Ordutegiak malgutzeak prekaritatea areagotuko duela diote merkatariek

Ordutegiak malgutzeak prekaritatea areagotuko duela diote merkatariek

Alaitz Armendariz

Merkataritza sektoreko eragileak kezkatuta daude ordutegi komertzialak malgutzeak ekarriko dituen ondorioekin. Abenduan jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2012ko dekretua betetzera behartu duela Eusko Jaurlaritza: saltokien ordutegiak liberalizatzen ditu dekretu horrek. Eragileek erasotzat jo dute erabakia, eta salatu dute modu horretan “Autonomia Estatutuak Madrildik inposatutako erabaki zentralistek baldintzatuta” jarraitzen duela. Dekretu horren ondorioz, saltokiek beherapenak urte osoan ezartzeko aukera izango dute, besteak beste, eta hori “merkataritza gune handien onurarako” bakarrik izango dela deitoratu dute.

Merkatarien elkarteak, kontsumitzaileen elkarteak eta sindikatuak batu dira egoeraren berri emateko: Euskaldendak, EKA eta EKE elkarteak, eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak. Auzitegi Konstituzionalak ezarritako dekretuak hiru alderditan izango du eragina. Aipatutako beherapenak egiteko aukera urte osora zabaltzeaz gain, ordutegi komertziala handitzeko aukera izango dute saltokiek, 72 ordutik 90era igarota. Gainera, 150 metro karratu baino gehiagoko saltokiek jaiegun gehiagotan irekitzeko aukera izango dute: lehen, zortzi egunetan bakarrik lan egin zezaketen, eta, orain, egun horiek hamar izan ahalko dira. Horrek lana eta familia uztartzeari eragingo diola salatu dute, eta lan-baldintzak are prekarioago bihurtuko direla.

“Madrilen menpe”

Eragileen arabera, dekretu horrek erakusten du Autonomi Estatutuak “erabaki zentralisten menpe” segitzen duela, eta merkataritza ertain eta txikiari kalte “larriak” eragingo dizkietela neurriek. Adierazi dutenez, saltoki txikiak ezin dira lehiatu handien eskaintza “iraunkorrekin”.

Merkatari txiki eta ertainei, langileei eta kontsumitzaileei kalte egingo diete baldintza berriek, sindikatu eta elkarteen hitzetan. Merkatariei, saltoki handien eraginez egun eta ordu gehiago ireki beharrak “esfortzu handiagoa” eskatzen dielako. Langileei, lana eta familia uztartu ezin izateaz gain lan zama areagotuko zaielako, kate handiek ez dutelako “kontratazio berririk” egiten. Eta, azkenik, kontsumitzaileei, merkataritza txiki eta ertainaren jaitsierak produktuen “homogeneizazioa” ekarriko duelako, eta horrek erosteko aukera txikiagoa ekarriko duelako.

Merkataritza gune handien eskaerak betetzen dituen “eredu kontsumista eta prekario” batera eraman nahi izatea gaitzetsi dute sindikatu eta elkarteak. Gizarte osoari, eta, “batez ere”, merkatariei eskatu diete “arduraz” jokatzeko, orain arteko ereduaren alde eginda: “Inposatu nahi dizkiguten neurriek ez digute mesederik egiten”.