Emakumeen lanaren erakusleihoa

Emakumeak, hitza eta bizitza. Hala du izena datorren urtarrilaren 10era bitartean Bilboko Ondare aretoan ikusgai egongo den erakusketak. Emakume Abertzale Batza taldearen 90. urteurrenaren harira antolatu dute.

Baina zer da Emakume Abertzale Batza? 1922. urtean sortu zuten Bilbon, eta Eusko Alderdi Jeltzaleko emakumeen elkartea izan zen. Asier Madarieta Bizkaiko foru museoen kudeaketarako erakundearen arduradunak azaldu eran, taldearen sorreran eragin handia izan zuen Irlandako talde batek, Cumann na mBan (Emakumeen Liga) deituak. "Irlandatik Ambrosio Martin O'Daly politikaria hitzaldia egitera etorri zen Bilbora, eta Irlandako emakumeen egoera azaldu zuen. Horixe hartzen da EAB sortzeko puntu gisa. Elkarte horren gainean aipatutakoak, piztu zuen Euskal Herrian EAB sortzeko asmoa".

Denetariko emakumez osaturiko taldea zen EAB. Gehienak EAJko kideak ziren, baina alderdiko kideak eta egitura bera ere nahiko heterogeneoa ziren. Madarietak dioenez, bazeuden emakume aberatsak, eta baita diru askorik ez zutenak ere. Adinari dagokionez, "mitinetan eta irakaskuntzan ibiltzen zirenak 20 eta 30 urte artekoak ziren arren, 40 urtetik gorako emakumeak ere bazeuden".

"Erantzun modura sortu zen EAB". 1922an jaio zen, baina gero, Primo de Riveraren diktadurarekin erakundea galarazita geratu zen. 1930eko hamarkadan, Errepublika garaian, berpiztu egin zen. Garai hartan, emakumeek boto eskubidea lortu zuten; Madarietak esan bezala, nolabait emakumea "plazara" ateratzen da. "Nahiz eta EAJren barruan mugitu, eta euren lana nahiko mugatua izan, emakumeek argi jokatu zutela ikusi izan dugu". EABko emakumeek horretaz konturatuta zirrikitu horiek aprobetxatu zituzten; hartara, euskal emakume abertzaleak plazaratzea lortzeko eta aukera bat emateko. Irakaskuntzan, batez ere. "Garrantzi handia zuen euren soldatak izatea, gero horrek beste ahalmen batzuk ematen zizkielako, baita beste hainbat esparrutan protagonismoa hartzea ere, literaturan eta mitinetan, esaterako". EABk gizarte ekintzan, irakaskuntzan eta politikagintzan egin zuen lan. Betiere helburua andreak euskal abertzaletasunera erakarri eta ikuspuntu horretatik lan egitea izanik.

Hego Euskal Herrian 1937ra arte egon zen aktibo taldea, gerra amaitu zen arte. Gero, erbestera alde egin zuten kideetako askok, eta erbestean eta Ipar Euskal Herrian egon ziren, eta taldearen lanari eutsi. Hegoaldetik joandako umeentzako koloniak sortu zituzten: Donibane Garazin, esaterako. Ipar Euskal Herrian mantentzen da irakaskuntza eta gizarte ekintza, Hegoaldean preso zeudenentzako dirua lortzen, eta abar. Garai hartan, EABk oraindik egitura batzuk mantentzen zituen. Debekua zela eta, beste batzuk desegin egin zituzten.

Emakume askok Ameriketara alde egin zuten. 1980ko hamarkadan, oraindik Venezuelan, Argentinan eta Caracasen, esaterako, mantentzen zituzten EABko egiturak. Hala ere, kulturgintza, gizarte ekintza, irakaskuntza —Euskal Etxeetan euskara eskolak ematen— esparruetan mugitzen ziren, batez ere. Madarietaren esanetan, ez da erraza taldearen lana noiz bukatu zen zehaztea, "gai zalantzazkoa da hori, berez desagertuz joan zen".

Egindako lanaren testigantza

Erakusketan emakume horien lana islatzen dela dio Madarietak. Argazkiak, agiriak, EABk erabiltzen zituen banderak... Hiru gunetan banatuta dagoela azaldu du. Lehenengoan, idatzi zein bideo bitartez, EABren ikuspegi orokor bat eta kide batzuen testigantzak jaso dituzte. Bigarrenean, lan politikoa eta hezkuntzan egindako lana azaltzen dute. Eta hirugarrenean, azkenik, erresistentzia eta erbesteratzea.

"Guztia da ikusgarria". Baina, zer edo zer nabarmentzearren, gutun bat aukeratu du Madarietak. Luis Alava espioitza sarea Francoren garaiko erresistentzia sarea zen, eta bertan EABko hiru emakume zeuden sartuta: Teresa Verdes, Itziar Mujika eta Bittori Etxebarria. Hirurak espetxean zeuden, Luis Alavari ezarritako heriotza zigorraren berri eduki zutenean. Orduan, eskutitz bat idatzi zioten, fusilatuko zutela zekitela eta euren laguntasuna eta eskerrak emanez harekin egin zuten lanagatik. "Hunkigarria eta adierazgarria da oso. Karta horren zati bat dago ikusgai erakusketan, originala".

'EMAKUMEAK, HITZA ETA BIZITZA' ERAKUSKETA

Non. Bilboko Ondare aretoan.

Noiz. Urtarrilaren 10 arte.

Euskaraz, eder eta moderno

Bigarren Gerra Karlista amaitu ondoren, Hego Euskal Herria berezko erakunderik gabe geratu zen, eta krisi sasoi latza sufritu zuen. Gainera, Bilboko itsasadarraren ezkerraldean meategiak ustiatzen hastearekin bat, Espainiatik beharginen immigrazioa hasi zen. "Karlistaden ostean pizkundea barik kontrakoa egon zen. Herria lur jota geratu zen: foruak galdu ditugu, eta hizkuntza ere badoakigu. Momentu horretan sortu zen Bizkaiaren burujabetzaren aldarrikapena, gerora beste herrialdeetara zabalduko zena". Kultur mugimendua aldarrikapen politiko horiei lotuta sortu zela dio Ander Manterolak. Alegia, hori izan zen Euskal Pizkundearen jaiotza eragin zuen testuingurua. Labayru ikastegiko zuzendari izandakoa da. "Lehenengotan, mugimendu politikoa oso txikia zen. 1916 eta 1918 artean hartu zuen indarra", dio.

Loraldi hark herrialde historikoan izan zuen eragina, eta bilakaera aztertu du Labayruk, Euskal Pizkundea Bizkaian izeneko dokumentalean. Testuinguru politikoari begirik kendu barik, kulturan izandako sormen aberatsari erreparatu diote. "Ahaztuta ez bada, erdi lausoan dagoen hori guztia berreskuratzea da asmoa. Bultzatzaile handienetakoa Jose Ariztimuño Aitzol izan zen, haren Euskaltzaleak Bazkuna eta haren inguruan sortutako mugimendu literarioa. Bizkaian ere, bere apalean, mende hasieran Azkuek eta Kirikiñok ereindako haziari esker, berpizte horrek landare berriak eman zituen. Lauaxeta izan zen gure izarretariko bat", azaldu du Adolfo Arejita euskaltzain eta Labayruko egungo zuzendariak.

Aitzolek poetak zituen herriaren kontzientzia piztearen arduraduntzat, poesia zuelako kulturaren oinarrian jarria. Estepan Urkiaga Lauaxeta bizkaitarra, bada, horren adibiderik argienetakoa izan zen. Idazle ez ezik, kazetari eta politikari ere ibili zen. Ezin dira haren alderdi literarioa eta politikoa bereizi.

Andreen artean Errose Buztintza Mañariko eta Sorne Unzueta Urtasus izan ziren aipagarrienetakoak. Mañarikok Euzkadi egunkarian idazten zuen: herriko kontakizunak, tradizio kontuak eta berriak. Urtasus, berriz, irakaslea zen auzo eskoletan. Labayru ikastegiko Igone Etxebarriak dio, prosa ere idatzi zuen arren, bereziki poesian aritu zela. "Bere literaturara eraman zuen irakasle eta abertzale izaera. Bere idatzietan asko agertzen da ekintzaile izaera. Alde batetik, emakumeak balioen transmisoreak direla dio, baina, bestetik, orduko andreei gizartera irten eta ekintzaile izateko dei egiten die. Bi era horietako mezuak agertzen dira bere idatzietan". Estilo aldetik bere denborako beste idazleen ezaugarriak dituela nabarmendu du Etxebarriak: bai hizkuntza literario aldetik irudiak sortzeko moduan, bai hizkuntza aldetik Sabino Aranaren jarraitzaile finenetakoa izanik.

Euskal Pizkundea mugimendu globala izan zen, bizitzako arlo guztiak hartzen zituena, hilda edo lo dagoen herri baten piztuera. Politikan, literaturan, arkitekturan, musikan... Denean izan zuen eragina. Kultura arloan aldizkariak han eta hemen sortu ziren, edozein gairi buruzkoak: nekazaritza, pilota, fedea... "Hemen Bizkaitarra sortu zen lehenengo. Gipuzkoarra ere bai, baina bizitza laburragoa izan zuen. Arabarrak ere laburragoa. Napartarra ere izan zen. Gero, horiek batu eta Euzkadi sortu zen, abertzaletasunaren egunkaria", gogoratu du Manterolak. Ideologia bakoitzak berea zuen. Abadeek, kasurako, Yaungoiko-zale argitaratzeari ekin zioten. "Seminario nagusia Gasteizen zegoen. Han sortu zen beste mugimendu bat, Jose Migel Barandiaranen inguruan. Manuel Lekuonak euskarari eman zion, Barandiaranek etnografiari. Gutxi ziren, baina taldetxoa sortu zuten. Kardaberaz Bazkuna, adibidez, literaturan".

Kulturak, bada, sekulako susperraldia izan zuen. Herri gehienetan antzerki taldeak sortu ziren, eta antzezpen ugari egiten ziren. Hala ere, mugarria Euskal Ikaskuntzen Lehen Kongresuak ezarri zuen. 1918an egin zen, Oñatin. Oso garrantzitsua izan zela dio Etxebarriak. "Hortik sortu zen Eusko Ikaskuntza, eta haren haritik, hizkuntza alorrean Euskaltzaindia". Euskal unibertsitate publikoarekin amesten zuten, euskal kultura indartzeko eta gazteek kanpora joan behar ez izateko. Abertzaleak Bizkaiko Diputaziora iritsi zirenean auzo eskolen sarea sortu zuten, umeak alfabetatu eta euskalduntzeko. Irakasleak euskaraz irakasteko trebatu behar izan zituzten, eta euskarazko liburuak eta materialak sortu.

Arkitekturara ere iritsi zen eragin hori. Estilo eklektikoko eraikinak ordukoak dira. Bilboko Kale Nagusiko Smith arkitektoaren Indatzu Goikoa, Indatzu Bekoa eta Indatzu Erdikoa dira horren adibide. Atzerrian sasoi hartan egiten zirenen antzekoak dira, euskalduntasunera egokituta. Hau da, beste herrialdeetako joerak ondo ezagutzen zituzten. "Frantzian, Alemanian, Ingalaterran zeuden mugimenduekin harremanak zituzten. Ez zituzten gauzak euskaraz egin nahi bakarrik. Euskaraz eta eder sortu nahi zuten, modernoak ziren", ohartarazi du Manterolak.