3.505

Zinebi jaialdira aurkeztutako filmak. Zinebi Bilboko zinema dokumentalen eta film luzeen nazioarteko jaialdirako 3.505 film aurkeztu dituzte. Orain arteko kopururik handiena da aurtengoa. 54. Zinebi jaialdia datorren azaroan izango da, hilaren 16tik 23ra bitartean.

Patio ertzeko loreak

Afrika galdutzat har dezakegu. Etorkizun beltza kontinente beltzarentzat; edo etorkizun eza, zuzenean. Gorriak bizi dituzte han ume, heldu eta zaharrek, baina ez daude bakarrik. Odol eta, batez ere, ideologia gorridun lagun asko dituzte parean. Laguntzen. Lagunak laguntzen, hurkoak maitatzen. Baina ez dago esperantzarik. Eta lagun gorri horiek badakite: izan kooperante, moja zein misiolari. Ez dago esperantzarik. Bo, bada aukera bat, baina ez da oso desiragarria: Lehen mundu deritzogun hau bonba atomikoekin leherraraztea eta zerotik hastea. Baina ez da oso desiragarria. Azken batean, esperantzarik ez.

Sarrionandiaren kartzelako poemetan, "heltzear den zori onaren seinalea" da esperantza, "hor, patio ertzean hazten den lorea". Edota "itxarotea", besterik gabe; "egunik egun itxarotea besterik ez". Inoizko euskal idazlerik onenetarikoaren olerki hau nik gura dudan eremura eramanda —horretarako da poesia, ezta?—, solidaritateaz arituko naiz, eta benetan solidarioak diren lagunen indarraz eta kemenaz. Eta horren guztiaren zergatiaz.

Txunditu egiten naute hondamendiaren lekuan bertan lan egiten dutenek, bereziki bost, hamar, hogei urte ematen dituzten horiek, jakinda hogeita hamar, berrogei, berrogeita hamar bihurtuko direla. Miresten ditut. Miresten ditut inuzenteak ez direlako eta esperantzarik ez dagoela badakitelako. Baina bertan jarraitzen dute, beren gogoa eta kemena makurgaitz.

Orduan, galdera: Zertarako? Zertarako esfortzu handi hori egin lortuko ez duzula badakizunean? Zergatik zeure bizitza eman zer lortzerik ez dagoenean? Ez al da hori suizidioa? Gorputzaren heriotza kontzientziaren izenean. Erantzunetako bat izan liteke gizaki bakar baten bizitzak gizadia osoarenak adina balio daukala. Beraz, ume txiki, agure zahar edota ama gazte bakar baten egunerokotasuna eramangarriagoa egitea arrazoi nahikoa dela.

Eta bai, hori bada pisuzko zergati bat. Baina beste zergatiak solidaritatearen muinera garamatza; benetako hurkoarenganako maitasunaz eraikitako solidaritatearen muinera. "Nik borroka egingo dut etorkizuna (patua?) aldatzeko gai izango ez banaiz ere". Hau da, zinez eta arrazoinamenduz, badakit ez dudala lortuko baina horretan jarraituko dut. Hori da niretzat solidaritatea. Alegia, ez da "heltzear den zori onaren seinalea", ez eta "itxarotea, egunik egun" ere. Baina bai "patio ertzean hazten den lorea".

Eta nik ez dut indar hori. Bonba atomikoekin desagertuko ez den lehen mundu honetatik, ez dut kontzientziaren izenean gorputza heriotzara eramateko indarrik. Horregatik miresten ditut patio ertzeko loreak.

Irriak nonahi zabalduz

Jaialdia

Gernika-Lumo

Irrien Lagunak klubaren bigarren urteurrena ospatzeko jaialdia egingo dute domekan, Gernika-Lumon: Irrien Lagunak klubaren bigarren jaialdia, hain zuzen ere. Iaz Usurbilen (Gipuzkoa) egin zuten lehenengoa, eta aurten Busturialdeko herri honi egokitu zaio.

10:00etatik aurrera, umeak eta haien senideak bihurtuko dira protagonista herriko kaleetan. Bi gunetan banatuta egongo dira jarduerak. Gune nagusia Pasealekuan kokatuko dute. Bertan izango dira oholtza nagusia, tailerrak, puzgarriak, ikuskizun nagusiak, informazio gunea eta sarrera zein edarien txartelen saltokia.

Mila lagunentzako bazkaria

Bigarren gunea Merkatu plazan kokatuko dute. Han, mila lagunentzako bazkaria prestatuko dute Seber Altube ikastolakoek. Haurren menua eta helduen menua egongo dira aukeran: Zortzi euroan lehenengoa, eta, hamasei euroan bigarrena.

Bazkaltzeko lekua aldez aurretik eska daiteke Irrien Lagunak klubaren Facebook orrian edo kudeaketa@irrienlagunak.com helbide elektronikora mezu bat bidalita. Merkatu plazako guneko saltokian egunean bertan ere txartela eskuratzeko aukera egongo dela jakinarazi dute, dena den, antolatzaileek.

Ikuskizun nagusietan egon nahi dutenek, iaz legez, aurten ere sarrera erosi beharko dute. Lau euroan salduko dute banakakoa, eta hamar euroan familiakoa. Irrien Lagunak klubeko txartela dutenek, bestalde, doan izango dute egun osorako sarrera.

Horrez gain, jaialdian irabaziak lortzen badira, horien zati bat Txatxilipurdi aisialdi elkarteari emango dizkiote. Berramesten egitasmoa sustatzen laguntzeko erabiliko dute diru hori. Hain zuzen, Francesco Tonucciren La ciudad de los niños liburua (Umeen hiria) euskaratu eta horren ekoizpena sustatu nahi dute. Besteak beste, gainera, Tonucci bera Euskal Herrira gonbidatu nahiko lukete, haurrek hezkuntzan eta herrigintzan izan behar duten garrantziaz hitzaldiak ematera. Umeek eurentzako espazioak berreskura ditzaten du helburuetako bat elkarteak, hiriko kaleetan jolasteko aukera izan dezaten.

Desagertuek utzitako sufrikarioa

Gerraren krudeltasuna ezerk ezin dezake hobeto agertu gehiegikerien biktimen sufrikarioak baino. Hori pentsatuko zuen Gervasio Sanchez argazkilariak (Kordoba, Espainia, 1959). Hala erakutsi du, behintzat, Desagertuak deritzon erakusketan. Joan den ast...