KontzertuakDerioMetal, rock eta punk doinuak gustuko dituztenek aukera ona dute bihar Derioko frontoian. Hain zuzen, CemenDerioRock (CDR) antolatu du herriko Santzoka elkarteak.Bosgarren aldiz antolatzen duten jaialdiaren barruan hainbat talde igoko d...
Gabonetako pariak
Din-dan-don, din-dan-don! Eguberri on eta Zorion! Ziutateko karrikak, gauez ere, argitsuak dira asteotan. Bilboko Kale Nagusian, gaueko zortzietan, dena da kolore, irri, gaztaina usain eta melodia. Gabon kantak entzuten dira El Corte Inglés, Zara, Sphera eta Pull & Bear-eko enbaxadetako erakusleihoetatik. Baina doinurik ederrena Banco Santander-en sukurtsaletik dator. Emakume ahots gozo batek ingelesez, gazteleraz, italieraz eta euskaraz epeltzen dizkigu barneak, sentimendurik onena tonalitate desberdinetan gure baitan piztuz: love, maitasuna, amorea.
Baina ahotsa ez da Santanderrek jarria. Immigrante baten ahots gozoa da. Eztia. Bere azal-hezurrak hotzak ikaratuta dituela, geure barneak epeltzen saiatzen da banku horrek bere egin duen Moyua plazako izkinetako batetik. Bere aurretik pasatzen gara denak, ordutegi malguagoa duten enbaxadek kobratu diguten zorion fashionable-a poltsetan daramagula, pozarren. Eta hurbil dagoen nerabe batek barre egin du gure atzerritarrak bere euskara ederrean (ba al da euskara ez-ederrik?) Hator, hator abesten hasi denean. "¡Y en euskera también, tú!", konpartitu du gogoeta neskalagunarekin gure gazteak. Bitartean, etorkinaren gabon kantak jarraitzen digu gaua geuretzen. Geuretzen, bai, Zarak Merry christmas-ak opa dizkigulako.
Hau guztia lagun bat itxaroten nengoela ikusi nuen. Eta izugarria iruditzen zait irudia. Miguel Brievaren ilustrazio bat ematen du: dena da gehiegikeria kapitalista, eta barre egiten dugu pertsonaien bizitza neurribakoekin. Baina barrea, lagun batek esan zidan legetxe, eztarrian trabatzen zaigu, geure inkontzientea konturatzen denean txotxongilo horiek geu garela. Brievaren binetak ispiluak dira.
Egunotako erosketak mustur aurretik ibiltzen dizkiegu geure txiroei, geure bankuen itzalpe hotzetan kantatzen diguten horiei. Gabonetako opariak eta Gabonetako pariak. Errebaletan immigranteak daude izkinetan; erdigunean bankuak eta multinazionalak. Denek gura dute ahalik eta gehien kontrolpean izan, baina batzuk ematen dute eta besteak kendu. Batzuk geurera hurbiltzen saiatzen dira eta besteak gu beraienera erakartzen. Baina zein zaigu arrotzagoa? Zeini egiten diogu jaramon eta zeini ez ikusiarena?
Bi euro bota dizkiot saskira geure abeslariari. "Grasias", eta lanean jarraitu du. Ez! Eskerrak zuri, joder! Eta abesten diguzun amore horretatik pixkatxo bat zeuretzat ere gera dadila. Ez eman amore.
Estalpe hutsa baino gehiago
Gabonak ate-joka direla, Bizkaiko hainbat herritan jarri dituzte jaiotzak. Hiriburuan aukera bat baino gehiago daude halako maketak bertatik bertara ikusteko. Justo eta Pastor Deunak Belenisten Elkarteak lau lekutan kokatu du aurtengo erakusketa: katedraleko klaustroan, San Nikolas elizako arkupeetan, Otxarkoagako auzoetxean eta Zubiarte merkatal gunean. Bizkaiko Jaiotzazaleen Elkarteak, berriz, Aste Santuko Pasio Irudien museoan jarri ditu bereak. Azkenik, Bilboko Elizbarrutiko Eliz museoan mundu osoko jaiotzak ikus daitezke.
Metro gutxi ibilita hainbat herrialdetako artisautza lana ezagutu daitekeela dio Eliz museoko zuzendari Juan Manuel Gonzalez Cembrellinek. "Ohi bezala, lurralde eta kultura askotakoak ditugu. Gehienak Ameriketatik iritsitakoak dira, eta, nire gusturako, ikusgarrienak ere badira. Europa erdialdeko eskulangileek egindakoak ere baditugu. Azkenik, Afrikako jaiotza batzuk ere badira. Deigarriak izaten dira; jendeari exotikoak iruditzen zaizkio, guk etxeetan izaten ditugunekin alderatuz ezberdinenak izaten direlako", azaldu du.
Gonzalez Cembrellinen esanetan, erakusketa horren ikusleak oso fidelak izaten dira, urterokoak. Hala, aurten Gabonekin harremana duten artelanekin osatzea erabaki dute, jende berria erakartzeko asmoz. Gehienak Miguel Iribartegi artista nafarrak brontzez egindako eskulturak dira. "Gabriel goiaingerua eta Maria deikundeko pasartean, magoak ganbeluetan... denetarik daukagu", dio.
Eliz museoak, gainera, gozoen azoka ere antolatu du. Gabonetan jai ohi direnak daude erakusmahaietan: turroiak, mazapanak, polboroiak... Txokolatea, likoreak eta mermelada ere bada salgai. Jaki eta edari guzti-guztiak 17 komentutan bizi diren mojek egindakoak dira.
Bizkaiko Jaiotzazaleen Elkarteak kide dituen eskulangileek egindako jaiotzak erakusten ditu. Aste Santuko Pasio Irudien museoan jarri dituzte ikusgai. Elkarteko kideek Jesusen jaiotzarekin harremana duten pasarteak irudikatzen dituzte euren maketetan. Lau bat laguneko taldetxoetan banatzen dute beharra. "Guk deikundea irudikatuko dugu, guk artzainak Jesus haurra gurtzen... Talde bakoitzak bere pasartea aukeratzen du, eta gero euren imaginazioaren arabera sortzen dute guztia", azaldu du elkarteko kide Maite Lacasak.
Bibliako pasarteak ez ezik, Bilborekin harremana dutenak ere badaude ikusgai erakusketa horretan. Besteak beste, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea irudikatu dute. Zazpikaleetan ageri da, Askatasun kalean, Plaza Barrira bidean. Elkarte honek 54 urte daramatza jaiotzak egiten eta alkate denetik erakutsi dien babesa eskertu gura izan diote Azkunari. Bizkaiko Jaiotzazaleen Elkarteak, gainera, Mungiako udaletxeko erakusketa aretoan ere antolatu dute jaiotza. Baita Barakaldoko Miranda fundazioaren egoitzan ere. Guztiak urtarrilaren 6a bitarte egongo dira.
Justo eta Pastor Deunak Jaiotzazaleen Elkarteko kideek pausu bat gehiago ematen dute. "Gabonetako misterioa eta Euskal Herria lotzen saiatzen gara", dio Karlos Torner elkarteko kideak. Katedralean 20 jaiotza dituzte. Horietatik zortzi itzelak direla dio. "Bada kutsu euskalduna duen jaiotza bat, beste bat Kataluniakoa. Euskal familia baten pasartea ere ikusi daiteke, Olentzeroren inguruan Gabonak ospatzen direla", azaldu du.
Areatzako San Nikolas elizaren arkupeetan, beste zortzi jaiotza daude. Tartean Athleticen gabarra ere irudikatu dute. "Umeek oso gustura ikusten dute. Liluratuta geratzen dira". Atzeko aldean 1984an gabarrak egindako jaitsiera ageri den argazkia jarri dute, eta aurrean maketa osatu dute. Gabarra itsasadarrean behera ikusten da, eta Espainiako kopa ekarri ordez jaiotza bat dakar. "Karikatura moduko bat dela esan daiteke".
San Nikolasen ikusgai dauden maketetako batek 18 metro koadro ditu. Handiagoa da, hala ere, Zubiarte merkatal gunean jarri dutena: 30 metro koadro da zabal, eta euskaldunak dira jaiotzako kideak. "Gorbeia, Urduñako haitza eta Anboto ere ageri dira", azaldu du. Asteon Otxarkoagako auzoetxean ibili dira beharrean, gaurtik aurrera ikusi ahal izango diren lau jaiotzak atontzen.
Tornerren esanetan, behar handia eskatzen du halako maketak egiteak. Elkarteak oso kide gutxi direla dio, eta beti ere ez dutela astia izaten. "Bakoitzak gure lana dugu, gure zereginak". Jaiotza hauetako asko azken zortzi urteetan egindakoak dira. Baina badira berriak ere. Urrian hasi ziren erakusketa hauek atontzen.
GABONETAKO JAIOTZAK
Noiz. Urtarrilaren 6a bitarte.
Non. Bilboko katedraleko klaustroan, San Nikolas elizan, Eliz museoan eta Aste Santuko Pasio Irudien museoan.
Zuberoa eta Alsaziako musika Bidebarrietan
KONTZERTUA. Bilbo Zazpikaleetako Bidebarrieta liburutegian Transhumantzia izeneko lana entzuteko aukera egongo da, datorren eguaztenean, 19:30ean. Zuberoako Mixel Etxekopar eta Alsaziako (Frantzia) François Rosse elkartzetik sortu da. Zuberotarrak Euskal Herriko mendi, txori eta artzainei loturiko musika egiten du; Rossek Europako tradizioari begiratzen dio. Xirula eta pianoa uztartuko dituzte taula gainean. Iparraldetik datozen haize berritzaileak ezagutzeko aukera izango du entzuleak. Sarrera doakoa da.
Belatxikietako leizeak garbituko dituzte bihar
ESPELEOLOGIA. Euskal Espeleologoen Elkargoko kideek Belatxikieta inguruko kobazulo eta leizeen urteroko garbiketa egingo dute. Espeleologo zaletuei parte hartzeko deia egin diete. Euban jarri dute hitzordua, 09:00etan eta handik ibilgailuetan abiatuko...
Orozkon terreña arrazako txapelketa egingo da bihar
ABELTZAINTZA. Terreña arrazako behien Euskadiko VI. Txapelketa jokatuko da bihar goizean Orozkon. Bizkaiko sei ganaduzalek, Gipuzkoako lauk eta Arabako beste lauk parte hartuko dute. Osotara, 71 buru eramango dituzte. Azoka ere antolatu dute: eskulangileek 20 erakusmahai izango dituzte eta nekazariek 29. Gainera, terreña arrazako behien okelagaz egindako hamburgerrak dastatzeko aukera egongo da.