3,6

Ingurumenerako tokiko proiektuetarako milioiak. Bizkaiko Foru Aldundiak 3,6 milioi euroko aurrekontua onartu du herrialdeko udal eta mankomunitateek ingurumen arloak egingo dituzten proiektuak finantzatzeko. Orotara, 46 proiektu izango dira diruz lagunduko dituenak.

Paleolitoko margolarien lana, artearen aitzindarien isla

Aberastasun biologiko eta geologikoaz gain, altxor artistikoak ere gordetzen dituzte Bizkaiko zenbait kobak. Laperrako haitzuloaren kasuan (Karrantza), Aurignac-Perigord aldian egindako margoak aurkitu zituzten 1904an. Hortaz, Euskal Herrian aurkitu diren margolanik zaharrenak dira. Lau bisonte, abelgorri bat, hartz bat eta marra multzoak ikus daitezke bertan. 1973an, berriz, hamar orein emeren irudiak topatu zituzten Arenatzako koban (Galdames). Ostera, Bizkaiko kobarik ezagunena Santimamiñe da (Kortezubi). 1916an aurkitu zituzten bertako margoak: bisonteen irudiak nagusi izan arrren, zenbait zaldi, orein bat eta uro bat ikusi daitezke leizeko hainbat gelatan.

60

Gazteentzako enplegu planerako milioi euroak. Bizkaiko gazteen "talentua eta enplegua sustatzeko" 60 milioi euroko inbertsioa egin duela iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. 2015era arteko plana da.

Bizkaia, hamaika zulobidez osatutako “Gruyere gazta bat”

Gaur egun, Historiaurreko gizakien arrastoak gordetzen dituzten kobazuloen inguruko ezagutza nahiko hedatuta dago. Horrez gain, margolanak babesteko neurriak orokortu dira, eta, duela zenbait urte ez bezala, turistek galarizata dute irudiak dituzten geletarako sarrera. Haitzulo askoren aberastasun biologiko zein geologikoa oso handia izanagatik, ez da hain nabarmena lurrazpiko ondare horri egiten zaion aitortza. Hala ere, Bizkaian faunaren eta konposaketa mineralaren aldetik interesa duten kobazuloen kopurua oso ugaria da.

XX. mendean, Euskal Herriko espeleologia talde aitzindariek harpeak arakatzen hasi ziren. Antzinako gizakien mundu ikuskera islatzen zuten artelanez gain, altxor geologikoak aurkitu zituzten. Bizkaian, kareharriz osatutako mendietan kokaturik daude haitzulorik nabarmenenak. Izan ere, oso harkaitz gogorra da kareharria eta higadurak pitzatu egiten du tolestu beharrean. Modu horretan sortu ziren herrialdeko lurrazpia zeharkatzen dituzten galeriak.

Bizkaiko mendiak ez ezik, Euskal Herriko iparralde osokoek duela 45 milioi urte itsasotik azaleratutako eremu karstiko bat osatzen dute: Iberiako eta Europako plakek talka egin zuten orduan, Pirinioak eta euskal mendikateak altxatuz. Hala, Europako plakaren gainean jalki ziren Bizkaian dauden kareharrizko gune hauek. Horrek azaltzen du gaur egun Bizkaiko kobazulootan bizi den fauna Europakoaren antzekoa izatea, eta Iberiar penintsulako leizeetan topatu daitekeenarekin alderatuta hain desberdina izatea. Espeleologoen pozen eta kezken iturburu nagusiak honakoak dira:

1. Altxor biologikoa

Baliabide teknikoak garatzearekin batera antzeman zuten ikerlariek harpeen aberastasun biologikoa. Tamaina milimetrikoa duten ornogabe asko eta ornodun txiki batzuk—saguzarrak, batik bat— osatzen dute Bizkaiko leizeetako fauna. Lurpeko inguru heze eta ilunetan bizitzera ohitutako animalia horiek troglobioak dira: gehienak aro Tertziarioan bizi ziren eta dagoeneko lurrazaletik desagertu diren izakien ondorengoak dira. Ondorioz, fosil biziduntzat har daitezke, eboluzioaren bitartez gaur eguneko kobazuloetan bizirautea lortu dutenak. Troglobio horietako asko espezie endemikoak dira, Euskal Herrian baino ezin daitezkeenak topatu, alegia.

Bioespeleologoak dira harpeetako fauna aztertzeaz arduratzen diren ikerlariak. Hainbat irteera espeleologikotan antolatu ohi duten euren lana, lehenengo saioan animaliak erakartzen dituzten amuak ezarriz eta hurrengoetan jasoz, ondoren laborategian aztertzeko. Dena den, laginen bilketa horiek "ikerketa proiektuaren helburuak oso zehatzak direnean dute zentzua", Aranzadi zientzia elkartetik ohartarazi dutenez: "aldez aurretik zehaztu beharko da bildutako aleak non gordeko diren eta zein adituk ikertuko dituzten".

2. Ikerketa herrenak

Alfonso Atxia espeleologi zientzien elkarteko kide Jabier Lesek oso modu grafikoan irudikatu duenez, "Bizkaia Gruyere gazta bat da". Izan ere, kareharriz osatutako eremuen hedapen handia dela eta, 2.000 koba baino gehiago daude herrialdean. Lesen hizetan, "Bilboaldea inguratzen duten mendi guztiak karstikoak dira, eta haitzuloz josita daude".

Karrantzan dauden Pozalagua eta Torca del Carlista kobazuloek osatzen dute "Bizkaiko multzo monumentalik handiena", Alfonso Antxia elkarteko partaidearen ustez. Azaldu duenez, aberastasun geomormologikoa da Pozalaguako kobaren arlorik interesgarriena. "Oso ohikoak ez diren hainbat formazio daude bertan; ezentrikoak, esaterako. Horrez gain, dentsitate handia dago eta edertasun handiko multzoak daude kobazuloaren barnean".

Torca del Carlistari dagokionez, berriz, gelaren tamaina nabarmendu du Lesek: "Europako gelarik handiena da, eta munduko hirugarrena". Lurrazpiko egituraren handitasuna irudimenaren bidez ulertzera emate aldera, esan daiteke bertan San Mames futbol zelaia halako sei edo zazpi sartuko liratekeela, gutxi gora behera.

Bestalde, Bizkaiko kobetan egin diren ikerketa geologiko gehienak "oso oinarrizkoak" dira Lesen ustez. "Ez da egin karsta modu orokorrean ulertzea ahalbidetuko lukeen ikerketarik. Kobak banaka ikertu dira, baina ez multzo gisa". Salbuespenak badaude, ordea: EHUko Geodinamika departamenduak Aramotzeko karstean hogei urtez egindako lana goraipatu baitu Lesek. Dioenez, arlo biologikoan ere "oso ikerketa gutxi egin dira". Lurrazpiko fauna "era sistematikoan lantzen duen ikertzailerik ez dagoela" gaineratu du. "Ikertzaileen lan bakanak daude, baina bakoitzak espezie bakarra menperatzen du".

3. Kutsadura arazoak

Balio ekologiko handiko eremuak izanagatik, kobazuloetako inguruek kutsadura mota ezberdinak pairatzen dituzte. Ades espeologia taldeko kide Oier Gorosabelek nabarmendu duenez, "lurpeko mundu horrek izan duen arazorik nabarmenena hondakinena izan da".

Alde batetik, urteetan kobak kontrolik gabeko zabortegi gisa erabili izan direla aipatu du. Hala ere, egoerak gutxinaka hobera egin duela uste du. "Zorionez, gainditzen gabiltza: debekatuta dago, isun gogorrak daude eta zaborren bilketa ere antolatu egin da". Azken puntu horri dagokionez, hiriguneetatik kanpo bizi diren pertsonek hondakinak botatzeko izan dituzten zailtasunak aipatu ditu, eta horrek eragiten zuela kobazuloak zabortegi gisa erabiltzea. "Aintzat hartu behar da baserri auzo batean bizi zen pertsona batek tresna zaharren bat botatzeko ez zeukala batere erraz". Aitzitik, gaur egun etxez etxeko zabor bilketa asko hedatu da, hondakinen arazoa urrituz.

Bestalde, hondakin industrialen alorrean "kontrol gutxiago dagoela" nabarmendu du Gorosabelek, eta, gainera, sektore horretan "kontrolatzeko premia handiagoa dela". Jatorri industrialeko hondakinen artean lantegietakoak, nekazaritza zein abeltzaintza ustiapenek eragindakoak eta hondakin urak aipatu ditu Adeseko kideak. Azken horien garrantzia nabarmendu du. Izan ere, "haitzuloetatik pasatzen den ura garrantzitsua da, gero etxean edaten duguna delako".

Gorosabelek ohartarazi duenez, horrelako kasuak "ohikoak" dira. Bere iritzia azaltzeko, gertakari bat ekarri du gogora: "Orain dela zenbait urte, Aulesti Prakamai izeneko iturri batetik hornitzen zen. Gure ikerketetan deskubritu zen Prakamaiko ura Ispasterko herriaren hondakinen irteera nagusia zela. Gaur egun, beste leku batetik hartzen da ura". Horrelako arazoak ekiditeko, Ura agentzia espeleologoekin "elkarlan estuan" aritzen da.

Halaber, ikerketa zientifikoak egitean horrelako arazoak dituzten guneak identifikatzea "nahikoa erraza dela" adierazi du Gorosabelek. Hondakin industrialen isurketak jasan dituzten eremuak zehaztu ostean, auziak konpontzeko erakunde publikoekin eta lurren jabeekin elkarlana egiten saiatzen direla azaldu du espeleologoak, "salaketaz salaketa ibiltzea ez delako bidea". Harrobiak aipatzen ditu kobentzako beste arazo nagusi gisa: "Kareharria da porlana egiteko osagai nagusia; beraz, harrobiek karsta ustiatzen dute; kobak sortzen diren eremua, alegia". Horri lotuta, "larritzat" jo du Eusko Legebiltzarrean babestutako natur guneetan harrobiak ezartzeko debekua bertan behera uzteko proposamena aztertu izana.