Gutxiagorekin bizi…

Galdera marka jarri diot izenburuari eta gero kendu. Dagoen moduan irakurrita, sasoi aldakorrekin oso ondo doan esaldi baikor, ekologista, aldarrikatzaile eta eraldatzailea iruditu dakioke askori. Aitzitik eta, hala izanda ere, esaldiak sorraraz lezakeen interes gramorik ere kendu barik, apur bat gehiago arakatu nahi nuke lerro hauen bidez, eta ez aholku kutsua daukan hitz-bikotearen zentzu zabala zalantzan jarri nahi dudalako, ezta hurrik eman ere, mota bateko gauza gutxiagorekin bizitzeak beste mota bateko gehiagorekin bizitzea ekar lezakeelako baino. Edo horretantxe sakondu nahi nukeelako, behinik behin.

Norberarengandik hasita, zer gutxiagorekin bizi? Dotoreak izan arren min ematen diguten zapata, auto eta etxeak, beherapenetan zeudelako erosi eta gehiago inoiz erabili ez ditugun praka, soineko, jaka eta ikonoak, inorengandik espero ditugun bizi-arau, betirako aholku eta erabaki-ahalmenak, inora ez doazen alferrikako tristura, ideia zurrunbilotsu eta suntsitzaileak… Zer irabazteko? Izan gorputzean, izan ariman, etxean, kalean zein ordukako lanean, ostera ere, aske sentitzen hasteko gune garden, zabal eta pisu bakoak.

Umeei aipatzen diedanean “denbora, inork ikusi ez arren, dena aldatzen duen gauza magikoa” dela, erlojua erakusten didate berehala, esentzia harrapaezin horri nolabaiteko forma atzemangarriren bat eman nahian, eta orduan jabetzen naiz, askok eta askok, bost edo sei urterekin, dagoeneko barneraturik dutela aurki gizarteratzeko lehen urrats gisa irakatsiko zaien denbora = erlojua operazio matematiko zientifikoa, zeinarekin, denborak urrea balio duela irakasteaz batera, urre horrekin zer egin nahi duten galdetzeko astirik ez diegun ematen, akaso galdera horrek sorraraz ditzakeen sabel barneko kili-kiliak ekiditeko, edo, akaso, hausnarketa kudeatzeko denbora ez dakigulako zelan hartzen den. Beraz, bigarren galdera: zer gutxiagorekin bizi bakoitzaren denbora-aleak urre-pipita bilakatzeko? Zer da bene-benetan egin nahi duzuna zeure denborarekin, jakinik, epe motz, ertain nahiz luzerako plan guztiak alda daitezkeela goitik behera eta, hala ere, jakinean egonda, zeure asmoen ehuneko handiak, hain justu, zeure hitz eta ekimenetan izan dezakeela jarria indarra eta, ondorioz, baita ere, egia bihurtzeko aukera?

Azkenik, bada, galdetuko du norbaitek: bale, eta, planteamendu sasi-filosofiko horren arabera, zer egin, jada, etxea hutsik eta denbora nire alde dela? Aditz mordo bat datorkit, arrapaladan: haizea besarkatu, itsasoa grabatu, eguzkia eskaneatu, ipuin bat asmatu zure magaleko txikiari, musu bat eman etxeko zaharrenari, segundoen iraupena bikoiztu arnasen biko konpasean.

Bai, gutxiagorekin bizitzeko aktek zerrenda bikoitza eskatzen didate, eta orri zuri luze-luzea.

Eten-puntuak jarriko dizkiot izenburuari. Hobe.