Arte eszenikoen saioa: Kalealdia

Arte eszenikoetako 22 konpainiak 48 ikuskizun egingo dituzte Bilboko kaleetan datorren astelehenean hasi eta zapatura bitartean. Kalealdia iritsiko da Kale Nagusiaren inguruetara eta Zazpikaleetako hainbat plaza eta bazterretara.

XIII. Kalealdia egingo dute aurten, eta, ohi bezala, nazioarteko eta bertoko konpainien presentzia izango da. Ikuskizunak denetarikoak izango dira: Umorea, fantasia, kolorea eta argia nagusi izango diren aire zabaleko animazioak, hip hop eta dantza garaikidea, txotxongilo erraldoiak, antzerkia, clown-ak, kaleko musika eta banda bitxi eta zaratatsuak, besteak beste.

Nazioarteko panoraman lehen mailan dauden konpainiei dagokienez, Luc Amoros aipatu dute antolatzaileek. Uztailaren 5ean taularatuko dute euren ikuskizuna, Arriaga plazan, 22:30etik aurrera, hain zuzen ere. Page Blance ikuskizunean zuzeneko musika eta pintura nahasten dituzte.

Compagine Circo Coliflor Frantziako estatuko konpainiak ere ikusle ugari erakarriko dituela aurreikusi dute. Salir lana aurkeztuko dute. 2011ko Umore Azokan ikuskizun onenaren saria eskuratu zuen lan horrek. Martitzenean eta eguaztenean interpretatuko dute, 22:30ean, Arriaga plazan eta Areatzako kaian. Elkarbizitzari eta haren alderdi zailenei buruzko ipuin txikia du oinarrian. Dantza eta antzerkia interpretatzen dituzte akrobatek, musikariek eta alegiazko pertsonaiek, zuzeneko musikarekin eta argiztapen berezia erabilita.

Astelehenean hasiko dute, dena den, jaialdia. Besteak beste, Collectif Nomadenko eta Salut L'Artiste taldeek euren edertasun salak instalatuko dituzte Foru jauregiaren inguruan. Makillajea eta ile apainketa benetako arte bilakatzen dute bi konpainiok, ikusleen partaidetzarekin batera. Salut L'Artista ile hezitzailea ezizenez ezaguna da. Ile adats bat, hostoak eta bestelako osagarriak erabilita, txori habiaz betetako sorkuntza lan surrealista bihurtzeko gaitasuna dauka.

Bertoko konpainiek ere lekua izango dute sei egunetako jaialdi honetan: Gaitzerdi Teatroa, Malas Compañias, Matrioska eta Anita Maravillas taldeen lanak ikusteko aukera izango da Bilboko kaleetan. Helena Golab dantzari eta koreografoak, bestalde, Pa.ti.N izeneko bere lehenengo muntatzearen estreinaldia egingo du eguaztenean, 18:45ean, Plaza Barrian.

Bizkaiko Elizaren gizarte erakundeen manifestua

Elizaren Gizarte Erakundeok 2011ko ekainaren 11n bildu ginen Bilbon, urteroko II. topaketan. Horren harira, gure oinarriei eta gizarte osoari jakinarazi nahi diegu egungo egoeraren aurrean daukagun jarrera. Manifestu honen bidez, errealitateaz egiten ...

“Bizkaitar batek eskuz buruz burukoa irabaztea ezustekoa litzateke, harrobi ona izan arren”

Juan Antonio Lopezek denbora asko darama pilota munduan. Muskizko Barbadun klubeko presidente hasi zen. Ondoren, Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzara igaro zen. Egun, presidentea da.

Nola ikusten dituzu esku pilota, pala eta zesta-punta?

Esku pilotari dagokionez, klub batzuek behera egin dute, eta beste zenbait gorabidean daude. Zesta-punta eta pala okerrago daude. Zestak garestiagoak dira; klub gutxiago daude. Pilotari futbolarekin gertatzen zaion gauza bera gertatzen zaie beste biei esku pilotarekin. Hau da, hedabideetan oso gutxi azaltzen diren kirolak dira.

Zein kirol atsegin dute gehien haur eta gazteek?

Esku pilota. Telebistan gehien hura azaltzen da, eta, orain, mundu guztiaren ahotan dago Irujok eta Olaizola II.ak etzi jokatuko duten finala. Zuk aipa ditzakezu zesta-puntan gorenean dauden kirolariak, eta oso gutxik dakite nortzuk diren. Retegi II.a eta Olaizola II.a, berriz, mundu guztiak ezagutzen ditu.

Guztiek prestakuntza bera eskatzen al dute?

Bakoitzak bere gauzak dituen arren, oso antzekoak dira. Adibidez: zesta-punta, esku bakarrarekin jokatzen da; esku pilotan, biekin. Baina, egun, kirol guztiek prestakuntza fisikoa beharrezkoa dute. Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a eta Irujo pilotari aurretik atletak direla esan daiteke. Burua lantzeak ere berebiziko garrantzia du. Federazioan kide batek psikologo lanak egiten ditu: lasaitasuna nola mantendu, aurkariari nola aurre egin eta beste zenbait aholku ematen dizkie.

Frontoiak betetzeko orduan nabari al da krisia?

Bai, nola ez. Etziko finalerako sarrera guztiak salduta daude. Finala jokatu aurretik, ordea, partida asko daude. Orain, arazo ekonomikoak tarteko, udalek eta jendeak diru gutxiago daukate. Ondorioz, zailagoa da betetzea.

Frontoiak betetzea zaila dela esan duzu. Baina zer iruditzen zaizu Miribillako frontoi berria?

Oraingoz, Bilbo eta inguruko herrietako pilotazaleek goreneko mailako pilotariak ikusteko balio izan du. Lehen, final bat zuzenean ikusteko Donostiara, Gasteizera edo Iruñera joan behar zuten, eta, orain, ez.

Biharko pilota finalarekin bukatuko dira aurtengo herri arteko txapelketak. Zer balorazio egiten duzu?

Zesta-puntako txapelduna Markina dugu, eta Berriatua txapeldunorde. Final asko jokatu dituzten bi klub dira. Palan, berriz, Armintzari irabazi zion Sestaok —sari asko jaso ditu, eta lan handia egiten du—. Pilotan, Zaratamok eta Markinak talde gazte bikainak dituzte.

Esan duzu esku pilota dela gazte gehien duen kirola. Nolako harrobia dago Bizkaian?

Gazte onak ditugun arren, ez dago lehenengo mailan buruz buruko finala irabazteko aukera duen bizkaitarrik. Kontrakoa gertatzea ezusteko handia bezain pozgarria litzateke.

Eta profesional mailan?

Pablo Berasaluze da guztien erreferentzia. Urrutikoetxeak, gorabeherak eduki arren, buruz burukoan lan ona egin dezake datozen urteetan. Ibai Zabala atzelaria ere badaukagu. Mutil serio eta langilea da. Zaratamon, Elezkano anaiak daude; itxura ona dute.

Eta palan eta zesta-puntan?

Irautea da gure xedea palari dagokionez. EAE, Nafarroa eta Errioxako taldeek zesta-puntan jokatu duten azken txapelketan bizkaitarrek irabazi zituzten hiru partidak. Bizkaia da besteen ispilu.

Nola da posible Bizkaiak harrobi ona izan eta buruz buruko txapelketan nafarrak gailentzea?

Nafarroako federazioak lan ona egin du azken urteetan. Herri askotan kirolean jarduteko aukera bakarra frontoia da. Hori dela eta, gaztetatik pilota bizi dute.Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, kirolerako aukera gehiago dagoenez, zailagoa da.

Bizkaian dauden klubak.

Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzan hainbat eskualdetako 72 klub daude. Arratiak, Lea-Artibaik, Ezkerraldeak eta Uribe Kostak dute ordezkaritza, besteak beste. Kirol nagusia esku pilota da, baina zesta-puntak eta palak ere badute tartea.