektuari buruz galdetuta. Decathlon eta Mercadona kateek denda handi bana jartzeko lizentzia eskatu dutela baieztatu du; gasolindegi bat jartzeko baimena ere eskatua dagoela; eta, oraindik eskakizun ofizialik egin ez duen arren, Lidl taldeak ere jarri nahi duela saltokia.

Baina ez dela hori bakarrik izango nabarmendu du alkateak. Eremua sailetan zatitua egongo dela, eta erabilera asko batuko direla horietan. Enpresa batek bere bulegoak bertan jartzeko asmoa duela jakinarazi du, esate baterako. “Gimnasio antzeko bat” eta padel instalazio bat eraikitzeko helburuz informazioa eskatu duenik ere badela. Azken asmo hori, halere, ez du uste gauzatuko denik. Alkatearen esanetan, Herri Antolamendurako Planak ez du halako azpiegituretarako aukerarik aurreikusten.

Landak zehaztu duenez, baimen eskaerak egin izanak ez du esan nahi proiektu horiek guztiak onartu eta gauzatuko direnik. Adibide batzuk besterik ez direla dio. Hala ere, ez du zalantzan jartzen saltoki handi horiek Berangoko Landaida Goikoako eremuan lekurik izango ez dutenik. “Dagoen araudiaren arabera eman behar dira baimenak edo ez. Eta, Lurralde Plan Partzialaren arauak betetzen badituzte, nik ezin dut ezezkorik eman”, dio alkateak: “araudiaren arabera eskubidea duenari ezin diogu ezetz esan”. 2011. urtean, jardun ekonomikoetarako eremu gisa izendatu zituen lursail horiek Berangoko Udalak.

Proiektuaren aurka sortu diren kexuei erantzunez, egitasmoa ez dela udalarena azpimarratu du Landak. “Ekimen pribatu bat da, eta, egin zaizkien eskaintzen aurrean, terrenoak saldu egin dituzte jabeetako batzuek. Sustatzaile bat dago lursail nahiko kudeatzen ari dena. Beste jabe batzuek ez dute euren lurra saldu, eta, beraz, lur horiek partikularrak izaten jarraitzen dute. Dena den, hori ez da guri dagokigun kontua”.

Edozelan ere, proiektuak herrian ez duela “alarmarik” sortu azaldu du alkateak. Publikoki zalaparta sortu den arren herritarrak lasai daudela. “Lur-jabe batzuek soilik aurkeztu dituzte alegazioak, eta bere interes partikularrengatik gauza batzuk aldatu nahi zituztelako egin dute; besterik ez”.

Change.org webgunean, kanpaina bat egiten ari da Berangon Megapark Ez plataforma, Berangoko Megapark geldi dezagun! leloarekin, eta 1.650 sinaduratik gora bildu dituzte.

EH Bilduren irakurketak ere ez du bat egiten udalarenarekin. “Bada merkataritza gune bat”, dio Nerea Guijarrubiak, koalizioaren izenean eskualdean gaia jorratzeko ardura duen Getxoko zinegotziak. “Hainbat enpresak parte hartuko du bertan, baina merkataritza gune bat izango da. Arteako merkataritza gunearekin gertatu denaren antzekoa gertatuko da Uribe-Kosta osoan”.

Hain zuzen, gustuko ez duen herri eredu baterako bidea ikusten du Guijarrubiak proiektuaren atzean. “Tokian tokiko merkataritzan, dendari txikiengan, eragin nabarmena izango du”, ohartarazi du. “Pentsa Decathlon bat jartzen badute, adibidez, inguruko herrietako kirol dendek nola iraungo duten”. Proiektuak aurrera egiten badu herrietako dendak ixtera “kondenatuko” direla iruditzen zaio. “Eta horrek heriotza ekartzen die herriei, komertzioak ematen dielako bizia herriei, hein handi batean”.

Kalte gehiago ere ekarriko ditu proiektuak, EH Bilduren ustez: “Lanpostu duinak suntsituko dira lanpostu prekarioak sortzeko, zeren ondo dakigu zer-nolako lan eskaintzak egiten diren Decathlon, Mercadona eta halako enpresetan. Ondorioa argia da: lanpostu prekarioak, bizitza prekarioak”.

Arrasto arkeologikoak

Landaida Goikoako eremua atontzeko lanak hasita daude. Eta horiek beste mota bateko kezka eragin dute: arrasto arkeologikoak aurkitu dituzte iraultzen hasi diren lurren azpian. EH Bilduk eman zuen langileek egindako aurkikuntzaren berri, eta Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputatuak gerora baieztatu zuen 130 pieza aurkitu zituztela. Bilboko Arkeologia Museora eraman zituzten pieza horiek.

Kultura Sailak BIZKAIKO HITZA-ri adierazi dionez, silex mineralez egindako tresnak dira aurkitutakoak: “Testuinguruan jarri gabe dauden banakako zatiak dira”, eta, beraz, “ez dute garrantzi arkeologiko handirik”. Protokoloari jarraitu diotela ziurtatu dute.