1.000

Aldundiak lagunduta berritu diren baso hektareak. Foru aldundiak 1.000 hektarea baso berritzen lagundu du diruz. Bi urtean egin dira mozketa eta birlandatze beharrak. Bost milioi euro erabili ditu horretarako.

Bide gorriari jarraiki

Uda hastear, eguzkiak ematen duen argitasun eta patxadaz gozatzeko asmoz, hainbat eta hainbatek bizikleta gainean bideak egiteko hautua egiten dute. Neguan zein udan horri eusten dionik ere badago, baina eguraldia atseginagoa denean ugaritu egiten dira bizikletaren erabiltzaileak. Errepideak, ordea, sarri ez dira txirrindularientzako leku aproposenak. Arriskuaren eskutik hartuta joan ohi dira askotan. Horregatik, bidegorri sare osatua eta taxuzkoa eskatzen dute hainbat Bizkaiko elkartek.

Bizkaiko Foru Aldundiak lan horri ekin dio. Aspaldi hasi ziren lurraldea lotuko zuten bidegorrien plana eratzen. Hala, hamar ardatz dituen bidegorri sare bat osatzea pentsatu dute. Bilbotik atera beharko lukete bide guztiek, batek ezik: Muxikakoak. Izan ere, "bidegorriak ezin ditzakete gainditu aldapa portzentaje jakin batzuk —%5 edo %6 —, eta Autzaganek %8tik gorakoa du". Hala azaldu du Miguel Angel Castillak, Herri Lan eta Garraio Sailean eskariaren kudeaketaz arduratzen den saileko buruak. Beraz, guztira, ia bere osoan lotuta egon beharko luketen 650 kilometroko bidegorri sarea daukate buruan.

Oraingoz, ordea, bat bera ere ez dago bestearekin lotuta. Dena den, adierazi du badaudela bidegorri sare "oso garrantzitsuak". Ardatzak eskualdeka edo eremuka antolatuta dauzkate.

Gainera, txirrindulari motak bereizi beharrekoak direla deritzo: profesionalak, zaleak eta paseoan joan ohi direnak. Gogora ekarri du zaleak kilometro asko eta abiadura handian egin ohi dituztela. Hori dela eta, bidegorrien aukera ez da egokia haientzat. Alternatiba bat pentsatu dute, eta modu esperimentalean jarri dute martxan. Bi bide aurreikusi dituzte horretarako. Batetik, Fikatik Solletxera doana. Castillak azaldu du bi kilometro dituela gutxi gorabehera, eta margotutako bazterbide baten bidez egin dute. Bestetik, Maruri eta Andraka gainaren (Lemoiz) arteko bidea dago. Zazpi kilometro inguru dira. Proiektua osatuta egon arren, oraindik bukatzeke dago.

Castillak badaki txirrindulariak kexu izaten direla bidegorrien egoera dela eta. "Kexatu egiten dira txirrindularientzako bideetako zati batzuk inauguratzen direla ikusten dutelako, baina leku horietara beste garraiobideren batean joan egin behar dutela diote, bizikletan ezin direla iritsi. Aurreikusita daukagun sareak badu segida. Hala ere, kasu batzuetan ezinezkoa da bidegorria osorik osatzea; zatika egin behar da. Erabilera gehien izango duten zatiei lehentasuna ematen diegu eta, normalean, ez da bakandutako bidegorririk egiten". Gogora ekarri du egoera ekonomikoak zeresan handia duela sarea eratzeko.

Europako herrialdeekin alderatuta, Bizkaian ez da zabaldu egunero bizikletan ibiltzeko aukera. "Gasteizen asko erabiltzen da leku batetik bestera joateko, baita Donostian ere. Bizkaian, ordea, ez horrenbeste. Bizikleta publikoaren zerbitzua martxan jarri zutenetik, gora egin du erabiltzaile kopuruak Bilbon".

Arazoa, hein handi batean, kulturala dela deritzo: "Bizikleta zale moduan edo aisialdira bideratuta erabiltzeko ohitura daukagu guk, ez hiri barruan leku batetik bestera joateko. Hori aldatuz joan behar dela uste dut, eta hala gertatuko dela deritzot. Bilbon eta beste herri batzuetan nabaritzen hasi gara jada; ez nahiko genukeen neurrian, baina goraka egiten ari dira erabiltzaileak", ondorioztatu du.

Hezkuntzak ere lan garrantzitsua daukala egiteko uste du. "Ez dakigu bizikletaz ibiltzen: bai bidegorrietatik; ez, ordea, herri barruan". Hori dela eta, beharrekotzat jo du hezkuntza eta bizikletaren erabilera bultzatzea.

Judith Arndt alemaniarra irabazle Emakumeen Biran

Judith Arndt alemaniarrak irabazi du, joan den asteburuan, Bizkaiko Emakumeen Bira lasterketa, Iurretan. GreenEdge taldeko kide da Anrdt, eta, azken etapan erori zen arren, garaipena eskuratu zuen. 2009an ere irabazi zuen Emakumeen Bira alemaniarrak. Eneritz Iturriaga bizkaitarra izan zen lehenengo euskal herritarra sailkapen nagusian. Hain zuzen, 27. lekuan bukatu zuen Bira. Arndt helmugara iritsi eta zortzi minutu eta 49 segundora bukatu zuen Iturriagak proba. Domekan egin zen azken etapa, Urduña eta Iurreta artean, eta Annemiek van Vleuten holandarrak irabazi zuen, sprintean, Emma Johansson suediarra eta Trixi Worrack alemaniarra garaituta.

Zilarrezko ezteien festa

Irola Irratiaren eguna

Bilbo

Eskualde eta herri mailako hedabideak loratzeke zeudenean Bilboko gazte batzuei irrati igorgailua sortzea bururatu zitzaien, orain 25 urte. Iralako auzo elkarteak egitasmoa babestu eta Irala Irratia 107.5fm jaio zen 1.987an. Aurten beteko dituen zilarrezko ezteiak ospatzeko Irola Irratia eguna izeneko festa antolatu dute biharko.

Irala jaietan murgilduta dagoela baliatuko dute irratiaren urteurren festa bete-betean ospatzeko. Horretarako, hainbat gune egokitu dituzte auzoko Eskurtze parkean. Txoko horiek Irrati, Txosna, Kolektibo eta Txiki gune deitzen dira.

Irratia estudio barrutik atera eta izen bereko gunean egongo da egun osoz. Saioak parkean egin eta uhinetatik barrena iritsiko dira entzuleengana. Ondoren bazkari herrikoia dago. Izena eman dutenek haragijaleen edo barazkijaleen menua eduki dituzte aukeran. Bazkalosteko ikuskizunarekin txundiaraziko dituzte mahai bueltan bildutakoak. Txikien txokoan puzgarriak eta tailerrak izango dira (aurpegia margotzeko eta eskaladarako horma).

Txosna gunean bertsolariek saioa eskainiko dute. 13:00etan hasi eta ordu eta erdian Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Jon Maia, Aimar Karrika eta Sustrai Colinak abestuko dute. Eguna bukatzeko, 23:00etan, Fenomenos de la naturaleza, Priscila Band eta Soulstompers taldeen musika doinuak entzungo dira.

Kolektiboenean mural herrikoia, Distri eta kolektiboen topaketa eta xaboi tailerrak antolatu dituzte 12:00etan hasita. 17:00etatik 22:30 arte, aldiz, kontzertuak. Los Broncos, 28 escupitajos de semen, Porco Bravo, Bajo Presión, XI Mandamiento eta Ectoplasmas taldeek joko dute.

Lorpen berriak aurten

Hedabide aske eta ez profesionala izateko helburuarekin jaio zen Irola Irratia. Egun ere, horretan dihardu: autogestioa, autoorganizazioa eta beste hainbat ideia oinarri hartu eta defendatuz. Urteetako lanaren uzta jaso du aurten. Izan ere, estudio berria eta askotariko erabileradun gela estreinatu dituzte. Egunez egun eta hobekuntza teknikoen eraginez hedatze eremua handitu da, eta horretan segitzeko gogoa dute.

470.000

Bilboko Udalak IMQri ordaintzen diona. Bilboko Udalak IMQ Igualatorio Medico Quirurgico osasun aseguru etxearekin duen kontratua luzatzea erabaki du, kontratu berria egiteko ordua iritsi arte. Udal langileei emango dien zerbitzuaren truke 470.000 euro jasoko ditu IMQk.