Ezker Batuak "murrizketak bertan behera uzteko aukera" modura aurkeztu du bere burua. Bizkaiko zerrendaburu Raquel Modubarren hitzetan, domekan euren alde bozkatuz, "esplotatzaile, espekulatzaile eta eskularru zuriko lapurren aurkako botoa" emango da....
Tradizioak, plazara
Areatza
Arratialdean eta, oro har, Bizkaian errotutako tradizioak eta ohiturak ahaztuak izan ez daitezen saiatuko dira Areatzan. Gaztetxoek ohitura horien berri izan dezaten, hainbat ekitaldi prestatu dituzte gaurko eta biharko antolatu duten Euskal Jaian.
Aurtengo gai nagusia kirol eta joko tradizionalak izango dira. Horretarako, herri osoan banatuko diren hainbat jarduera izango dira. Gaur arratsaldean hasiko dira. 17:00etan, tailerrak egingo dituzte parkean. Larruzko pilotak egiten irakatsiko dute, besteak beste. Hain zuzen, antzina jolasteko erabiltzen ziren tresnak nola egiten diren ikasi ahal izango dute bertaratzen direnek.
Eskuz sortutako objektu horietako batzuk bertatik bertara ikusteko aukera izango da handik bi ordura. Izan ere, pala eta zesta-punta partidak antolatu dituzte 19:00etan, frontoian. Neska eta mutilek izango dute parte hartzeko aukera.
Tradizioak eta ohiturak kantuen bitartez ere zabaltzen direla eta, gauean horrexetarako tartea iritsiko da. 21:30ean, areatzarrak —eta jaialdiarekin bat egiten duten beste herrietako guztiak— frontoitik aterako dira kalejiran, eta ikasitako abestiak kantatuko dituzte bidean.
Euskal Jaia bihar ospatuko dute, Gudarien plazan. Hala ere, alde zahar osoa beteko dute nekazaritza eta artisautza alorreko hanbat eta hainbat produktu salgai izango dituzten saltokiek. BERRIAlagunek, gainera, lagun gehiago erakartzeko mahaia jarriko dute. Gorbeako gazta, artoa, pastelak, ogia, txakolina eta taloa dastatu ahal izango dira, besteak beste. Zeramika eta burdinazko objektuen tailerrak ere ikusi ahalko dituzte bertaratzen diren guztiek.
Gorbeialderen eskutik, erakusketa mikologikoa zabalduko dute 11:30ean. Horrekin batera, herri kirolei emango diete hasiera. Joko tradizionalei ere tartea egingo diete bihar goizean, eta nahi duten guztiek hartu ahal izango du parte horietan.
Euskal dantzen erakustaldia izango da, bestalde, 13:00etan. 15:00etan, herri bazkariari emango diote hasiera. Txartelak aurretiaz erosi behar dira, hamar euroan. 19:00etan, Aikoren erromeria hasiko da.
“Euskararen babesleak izateaz gain, andreek sortu zuten euskara”
Toti Martinez de Lezea (Gasteiz, 1949) Mañarian izango da bihar, 17:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. XV. eta XVI. mendeetako emakumeari buruzko hitzaldia emango du. Garai hari buruz dakiena "bat-batean" botako duela azaldu du, gaia ondo ezagutzen duelako.
Nondik nora bideratuko duzu biharko hitzaldia?
Euskal emakumearen egoerari buruzko ikuspegi orokorra eskainiko dut, hasteko. Ostean,kasu zehatz batzuk aipatuko ditut.
Zein eginkizun zuen emakumeak garai hartan eta zeregin horrek zer-nolako lekua zeukan gizartean?
Hasteko, egun baino askoz populazio gutxiago zegoen. Gizonek gerrara, abenturara edo arrantzara joan behar izaten zuten. Ondorioz, emakumeek denboraldi luzeak bakarrik egiten zituzten. Beraz, era guztietako arazoak konpondu behar zituzten —administratiboak, ekonomikoak, lan arlokoak eta familiari zegozkionak—.
Eta han zeuden haiek. Gogor lanean, nahiz eta guregana iritsi diren kronika edo agirietan horren islarik aurkitu ez. Izan ere, kronika egileak jauntxoen menpe zeuden, haiek ordaintzen zieten eta. Herritar xumeek ez daukate eurei buruzko kronikarik idatzita.
Orduan, zelan da posible historia anonimo horiengana guztiengana heltzea?
Testamentu, auzi, salerosketa eta antzeko agirien bitartez daukagu haien berri. Horietatik abiatuta, argazki antzeko bat atera daiteke.
Erdi Aroa oso garai gogorra zen, are gehiago, emakumearentzat. Euskal Herrian egoera bera zen?
Noski. Emakumea, legeei dagokienez, guztien azpitik zegoen, baita seme-alaben azpitik ere, oinordetzei eta bere kabuz jarduteko aukerei zegokienez. Euskal Herrian, ordea, desberdintasun txiki bat zegoen: foruei esker, andreak oinordetza hartzeko bere neben eskubide berbera zuen. Gurasoek erabakitzen zuten nor izango ziren oinordekoak. Kasu batzuetan, emakumezkoak aukeratzen zituzten, eta haiek kudeatzen zituzten ondasunak.
Bestalde, senarrak dotea negozioren batean inbertitu nahi bazuen eta emazteak egokia ez zela iritzi, ezetz esan zezakeen. Horrez gain, gizonak gerrara edo beste nonbaitera zihoazenean, sarri notario aurrean baimena ematen zieten emazteei interesgarri iruditzen zitzaizkien negozioetarako transakzioak egiteko.
Beste alde batean, alargunak ere badaude. Familia aurrera atera behar zuten senarra hiltzen zitzaien emakumeek. Lan egin behar zuten, eta hala egiten zuten; negozioen jabe ziren. Jose Antonio Aspiazu idazleak ikertu duenez, emakumeek negozioak zituzten. Errementaldegiak, esaterako. Eta gizonek haientzat lan egiten zuten. Emakumea ontzien jabe zen, merkataria, tratularia... Baina horrelakorik ez da azaltzen historian, eta uste dugu emakumea etxeko lanetan besterik ez zela aritzen. Mutrikuko kasu baten dokumentazioa dago: birramama, amama, ama eta alaba, denak alaba bakarrak eta herri erdiaren jabe.
Euskararen eta euskal izaeraren babesle ere izan da emakumea. Zein eginkizun izan du lan horretan?
Euskararen babeslea izateaz gain, hark asmatu zuen euskara. Hark esan zituen lehen hitzak gizakia hitz egiten hasi zenean. Nor izan zen silabak elkartzen hasi zen lehenengo gizakia? Nork hitz egin zuen lehenengoz? Emakumeak. Eta nori egin zion berba? Bularrean zeukan umeari.
Argi daukat emakumea izan dela euskara eta sinesmenak gorde dituena. Jakintza iturrietatik urrundu eta baztertu izan dute andrea, eta, hala ere, hizkuntza, hitza, idazten ez den jakintza guztia, sinesteak, tradizioa irakasten jakin du.
Emakumea izan da euskara ez ezik hizkuntza oro asmatu dituena. Baita transmisioa egin duena ere. Izan ere, gizonak etxean ez baldin bazeuden, nork hitz egiten zuen? Nork transmitituko zituen tradizioa, ohiturak, sinesmenak? Emakumeak. Eta emakumerik ezean, ez litzateke ez euskararik ez euskal izaerarik ez beste ezer egongo.
Zer-nolako aukerak zituzten garai hartan ondoan gizon bat ez zeukaten emakumeek?
Gaur egun dituen berberak: lan egin eta aurrera egitea. Eta aurrera egiten zuten. Horren froga da hemen gaudela.
Mespretxatu egiten zituzten?
Ezkongabeak baldin baziren, bai. Gogorragoa zen haientzat. Gaizki ikusita zeuden. Izan ere, inork maite ez zituen ustea zabaltzen zen. Komentuetan sartzen ziren, esaterako. Bateren batek bere kabuz aurre egiten zion bizimoduari. Baina mari-mutil eta antzekoak entzun behar izaten zituzten.
Zein lan egiten zituen emakumeak etxeko lanak egiteaz eta seme-alabak zaintzeaz gain?
Ez zen ibiltzen baleatan edo bakailaotan; ez da izan kortsarioa edo abenturazalea. Bai, ordea, batelaria, eta garraiatzailea, zirga langilea, portuko zamatzailea, ontzi jabea eta merkataria. Ardien artilea kardatzen zuten, familia osoarentzako arropak josi, meatzeetako eta fabriketako langileak ziren, neskameak, mojak, serorak, ospitaleko erizainak, emaginak, sendalariak, ola andreak, prostitutak, bidelapurrak...
Zer-nolako ekarpenak egin zituen emakumeak politika, gizarte eta kulturaren alorretan?
Politikaren alorrean, ziurrenik, eragina izango zuten euren gizonengan. Alor sozialean, gaur egun daukagun izaera, zalantzarik gabe, aurreko garaietan emakumeek izan zituzten jarduteko moduetatik datorkigu.
Kulturari dagokionez, emakumerik gabe ez litzateke ezer mantenduko: ez hizkuntza bera, ez Euskal Herriko legendak, ez tradizioak, ez ohiturak ez sinesmenak; garai batean paganoak ziren, eta gero kristauak. Ekarpena oso handia izan da. Emakume haiek etorkizunekook izatea gura izan zutena gara gaur egun.
MAÑARIKO EGITARAUA
Bihar, 17:00etan. Toti Martinez de Lezearen hitzaldia, udaletxean.
• Bihar, 18:15ean. Bisita gidatua, udaletxetik abiatuta: Landa bizitza Erdi Aroan.
Abertzaletasunari aurre
"Abertzaletasunari aurre egiten dion alderdi bakarra" direla ohartarazi du UPDko Bizkaiko zerrendaburu Javier Gabilondok, "PP eta PSE-EE haien dialektikan sartuta" daudelako. Kontzertu Ekonomikoa kentzeko eskaera egin du, eta autonomia erkidegoek esku...
Industrializazioaren sustraiak
Bizkaiko Foru Aldundiaren Europako Ondareari buruzko jardunaldien baitan, Bilboko Euskal Museoak bisitak eta hitzaldiak antolatu ditu urri osorako. Erakusketak 1500.urteko Bizkaira darama bisitaria. Ordu beteko saioan, burdinolen jarduna, itsasoarekiko harremana eta lihoaren prozesua azaltzen du gidariak. Herrialde historikoak XV. mende bukaeran eta XVI. mende hasieran bizi izan zuen oparotasunaren abaroan sortutako industrializazioa da gai nagusia.
Burdinolaren aretoa da museoak gordeta daukan berrikuntza nagusia. Han dago Abadiñon egon zen Lebarioko burdinola. XIII. mendekoa da, eta urez dabil. Hau da, hidraulikoa da. XVI. mendean izan zuen jardun gehien eta 1920.urtera arte egon zen martxan. Bisitan haren funtzionamendua azaltzen dute, baita zer egiten zuten eta zein lan tresna erabiltzen zituzten ere.
Garai hartan, Bizkaian zegoen burdina oso ona zen. Alabaina, leku guztietan ez zegoen; eta burdinola gehienek, Enkarterritik eramaten zuten burdinarekin lan egiten zuten. Lebarioko hau da horren adibide.
Euskal Herrian burdinola ugari egon ziren XVI. mendean, batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan. 1548.urtean, esaterako, Pedro Medinaren arabera, 300 burdinola zebiltzan beharrean. Izan ere, burdinolen jarduerak berebiziko garrantzia izan zuen Euskal Herriko orduko ekonomian.
Burdinola handietan, minerala metal bihurtzen zuten. Txikietan, berriz,burdinola handietatik hartutako burdina landuz tresnak eta lanabesak egiten zituzten. Hau da, burdinola txikietan, burdina tenkatu, findu edota laminatu egiten zuten hainbat tresna egiteko.
Denetariko materialak ekoizten zituzten garai hartako faktoria haietan. Esaterako, Espainiako armadarentzako kanoiak eta balak bertan egiten zituzten. Baina, baita egunerokotasunean erabiltzen diren gauzak ere: eraikuntzarako elementuak, laborantzarako zein sukalderako tresnak... Gainera, beraien lan tresnak ere egiten zituzten.
Arma zurien ekoizpenak lortu zuen osperik handiena. Bizkaiko eta Gipuzkoako lantegietatik eramaten zuten materiala Nafarroako eta Gaztelako errege-armadetara. Halaber, Britainia aldera asko esportatzen zuten. Horren adibide da, XVI. mendean Britainia Handian ezpata mota bat Bilbo izenarekin ezagutzen zutela, Bilbon eginak zirelako. Hortaz, hemen ekoitzitakoa ez zen soilik hemen erabiltzen.
Gainera, badago oso esanguratsua den beste datu bat: Burdinolek legedi propioa zuten. Burdinolen Foruak deitzen zitzaien eta esparru juridiko propioa zehazten zuten. Legedi honen bidez arautzen zen burdinolen funtzionamendua.
Bizitzako esparru gehiago
Euskal Herriko tradizioaren parte den hileta erritua egiteko erabiltzen ziren oihalen kopiak daude. Originalak gordeta dituzte ondo mantentzeko. Bisitaldian, heriotzaren inguruko erritua zelan egiten zuten azaltzen dute.
Hil zapietan biltzen zuten gorpua eta etxetik elizara eramaten zuten. Eliza barruan oihala kentzen zuten eta argizaiola ipintzen zuten gorpu ondoan. Argiaren sinbolo ziren. Izan ere, garai hartan beste mundurako bidea iluna zela sinesten zuten, eta bidea argitzeko beharrezkoak ziren argizaiolak. Emakumeek zuten errituaren ardura.
Hamaika kontu gehiago ere badaude bisitariaren gozamenerako. Besteak beste, Euskal Herriko historiari errepasoa egiten diote, XIX. eta XX. mendeko zeramikak ikusteko aukera dago, eta artzaintzak Euskal Herrian izan duen garrantzia azaltzen dute. XVI. mendeko Bilboren eta XX. mendeko Bizkaiaren maketa ere badaude. Jardunaldiak bukatutakoan ere bisitatu ahalko da erakusketa.
BISITA GIDATUA
Non. Euskal Museoan.
• Noiz. Bihar, 11:30ean.
• Izena emateko.94-4 15 54 23.