Plaza, gero eta beteago

Ez da garai txarra bertsolaritzak Bizkaian duen presentzia neurtzeko. Izan ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan erabat murgilduta daude uneotan bertsolariak, hango eta hemengo kanporaketetan lehiatuz. Bertso saioak jai gehienetan izaten dira; bertso afariak ere edozein motatako ospakizunetarako prestatzen dira... Bertsolaritzak presentzia nabarmena du herrialdean.

Ezustekoren bat edo beste aurkituko dute, ordea, askok. Enkarterrin bertsolaritzak gora egin du, baina Arratia eskualde euskaldunean beherakada garaia dutela aurkitzea ez da, gutxienez, espero zitekeena. Han-hemenkako gorabehera horiek azaltzeko, zertzelada batzuk eman dituzte inguru horietako errealitatea bertatik bertara ezagutzen duten bertso eskolek.

Getxo

Osasuntsu eusten dio

2005ean BECen egin zen txapelketa nagusiko finalak bertsolaritzaren iraganaren eta orainaldiaren artean mugarri bat ezarri zuela deritzo Algortako Bertsolari Eskolako (Albe) kide Nahikari Ayok. Ekitaldi haren ostean "boom antzeko bat egon zen", esan du. Horrez gain, hezkuntza arautuan bertso eskolak emateak ere "fruituak eman dituela" deritzo, horri esker "gazte asko" joan baitira saioetara. Bestalde, bertsolaritza moda kontua ez dela dioenik badagoen arren, Ayok baietz deritzo. Eta, itxuraz, Algorta (Getxo) aldean, modan dago zeharo.

1980ko hamarkadan sortu zen Albe, eta orduz geroztik gauzak asko aldatu direla esan du bertako kideak. "Lehen, jende gutxi batzen zen saioetan. Gaur egun, ordea, umeak, gazteak, gurasoak, euskaldun berriak, euskaldun zaharrak... denetarik elkartzen dira. Ezinezkoa zen hura egia bihurtu da", ondorioztatu du.

Bizkaian sortu ziren bertso eskolen artean "lehenengoetarikoa izan zen" Albe. 1981ean eman zituen lehen pausoak. Hasiera hartan, talde bakarra zegoen, eta txiki zein heldu, guztiak batera elkartzen ziren. Gaur egun, umeen taldeak, gazteen taldeak, bat-bateko taldea eta hasiberrien taldea dituzte. Azken urteetan, beraz, "asko egin dute gora" bertso eskoletara doazenek.

Bertsolaritza munduan murgiltzen direnen kopuruak ez ezik zaleen euren kopuruak ere gora egin duela dio Ayok. "Igoera nabarmena" izan da, haren esanetan. "Gero eta jende gehiago joaten da. Ez da inporta bertso poteoa izan, bertso trama, jaietako saioa edo jaialdia. Bertsolariek badakite zalearen berotasun hori ez zaiela faltako".

2003an hasi zen Albe Getxoko ikastetxeetan, hezkuntza arautuan, bertsolaritza eskolak ematen. Handik lau urtera, Leioan ere ekin zioten. Horrek ere bertsolaritzaren mundura gaztetxo asko erakarri dituela dio Ayok. Gazte horiek, "bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza" jasotzeaz gain, "ahozko adierazpena hobetzen" dutela esan du. "Hitzekin jolasten dira, baina ia konturatu ere egin gabe, eta horrek euskara maila hobetzea ekartzen du. Lotsa galtzen da; jendaurrean abestu behar dute. Gure kulturaren zati bat ezagutzen dute, eta garrantzitsuena: ondo pasatzen dute".

Bertsolaritzaren munduari, bestalde, "freskura" eman diote gazteek. "Orain urte batzuk, bertsolaritza nagusien mundua zen; oso gazte gutxi zeuden". Gaur egun, ordea, gazteek, "musika kontzertu batera doazen moduan, bertso saioetara joateko planak egiten dituzte", azaldu du. Beraz, "gazteen arazoak bertsotan ere lantzen dira, haientzako saioak egiten dira". Horrez gain, euskararen erabilera bultzatzeko oso erabilgarritzat jo du bertsolaritza. "Gure eskualdean bertsoa euskaraz bizitzeko aitzakia bat izan da, oasi baten parekoa", esan du.

Getxo inguruan, beraz, bertsolaritza "oso osasuntsu" dagoela ondorioztatu du. "Bertso eskolan inoizko jende gehien dago: bertsotan, saioak antolatzen, eskolak ematen, zaleen kopurua... Oso talde indartsua daukagu atzetik". Hezkuntza arautuan 600 ikasle ingururi ematen dizkiete eskolak. Zenbaki horiek guztiak "poztekoak" direla deritzo: "Urte askotako lana fruituak ematen dabil etengabe", adierazi du. Eta Bizkaia osotasunean hartuta "eskualde bakoitza mundu bat" dela aitortu arren, oro har bertsoa "osasuntsu" dagoela azaldu du.

Zornotza

"Sano" hobetu den herria

Osasun onaren beste adibide bat Durangaldean dago, Zornotzan. Kopuruei dagokienez, gorakada horren nabarmena ez izan arren, egon egon da. Zornotzako bertso eskolako kide eta gazteen irakaslea da Xabier Irakulis. "Bertso eskola sortu genuenetik, duela sei urte inguru, gorakadatxoa nabari dugu. Hain zuzen, gu hasi ginenetik, kopurua hirukoiztu egin da", esan du.

Bertso eskolaren eboluzioan etenaldia jasandakoak dira Zornotzan. Hain zuzen, hamabost urtean bertso eskolarik gabe egon ziren. "Bertan buru-belarri zebilena erdi bakarrik geratu zen, eta atzetik ez zuen oinordekorik izan", azaldu du. Ikastolan Jon Lopategirekin eskolak jaso zituzten hiru-lau lagunek, tartean Irakulisek berak, baina, bertsozaletasunak gehiagotara bultzatu zituen, eta aurreko bertso eskolan ibilitakoarekin hitz egin, Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin harremanetan jarri, eta lanean hasi ziren.

"Lau baino ez ginen hasi, eta gaur egun helduen bertso eskola ere badaukagu", esan du Irakulisek. Zortzi bertsolari inguru dabiltza bertan. Eta gaztetxoak, bestalde, lauzpabost dira.

Ikastetxeetan ere bertsolaritzari buruzko eskolak ematen dituzte. "12-13 urteko gaztetxoei ematen dizkiegu. Eta ikastetxeetako eskolok bukatuta, bertso eskoletara bideratzen ditugu gazteak", azaldu du. Hala ere, "adin konprometitu bat" dela ekarri du gogora. "Garai horretan hasten dira erabakitzen nora mugitu, eta, egia esan, gure herrian zulotxo bat dagoela ikusten dugu. Izan ere, duela lau urte gurekin hasi ziren gaztetxoak dagoeneko ez dira horren gaztetxoak, eta 13 edo 14 urteko jenderik ez daukagu". Hezkuntza arautuan bertso eskolak emateko daukaten aukerarekin pozik azaldu da. Hala ere, zaletasun hori "eskolatik herrira" zabaltzen saiatu behar dutela dio.

Eta zergatik ez hasi hezkuntza arautuan bertsolaritza eskolak ikasleak gazteago direnean? Zornotzako bertso eskolako kideak azalpen argia emanez erantzun du ezetz: batetik, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen proiektua 13 eta 14 urteko gazteei begira dagoelako. Zentzuzko arrazoi bat ere badago horren atzetik. Hain zuzen, ikusi dute adin horretan hasten direla gazteak euren burua gehiago garatzen. "Txikiagoak direnean, aisialdi eta jolas gehiago behar dituzte".

Gazteei bertsolaritzak dakarzkien onurei buruz ere egin du berba Irakulisek: "Gure kulturaren parte garrantzitsua den zerbaitetan jakituria ematen die, baita horrek dakarren aberastasuna ere. Horrez gain, euren herrietatik kanpoko hainbat ume ezagutuko dituzte. Hizkuntza eta alor pertsonalaren aldeetatik, onura handiak dakartza. Ni, hasi nintzenetik gaur egunera arte, asko aberastu naiz bertsolaritzari esker", aitortu du.

Oro har, bertsolaritzaren egoera Zornotzan "sano hobetu da", haren esanetan. "Guk, gainera, Bizkai osoan ematen dugu bertsolaritza hezkuntza arautuan. Duela hamar bat urte horrelakorik ez zen egiten. Gaur egun, aldiz, milaka ume dauzkagu bertsolaritza ikasten. Gauden garaia kontuan hartuta, gainera, ikasle kopurua ez da ari jaisten; eutsi egiten diogu".

Horrez gain, azken bertso txapelketek izan duten jarraitzaile kopurua ere aipagarria iruditu zaio. "Euskal Herriko zein Bizkaiko bertsolari txapelketak jarraitu dituzten pertsona guztiak edo laguntzen aritu direnak... Kopuru horiek ez daukate zerikusirik duela hamar urtekoekin. Gero eta jende gehiago dago, eta gero eta beteago ikusten dugu plaza".

Horren adibide gisa Balmasedan urriaren 14an Bizkaiko txapelketaren barruan egin zen kanporaketa aipatu du. "Plaza beteta zegoen, jendeak erantzun egin zuen, umeak zeuden entzuten... Era horretako eremuetan bertsozaleen erantzun hori ikustea poztekoa da. Gizartea, beharbada, ez dago egoera onean, baina bertsolaritza bai, badoa gorantz", ondorioztatu du.

Enkarterri

Bertsolaritza jaioberri

Zalantzarik gabe, Enkarterrin gorakada nabarmena izan du bertsolaritzak. Hala baieztatu du Zallako bertso eskolako irakasle Aitor Arrutiak. "Azken lauzpabost urteetan gora egin du; bai bat-bateko taldeetara eta bertso eskolara joaten diren gazteei dagokienez, baita ikusleei dagokienez ere". Arrazoia "transmisioan egin den lana" izan daiteke.

Lau bertso eskola dituzte eskualdean: Gordexolan, Zallan, Sopuertan eta Balmasedan. Gordexola, Sopuerta eta Balmasedakoak bat-bateko eskolak dira. Zallakoa bertso eskola da.

Euskara gutxiago zabalduta dagoen eskualde batean bertsolaritzak goraka egitea nabarmen aipagarria da. Hala ere, Arrutiaren esanetan, "bertso eskolara datozenak sarri euskara lantzen delako etorri ohi dira".

Bestalde, are erdaldunagoak diren eskualdeetan ere bertsolaritzak gora egin duela ekarri du gogora. Besteak beste, Ezkerraldea aipatu du, eurekin alderatuta "berdintsu" dabilela gaineratuta. "Euskaltegira hurbiltzen den jendeak euskararekiko lotura handiagoa izateko modutzat ikusten du bertsolaritza". Izan ere, "bertsoak ez dauka tradiziorik hemen. Gaztetxoen gurasoek ez dakite gauza askorik bertsolaritzari buruz, eta aiton-amonek, are gutxiago".

Beraz, "ohitura falta" litzateke Enkarterrin aurre egin behar dioten arazorik zailena. "Hemen ez da egon bertso saioetara joateko ohiturarik. Egia da azken hamar urteetan bertso afariak eta saioak antolatu direla, baina ez da saioetara joateko ohitura hori egon, Gernikan edo Durangon, esaterako, egon izan den bezala".

Euskararekiko ikuspuntua aldatzeko modu bat izan da bertsolaritza, Arrutiaren ustez. Izan ere, "euskara eskolan egiten den edo lanerako eskatzen dizuten hizkuntza moduan ikusten dute askok. Bertsolaritzari esker, ordea, umeek, batez ere, ikusi dute ez dela eskolako kontu bat soilik; eskolatik kanpo erabil daitekeela eta erabiltzen dela baizik".

Arratia

Belaunaldi arteko lotura falta

Arratian, ostera, kontrakoa gertatzen da. Eskualde euskalduna izan arren, bertsolaritza etenaldian dago. Hala azaldu du Iñaki Iturriotz bertsolariak. "Arratian, bere garaian, apurketa bat gertatu zen. Gu sartu ginenean, gure aurretik zegoen belaunaldiak bat-batean utzi egin zuen bertsolaritza", ekarri du gogora. "Belaunaldien arteko lotura" sumatu du faltan bertsolariak bere eskualdean. "Beste leku batzuetan modu naturalean eman den lotura hori gurean ez da izan, eta, ondorioz, apurketa bat gertatu zen", ekarri du gogora.

Gaur egun gazteak bertsolaritzan badabiltzan arren bertso eskola gisa ez dutela funtzionatzen adierazi du. "Gune batzuk badauzkagu. Diman, esaterako, badaude bertsozaleak. Bertsozale aktiboak dira, gainera, antolaketa lanetan-eta aritzen direnak. Zeanurin ere badaude, baita Igorren ere. Ez dugu lortzen, ordea, denak elkartzea".

Lehiaketei erreparatzea besterik ez dagoela uste du Iturriotzek, bertsolaritzak eskualdean duen egoeraren berri izateko: "Bizkaiko txapelketan Arratiatik ni neu baino ez nabil. Duela urte batzuk, hiruzpalau, gutxienez, ibili izan gara. Orain, bakarra".

Bertsolaritzak gazteen artean ez dauka beste lekuetan duen arrakasta. "Bakoitzak bere bizimoduan bertsoari, itxuraz, dagoeneko ez dio garrantzirik ematen edo beste lehentasun batzuk ezartzen ditu", esan du. Gazteak bertsozaleak badirela deritzo, "baina hamar minuturako besterik ez".

Hezkuntza arautuan eskolak ematen dituzte. "Hala ere, plazarako bidea urrun dago oraindik", adierazi du. "Plazarako saltoa ematea kosta egiten da. Hezkuntza arautuko eskoletatik hiruzpalau gaztek bertsolaritza hautatzea zaila da, eta gero gazte horiek bertso eskolara salto egitea, are zailagoa. Zubi lan horretan huts egin dugu, eta autokritika egin behar dugu", uste du.

Lemoa, Igorre, Zeanuri, Artea eta Areatzako ikastetxeetan ematen dituzte bertso eskolak. Diman, bestalde, euren kontura ematen dituzte. "Ibili, beraz, bagabiltza. Hala ere, gaztetxoek bertsolaritza, futbola edo pilota, esaterako, aukeratu behar duten unean, bertsolaritza alde batera uzten dute".

Iturriotzen ustez, arazoa ez da moda kontua. "Moda baino, erreferenteei lotutako kontua dela esango nuke nik. Arratian ez dago goi mailan dabilen bertsolaririk. Beste leku batzuetan badira kasuak. Nire ustez, Arratiak bere garaian eman zuen gorena, eta orain herentzian jasotakotik ari gara. Herentzia hori, baina, amaitzen ari da dagoeneko", ondorioztatu du, penatuta.

BIZKAIKO ERREGOSI ONENAREN BILA

Domekan bukatu ziren Lemoizen San Tomas jaiak. Bezperan, zapatuz, Bizkaiko Sukalki Txapelketa jokatu zen, portu inguruan. Aurtengoa norgehiagokaren 10. ekitaldia izan zen. Eguraldiak lar lagundu ez zuen arren, herrialde historiko osoko ehun kazola ...

Bizkaiko txapelketako bi kanporaketa bihar eta etzi

Txapelketako bi kanporaketa izango dira asteburuan. Mungian, bihar, Fredi Paia, Ander Elortegi, Iñaki Iturriotz, Malen Amenabar, Peru Vidal eta Txaber Ormazabal ariko dira bertsotan. Etzi, Sopelan, Ekaitz Larrazabal, Igor Elortza, Garikoitz Sarriugarte, Gorka Lazkano, Joseba Artza eta Nerea Ibarzabal.