Zazpi opera lan programatu dituzte 61. denboraldirako

2012-2013ko denboraldirako, zazpi opera lan programatu ditu OLBEk. Horietatik hiru aurrenekoz ikusi ahal izango dira Bilbon. Denboraldia irailaren 29an hasiko da, Giuseppe Verdiren La Traviata-rekin —hori izan zen duela 59 urte OLBEk programatutako lehen opera—. Urri bukaeran, Verdiren Un giorno di regno, ossia il finto Stanislao. Azaroan, Karol Szymanowskiren Krol Rogel taularatuko dute. 2013. urtea Giacomo Pucciniren Tosca lanarekin hasiko dute. Otsailean, berriz, Giuseppe Verdiren Les vêspres siciliennes iritsiko da Bilbora, aurrenekoz frantsesezko bertsioan. Apirilean, Gaetano Donizettiren Maria Stuarda-z gozatuko dute. Denboraldia Giacomo Pucciniren La Bohème-k itxiko du, maiatzean.

Eskerrak emon eta oroitu

Nire lagun bihotzekoa zan Gregorio Unibaso joan zanean pentsau neban zeozer idatzi behar nebala bere dedikazinoa, errespetoa eta leialtasuna eskertzeko, bai neuri zein Laukizeri. Ez neban egin bildurrak eraginda, seguruenik, ez nebalako jakin zelan azaldu azaldu beharreko guztia. Baina hauxe da une egokia. Eskerrak emon gura dautset Gregoriori, Luis Basterretxeari, Idoia Irustari eta lagun-aholkulari izan neban Jesus Canori.

Gregorio, alguazila baino gehiago izan zintzan, zure Cuatro F-gaz bueltaka eta bueltaka, gasolina sekulan kobratu barik... Leiala, langile porrokatua eta hamaikatxu dohairen jaube. "Itxaskun, hau ezin da halan izan...", esaten zeustan. Nik preguntetan neutsun: "Gregorio, hau zelan egin leiteke?", eta zuk beti topetan zenduan konponbideren bat. Ixil-ixilik. Seguru nago zure seme-alabek eta zure andrak jakin izan ebela une mingotsak izan zenduzala. Zelan kantetan zenduan gure almortzuetan! Beti egoten zintzan umoretsu eta danon lagun, batez be EAJ zatitu zanean. Dana errazten zenduan.

Luis, Luis Basterretxea. Nondik hasi? Ezer baino arinago parkamena eskatu behar dautsut joan zintzanean enebalako jakin merezi zenduan moduan agur esaten. Parkamenik ez dot merezidu, baina une latza izan zan niretzat. Sentiduten dot, Baste, hori be bizitzaren zati bat da eta halaxe ataraten dira gauzak.

Baste, barruan eroaten zenduan herri hau, zure Aberria, euskaldunen aberria, zure baserria... dotore, agintzekoa, maitagarria, alaia, arteza. Ezin dot ahaztu irakatsi zeustan guztia. Hori guzti hori praktikara eroan dot eguneroko nire bizitzan eta horri esker ondo atara naz une latzetatik. Zuri esker ikisi neban umiltasune, familia maitatzeko beharra, edukazino ona eta giro bikaina maitatzeko joerea... Anfitrioi ezinhobea izan zintzan!

Idoia, maitea, zu bigarren olatuan etorri zintzan udaletxera. Baina ezer baino gehiago nire laguna izan zintzan. Zuri buruz dana esan zan zure agurrean. Handi-handia eta maitagarri-maitagarria. Halaxe zintzan eta eskuzabala be bai. Rafari gutxitan deituten dautsat, inoz bez, egia esanda, baina beti izaten zaituet gogoan eta esan behar dautsut ez dotela sekulan zu lako langile porrokatua topatu.

Jesus, zureak ustekabean harrapau gaitu, ustekabean harrapau nozu. Akordetan naz zelako arpegia imini zenduan udala osotzeko bilkuran nire petatxoz beteriko praka eroan nebanean. Nik uste neban dotore joan nintzala ekitaldira, baina... Orduan nire protokolo burua bihurtu zintzan eta Basteren osagarria. Lagun leiala eta aholkularia orain aste betera arte, beti arduratuta gauzak ondo egin behar ziralako eta beti kritiko. Badakizu ez jatala kritikea gustetan, baina ohituten joan nintzan eta horrek on egin eustan.

Alaia, umoretsua aurrekontu hura prestau genduanean Jon Cuñadogaz batera ahal zana egokituten. Bastek eta zuk borrokatu egiten zenduzan pezeta bakotxegaitik, Unberako egin beharreko zerbitzu bakotxagaitik. Lan zoragarria egin zenduan eta horri esker komunitate biak batuago ibili ziran. Luisek, hil baino lehen ekarpen zehatzak egin eutsazan orduko hauteskunde programeari "Izaskun, honeek kaleok asfaltau behar dira. Oso txarto dagoz. Konpondu behar dira..." Eragin gutxi izan eban gureak baina egin genduan.

Jesus, zuk prestatu zenduan legealdi hartan izan genduzan ekitaldirik garrantzitsuenak. Honexegaitik izan zintzan nire protokolo burua. Zuri esker izan nintzan alkatesarik inportanteena, badakizu... Eztabaidau egiten genduan asko, danagaitik, dana imini genduan kolokan diskusino hareetan, baina lantalde itzela osotu genduan.

Lauron ganean esan behar dot arima izan zenduzala. Bizitza maite izan dozue, onean eta txarrean. Familia, lagunak eta gure aberria, Euskal Herria maite izan dozue. Zeuen leialtasuna eta errespetua neurribakoak izan ziran. Danak ziran bardinak zeuen aurrean eta dana egin zenduzan debalde. Gaur lako egoerean batek baino gehiagok pentsau egin beharko leuke honen ganean.

Eskerrak Gregoriori, Luiseri, Idoiari eta Jesuseri Laukizen alde eskuzabal egindako guztia.

25

Gaur zortzi udako denboraldia ireki zuten hondartzak. Lehengo astetik abian da udako denboraldia 25 hondartzatan; irailaren 30era arte. Egunero, 88 soroslek eta 77 hondartzainek bermatuko dute herritarren segurtasuna.

Lagunak eginez, 60 urtez

Ordura arte, noizean behin, opera saioren bat antolatzen zen Bilbon, hiriburuko enpresariek bultzatuta. Egitarau sendo bat atondu eta emanaldiak egonkor bihurtzeko asmoz sortu zen, 1953ko apirilaren 9an, OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkartea. Lau lagunen artean jaso zuten egitura guztia: Jose Luis de la Rica tenor bilbotarra izan zen lehen presidentea, Guillermo Bidegain otorrinolaringologoa presidenteordea, Juan Elua idazkaria, eta Jose Antonio Lipperheide diruzaina. Datorren urtean 60 urte beteko ditu elkarteak, eta bukatu berri dute 60. denboraldia. Dagoeneko 61.a ere prest dute. Gaur egun, opera denboraldia duen Euskal Herriko hiriburu bakarra da Bilbo, eta, egitarauaren kalitateari dagokionez, Europako ezagunenen artean dago.

"Opera ez da elitista, ez da garestia eta gozatzeko ez du eskatzen aditua izaterik". Juan Carlos Matellanes OLBEko presidenteak (Burgos, Espainia, 1958) topikoak apurtu nahi ditu. Izan ere, musika lirikoaren inguruko uste hori oso hedatuta dago gizartean. Azken urteetan, bada, hori izan da OLBEren erronka nagusietako bat: operarekiko zaletasuna gizarte osora zabaltzea.

Zortzi urte bete ditu Matellanesek elkartea gidatzen, eta tarte horretan horixe izan da haren obsesio handiena: bizkaitarrak OLBEra erakartzea. Bizkaian operarekiko zaletasuna badagoela iruditzen zaio. "Mundu ezezagun horri beldurra galtzea da garrantzitsuena, gugana etor daitezen lagunekin eta familiarekin". Krisiak kultura arloan sekulako eragina izan duela dio, eta aisialdirako zein kultur ikuskizunetarako gastuak behera egin duela: "Egoera honetan, beste publiko batzuk pixkanaka erakartzeko promozioak aurkitu behar ditugu". Hein handi batean, OLBE Txiki eta Opera Berri egitasmoen egitekoa hori da. Aurrenekoak umeak ditu jomuga: asteburuetan, guraso eta lagunekin joateko aukera izaten dute; astelehenetan, ikastetxeei zabaltzen diete gonbidapena. Bigarrena, Opera Berri, publiko heldua baina orain arte operarekin harremanik izan ez duena erakartzeko sortu zuten. Opera lan garrantzitsuak eskaintzen dituzte, baina prezio erakargarriagoan.

Aste gutxitan, 581 bazkide lortu zituen elkarteak sortu berritan; gaur egun, halako hamahiru dira. Sekulako marka izan zen lortutakoa, baita gerora izandako hazkundea ere. Industria alorreko Bilboko burgesiako kideak ziren gehienbat hasierako zaleak. Ekitaldi sozialak gustuko zituzten, eta operak horretarako aukera ematen zien. Bartzelonako Liceu antzokia hartu zuten eredu, opera munduan erreferente nagusietakoa baita Europan. Hasierako garai haietan ez zuten laguntza handirik izan; zer edo zer erakunde publikoen aldetik jaso zuten. Batez ere Italiako enbaxadak diruz lagundu zituen, aurreneko urteetan.

Gaur egun elkarte pribatu eta erakunde publiko hainbaten laguntza jasotzen du. Hala ere, elkartearen diru iturri nagusia kideek egindako ekarpenak dira: 2012 aurrekontuen %25 da administrazio publikoetatik jasotakoa; alegia, 2,6 milioi euro —2008an 4,3 milioi jaso zituzten—.

Gerora urte osoko denboraldi bihurtu ziren arren, hasieran jaialdiak antolatzen zituen OLBEk. 1953 hartan antolatu zuen aurrenekoa, Ama Birjinaren omenezko jaiekin batera. Abuztuaren 16an Pucciniren Tosca taularatu zen, 18an Verdiren Aida, 19an Verdiren Rigoletto, 21ean Verdiren Il trovatore eta 22an Donizettiren La favorite. Urtea bukatu aurretik iritsi zen bigarrena ere, Gabon sasoian. Abenduaren 25etik 30era eskaini ziren ondorengo lanak: Rossiniren Il barbiere di Siviglia, Pucciniren Madama Butterfly, Verdiren Un ballo in Maschera, Giordanoren Andrea Chenier eta Verdiren La Traviata. Gerora, 1990. hamarkadan, jaialdi horiek osatuz urte osoko denboraldiak antolatzen hasi ziren, irailetik ekainera. Hasieran ballet emanaldiak ere izaten ziren. 1955etik 1972ra hamabi ballet jaialdiz gozatu ahal izan zuten Bilbon, OLBEk antolatuta. Hasieran Coliseo Albia antzokian zuten eszenatokia. Gerora, Arriaga bihurtu zen Bilboko opera zaleen bilgune. 1999an, baina, jauzi handiagoa egin eta Euskalduna jauregi inauguratu berrian hasi ziren opera saioak eskaintzen. Agertoki berriak "behar duen handitasuna" eman zion operari, Matellanesen hitzetan.

Gaur egun, denboraldia OLBEren Kontzertua izeneko emanaldiak, Orkestra handien kontzertuak, OLBE Txikik, Opera Berriko saioek osatzen dute eskaintza. Horrez gain, jardunaldiak eta hitzaldi zikloak ere antolatzen ditu elkarteak. Baita operari lotutako hainbat argitalpen kaleratu ere. "Bilbotik kilometro gutxira, Bizkaitik irten ere egin gabe, gure lana oso ezezaguna da, eta hirian bertan askok opera zale izatea garestia dela uste du. Horregatik ezinbestekoa da gure jarduera guzti horiei eustea", dio Matellanesek. OLBEk "kalitatea lehenesten du". Elkarteko presidentearen hitzetan, ahotsen maila da garrantzitsua, abeslarien jatorria aintzat hartu gabe. 1953ko lehen bi jaialdi haietan, Gianni Poggik, Enzo Mascherinik eta oraindik gazte-gaztea zen Carlo Bergonzik parte hartu zuten; "garaiko onenek". 61. denboraldirako ere goi mailako abeslariak deitu dituzte: Sandra Radvanovsky, Marius Kwiecien eta Inva Mula, besteak beste.