Solstizio hondarrak

Ikasturtea amaitzeaz bat kiskali dira neguaren beltza eta ezinen lizuna su hondarrean, San Joan berde, San Joan berde, garitzak eta artoak gorde, sorginak eta zapoak erre, biba San Joan berde. Oporrak hartzeko ordua dela oihukatu didate irratitik, beh...

Pausoz pauso, zorigaiztoko goiz “eder” hartara

Goiz eder onetan erail

[bear nabe

txindor baten txintak gozotan

[naukela?

El naiten leyora begiok

[ intz gabe.

Gorbei barna yatort

[kañoi-ots itzela:

or egazkin-egak odei-

[lapur doaz. [...]

Berba horiekin hasten da hil aurreko bere agur olerkietako bat. Astelehenean bete ziren 75 urte "goiz eder" hartatik, frankistek Estepan Urkiaga Basaras Lauaxeta (Laukiz, 1905 — Gasteiz, 1937) erail zutenetik. Apirilaren 29an hartu zuten preso, Gernikako bonbardaketak eragindako sarraskia Georges Berniard kazetari frantsesari erakusten ari zela. Arbola santua ikustera joan, eta bertan harrapatu zituzten. Euzko Jaurlaritza ahalegindu zen hura salbatzen, beste preso batzuengatik trukatuz. Baina alferrik. Ia bi hilabete egin zituen karmeldarren komentuan espetxeratuta. 1937ko ekainaren 25eko egunsentian, Gasteizko Santa Isabel hilerriko horman fusilatu zuten. 06:30ean egin zioten tiro. II. Errepublika garaian sortutako Euskal Pizkundearen ikurretako bat, bada, Euzkadi autonomoa oso-osorik faxismoaren esku geratu zen egunetan desagertu zen.

Urteurren hura gogoan, Mungiako herritarrek haren bizitzari errepasoa eman zioten astelehenean bertan. Herriko institutuko DBHko 4. mailako ikasleek prestatutako ekimena izan da. Miren Billelabeitia irakasleak gogora ekarri duenez, bi urte daramate proiektu horrekin, baina aurrenekoz egin dute ibilaldia gainontzeko mungiarrekin batera. Ezizena eman zion familiaren etxetik abiatu ziren, eta hilobiaren aurrean burutu zuten bidea, txistulariek lagunduta, bi ordu pasatxoko tartean. Ehunka mungiarrek parte hartu zuten.

1. Lauaxetaren etxea

"Herriko taberna eduki genuen guk Laukizen. Hantxe jaio ginen. Baina aitak esan zuen han ez zegoela bizimodurik eta Mungiara joan behar genuela. Etorri ginen Mungiara eta hementxe bizi ginen". Gatikatik zetorren bide bazterrean, lau haizeetara zabalik zegoen etxe bakarti batean ezarri ziren. Lau urte zituen orduan. Zazpi neba-arrebetan hirugarrena zen. Fraideen eskolan hasi zituen ikasketak, Bentades ikastetxean. Aitaren anaia fraidea zuten Lekeition, eta hark bultzatuta joan zen Lauaxeta Durangon Jesusen Lagundiak zuen ikastetxera. Loiolan eta Oñatin (Gipuzkoa) jarraitu zituen ikasketak, harik eta 1928an ez zuela fraide izan gura erabaki eta Mungiara itzuli zen arte. Harekin batera, liburuetarako joera ekarri zuen, baita abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna ere. Lauaxetaren pizkundea izan zen hura. Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia izan zituen mentoreak. Aurreneko lanpostua nekazarien kooperatiban aurkitu zuten, herrian bertan, eskribau. Etxekoek ziotenez, inoiz ez zuen 09:00etako mezatara hutsik egiten. Izan ere, azken hatsa eman zuen arte, fede sendoko gizona izan zen. Ondoren, armosua jaten zuen, eta bazkalordura arte, egunero-egunero, orduak igarotzen ei zituen logelan, idazten eta irakurtzen. Lauaxetarentzat inspirazio leku izandako etxearen atarian, bada, honako poema hau irakurri zuten mungiarrek: Etxe ori! (Arrats-beran, 1935).

Ollarren zidarrezko turutak

goxaren bidietaz yatorzak!

Lotan zagozen egal zurijok

otsez bete egixubez lerdijok.

Etxeñoi, goxaldeko bakian

ederren ago areitz-artian! [...]

2.Andra Mari plaza

Logelan idazten igarotzen zituen ordu horietan sortu zituen bere lehen poema eta artikuluak Lauaxetak. Orduan hasi zen Euzkadi egunkarira eta hainbat aldizkaritara —Jagi-jagi, Bizkaitarra, Euzkerea, Jaungoiko-zale eta Yakintza— testuak bidaltzen. 1930ean Errenteriako (Gipuzkoa) Olerti Eguneko saria irabazi zuen. 1931n argitaratu zuen lehen poesia liburua: Bide-barrijak. Hurrengoa 1935ean iritsi zen: Arrats-beran. Bide barrija-k horretan agertu zen Miren Neskutz'aren baselexa izeneko poema. "Mungiako elizateko eliza zen honekin lotura dauka. Lauaxetak egiten duen deskribapena eta hemen zegoen elizarena bat datoz", azaldu du Billelabeitiak. Gaur egun tenplu haren hondakinekin egindako eliza itxurako plaza dute Mungian. Hona astelehenean poema horretatik irakurritako txatala:

Gogo itunak dakijen menditxu

[ganian

Neskutz samurra datza gexuai

[ begira.

Alayak, andik urrun badabiltz [ludijan,

Baña begi mindubak ara eltzen

[ dira.

Artzañak otsein yakoz,

[argontzi ixarrak.

Goxa jeiki ezkero an dabil

[kedatza.

Usaintzen dabe leunki ormako

[bedarrak.

Uso baten antzean baselexoi

[datza. [...]

3. Mungiako institutua

Abertzaletasuna eta euskaltzaletasuna uztarri berean doazen idiak ziren Lauaxetarentzat. 1930ean EAJko kide bihurtu zen. Kazetari eta idazle beharrari, mitinetako hizlari lana gehitu zion. Eduki politiko sakoneko testu eta hitzaldiak egiten zituen. Orixeren eskutik hartu zuen Euzkadi egunkariko Euskal Orria-ren ardura, 1931n. Baina Lauaxetak euskara berriz ikasi behar izan zuen: "Orain amar urte tautik ere enkijan euzkeraz. Eta eneban maita. Zergaitik? Aberrija be enebalako ezagututen. Ezagutu osuan behintza, erdizka bai baina". 1932an Euskal Herrian goi mailako ikasketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko aldarrikapena zabaldu zuen Euzkadi egunkariaren bitartez. Asteleheneko ibilaldian, Mungiako beste seme batek, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak, gogoratu zuen amets hura, eta egungo errealitatearekin alderatu zuen. Lauaxeta, Euzkadi-n:

Euzko irakastola nagusija biar dogu, eta gaur oba bijar baño. Geure gastedijak at urten bihar dau, ezer ikasiko badau, etxian eztaukolako irakastolarik.

4. Butroe erreka

1930. hamarkadan Lauaxeta Bilbon bizi zen, baina inoiz ez zuen Mungiarekiko lotura galdu. Hala ikus daiteke haren hainbat poematan, kasurako. Bi baditu bere sorterriko errekari eskainiak. Hona Lili negarra (Bide-barrijak, 1931):

Mungija'ko ibai ederra,

Len gardena, oin ugerra.

Aren altzuan murgildu

Baita neska liraña.

[...] Mungija'ko ibai zabala,

Ibai ederra bai'dala!

Itxasorantza loraz

Daroa urlo apala.

Mungian badago, gainera, Bolutxu izeneko errota bat. "Lauaxetaren garaian martxan zebilen. Gaur egun ez da erabiltzen, eraikina baino ez da geratzen", azaldu du Billelabeitiak. Astelehenean Bolutxu zurija (Arrats-beran, 1935) poema irakurri zuten, bada, errota izandako etxe horren aldamenean:

Bolu-bolutxu zurija,

—zamarijen txilin-otsa

Bolutxuko goiz argija,

errotarrijen dunbotsa!

Andaparan ura dago

—zidar-litsa markal-artez

Errotarime lirañoi

ain zuri zagoz urunez!

Iri egixuz atiak

ura dabil, ba, basterrez...

5. Torrebillela

Billelatarren dorretxea gaur egun Mungiako kultur etxea da. Haren parean dago Lauaxetaren txokoa izeneko erakusketa iraunkorra, non idazle eta kazetariak lortutako sariak, idatzitako argitalpen eta artikuluak, argazkiak eta bestelako informazioa bildu duten. 1936ko gerra hasi zenean, Lauaxetak ordura arteko ardurak albo batera utzi eta Euzko Gudarostera sartu zen. Jose Antonio Agirre lehendakariak komandante izendatu zuen. Hasieran euskarazko gudarako hitzak sortzen ibili zen. Sabino Aranak hasitako bidetik, euskara garbizalea erabili zuen bere argitalpen guztietan. Horretarako erdal kutsua zuten berbak baztertu eta berriak asmatu zituen. Askotan ulergaitza zen haren idazkera. Baina, batez ere, propaganda zereginetan jardun zuen. Eginkizun horren fruitu izan ziren euskaraz argitaratutako lehen egunkaria —Eguna— eta Gudari izeneko aldizkaria.

6.Berteizko hilerria

Lauaxetak beharginak ere izan zituen gogoan. Institutuko ikasleen jatorrizko ibilaldian Mungiako tren geltokia egondako ingururako prestatuta egon arren, hilerrian irakurri zuten Ezkerraldeko meatzariak omentzen dituen olerki hau, denbora faltagatik: Langile eraildu bati (Arrats-beran, 1935)

Ene Bizkai'ko miatze gorri

Zauri zarae mendi ezian!

Ator bideskaz, —goxa

sorbaldan—,

kezko zeruba yaukon olera.

Opor-otsa dok txaide zabalan

Nerbion-ertzok, —tranbi-

dardara—,

azkatu-nayez, zenbat alegin!

7.Lauaxetaren hilobia

Lauaxetaren gorpua 1977an ekarri zuten Mungiara. Gasteiztik Ubidera arte ekarri zituzten idazlearen hezurrak, ikurrinak estaltzen zuen kutxa batean. Handik haren familiak ekarri zuen herrira. Hil zutenetik lau hamarkada betetzen zirela, San Pedro elizan egin zioten hileta elizkizuna, jendetsua oso, eta ondoren lur eman zioten Berteizko hilerrian. Asteleheneko omenaldia ere hantxe bukatu zuten mungiarrek. Gaur egun Anjel Garrazak egindako eskultura dago Lauaxeta lurperatuta dagoen lekuan. Ezilkortasuna (Bide-barrijak, 1931) poema irakurrita eman zioten bukaera omenaldiari.

Neure egunen gezija ilkorrari dago,

ezilkortasun-otsa baitot maitiago.

Zertako erijotza? [...]

Zalantzan zaran, arren, ezilkorra maite;

—zeozer geure baitan badogu betikor—.

Gerora adi beti, urduri, oldozkor,

alderik onenera eratzatu zaite.

113

Bermeo eta Autzaganeko saihesbideen aurrekontua. 113 milioi euroan esleitu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko eta Autzaganeko saihesbideetako lanak. Uztailean hasiko dira eta 33 hilabetean bukatu.

Ziztaden gala galanta

AntzerkiaBilboEuskara, komunikabideak eta antzerkia. Konbinazio eta helburu erakargarriek bat egingo dute igandean, Bilbon, Pabellon 6 arte eszenikoen aretoan. Sei antzezlan taularatuko dira, BERRIA Taldeari laguntzeko helburuarekin. Haur eta helduen...

Arte eszenikoen saioa: Kalealdia

Arte eszenikoetako 22 konpainiak 48 ikuskizun egingo dituzte Bilboko kaleetan datorren astelehenean hasi eta zapatura bitartean. Kalealdia iritsiko da Kale Nagusiaren inguruetara eta Zazpikaleetako hainbat plaza eta bazterretara.

XIII. Kalealdia egingo dute aurten, eta, ohi bezala, nazioarteko eta bertoko konpainien presentzia izango da. Ikuskizunak denetarikoak izango dira: Umorea, fantasia, kolorea eta argia nagusi izango diren aire zabaleko animazioak, hip hop eta dantza garaikidea, txotxongilo erraldoiak, antzerkia, clown-ak, kaleko musika eta banda bitxi eta zaratatsuak, besteak beste.

Nazioarteko panoraman lehen mailan dauden konpainiei dagokienez, Luc Amoros aipatu dute antolatzaileek. Uztailaren 5ean taularatuko dute euren ikuskizuna, Arriaga plazan, 22:30etik aurrera, hain zuzen ere. Page Blance ikuskizunean zuzeneko musika eta pintura nahasten dituzte.

Compagine Circo Coliflor Frantziako estatuko konpainiak ere ikusle ugari erakarriko dituela aurreikusi dute. Salir lana aurkeztuko dute. 2011ko Umore Azokan ikuskizun onenaren saria eskuratu zuen lan horrek. Martitzenean eta eguaztenean interpretatuko dute, 22:30ean, Arriaga plazan eta Areatzako kaian. Elkarbizitzari eta haren alderdi zailenei buruzko ipuin txikia du oinarrian. Dantza eta antzerkia interpretatzen dituzte akrobatek, musikariek eta alegiazko pertsonaiek, zuzeneko musikarekin eta argiztapen berezia erabilita.

Astelehenean hasiko dute, dena den, jaialdia. Besteak beste, Collectif Nomadenko eta Salut L'Artiste taldeek euren edertasun salak instalatuko dituzte Foru jauregiaren inguruan. Makillajea eta ile apainketa benetako arte bilakatzen dute bi konpainiok, ikusleen partaidetzarekin batera. Salut L'Artista ile hezitzailea ezizenez ezaguna da. Ile adats bat, hostoak eta bestelako osagarriak erabilita, txori habiaz betetako sorkuntza lan surrealista bihurtzeko gaitasuna dauka.

Bertoko konpainiek ere lekua izango dute sei egunetako jaialdi honetan: Gaitzerdi Teatroa, Malas Compañias, Matrioska eta Anita Maravillas taldeen lanak ikusteko aukera izango da Bilboko kaleetan. Helena Golab dantzari eta koreografoak, bestalde, Pa.ti.N izeneko bere lehenengo muntatzearen estreinaldia egingo du eguaztenean, 18:45ean, Plaza Barrian.