Ardo zuri biziaren festa

Txakolin Eguna

Larrabetzu

Txakolin Eguna ospatuko dute domekan Larrabetzun. Ardo honi eskainitako 11. eguna izango dute etzikoa.

Ekitaldi garrantzitsua izango da Txorierri eskualdeko txakolin ekoizleentzat. Izan ere, Larrabetzuko Udaleko Nekazaritza batzordeak gogora ekarri duenez, egun horri "garrantzi handia" ematen diote: "Erreferentea da eurentzat". Azoka ekoizleekaz eurekaz elkarlanean antolatzen dute. Txakolinaz gain, hainbat produktu ikusteko eta erosteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek: gazta, eztia, ortuariak, sendabelarrak eta fruitu txikiak. Baita horietatik eratorritako produktuak ere: landareak, xaboiak eta xanpu naturalak... Txerrikiei dagokienez, txorizoa ere izango da domekako azokan, eta, horrekin batera, baita taloa ere.

Ortuari eta ogi ekoizleen artean, Larrabetzukoak bertakoak egongo dira. "Saiatu gara herriko ekoizleak ekartzen. Azokan egongo diren gainerako ekoizle gehienak Bizkaikoak dira", zehaztu dute.

25 erakusleku

Guztira, 25 saltoki edo erakusleku egongo dira. Horietatik, zazpi izango dira txakolin ekoizleenak.

Larrabetzuko plazan egingo dute azoka. 10:00etatik 15:00etara bitartean egongo dira saltokiak bertan. Musikaz girotutako eguna izango da domekakoa. Eguerdi aldera, gainera, txakolin ekoizleek eurek topa egingo dute, eta, ondoren, herriko bertso eskolakoek kopla batzuk abestuko dituzte.

Orain artean hainbat bisitari erakarri ditu Txakolin Egunak Larrabetzura. Azoka 15:00etarako bukatu arren herrian "giro handia" sortzen dela eta iluntzera arte irauten duela ekarri dute gogora Nekazaritza Batzordekoek. Interesa dutenei domekan Larrabetzura joateko deia egin die udalak.Joan den otsailean aurkeztu zuten ekoizleek aurtengo Bizkaiko txakolina. 2011. urteko uztarekin 1.642.907 litro txakolin ekoitzi dituzte herrialdean —2,2 milioi botila—. 358 hektarea lur hartzen dituzte Bizkaiko txakolina egiteko landatutako mahastiek. Aurtengoa "kalitatezko txakolina" da, "nahikoa konplexua, mahatsaren heltze osatuaren ondorio", ekoizleen arabera.

Azalpenak isunekin uztartuz

Iaz pertsona bakarra hil zen Bilbon auto istripu baten ondorioz: adineko emakume bat, auto batek harrapatuta. Haren jokabidea oso adierazgarria izan zen: lau bideko errepide bat txarto gurutzatu zuen. Zuhurtziarik ezak eta arduragabekeriek eragiten di...

Nafar eta gaztelarrak, Bizkaian

Hirugarren urtez, Bilboko Iralabarri auzoak historian atzera jauzi egingo du. Asteburu honetan berrituko dute 2010ean auzoko jai batzordeak lehenenegoz martxan jarritako Erdi Aroko azoka. Aurten, duela 500 urteko Nafarroako erresuma ekarriko dute Uriz...

Besteen etxeak

Beti besteei gertatzen zaie. Gu kapsula isolatu batean bizi gara, ez mundutik aparte baina bai munduko gaitzetatik salbu, zorionekoak gu: zorte hori izan dugu, beti besteei gertatzen zaiela. Sutea izan da etxean, besteen etxean, tartean hildakoak; uho...

Arratzu eta Garai, langaberik ez izateko bidean

Sestaoren muturreko puntan Durangaldeko eta Busturialdeko herri txiki bi daude: Arratzu eta Garai. Bizkaian ez ezik, Araba eta Gipuzkoarekin alderatuta ere langabezia tasa txikiena duten herriak dira bi horiek. Lanbidek otsailean emandako datuen arabera, %2,5 eta %2,9ko langabezia tasa izan zuten, hurrenez hurren: bost langabe Arratzun, eta sei Garain.

Laurehun biztanle baino gutxiago dituzte biek: Arratzun 392 lagun bizi dira, eta Garain 338. Herrian biztanle gutxi izateak langabe gutxiago egoten laguntzen duela deritzote bertako udaletako ordezkariek. Gontzal Sarrigoitia Garaiko alkateak hala uste du: "Zenbat eta txikiagoa izan herria, errazagoa da bertakoentzako lana aurkitzea. Ezin daitezke konparatu Durango edo Berriz herrietako egoerak eta gurea ".

Izan ere, Berrizen eta Durangon hainbat industria gune egon arren, %12tik gorako langabezia tasa daukate, otsaileko datuen arabera.

Industria langileak, Garain

Garaitar gehienek bigarren sektorean lan egiten dute, "industrian", Sarrigoitiak azaldu duenez. "Durango, Izurtza, Abadiño, Berriz… Inguru horretan egiten dugu lan —nik barne—", esan du. Metalaren sektorea da nagusi, gainera, Durangaldeko enpresetan, eta beraz, "Garaiko bizilagun gehienek sektore horretan" egiten dute behar.

Hirugarren sektorean dabilenik ere badagoela ekarri du gogora, hala ere. Garain bertan, taberna bi dituzte: Garai jatetxea eta Herriko taberna. Herritik kanpo ostalaritzan ari direnak ere badaudela gaineratu du.

Lehenengo sektorea da eskasena, jarduera ekonomiko gisa darabiltenei dagokienez, bederen. "Hiru-lau nekazari baino ez daude jada. Gutxi batzuk. Izan ere, besteak beste, ganadua duten baserri oso gutxi geratzen dira", adierazi du alkateak.

Antzeko egoera bizi dute arratzuarrek. Gehienek bigarren sektorean egiten dute lan, herritik kanpo, udaletik jakinarazi dutenez. Ajangizeko Maier kooperatiba da inguruko enpresarik garrantzitsuena. Automozio eta etxetresnetarako piezak ekoizten dituzte han, bereziki. Bertan arratzuar askok behar egiten dutela ekarri dute gogora. Hala ere, besteak beste, Gernika-Lumora eta Bilbora herritar asko doazela esan dute.

Hirugarren sektoreak ere indarra dauka bertako bizilagunentzat. Halaber, kasu horretan ere, Arratzutik kanpo aritzen dira gehienak. Izan ere, herrian bertan taberna bi baino ez daude: Oholezko jatetxea eta Herriko taberna.

Lehenengo sektorean aritzen diren nekazari gutxi batzuk ere badaude Arratzun. Kiwiak ekoiztu eta saltzen dituzte. Nekazaritza produktiboa, jarduera ekonomiko legez, baina, herrian oso eskasa dela azaldu dute udaleko ordezkariek, batez ere, lan hori adinekoek egiten dutela gogorarazita.

Herri txikia izateak langabezi tasa txikia izaten lagun dezakeela deritzo bertako udalak ere. Dena den, Garain bezala, han ere enplegu plan berezirik ez dutela eta egoera hori udalaren kontroletik kanpo dagoela ekarri dute gogora. Dena den, aldagai horrek beste sostengu baten beharra ere badauka, kontuan hartuta, Izurtzan —300 biztanle inguruko herria—, esaterako, otsailean %15,2ko langabezia tasa izan zutela, Amoroton —400 bat biztanle— %6,2koa , eta Gizaburuagan —250 bat biztanle— %4,9koa. Herri txikia izate hutsak, beraz, ez du langabezia tasa txikia bermatzen.