Esnearen saria abendura aurreratu du foru aldundiak

Bizkaiko esne ekoizleek nekazaritza politika bateratuaren bidez datorren urtean jaso beharreko diru laguntzaren zati bat datorren hilera aurreratzea erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak. Guztira, 500.000 euro dira. Hala, laguntzen %80 orain ordainduko zaizkie, eta beste %20, zegokienean —ekaina—.

Enkarterrialderen Udaltruke, Conama sarietan hautagai

Enkarterrialdeko kide diren udalen artean ondasunak doan trukatzeko plataforma da Udaltruke. Harekin, dirua aurreztea eta berrerabilpena sustatzea lortu gura izan dute. Conama saria lortzeko hautagaia da —udalerri txiki eta ertainen iraunkortasunerako sari bat—. Azaro bukaeran banatuko dira, Madrilen.

Denborak partekatu

Txakur batek erakutsi dit denboraren balioa. Lagun dauka izena. Izekok, istripu baten ondorioz, txakurra kalera atera ezin zuela-eta neu hasi nintzen afalaurreko paseoak berarekin ematen, herriko landa guneetara eramanda, beste txakurrekin jolas zedin.

Betebeharra hainbat afiziorekin hasi nintzen osatzen, eramangarriagoa egiteko zelanbait: iPod-arekin musika entzun, lagunekin Whatsapp bidez berba egin, sakelakotik Facebook eta posta elektronikoa begiratu… Eta Lagun, tiraka; eta tupustean gelditu. Eta bi buelta zuhaixka horri, eta segi… baina ez! Atzera ere, zerbait utzi du usaindu barik hor. Eta nik, kaguenla!

Baina nor naiz ni kaguenla-ka ibiltzeko Lagun-en aisialdian? Ez da nire denbora, berea da. Bere momentua da. Eta nirekin dago, eta nik berarekin behar nuke, ez aurrean ez ditudanekin ziber-harremanetan. Beti gabiltza denbora bete nahian: gauza bi batera egin baditzakegu askoz hobe. Eta hiru? Uf, hori demasa litzateke! Sinetsita gaude. Errotu digute sineskeria hori eta erratu gaituzte; erre baino ez dugu egiten denbora horrela, eta denbora da dugun ondasun bakarra. Geure esku dago horrekin zer egin.

Oihana lagunak idatzi zuen ipuin bat behin, non protagonista gazteak mendi bizikleta berria jasotzen zuen urtebetetzeagatik. Opariagatik eskerrak dagoeneko pedalei eragiten ziela eman zizkien gurasoei, etxeko atetik ateratzen ari zela: "Aguraitamamilaeskermaitezaituztetagur!". Mendi puntara igo zen gure neskatxa eta abiadura bizian hasi zen maldan behera; hain arin zihoan, ezen ilea ere urdintzen hasi zitzaion, eta azala zimurtzen, eta hezurrak uzkurtzen. Etxera heldu zenerako, mendi puntan hamalau urte zituen neskatxa ipurtarinak bere hil kapera ikusi zuen. Bera —atso zahar hilberria— zegoen hilkutxa barruan, eta inguruan seme-alabak eta bilobak. Minutu erdian erre zuen laurogei urteko bizitza.

Askotan datorkit burura Oihanaren ipuineko neskatxa, ordu berean hamar gehi bat plan egin gura ditudanean. Antza, horrela hobeto profitatuko dut denbora. Aprobetxatu ez dakit, baina zukutu bai, ihartu arte ustiatu bai. Eta ez naiz kontziente horrela zimeldu baino ez zaidala egiten nire ondasun bakarra. Ipuineko neskatxaren bizitza legetxe.

Orain Lagun ateratzen dudanean etxeko giltzak baino ez daramazkit sakelean. Bueno, eta bere gaileta gustukoenak ere bai. Sentsazioa daukat orain kasu gehiago egiten didala; azken batean neuk ere egiten diot jaramon handiagoa berari. Batera ateratzen ginen lehen, eta orain elkarrekin. Alde handia dago: orain geure denborak partekatzen ditugulako.

34

Orozkon aurkitutako XIII. mendeko harrizko jaurtigaiak. Orozkoko Untzumeta gazteluaren hondarren artean, XIII. mendean gazteluaren setioan jaurtitako katapulten 34 harrizko proiektil aurkitu dituzte. Espeleo Takomano taldeak egin du aurkikuntza hori.