“Ezin ginen hizkuntza gabe gelditu; euskaldunak garen kontzientzia geneukan”

Ohorezko Lauaxeta saria jasoko du Karmele Goñi etnografo eta euskaltzaleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1926) gaur, Foru jauregian. Bilbora ezkondu zenetik gaur egunera Bizkaiko hiriburua asko euskaldundu dela dio, baina kosta egiten zaio ulertzen gazteek eskolan ikasi duten arren zergatik ez duten euskaraz hitz egiten. "Kalean erdaraz dabiltza jo eta ke".

Euskarari eta euskal kulturari emandako bizitza saritu gura izan dizu Bizkaiko Foru Aldundiak. Zuk zelan laburbilduko zenuke bizitza hori?

Familia euskaldun batean jaio nintzen. Gerra hasi arte gure mundua euskalduna izan zen. Amona zeraindarra geneukan. Udan, Zerainera [Gipuzkoa] joaten ginen, ikasturtea hasi arte. Euskaldunen artean bizi izan naiz. Gerrarekin hori guztia erabat aldatu zen. Gure mundutik atera gintuzten. Kendu ziguten euskara. Kristau dotrina eta mezak euskaraz kendu zituzten. Gure mundua erabat aldatu zen. Euskaldun herriari inork ez al dio barkamenik eskatu behar? Horrek ez dauka garrantzirik? Herria txikitu ziguten. Hori zela eta, gutxi edo asko, beti bizi izan ginen politikan sartuta. Horrek gogortu egiten zaitu, eta horri esker eutsi genion. Gure barruan euskaldunak garen kontzientzia geneukan. Euskal Herrian ezin genuen gelditu hizkuntza gabe. Herriaren alde lanean hastea ez zitzaidan batere kostatu.

Zelan hasi zinen etnografian?

Jose Migel Barandiaran ezagutzen nuen. Harekin hasi nintzen. Aranzadin oso goiz sartu nintzen, 18 urterekin. Han neukan osaba Manolo [Manuel Laborde], Jesus Elosegi... On Jose Migel etortzen zen gure batzarretara, eta poliki-poliki etnografia sailera bideratu ninduten.

Non ibiltzen zinen?

Zerainen. Baserri guztiak ezagutzen nituen eta! Amonak han igarotzen zuen ia urte osoa, eta harekin egotera bidaltzen ninduten. Galdetzen nien gariari buruz, adibidez. Ikusten nituen simaurra botatzen, eta hartaz hitz egiten genuen. Vespa bat nuen, eta harekin ibiltzen nintzen. Oraindik ere segitzen dut. Uda aurretik joaten naiz, eta Arimen Egunera arte egoten naiz. Talde txikiak osatzen ditut. 80 urtetik gorakoak izaten gara denak. Arratsaldero leku batean edo bestean elkartzen gara. Galdetzen diet: "Ea, zuen garaian zenbat erromeriatara joaten zineten? Ze musikarekin? Zenbat emakumek jotzen zuten zerbait?". Ez dakizu ze musikariak diren baserritarrak! Erromeriak egiten zituzten. Askotan emakumeak joaten ziren bakarrik, eta beraiek jotzen zuten, beraiek kantatu. Dantzan ere aritzen ziren, baina soltean. Oraindik gogoratzen naiz agarraua egin zen lehen urtea. Abadea fina jarri zen. Nik horiek ikusita dauzkat, eta horregatik etnografian aritzeko erraza daukat.

Gero Bilbora ezkondu zinen.

Hau oso erdalduna zen orduan. Bost seme-alaba ditut. Etxean dena euskaraz egiten genuen. Nire lagunek eta nik maisua edo maistra bilatu eta etxeetan ematen genituen eskolak. Gure umeek euskaraz ikastea nahi genuen. Denak etxe batera joaten ginen. Baina hemen bat, han bestea, eskola txiki asko genituen. Azkenean, pisu bat hartu eta eskola jartzea pentsatu genuen. Resurreccion Maria de Azkue ikastola. Amak arduratzen ginen guztiaz. Administrazioa gure kontu hartu genuen, maistra berriak bilatu, garbiketa, telefonoari kasu egin... Laster txiki geratu, eta beste leku bat bilatu behar izan genuen.

Arazorik ere izango zenuten.

Sustoak ere bai. Baimenik gabe ireki genuen. Baina inspektorearengana joan ginen, eta esan genion eskola ireki nahi genuela. Bete genituen paper guztiak. Esan genuen umeak txikiak zirela eta euskaraz errazago egiten zutela erdaraz baino. Txiripaz eman ziguten baimena. Eskaeran esaten genuen Abandon ez zegoela ezer, ume txikiekin ezin ginela urrutira joan, eta nahi genuela eskola bat erdaraz, noski, eta euskaraz. Jarri genuen: "Y en euskera". Ez genuen aipatu ikastola zenik. Denek esaten ziguten ez zigutela baimenik emango. Baina inspektorearengana joan ginenean eman zigun.

Eta nola joan zen hazten?

Ume txikientzako eskola zen hasieran, 7 urte arterakoa. Baina, handik aurrera, eskola koadernoa behar zuten. Eta, 10 urtetik aurrera, Batxilergoa. Horretarako, ez dakit zenbat metro eskatzen zizkiguten. Umeek ikastolan euskaraz egin ostean, institutuan zailtasunak zituzten erdaraz aritzeko. Azterketak ere erdaraz egin behar zituzten. Hala sortu genuen kooperatiba, Lauro ikastola. Horri esker, legeak Batxilergoa ere irakasteko aukera ematen zigun. Orain hor dago, ondo ikastola ederra. Nire bilobek han ikasten dute. Eta ondoren zenbat ikastola sortu ziren!

Bilbon dotrina euskaraz emateko ere egin zenuen borroka.

Atera zuten lege bat esanaz bakoitzak ikasi behar zuela doktrina bere parrokian. Joan ginen gurasook Abandoko parrokoarengana, eta dotrina euskaraz eskatu genion. Sekulakoak esan zizkigun. Azkenean, eskaini zigun igandeetan 05:00ak aurretik. Gotzaitegira joan ginen, zer nahi genuen azaltzera. Meza euskaraz emateko baimena iritsi zenean ere gotzainak ez zuen ezer egin, e? Guk ekarri genituen Iparraldetik euskarazko meza liburu txiki batzuk. Emakume talde bat autoetan joan ginen bila, eta Bizkaian eskualdez eskualde banatu genituen. Elizak ez zuen ezer egin! Orain ere, Abando osoan meza bat ere ez daukagu euskaraz. Horretarako eskubiderik dagoela uste duzu? Jesuiten elizan izan dugu igandeetan, 11:00etan. Ni urteetan joan naiz. Orain, abadea gaixotu da, eta ez digute beste bat jarri. Gu euskaldunak gara, eta meza euskaraz entzuteko eskubidea dugu. Jaungoikoak euskara ere jarri zuen munduan. Nor dira gure hizkuntza ondo ez hartzeko?

1977an Elizbarrutiak Labayru ikastegia sortu zuen, euskara eta euskal kultura gorde eta sustatzeko. Martxan jartzeko bilerak zuen etxean egiten ziren.

Bai, eta gure senarra [Jose Maria Mujika] izan da zuzendarietako bat. Gizon ona, apala, langilea, abertzalea. Aralarren ezagutu genuen elkar. San Migel da Euskal Herriko patroia, eta ehunka eta ehunka abertzale joaten ginen santuaren egunez, Gipuzkoatik, Bizkaitik, Arabatik... Meza entzun, bazkaldu eta iluntzera arte egoten ginen. Bilboko talde bat ezagutu genuen behin, eta tartean zegoen nire senarra izango zena.

“Gogorrak, doituak eta posible diren bakarrak”

Astelehenean erregistratu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak datorren urterako aurrekontu proiektua, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Ahaldun nagusia dagoeneko elkartu da ordezkaritza duten lau taldeekin, eta gaur hasiko dira ahaldunak euren sailek zenbat eta zertan gastatuko duten azaltzen. "Gogorrak, doituak eta posible bakarrak": halako aurrekontuak osatu dituzte, Jose Luis Bilbaoren berbetan.

Ahaldun nagusiak iragarri du martxan dauden inbertsioei eutsiko zaiela baina ez dela berririk egingo. Onartu du horrek kalte egingo diola hainbati. "Denok dakigu gastu publikoak ekonomia mugitzen duela. Baina une honetan ez daukagu beste aukerarik. Neurrian inbertitu behar da; ezin dugu ez daukagun dirua bota". Izan ere, Bilbaok dio "azken hamar urteetako egoera ekonomiko zailena" dela Bizkaiarentzat. "Krisialdia gogor jotzen ari da gure ekonomia. Ondorioz, jarduerak nabarmen egin du behera, lanpostu ugari galdu dira eta langabeziak gora egin du. Zerga bilketak, berriz, behera. Gainera, ez dago laster suspertuko den zantzurik". Ezkor agertu da oso. Iruditzen zaio Bizkaiko enpresei kalte egingo diela Frantzia, Alemania eta Europa erdialdeko hainbat ekonomia berriz ere atzeraldian sartu izanak, esportazioetan dezente igarriko delako.

Hotzaldi horren eraginez, datorren urteko diru bilketa 2006koaren parekoa izango da; aurtengoa baino %2,3 apalagoa. Diru sarreraren beherakada orekatzeko, urte berriarekin batera ondarearen gaineko zerga berritua sartuko da indarrean, aurten baino 20 milioi gehiago biltzeko asmoz. Eta foru aldundiaren tasa eta prezio publikoak %2 garestituko dituzte. Hala ere, neurriok ere ez dira nahikoa izango.

Bizkaiko aurrekontu orokorra 6.578 milioi eurokoa izango da, aurten baino %4,8 txikiagoa. Hortik, 743 milioi udalen finantzaketarako izango dira. 3.985 milioi Eusko Jaurlaritzari emango zaizkio, haren aurrekontua osatzeko. Espainiari 406 milioi, kupo bidez. Azkenik, Bizkaiko Batzar Nagusiek 7 milioi euro jasoko dituzte 2013an. Hori horrela, foru aldundiari 1.435 milioi euro geratzen zaizkio, berak kudeatzeko; 2012an baino %6,1 gutxiago. Heren bat langileria gastuetarako eta zorraren interesak eta amortizazioak ordaintzeko izango da. Aldundiko zortzi sailek jasoko dituzte beste bi herenak: 1.040 milioi euro; aurten baino %10,3 gutxiago.

Horietatik %78,3 hiru sailek jasoko dituzte: Gizarte Ekintza Saila, Ekonomia Sustapen Saila eta Garraio eta Herri Lan Saila. Izan ere, ahaldun nagusiaren esanetan, foru aldundiaren lehentasuna da "pertsonen bizi-kalitatea bermatzea, enplegua bilatu eta sortzea eta herri lanetan egingo diren inbertsioen bidez ekonomia suspertzea". Hein berean, oinarrizko "zerbitzu publikoei eusteko konpromisoa" hartu dute, eta, aurrekontuak osatzerakoan, "zorroztasun ekonomikoa" izan dute arau. "2013an ez da zor berririk sortuko", hitzeman du Bilbaok.

Gizarte Ekintza Saila izango da beherakada txikiena sufrituko duena: %2,7 gutxiago. Sailetako aurrekontuen %43,5 jasoko du Pilar Ardanzaren taldeak: 452 milioi. "Nagusiek, menpekoek, bazterketa arriskuan daudenek, gazteek... Denek jasoko dituzte oinarrizko zerbitzuak, batere murrizketarik gabe". Baina bada aldaketa nabarmenik.

Edadetuen bidaietan, etena

Errenta baxuko erretiratuek Europan bidaiak egin ahal izateko Adineko izeneko programa bertan behera geratuko da, behin-behinean. Bizitza osoan beharrean ibili eta oporrak hartzeko aukerarik izan ez duten bizkaitar andana joan dira egitasmo horri esker leku berriak ezagutzera. Bilbaok aurreratu du 2014an itzuliko dela Adineko, "diru kontuak artezten badira". Hala ere, edadetuentzako diru sorta 156,7 milioi eurokoa izango dela nabarmendu gura izan du.

Menpekotasunari dagokionez, Espainiako Gobernuak ez dizkio ordainduko foru aldundiari lehen mailakoa dutenei dagozkien diru laguntzak, aurten ere ordaindu ez dizkion bezala. Egoera hobetu arte kentzea erabaki zuen Mariano Raxoi presidenteak. 2012 honetan foru aldundiak bete du gabezia hori, baina Bilbaok ohartarazi du datorren urtean ezingo duela egin. Hala, bigarren eta hirugarren mailako menpekotasuna dutenek baino ez dituzte jasoko laguntzok. Bi maila horietan ere, Espainiak ez du bere partea ordainduko, baina foru aldundiak osatuko du hutsunea. Osotara, 41,3 milioi euro izango dira; hau da, aurten baino 6 milioi gutxiago —Espainiak ordainduko ez dituenak—. Azkenik, kolpe latza jaso dute lankidetzarako eta aukera berdintasunerako programek ere: %45 murriztuko dituzte laguntzak.

Beherakadarik nabarmenena Ingurumen Sailak eta Kultura Sailak izan dute: biek aurten baino %25,8 gutxiago izango dute. Hala ere, Bilbaok honako hau argitu gura izan du Kulturari dagokionez: "Aurtengo diru sorta handiagoa izan da, Euskalduna jauregia handitzeko lanengatik ordaindu beharrekoa ere barnean zegoelako. Beraz, aurtengo aurrekontuari 10 milioi horiek kenduta, Kultura Sailak izango duen beherakada %11,5 izango da". Beste horrenbeste gertatu da Ogasun eta Finantza Sailean. Aurten, EHUri San Mames inguruan campus berria eraikitzeko hitzemandako laguntza ere kontuan hartu dute, baina dagoeneko datorren urtean ez da horren beharrik izango aurrekontuan. Ingurumen Sailaren proiektu nagusietako batek, bestalde, Artigasen eraikitzen ari diren hondakinen tratamendu mekaniko-biologikorako plantak, 2,3 milioi gutxiago izango ditu 2013an.

Ekonomia Sustapen Sailean ere bada doiketa, turismo alorrari lotutako hiru akordio bertan behera geratu baitira: Athleticek, Bilbo Basketek eta Euskadi Fundazioak euren elastikoetan Bizkaia izena eramateagatik ez dute gehiago diru laguntzarik jasoko. Aurten, 5,6 milioi jaso dituzte hiruren artean. "Zuzendaritzekin hitz egin dut, eta ondo hartu dute", azaldu du Bilbaok. Eta ez da gutxiagorako. Saskibaloi taldeak diru publikoz eta beren-beregi eurentzat eraikitako Bilbo Arena pabiloian jokatzen du. Bide batez, Miribilla auzoko kiroldegia bertan jarri zuten. 38 milioi ordaindu ziren obrak. Aurretik, Casillan jokatzen zuten, baina txiki geratu zitzaien; ostean, BECeko Bizkaia Arenan —gaur egun ia erabilerarik ez du—. Futbol taldearen San Mames Barria proiektuak iaz baino gehiago jasoko du —7 milioitik 7,6 milioira igo da foru aldundiaren ekarpena—.

Nekazaritza Sailak 7 milioi gutxiago izango ditu. Horrela bada, % 19,1eko beherakada sufrituko du Irene Pardoren taldeak. Herri Lan eta Garraio Saileko beherakada, bereziki, errepideetan igarriko da. Aurten ere espero ziren errepide ardatzetako askoren proiektuak tiraderan gorde behar izan dituzte. Eta inork ez daki noiz atera ahalko dituzten. 2013. urtean Autzagane eta Bermeoko saihesbideen obrekin jarraituko dute. Aurrekontuaren txikitzea aintzakotzat hartuta, Bizkaibusek, behintzat, duin eutsi dio.

Murrizketak enpresa publikoetan gura ditu oposizioak

Oposizioko hiru alderdiak datu zehatzak ikusteko irrikan daude, aurrekontu proiektu horrek sakonean zer duen jakiteko. Hala ere, lehen kolpean ados jarri dira badagoela zer hobetu herritarren beharrei erantzun gura izanez gero. Dena den, PSE-EEk nahiko abegikor hartu du proiektua, "ardatz nagusietan bat egiten" duela esan baitu Iñaki Egaña batzarkideak. "Bizkaitarroi gerrikoa estutzeko eskatzen zaigu, baina beste alde batera begiratzen dute foru sozietate publikoei dagokienez", salatu du, berriz, Esther Martinez PPko batzarkideak. Aurtengo aurrekontuak popularren babesarekin onartu ziren.

Deigarria egin zaie bai Bilduri, bai PPri, bai PSE-EEri Jose Luis Bilbaok foru aldundiaren zorrari aipamen egin eta azaldu ez izana sozietate horiek ia beste horrenbestekoa dutela: Bizkaiko Foru Aldundiaren zor bizia 1.200 milioi eurokoa da, eta foru sozietateena, 1.027 milioi eurokoa. Osotara, 2.200 milioi pasatxo dira. Hori horrela, foru enpresek zenbat diru jasoko duten jakin gura du Bilduk, eta, bereziki, zelan aurre egingo zaion Bilbo hegoaldeko saihesbideak, Artxandako tunelek, BECek eta antzeko azpiegiturek utzi duten zuloari.

Martinez popularrak ohartarazi du BECek 41 milioiko galera duela eta foru aldundiak ez duela proposatu egoera artezteko ezelango planik. "PPko kideok gardentasuna sumatu dugu faltan; alegia, garai oparoetan martxan jarritako enpresa publikoekin sortu duten Bizkaiko administrazio paraleloari buruzko informazioa". Aurten, 470 milioi euro jaso dituzte aurrekontutik. Datorren urtean zenbat jasoko duten jakin gura du Bilduk.

Menpekotasunarekiko kezka

Aurtengo aurrekontuari errepasoa eginez, koalizioko batzarkideek gogorarazi dute duela urtebete aurreproiektua aurkeztu zenean iragarri zela Gizarte Ekintza Sailak sailen aurrekontu erabilgarriaren %51 jasoko zuela. "Oinarrizko errenta eta etxebizitza osagarriak barne hartu ziren, diru hori Eusko Jaurlaritzak jartzen duen arren. Bi kontzertu horiek kontuan hartu gabe, aurrekontuaren %31 bideratu zen gizarte ekintzara", salatu dute. Alegia, esaten dute foru aldundiak, nahiz eta jakin bazekien behin 2012a hasita bi laguntza horiek emateko eskumena Eusko Jaurlaritzaren ardurapera igaroko zela, euren aurrekontu proiektuan sartu zituztela, gizarte gaietarako diru sorta eta horrek osotasunarekiko izango zuen pisua puzteko.

Bilduk eta sozialistek ez dute ontzat jo lehen mailako menpekotasuna duten pertsonak diru laguntza gabe geratzea. Popularrek ez dute aipamenik txikiena ere egin kontu horretaz. Egaña sozialistak onartu du diru bilketan beherakada nabarmena egon dela, baina uste du zerga iruzurraren aurkako politika egoki batekin falta diren 6 milioi horiek eta gehiago ere lor zitezkeela. Gainera, zerga politika bera berregituratzea ere ezinbestekotzat jo du, aurrekontua gero eta meheagoa ez izateko. Bilduk, berriz, "Espainiako Erresumak bere ardurekin betetzen ez duen argudioa aitzakia" dela uste du. "Beste erakunde batzuek menpekotasunaren gastu hori euren gain hartu duten arren, foru aldundiak nahiago izan du ezikusiarena egin eta pertsona horiek laguntzarik gabe utzi".