Galdu ez diren baladak

Erdi Aroko baladarik ezagunenetakoa Robin Hoodena da, Ingalaterran XV. mendean sortua. Orduan agertu zen lehen bertsioa. Gerora, beste hainbat agertu dira, mende batean eta bestean. Eta idatziz ere gorde dira, XX. mendean film bihurtu zen arte. Pruden Madariagaren esanetan, "ingelesak euskaldunok baino gehiago dira, eta guk baino gehiago gorde dute". Hala, euskaraz sortutako balada oso gutxi iritsi dira XXI. mendera.

Madariaga Euskaltzaindiaren Azkue bibliotekako arduraduna da, eta gidari beharrak betetzen ditu Ondarearen Europako Jardunaldien aitzakian akademiaren egoitzara egin daitezkeen bisitetan. "Baladak kanta narratiboak dira, eta, bereziki, batailak eta jauntxoen arteko borrokak kontatzen dituzte", azaldu du. Ahoz zabaltzen direnez, eta denboran irauten dutenez, azkenean bertsio batetik bestera aldea egon ohi dela dio, istorioak aldatuz.

XV. mendeko euskarazko baladen lehen aipamen idatziak Lope Garcia de Salazar noble bizkaitarrarenak direla dio Madariagak. Semeak atxilotu eta Portugaleteko dorretxean izan zuen preso. Han zegoela Garcia de Salazarrek bere biografia idatzi zuen, besteak beste. Haren lanak eskuizkribuak ziren. Garai hartako jauntxoen jazoeren berri ematen zuen bere idatzietan, eta tarteka balada zatiak agertzen ziren. Idazkia bera gazteleraz egon arren, baladetan, noski, jatorrizko hizkuntza erabiltzen zuen: euskara. "Aipamen horiek apaingarriak edo anekdotak dira, Garcia de Salazarrentzat ez zuten batere garrantzirik. Hari borroken kontakizunak baino ez zion axola", azaldu du Madariagak.

Hurrengo mendean, XVI. mendean Esteban Garaibai Zamalloa historialari arrasatearrak hartu zion lekukoa. Bien artean lehen desberdintasuna honakoa hau dela dio Madariagak: "Eskuizkribuak barik, Garibaik liburuak argitaratzen ditu". Eta bigarrena: "Balada zatiak luzeagoak dira". Hala ere, biek ala biek interes gutxi dute kantu horiekiko; aipu bezala jasotzen dituzte. Garcia de Salazarrek jauntxoen borrokekiko miresmena zuen legez, Garibaik genealogia baino ez zuen buruan. Espainiako errege Felipe II.aren kronikagile ofiziala izatera iritsi zen, gainera. "Erregeak haren zuhaitz genealogikoa egiteko agindu zion. Behar horren bidez, Frantziako errege izateko eskubidea berea zela frogatu behar zuen Garibaik", gogoratu du Madariagak.

Bi horiek dira, batez ere, euren sasoian ahoz kantatzen zirenak idatziz jaso zituzten bakarrenetakoak. Baina beste balada batzuk ahoz iritsi dira XIX. edo XX. mendeetara arte. Hala, Antonio Zabalak Euskal erromantzeak bilduma osatu zuen pasa den mendean, eta Adolfo Arejitak Mendebaldeko euskal baladak. Idatziz dagoen kanturik luzeena, berriz, Luis de Lezama Legizamonen Cronica de Ibarguen da. Lan horiek guztiak, beste hainbaten artean Euskaltzaindiaren ekitaldi aretoan daude ikusgai, horretarako bereziki antolatu duten erakusketan. Madariagaren esanetan, baina, euskarazko baladarik ezagunena Bereterretcheren khantoria izango da, eta Bizkaian Jaun zuriano. Aurrenekoa XIV. mendeko kantua da, eta Zuberoan bildu zen XX. mendean; Mikel Laboak egin zuen ezagun. Jaun Zuriano, berriz, XVI. mendekoa da eta Ruper Ordorikak musikatu zuen.

Hizkuntza arautzen

Plaza Barriko eraikin nagusian dauka egoitza Euskaltzaindiak, 1900. urtean Kale Nagusian jauregi berria inauguratu zuten arte Bizkaiko Foru Aldundia egon zen lekuan bertan. Bigarren solairuan daukate osoko bilkura egiteko aretoa. "Gela hau da Euskaltzaindia", dio Madariagak. Haren esanetan, Euskaltzaindia akademia den heinean, akademikoak elkartzen diren lekua da, eta aipatutako areto horretan batzen dira hilean behin. Bisitak bide batez egoitza erakusteko eta erakundearen historiari begiratu bat egiteko aprobetxatzen dituzte.

Aretoan euskaltzainburu izan diren guztien koadroak daude, hormetan eskegita: Resurreccion Maria Azkue (1919tik 1951ra karguan), Inazio Maria Etxaide (1952-1962), Jose Maria Lojendio (1963-1966), Manuel Lekuona (1967-1970), Luis Villasante (1970-1988), Jean Haritxelhar (1989-2004) eta Andres Urrutia (2005tik gaur egunera arte).

Bilera gela horretan 29 euskaltzain osoak elkartzen dira, eta lexiko eta gramatika alorreko erabakiak hartzen dituzte. Horrez gain, beste 150 euskaltzain urgazle inguru daudela azaldu du Madariagak, hainbat batzorde eta sailetan beharrean. Azken batean, nolabait esateko, talde horietan landutako eta ikertutako gaien inguruko erabakiak onartu edo atzera botatzea da euskaltzain osoen zeregina.

Madariagaren ustez, Euskaltzaindia inoiz desagertu ez bada, Azkueri esker izan da: "Frankistek ez zuten akademia itxi, Azkuek lagun garrantzitsuak zituelako bai abertzaleen aldean, baina baita espainiarren artean ere. Gainera, oso kontserbadorea zen, akademiko guztiak diren bezala, eta ez zuten arriskurik ikusten harengan". 1956an, adibidez, Euskera aldizkaria kalerako baimena ere lortu zuten.

EGITARAUA

Urriaren 17ra arte, 09:00etatik 14:00etara. XV. eta XVI. mendeetako dokumentuen erakusketa.

Urriaren 23an. 11:00etan, hitzaldia: Euskararen corpusa eguneratzeko lana. 12:00etan, hitzaldia: Euskarazko pertsona izenen oroimena berreskuratzen. 13:00ean, hitzaldia: Azkue biblioteka.

Urriaren 30ean. 11:00etan, bisita gidatua. 12:00etan. aurkezpena: Euskararen ahozko ondarea jasotzeko eta zabaltzeko egitasmoak.

Talde politikoei zuzendutako gutuna

Butroi Bizirik Mungialdeko eskualdeko garapen iraunkorraren aldeko taldeak talde politiko guztiengana jotzen du hurrengo gaien gaineko iritzia eman dezaten eskatuz: Mungia-Bilbo trena Pairatzen ari garen krisialdi ekonomiko honetan murgilduta, Mungial...

Manu-Enen daukaten leku kopurua.

Manu-Ene egoitzak 24 pazienterentzako lekua dauka. Joan den udan tratamendua bukatu dute hainbat lagunek, eta, orain, berriak sartzen ari dira. Normalean, itxaron-zerrenda egoten da zentro horretan tratamendua egiten sartzeko.

30 urteko ibilbideak etena izango du

Mota bateko zein besteko drogen mende dauden pertsonak artatzeko eta gizarteratzea errazteko lana du Manu-Ene egoitzak. Larrabetzun dago, eta 30 urteko ibilbide luzea dauka. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban dagoen era horretako komunitate terapeutiko publiko bakarra da —nahiz eta Osakidetzak Bizkaian dauden beste bi zentroak ere publikotzat jo daitezkeela dioen, "%100 diru publikoz finantzatuta" daudela arrazoituz—. Hori oraingoz baino ez da, ordea. Izan ere, egoitzaren kudeaketa lehiaketara atera berri dute, eta, beraz, jabe pribatu batzuen esku geratuko dela salatu dute bertako pazienteen senideek.

Kudeaketa ereduan ez ezik funtzionamenduan ere aldaketak izango direla-eta, kezkaturik daude senideak. Hain zuzen, eguneko ospitale bihurtuko dute.

Manu-Enera mendekotasunen bat dutelako jotzen dutenak, tratamenduaren lehenengo lau hilabeteetan gutxi gorabehera, astelehenetik ostiralera bitartean bertan egoten dira. Asteburuetan, etxera bidaltzen dituzte. Hala azaldu du Patxi Alicantek, bertako gizarte hezitzaileetako batek.

"Astelehenetik ostiralera, gau eta egun, hemen daude. Hala erabaki dugu gaur egungo drogazaleen eskaera eta beharrizanei erreparatuta. Gure ustez, aste barruan komunitate terapeutikoan egiten dugun lan horrek osagarri bat behar du. Izan ere, komunitate terapeutikoak ez du bakartutako espazio bat izan behar, ez du pazientea gizartetik bakartuko duen horma bat izan behar. Aitzitik, gizartearekin batera jarraipena izan behar duen parentesi bat izan behar du. Izan ere, gizartea aurrera doa, eta haiek errealitatearekin harremanetan egon behar dute. Errealitatea ez da hemen barruan gertatzen dena soilik: kanpoan ere zailtasunei aurre egin behar diete. Hori dela eta, asteburuetakoa ere lan garrantzitsua da". Hala laburbildu du Alicantek zentroaren filosofiaren ataletako bat.

Eta asteburuetako lan horretan, pazienteen familiek berebiziko garrantzia dutela deritzote bai zentroko hezitzaileak, bai bertako pazienteek eta bai senideek eurek ere. "Lehenengo etapan, senideek lagunduta daude une oro. Aurrerago, apurka autonomia maila desberdinak hartzen dituzte. Eta azken fasean, gizarteratze fasean, hain zuzen, pazienteak eurak bakarrik atera daitezke astegunetan: horietako batzuek lana bilatzen dute, lanerako ikastaroetan parte hartzen dute, helduentzako eskoletara doaz... Manu-Ene haien etxea da, eta apurka bizitza normalizatu bat egiten hasten dira, laster iritsiko den irteera egunera begira", azaldu du Alicantek.

Pazienteak eurak ere jabetzen dira familiaren garrantziaz. "Lehenbizi, laguntza eskatzen digute", azaldu du hezitzaileak. "Lagun gaitzazu hemendik barrutik", halaxe eskatzen dietela dio. "Nire familiarekiko distantzia txiki bat behar dut; haiek ere atseden hartu behar dute", onartzen omen dute pazienteek. Euren familiarekin paraleloan doan lan bat egon behar dela diote gaixoek; ez, ordea, biek batera egin beharrekoa". Hori dela eta, Alicanteren esanetan, "oso garrantzitsua da eguneko 24 orduetan hemen egotea".

Terapiak familiekin

Pazienteen senideekin ere terapiak egiten dituzte Manu-Eneko profesionalek. "Sor daitezkeen zailtasunak lantzen ditugu, eta, besteak beste, krisi egoeren aurrean zer egin behar duten azaltzen diegu. Izan ere, sarri, senideek guztiz galduta ikusten dituzte euren buruak". Terapia horiei esker, "babestuta sentitzen dira, euren arazoak entzun egiten ditugula ikusten dute eta beste familia batzuek antzeko arazoak dituztela ikusten dute. Hitz egiteko aukera ematen die horrek, negar egin, laguntza eskatu...", azaldu du Alicantek. Eta gaineratu: "Pazienteentzako eurentzako ere, familiak hor daudela jakitea eta elkarrekin lanean ari direla, motibazio estra bat da".

Esti —ez du abizenik eman gura izan— familia horietako bateko kide bat da. Neba du berak Manu-Enen. Lau hilabete bete ditu dagoeneko han. Haren ustez, "positiboa da" haien senideak asteburuetan etxera joatea. "Guk ere lagundu egiten dugun sentsazioa daukagu. Gainerakoan, hiru-lau hilabetez ingresatuta badaukate eta astean egun batez bi orduko bisita egiterik baino ez badaukagu, ezin dezakegu ezertan lagundu", deritzo.

Kortezubira edo Gordexolara

Larrabetzuko egoitza eguneko zentro bihurtuz gero, Kortezubin edo Gordexolan dauden zentroetako batera bideratu ahalko dituzte euren senideak egun Manu-Enen dituztenek. Hori azaldu diete Osakidetzatik pazienteen familiei. Hala ere, egoitza horiek darabilten funtzionamendua bere nebarentzako egokia ez izateaz gain —Gizakia elkartearen eguneko zentro bat probatu zuela azaldu du, baina ez ziola behar bezala lagundu— horietarako ere itxaron zerrendak egongo direla badakite, eta, beraz, itxaron egin beharko dutela. "Pertsona batzuei hobeto funtzionatzen diete zentro horietako terapia motak; beste batzuei, ordea, ez diete balio". Bizkaian, Larrabetzukoaz gain, Kortezubiko Etorkintza eta Gordexolako Gizakia daude. Bi zentruok fundazioak dira.

Horrez gain, eguneko zentroaren aurka ez daudela argi utzi nahi izan du. Dena den, aldaketa hori gauzatzen bada ere, "gutxienez, Manu-Enen ohe kopuru bat utz dezatela" eskatu du, "txarren daudenentzat behar-beharrezkoa delako".

Izan ere, desintoxikazio prozesuan dauden pazienteak egunero zentrotik arratsalde-iluntze aldera ateratzen badira, drogan berriro erortzeko aukera handiagoa dutela deritzo. Horrez gain, haren ustez, baliteke senide batek egunero ezin izatea ibili pazientea goizean zentrora eramaten eta arratsaldean handik batzen. Gogora ekarri du egunero atzera eta aurrera ibiltze horrek ekonomikoki dakarren gastua ere. "Gure kasuan, gainera, nebari Gizakia elkartearen zentrora bakarrik joaten hastea gogorra egin zitzaion. Egunero autobusean ibiltzea eta 19:00etan handik ateratzea arriskutsua da, oso ordu txarra delako. 'Garagardo bat hartuko dut', pentsatzen dute. Horrek beste gauza bat dakar... Gurean, behintzat, ez zuen funtzionatu", azaldu du. "Manu-Enera sartu zenean, ordea, oso ondo egon da. Bera ere pozik dago", esan du. "Eta guretzat ere oso ondo dago, tratamenduaren prozesuan laguntzen dugulako. Geuk ere tratamendua jarraitu behar dugu senideekin asteburuetan".

Manu-Ene "diziplina anitzeko talde batek eratuta dago". Hala azaldu du Patxi Alicantek. "Lan bikoitza da gurea: lan psikologikoa eta hezkuntzaren alorrekoa", zehaztu du. "Menpekotasunekin arazoak dituzten pertsonak euren arazoak lantzera datozen komunitate terapeutiko bat da gurea. Paziente berri bat sartzen denean beti galdetzen diogu: Zein da zure arazoa? Eta: 'Kokaina', edo 'alkohola' erantzuten digute. Baina ez da hala. Arazoa ez da substantzia bera; guk menpekotasun horretara bultzatzen dituzten kausak lantzen ditugu". Horixe da Manu-Ene.

1980ko hastapenen gogortasuna gogoan

Patxi Alicantek 29 urte daramatza lanean Manu-Enen. Gogoan du heroinak 1980-1990eko hamarkadetan egin zuen izugarrizko kaltea: "Oso jende marjinalak kontsumitzen zuen; klase baxuetakoak ziren, eta krisi ekonomikoak eragin handia izan zuen". Hiesaren p...

The Basque Dream

Ba gu, Japonian, antzekoak gara", esan zidan Hiromik. Eta berak zekusan antzekotasun hori ez zen harro egoteko modukoa, nire iritziz. Geure herrialdeen izaerei buruz hizketan genbiltzala, euskal gizartea eta espainiarra antzekoegiak direla bota nuen, ukitu ezkorrarekin. Haien alde txarrena baino ez dugula kopiatzen: kexatiak, alfertxoak, zuhurkeria puntu horrekin… —topiko mingarrien erabilera barkatuko didazuelakoan, kontziente bainaiz zer alde handia dagoen otorduko berbaldi hutsal baten eta argitaratuko den zutabe baten artean—.

Badakit askotan esaten dela egungo gazteria otzandua dagoela; kontua da hurkoen artean ere ikusten dudala: helburu nagusi gisa bizi osorako lanpostu finko eta segurua; funtzionarioa izatera iristea, askotan. Eta ez da, berez, gauza txarra. Baina horri gehitzen badiogu tailerra duen lagun mekanikariak BEZa kobratu gabe azpitik jasotzen dizula dirua (eta zuk onartu); eta beste lagun bat duzula egokitzen ez zaion diru laguntza jasotzearren trikimailutan dabilela; eta… Ez dakit ba; nik honi guztiari gorago aipatutako xuhur kiratsa antzematen diot. Eta ez da gizarte guztia horrelakoa, baina neurea izateagatik zaizkit are mingarriagoak jokaera horiek.

Hiromik harritu ninduen esatean Japonian ere jende gehienak funtzionarioa izan nahi duela. Herri langile eta arduratsutzat nuen japoniarra, eta hori ez dut bateragarri ikusten Estatu-babeslearen soldataren zain egotearekin. Eta segituan Ameriketako Estatu Batuetako lagun baten adibidea bururatu zitzaidan: Jonathanena. Coloradokoa bera, unibertsitateko bigarren urtean zegoela, karrera osteko masterra pagatu ahal izateko okindegi txiki bat sortzea deliberatu zuen. Labea eta lokala alokatu, ogiaren prozesua ikasi, eta han ibili zen, urte pare batez, goizeko ordu txikietan gora, ogia egin, auzokideei saldu eta gero klasera. Esfortzuaren esfortzuaz lortu zuen dirua eta, behin ikasketak amaituta, Gasteizera bidaiatu zuen nahi zuen masterra egiteko. AEBak ez dira eredugarri ongizate-estatuaren ikuspegitik, eta halabeharrez ikasi dute hangotarrek babak eltzetik ateratzen. Sam Osaba ez dute beti hor. Horrek borrokalari bihurtu ditu, eta hortik zerbait ikas dezakegula uste dut, Jonathanena ez baita kasu bakarra.

"The American Dream", esan zidan Hiromik. Eta zein litzateke "The Basque Dream"? Independentzia? Horretarako euskal gizarteak beste jarrera bat behar duelakoan nago. "Agirretarrak zer garen / esango dut hirugarren / zutik ipintzen saiatzen gara erori arren", kantatzen zuen Oskorrik. Baina gaur egun jarrera horretatik ala estatu-babesletzulotik gaude parajeago? Indarra, kuraia eta aterpetik kanpo bizitzeko moduko jarrera behar dugu. Amerikar askok (halabeharrez) badutena. Barrak eta izarrak… eta gu, oraingoz, izarren hautsa.