Gurutze, Ama Birjina eta santuak elizetatik kalera aterako dituzte

Gaur zortzi hasita, orotara, 13 prozesio ibiliko dira Bilboko erdiguneko kaleetan, domekara bitarte. Gaur, kasurako, lau aterako dira kalera. 05:30ean abiatuko da San Nikolas elizatik Isiltasunaren Prozesioa. Irudirik gabe eta isilpean, Zazpikaleetako elizak bisitatzen dituzte. 07:30ean, Unamuno plazatik Begoñako basilikara arteko gurutze bidea egingo dute. 12:00etan, Elkartzearen Prozesioa ibiliko da Indautxun. 19:30ean iritsiko da garrantzitsuena: Hileta Santua. Joan santuen elizatik Moyua plazara eramango dituzte nekaldi osoa irudikatzen duten pasoak.

Bihar, 18:30ean, Itxaropenaren Prozesioa aterako da Zabalguneko San Josef elizatik. Domekan, azkenik, 13:00ean abiatuko da Argiaren Prozesioa katedraletik.

Bermeon bi prozesio izango dituzte gaur: 11:00etan, Elkartzea eta 17:30ean, Hileta Santua. Ondarroan Piedadeko Aita Eternu bere ermitara itzuliko dute gaur goizean, eta, ostean, gurutze bidea egingo dute. Lekeition, 08:00etan gurutze bidea egingo dute, eta 18:00etan, elizkizuna bukatutakoan, Mingorriaren Prozesioa. Igandean, 08:00etan Magdalena eramango dute ermitara.

Urkiolan 11:00etan egingo dute gurutze bidea. Urduñan, berriz, 05:00etan, 11:00etan eta 18:00etan Gurutzearen Prozesioa, gurutze bidea eta Hileta Santua izeneko prozesioak aterako dira.

Sokari tiraka

Sokatirarekiko zaletasun handia dago Bizkaian. Zaletasun horrek, denbora-pasaz gain, garaipen handiak eraman ditu lurralde horretako hainbat herritara. Erandion (Goiherri), Laukizen (Gazteri), Abadiñon (Abadiño) eta Arrigorriagan (Sokarri) daude talde profesionalak. Lehenengo biak lurrean lehiatzen dira, eta gainerako biak, goma gainean.

Jon Lapazaran Bizkaiko Sokatira Federazioko kideak talde bizkaitarren maila altua aipatu du. Izan ere, haren esanetan, "bai lurrean, baita goman ere", gaur egun Euskal Herriko talderik onenak "berton" daude. "Etxean, puntan dabiltza bizkaitarrak; baita mundu mailan ere", azaldu du.

Eta orain arteko emaitzek hala erakusten dute. Abadiñoko taldea otsailean Eskozian aritu zen mundu mailako txapelketan. Hiru kategoriatan lehiatu ziren: "Eta hiruretan igo gara podiumera". Lorpena gogora ekarri du Edu Mendizabal taldeko entrenatzaileak: 560 kilogramotan bigarren lekuan geratu ziren, eta, 600 kilotan, hirugarren.

Horrez gain, kategoria mistoan ere lehiatu ziren, Gasteizko Badaiotzeko nesken laguntzarekin, eta bigarren geratu ziren. Abadiñoko taldean neskarik ez dago, baina Badaiotzekoak batzuetan eurekaz entrenatzen dira, eta eurekin batera tiratu zuten Eskozian.

1991n sortu zuten Abadiñoko taldea. Gaur egun, 21 tiratzaile eta entrenatzaile bi daude. 17 urte ditu gazteenak, eta 46 zaharrenak. Kirol gogorra dela aitortu arren, praktikatzea "oso erraza" dela deritzo Mendizabalek: "Gure taldean, bederen". Izan ere, neguan bakarrik dauzkate lehiaketak.

"Sanfaustoetan hasten gara entrenatzen, urri edo azaro bueltan, eta aurten bezala munduko txapelketa baldin badago, martxorako bukatu egiten dugu denboraldia. Munduko txapelketarik ez badago, Aste Santurako amaitzen dugu. Beraz, udan, bakoitzak nahi duguna egin dezakegu: bizikletan ibili, parranda egin…", adierazi du.

Euskal Herriko txapelketan ere maila ona erakutsi dute Durangaldekoek. "Lau pisutan parte hartu dugu, eta hiru txapel eskuratu ditugu; bestean, bigarren geratu gara. Guztiak irabaztera ohituta gaude, baina lautik hiru irabaztea ere kontuan hartzekoa da", Mendizabalen iritziz. Etorkizunera begira duten erronkari dagokionez, aitortu du talde berbera mantentzea ez dela izango "lan makala".

Goma gaineko sokatiran lau kategoriatan lehiatzeko aukera dago, eta lauretan parte hartzen dute Abadiñokoek: 560, 600, 640 eta 680 kilotan, hain zuzen ere. Tiralari bakoitzak, beraz, batez beste 70, 75, 80 eta 85 kilo izan behar ditu, hurrenez hurren. Nazioartean, ordea, pisu txikietan soilik parte hartzen dute: 560 eta 600 kilotan.

Laukizen, lur gainean

Laukizko Gazteri ere puntako taldeen artean dago. Uribe aldeko tiralariak lur gaineko sokatiran lehiatzen dira. Orain arte Bizkaian emakumeek osatutako taldea ere badaukan bakarra izan da —Erandioko Goiherrin emakumeen taldea osatzeko eginahaletan ari dira—. Ana Mardaras da Gazterin lehiatzen den andreetako bat. Hogei urte bete zituen iaz taldean. Aurten, atsedena hartu du.

Taldea 2012an kategoria mistoan soilik lehiatu ahal izango da, oraingoz, lau emakume baino ez daudelako tiratzeko prest. "Emakumeontzat zailagoa da entrenatzea. Nire kasuan, gainera, senarra Goiherriko taldean lehiatzen da". Gainerakoan bezala, kirol hori praktikatzeko orduan ere emakumeek esfortzu handiagoa egin behar dutela ekarri du gogora, eta seme-alaben zaintzaren ardura nagusia eurek dutela azpimarratu du.

Gazteri taldeak 50 urte bete zituen iaz. Hala ere, gorabeherak izan ditu, eta urte batzuetan desagertuta egon da. 18 eta 50 urte arteko kideek osatzen dute taldea.

Garaipen handiak

Bai Euskal Herrian, baita handik kanpo ere, lorpen handiak egin dituzte Laukizko gizon eta emakumeek. "Azkena, munduko txapelketa, Hegoafrikan", ekarri du gogora Mardarasek: "Duela bi urte izan zen hura, 2010eko irailean. Kategoria mistoan munduko txapeldun geratu ginen. Bestalde, gizonak Europako txapeldun geratu ziren iaz Ingalaterran".

Gabonen ostean hasi ziren maiatzean abiatuko den denboraldirako entrenatzen. "Uztailean Euskal Herriko denboraldia amaitu ostean, abuztuan deskantsatu egiten dugu. Eta iraileko lehenengo astean, Suitzara goaz", azaldu du.

Gazteri taldea lurrean bakarrik lehiatzen da. Horren arrazoietako bat da talde propioa eratzeko emakume nahikorik ez daukatenez mistoan lehiatu behar dutela, eta aukera hori lurreko sokatirak baino ez du eskaintzen, oraingoz.

Mardarasek modalitate horixe du gustukoen: lur gainekoa. "Gomazkoa baino gogorragoa" dela deritzo. "Udan ibili behar dugulako entrenatzen; izugarrizko beroa egiten duenean eta jendea parrandan dabilenean. Hala ere, nire ustez, politagoa da", adierazi du.

Gomazkoan aritzeko, gainera, "teknika gehiago" landu behar dela azaldu du: "Zapatila on batzuk izateak, halaber, asko esan gura du. Eta, adibidez, nahikoa parekoak diren talde bi lehiatzen badira, zapatila hobeak dituztenak atera daitezke garaile". Beraz, haren esanetan, garaipena ez dago norberaren indarraren esku soilik. "Goman, gainera, tiratzen hasitakoan aurkaria garaitzen hasiz gero, galtzen ari denari zaila egiten zaio tiradari eustea. Lurra, ostera, parekatuagoa da".

Horrez gain, lurreko modalitatean munduko eta Europako txapelketetan lehiatzeko aukera dago; gomazkoan, berriz, mundukoan soilik, "nahikoa talderik ez dagoelako", azaldu du Mardarasek. Lur gaineko munduko txapelketan hainbat talde egoten direla ekarri du gogora, eta lurrean gomazkoan baino jende gehiago ibiltzen dela.

Selekzio propiorik gabe

Ez batzuk ez besteak, ordea, ezin daitezke lehiatu Euskal Herriko selekzioaren izenean. "Oso gauza bitxia iruditzen zaie nazioarteko taldeei euskal herritarron errealitate hori, kontuan hartuta hemen oso maila altua daukagula", esan du Gazteri taldeko kideak. "Oso talde onak ditugu gurean. Izan ere, kanpora goazenetan podiumera igotzea lortzen duten hiru taldetik bi bertokoak izaten dira beti", ekarri du gogora.

Nortasun eta ordezkaritza auzi horrekin lotuta, atzerriko talde batzuekin beste batzuekin baino hobeto konpontzen direla azaldu du Mardarasek. "Ingelesekin, adibidez, ez gara oso ondo konpontzen. Eurek guri 'Spain' esaten digute, eta guk 'ezetz!' erantzuten diegu. Burugogorrak garela esaten digute, eta ea zergatik ez garen espainiar moduan lehiatzen galdetu".

Bide beretik mintzatu da Edu Mendizabal Abadiño taldeko tiratzailea ere. "Hemengo maila oso altua dela ikusten dute nazioartean. Futbolean Real Madrilek Champions lehiaketa nazio gisa ez jokatzea bezalakoa iruditzen zaie gure kasua". Eta horixe izan liteke, haren ustez, ofizialtasuna eskuratzeko modua: "Nazioartean ematen dugun irudi horretatik tiratuta ikusten dut euskal selekzioaren bidean zerbait lortu ahal izango dugula. Nire ustez, presio onena horixe da: emaitza onak ateratzea".

30

Ogasunak Petronorretik jaso ez duena, milioi eurotan. Petronorrek hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren, berriro jarri du martxan produkzioko lehen linea. Geldirik egon den tarte horretan, Bizkaiko Foru Ogasunak 30 milioi euro jasotzeari utzi dio zergetan.

2011ko istripuak.

Bilbo Udalaren datuen arabera, iaz 2.741 istripu egon ziren Bilbon, eta pertsona bakarra zendu zen. Azken urteetan, behera egin du hildako kopuruak, 2006an hamar izan baitziren; istripuen jaitsiera motelagoa da, 2006an 2.200 inguru izan baitziren.

Bidegorrien kilometroak.

Bilbon 29 kilometro bidegorri eta bide partekatu (oinezkoentzako guneetan txirrindularientzat markatuak) daude. Udalak bidegorri gehiago egiteko asmoa du, baina aurten mantentze eta konponketa lanak besterik ez ditu egingo, krisiarengatik.

“Jendeak ez ditu behar bezala errespetatzen babes neurriak”

Istripuak murriztu direlako pozik, baina oinezkoen jokabide "arriskutsuekin" kezkatuta dago Asier Abaunza Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotzia. Irmo agertu da zirkulazioa arautzearen alde, borondate onarekin nahikoa ez delakoan.

Garraioaren esparruan, zertaz kexatzen dira Bilboko biztanleak?

Beharrizan desberdinak daude. Batetik, publiko nagusia daukagu, autonomia fisiko gutxitua duena, ahalik eta laguntza gehien behar duena auzora eta etxera heltzeko; Bilboko orografiak traba dakarkie, aldapak oztopo direlako. Udaletik bi bide jarraitu ditugu: elementu mekanikoak jarri ditugu —hemezortzi igogailu kudeatzen ditugu—, eta Bilbobusek ere funtzio hori betetzen du: sarea auzo guztietara zabalduta dago, eta geralekuak bata bestetik oso hurbil daude —125-150 metroko distantziara batez beste—, aldapa horiek gainditzeko.

Baina garraioa moteltzen du, ezta?

Bai. Sistema horrek onura dakarkie mugitzeko arazoak dauzkatenei, baina kontrara, horrenbeste geraleku eta hain gertu edukitzeak autobusa geldoa izatea dakar, ez dagoelako abiadura handia lortzeko aukerarik. Horrek kexa sortzen du garraio publikoaren beste bezeroengan: lanera joan behar dutenek eta mugikortasun arazorik ez dutenek uste dute autobusa geldoegia dela hiri barruan mugitzeko. Bi beharrizan horien artean lortu behar dugu oreka.

Bilboren aldaketa fisikoarekin batera, garraiobideena ere gertatu da, baina egun jende gehiagok erabiltzen al du garraio publikoa?

Hiri barnean mugitzeko, bakarrik %12k erabiltzen dute auto partikularra; beste guztia garraio publikoaren eta oinezkoen artean banatzen da, jendea horretara ohituta dagoelako. Autoa gehiago erabiltzen da Bilbotik ateratzeko, eta hor dago gure erronka. Baina hiri barruan autoaren erabileraren hain portzentaje baxua edukita, zifra hori hobetzea zaila izango dela uste dut.

Bilboko erdigunean kale batzuk oinezkoentzat ipini dira; hor lehen zegoen zirkulazio arazoa murriztu da ala lekualdatu da?

Apurka murriztu dela igarri dugu, batetik, gutxiago erabiltzen dugulako autoa hiri barnean mugitzeko, eta bestetik, ingurutik Bilbora datozen pertsonen kopurua handitu arren, autoen sarrera ez delako handitu; Bilbora etorritako jende hazkunde hori garraio publikoan heldu da.

Bizkaia frontoian eta Bilbo Arenan aparkaleku gutxi jartzeagatik kritikatu zaituztete, kirol ikuskizun horietara Bizkai osotik eta Euskal Herritik datozelako.

Frontoia eta batez ere Bilbo Arena ez daude periferian, alde zaharraren parean daude. Ikuspegi horretatik, ez dugu uste erdigunean dagoen azpiegitura batek halako aparkaleku bat behar duenik, arrazoi bategatik: inor ez doa halako ikuskizunetara denbora nahikoagaz, azken hamabost minutuetan pilatzen da jende guztia, eta beraz, ez dago halako auto kopurua jaso dezakeen egiturarik, ezpada inguruan autobide edo sarrera berezi bat jarriz. Halako zer edo zer Bilboko erdigunean eraikitzea, gure ustez, basakeria itzela litzateke. Garraio publiko eskaintza nahikoa dago inguruan.

Uste duzu jendea arduraz ibiltzen dela, eta halaxe gidatzen duela?

Oraindino asko falta dugu, ez bakarrik gidarien aldetik, oinezkoen aldetik ere bai. Gero eta istripu gehiago ditugu oinezkoen ekintza arriskutsuengatik, gidariek egindakoengatik baino. Jende asko mugitzen da hiritik semaforoei jaramonik egin gabe, edozein lekutik igarota, ingurura begiratu gabe autorik datorren jakiteko… Horrek istripu latzak eragin ditzake, eta gertatu izan da pertsona batzuk hil direla seinaleei kasu ez egiteagatik. Bizikleta gidarien eta oinezkoen arteko errespetu faltan ere behar handia dugu egiteke.

Zergatik ez da ona elkarbizitza hori?

Askotan espazioak ez dizkiotelako elkarri errespetatzen. Oinezkoentzako zonaldeetan, adibidez, txirrindulariak abiadura eta ibilbidea moldatu behar ditu oinez dabilen pertsona kopurura, eta une batean jende asko baldin badago, bizikletatik jaitsi eta oinez ibili, inor ez zapaltzeko. Eta aldi berean, bidegorriak bizikletentzat dira, ez paseatzeko. Hor errespetu faltak daude, eta hezkuntza landu behar dugu.

Batzuetan zirkulazio arauak ez al dira zurrunegiak? Batzuetan sen onarekin ez litzateke nahikoa?

Sen eta borondate ona guztiok barneratuta bagenu, noski, halako araurik ez litzateke behar izango, baina zoritxarrez jende askok ez du horrela jarduten. Askotan zigorraren edo isunaren mehatxua ez badute, ez dituzte behar bezala errespetatzen denen onerako eta babeserako diren sen oneko neurri eskas batzuk.

Baina, adibidez, aztertu al duzue gauez semaforoetan argi hori etenkaria jartzea, kontuan izanda zirkulazio gutxiago dagoela eta semaforoek denbora asko irauten dutela?

Guk ez dugu halakorik egingo, frogatuta daukagulako horrek arrisku handiak ekar ditzakeela, batez ere abiaduraren arloan, jendea argi gorrian bakarrik gelditzen delako, eta ez horian. Gauez programazio desberdina dugu, eta saiatzen gara denbora gehiago ematen autoari, oinezko gutxi daudelako. Baina ez dugu uste komenigarria denik semaforizazio hori kentzea, abiaduragatik autoen arteko istripu gehiago izan genitzakeelako.

Istripuak murrizteko udaltzain gehiago jarri ditu udalak kalean. Poliziaren bidezko kontrol hori eraginkorragoa da?

Bai, eraginkorra da, baina ez da neurri bakarra: istripuak zergatik gertatzen diren aztertu, eta neurri zuzentzaileak ezartzen ditugu, obra bidez: espaloiak zabaldu, zebrabideak altueran igo, semaforoak jarri… Sistema mistoa da: batetik, polizia kalean zuzentzen eta zaintzen, eta bestetik, udaleko Zirkulazio Sailetik eta Obra eta Zerbitzu Sailetik, kalean ditugun puntu beltzak zuzentzen, segurtasuna bermatzeko.

Zelan dago egun Bilbo aparkatzeko?

Aukera desberdinak daude, bai TAOren bitartez, bai txandakako aparkalekuen bidez, eta aski leku badaude. Doan ez dago horrenbeste tokirik, arrazoi bategatik: autoz Bilbora ez sartzeko.

Bizkaian garraiobide askoren greba pilatzen ari da egunotan. Nola eragiten ari da Bilbon?

Txarto. Biztanle asko ari dira greba egoera pairatzen. Guk uste dugu enpresetan langileen eta zuzendaritzaren arteko elkarrizketa sustatu behar dela, irtenbideak topatu, eta ahal den heinean, Bilboko biztanleak morroi bezala ez hartu halako negoziazioetan.

Metroa Maidagango tuneleko bi bideak erabiltzen hasi da

Maidagango (Getxo) tunelaren barruko bi bideak erabiltzen hasi zen metroa asteartean, normaltasunez, Bizkaiko Garraio Partzuergoak jakinarazi duenez. Hala, beste urrats bat egin dute gune horretan pasagune hesiduna kentzeko eta trenbidea lurperatzeko obrek.

Bi urte iraun dute 300 metroko tunela eraikitzeko lanek, eta, bitartean, bide bakarretik ibili behar izan du metroak, eta abiadura jaitsita, gainera, segurtasuna bermatzeko. Horren ondorioz, atzerapen ugari pilatu ditu metroak inguruan.

Urtarrilean tunelaren bide bat jarri zuten martxan, eta asteon, bigarrena. Orain, Maidagango kanpoko gunea —3.500 metro koadro inguru— atontzeko egingo dituzte obrak.