Kortezubin kale-argiak aldatzen ari dira

Kortezubiko Udala herriko argiztapen sistema berritzen ari da. Udalak jakinarazi du energia aurreztea eta argi kutsadura saihestea dela helburua. Hori dela eta, kale-argi gehienak —200 inguru— Microled Plus teknologiadun beste batzuengatik ordezkatzen ari dira. Kale-argi berriei esker, 27,02 kWeko energia aurreztea espero dute. Urtean 17.080 euro aurreztuko dituztela azaldu dute; %75, hain zuzen. Berrizen ere, beste herri batzuetan egin duten antzera, joan den ekainean aldatu zituzten kaleko argiak. Olakueta inguruan egin zituzten aldaketak. Horri esker, urtean 6.500 euro gutxiago gastatuko dituztela aurreikusi dute eta energiaren %40 aurreztuko dute.

Lore Jokoen historiaren lekuko

Mungiako Udaleko erakusketa aretoan Anton Abbadiaren Lore Jokoetako afixak erakusketa dago. Lore Jokoen historia biltzen duten hemeretzi argitalpen dira. Hendaiako Abadia gaztelutik ekarri zituzten urrian, eta abenduaren 3ra arte egongo dira ikusgai jarrita.

Hendaian, 2011ko apirilean omendu zuten Anton Abbadia, eta omenaldi horretarako egin zituzten faximilak —originalen kopiak— dira. Izan ere, argitalpen originalak Parisko Liburutegi Nazionalean daude.

Mirenbe Bilbao Mungiako Udaleko Kultura zinegotziaren berbetan, aurtengo Lore Jokoen jaia prestatzen zebiltzala pentsatu zuten erakusketa hau antolatzea. "Orduan, Hendaiako Udalekoekin adostu genuen afixak ekartzea", azaldu du. Bilbaok zehaztu du afixak gaztelutik ateratzen dituzten lehen aldia izan dela.

2005ean hasi ziren Mungian Lore Jokoak antolatzen; Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrenean, hain zuzen. Ordutik, urtero, gai historikoren bati buruzko antzezpena egin dute mungiarrek. Aurtengoa urriko azken domekan egin zuten, eta garai bateko Lore Jokoak antzeztu zituzten. Abesbatzen lehiaketa, bertsolariak, dantza txapelketa, poesia, antzerkia... Hainbat ekitalditan parte hartu zuten herritarrek.

2012an Mungiako Udalak Euskal Pizkundea osatzen zuen belaunaldiaren omenez antolatu duen programaren barruan egin dute. Belaunaldi horretakoa izan zen Lauaxeta "herriko semea" ere; eta guztiek euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana omendu nahi izan dute.

Garai batekoak eta egungoak

Iragana eta oraina bildu dituzte erakusketan. Izan ere, Hendaiatik ekarritako argitalpenekin batera, azken urteetako zortzi kartelak daude bertan. Baita egun horretarako egiten dituzten fikziozko egunkariak ere. 100 urte atzera egin eta asmaturiko albistez eginiko egunkariak dira.

1851. urtean Urruñan (Lapurdi) Anton Abbadiak antolaturiko lehenengo Lore Jokoetatik, egungoetara; ibilbide hori egiten du erakusketan bisitariak. "Ordena kronologikoan antolatu ditugu" azaldu du Kultura zinegotziak.

Baigorriko (Nafarroa Beherea) 1857.urteko kartela, Saran (Lapurdi) 1864.urtean egindakoa, Berako (Nafarroa) 1895.urtekoa eta Azkainen (Lapurdi) 1900. urtean egin ziren Lore Jokoena, besteak beste. Tartean dago, esaterako, Hego Euskal Herrian egindako lehenengo Lore Jokoen kartela. Hain zuzen ere, Elizondon (Nafarroa) izan zen, 1879. urtean.

Era berean, aretoan badaude data jakinik gabeko afixak ere; Markinan eta Iurretan egindako jaienak, besteak beste. Alabaina, badakite hemeretzi argitalpenak XIX. mende erdialdetik XX. mende hasiera bitartekoak direla.

Anton Abbadiaren Lore Jokoetako afixak erakusketa garaian garaiko eta tokian tokiko hizkeraren erakusgarri da, Bilbaok dioenez: "Egun euskaraz idazten dugun bezala idatzita egon ez arren, oso ondo ulertzen dira". Halaber, tokiko euskalkian idatzita ageri dira; Euskal Jaiak, Euskal Festak edota Euskal Bestak gisa iragartzen zituzten. Bestalde, batzuk euskera hutsean daude; beste batzuetan, berriz, gaztelaniazko edota frantsezezko berbak ere ageri dira. Fiestas euskaraz edo Pais basque eta antzeko berbak.

Bestalde, XIX.mende amaierako eta XX.mende hasierako gizartearen isla ere badira kartelak. Izan ere, emakumeen eta gizonezkoen desberdintasuna nabaria da. Mungiako Udaleko Kultura zinegotziaren berbetan, emakumeentzako sariak gizonezkoenak baino "apalagoak" ziren.

Bitxikeriak ere ez dira falta afixetan. Horren adibide da 1886.urtean Urnietan egin ziren Lore Jokoetako kartelaren amaieran ageri dena. Ohar modura, jartzen du c asko agertzen direla, k nahikorik ez zutelako eta c letra agertzen den lekuan k behar zuela. "Horrek erakusten du garaiko inprentak nola funtzionatzen zuten", esplikatu du Bilbaok.

LORE JOKOEN KARTELAK

Zer.Anton Abbadiaren Lore Jokoetako afixak erakusketa.

Non. Mungiako Udaleko erakusketa aretoan.

Noiz arte. Abenduaren 3ra bitartean.

Ordutegia. Barikuetan, 18:00etatik 20:00etara; zapatuetan, 17:00etatik 20:00etara; eta domeketan, 11:00etatik 14:00etara.

Lokaletik globalera

Gehienetan, ingurumenaren alorreko araudiren bat osatzeko prozesua gizatalde jakin batek arazoren bat nozitu eta salatzearekin batera hasten da. Jarraian erakunde publikoek salaketa hori aztertu eta onespena emateko bidearen hasiera puntua horixe izan...

Musikarien zaindariaren omenezko ekitaldiak

Azaroaren 22an Santa Zezilia Eguna da; musikarien zaindariaren eguna, alegia. Aurten, Barakaldon, doako 29 musika saio izango dira egun horren bueltan. Gaur hasi eta hilaren 28ra bitartean, gustu eta estilo guztietarako doinuak entzungai izango dira.

Asteburu honetan, kontserbatorioko ikasleek eta herriko abesbatzak emanaldi batzuk egingo dituzte. Herriko musika elkarteek, bestalde, herri abestien kontzertuak antolatu dituzte.

Santa Zezilia Eguna

Ostegunean, Santa Zezilia Egunean, musika doinuek girotuko dute herria. Goiz eta arratsaldez, Barakaldoko sei lekutan musika talde batzuen saioak egongo dira. Arratsaldean, auzoetaraino helduko dira musika hotsak, zazpi taldek emanaldiak egingo baitituzte.

Datorren asteburuan, organo eta koral kontzertuez gain, lau talde hasiberri ere arituko dira. Organo kontzertua Aquilino Amezuaren omenez izango da. Gainera, herriko musika bandak 28an —asteazkenez— egingo du saioa, Barakaldo antzokian.

MUSIKA EMANALDIAK

Zer. 29 musika saio egongo dira Santa Zezilia jaien barruan.

Non. Barakaldon, 16tik 28ra.

8

Jaso bako zerbitzu bategatik Alonsotegik ordaindu urteak. Alonsotegiko Udalak zortzi urtean ordaindu dio enpresa bati, itxita zeuden komun batzuen mantentze lanagatik. Orotara, 12.378 euro izan dira.