Txorizo onenen bila

Txerriki eguna

Sopuerta

Euskal Herriko hestebetegilerik onena nor den ebatziko dute datorren domekan Sopuertan, Txerriki azokaren barruan. Bertan, Hestebeteen 40. Azoka egingo dute, batetik; eta, bestetik, Euskal Herriko Hestebetegile Nagusiaren XVI. Txapelketa.

Enkarterrin egiten diren azoketatik zaharrenetakoa da domekan egingo dutena. Jende asko joan ohi da bertara, antolatzaileek jakinarazi dutenez, "kalitatezko produktuak" egoten direla arrazoituta. Hain zuzen, etxean egindako gazta, ogi, euskal pastel, ezti, gibel ore, txakolin eta sagardorik onenak ikusteko, erosteko eta dastatzeko aukera izango dute Sopuertara doazenek.

Kontserbak ere izango dira. Horrez gain, artisau lanak —saskigintza, zahatoak, egurrezko lanak, alezko apaingarriak...— eta hainbat makina aurkituko dituzte bisitariek erakusgai eta salgai. Feria eremuan sei txosna jarriko dituzte, gainera.

Hestebeteak protagonista

Dena den, urteetako historia daukan azoka horretako produktu nagusia hestebeteak izaten dira. Enkarterriko erara egindako txorizoak izaten du protagonismo handia. Txerri okel eta urdaiarekin egiten dute hestebete hori eta piper txorizeroa botatzen diote. Txorizo horrekin batera, Enkarterriko erara egindako arrozezko odolostea ere nagusi izaten da azokan. Odola, txerri gantza eta arroza ditu oinarri. Bi produktu horiekin txorizo eta odoloste txapelketak egiten dituzte. Hortik aterako da Euskal Herriko hestebetegile nagusia.

Bizkai, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ekoizleek dute lehiaketa horretan parte hartzeko aukera. Lehiakideek domekan bertan aurkeztuko dituzte euren produktuak, eta gastronomia munduan ospe handia duten pertsonek osatutako epaimahaiak 14:00 aldera jakinaraziko du ebazpena.

Salmentarako tarteaz gain, dantza saioa ere izango da domekan. Hain zuzen, Sopuertako Urreztieta taldeak dantza erakustaldia eskainiko du 12:00etan. Ordu horretatik 14:00etara bitartean, gainera, umeentzako tailerrak antolatu dituzte.

Errusiako akordeen distira

XIX. mendeko bigarren erdi aldeko Errusiako konpositoreen lanak izango ditu oinarri aurten Musika Musica jaialdiak. Hain zuzen, Errusiako distira izenburupean, herrialde horretako nazionalismoaren konpositore esanguratsuenen lanak izango dira protagonista gaur, bihar eta etzi Euskalduna jauregian izango diren kontzertuetan.

Aurkezpen ekitaldian, Begoña Salinas Bilbao 700 Fundazioko zuzendariak azaldu zuen entzuleek "errusiar arima" ezagutzeko aukera izango dutela Txaikovskiren (1840-1893) sinfonien eta ganbera lanen eta Glinka (1804-1857), Aleksander Borodin (1833-1887), Mily Balakirev (1837-1910), Modest Mussorgski (1839-1881), Rimski-Korsakov (1844-1908), Scribain (1872-1915) eta Rachmaninoven lanen bitartez. Izan ere, erakunde horrek antolatzen du jarduera hori, Bilboko Udalaren laguntzagaz. Aurtengoa jaialdiren hamargarren ekitaldia izango da.

Guztira, musikagile horien 69 lan interpretatuko dituzte 600 artistak. Horien guztien artean, antolatzaileek jaialdia lehenengoz egin zutenetik daukaten helburua beteko dute, hain zuzen, "musika klasikoa zabaltzea eta herritar guztiengana eramatea", Salinasen arabera.

Sarrerak bost eta bederatzi euro artean daude salgai. "Merke", Bilbao 700 Fundazioko zuzendariaren esanetan, euren asmoa "ahalik eta jende gehien erakartzea" delako. "Eta, gero, horietako batzuk musika klasikoaren jarraitzaile bihurtzen badira, askoz hobeto", adierazi du.

Musika Musica jaialdiak, gainera, ez du musika klasikoko ohiko programazioaren formatua, antolatzaileek argi utzi nahi izan dutenez. Hain zuzen ere, jaialdiak "entzule multzo heterogeneoa eta adin tarte guztietakoa" erakartzeko gaitasuna duela azaldu du Salinasek.

Izan ere, Euskalduna jauregian bertan, ordu berean kontzertu bat baino gehiago izango dira —areto desberdinetan— eta kontzertuak ez dira 45 minututik gorakoak izango. Jaialdian parte hartuko duten artistak, gainera, diskoak sinatzeko prest daudela aurreratu dute antolatzaileek.

Gaur, arratsaldez soilik egongo dira musika klasikoaren saioak; bihar eta etzi, halaber, goizez eta arratsaldez egingo dituzte kontzertuak.

Musika Musica nazioarteko jaialdi baten barruan kokatuta dago. Nantesko (Frantzia) La Follee Journee jaialdian sortu zen, eta beste herri batzuetara zabaldu da, tartean, Bilbora; baita Tokio (Japonia), Rio de Janeiro (Brasil) eta Varsoviara ere (Polonia).

Bermeon egondako gotorlekuen kopurua.

Bermeo da Aro Modernoan gotorleku gehien izan zuen Bizkaiko udalerria. Tamalez, gaur egun Tonpoin baino ez da zantzu materialik geratzen. Egitura guztien izenak ezagunak diren arren, ez dakite non zeuden horietako bost.

3.151

Iaz Bilbon salatu zituzten auto gidariak. Bilbon, abiadura baimendua gainditzea leporatuta, 3.151 auto gidari salatu zituen lehengo urtean Udaltzaingoak. Asteon hasi dute aurtengo kanpaina.

Añibarro gaurkotu nahian

Euskal Idazleen Elkarteak proposatu zidanean zenbait eskolatan Pedro Antonio Añibarrori buruz hitz egitea, bertigoak hartu ninduen. Amilizua, aurreko batean entzun eta gustatu zitzaidan hitza erabiltzearren. Bertigoa, amilizua, proposamena jaso nuenean Añibarro ez nuelako ezagutzen, eta, aitor dezadan, oraindik ere lar ondo ezagutu barik segitzen dudalako, haren Esku-liburua eta Lore sorta espirituala liburuak irakurri ditudan arren.

Nire printzipioetako bat (ez dakit etikoa edo zein klasetakoa, baina bai gehien praktikatzen dudanetakoa) ezagutzen ez ditudan gaiei buruz ez hitz egitea da. Gainera, ez dakit disimulatzen, eta alferrik ariko nintzateke ikasleen aurrean Añibarrori buruz hizketan, niretzat ere pertsonaia arrotza bada. Beraz, zer egin? Artean ez nekien zein zen zehazki programa honen helburua, baina, ikastetxe batzuetako irakasleekin hitz egin ostean, eta beraiek ere erdi galduta zebiltzan arren, konbentzitu egin ninduten: nire hitzaldiak Añibarrotik abiatuko dira, haren testuingurua zehazten saiatuko naiz, eta aipatuko dut mendebaldeko euskarari egin zion ekarpen eskerga, baina kito Añibarrorekikoak: une horretatik aurrera, haren gaietako batzuk jorratuko ditut, baina gaur egungo ikuspegitik, eta, bereziki, mendebaldeko euskararen presentzia gaur egungo bizitzan eta literaturan. Ezin askoz harago joan, asmoa saio erakargarria egitea baita, eta, ez gaitezen engaina: duela 200 urteko abade idazle bat, gaurko gaztearen begietara, zerbait estralurtarra da. Gainera, beste faktore bat ere badago: saio batzuk umeentzat izango dira, eta besteak nerabeentzat. Jakina, diskurtsoa erabat aldatu beharko da saio batetik bestera, eta funtsezkoa izango da gako interesgarriak eskaintzea entzuleei, programa honek arrakasta izango badu.

Baina oraindik hasi baino ez gara egin: aurten dena ez da perfektua izango, egongo dira okerrak eta leundu beharreko xehetasunak, baina ziur naiz egindako akatsetatik ikasiko dugula hurrengo urteetarako, ekimen honek hainbeste eta gehiago merezi duela uste dut eta.