Barakaldoko Udalak 300 isun ekonomiko baino gehiago ezarri zituen iaz kalean txiza egiteagatik. Zigorrak 150 eurorenak izan ziren. Berehala ordainduz gero edo lehen aldia bada arau-hauste hau egiten dela, isuna erdira murriztu daiteke. Tontxu Rodrigue...
Animaliak protagonista
Morga
Beste urte batez, lehenengo sektorea babesteko eta sustatzeko asmoz, Morgako Udalak XIV. Morgako Azoka antolatu du domekarako. Salerosketak eta erakusketak ez ezik, beste hainbat ekitaldi ere izango dira goiz osoan. 10:00etatik aurrera, herritarrak eta bisitariak euskal nekazaritzara gerturatuko dira ohiko azokaren bidez. Aurten, 28 postu ezarriko dituzte Andra Mari elizaren inguruetan, plazan eta frontoian. Horietan, sor-marka duten produktuak eta artisautza produktuak eskuratzeko aukera egongo da. Besteak beste, honako produktu hauek dastatu eta erosi ahal izango dira: ogia, gozokiak, euskal pastela, gazta, eztia, sagardoa, txakolina, txokolatea, patea, kontserbak, marmeladak eta nekazaritza ekologikoak ekoitzitako produktuak.
Beste alde batetik, artisautza lanak ikusi eta erosteko abagunea izango da. Adibidez, altzariak eta egurrezko tailuak, beiraz eta larruz egindako produktuak, zilar bitxigintza, esku pilotak, oleoak, grabatuak, eskuz margotutako kamisetak eta artilezko abarkak eta galtzerdiak egiten dituzten eskulangileak egongo dira azokan. Gainera, kasu askotan, artisauek lana nola egiten duten zuzenean ikusteko aukera izango dute bisitariek.
Giro ona izango da. Ohiko moduan, taloak dastatzeko postu bat jarriko dute plazan. Horrez gain, txosna bat ere jarriko dute, eta musikak herriko kaleak girotuko ditu goiz osoan.
Zaldi probak
Ekitaldi nabarmenen artean, zaldi proben erronka dago. 13:00etan hasiko da, eta, aurten, Amalloko Giñerregiren Guda eta Munitibarko Motrolluren Lai arituko dira lehian. Zaldiek 1.010 kiloko pisua duen harria mugitu beharko dute, ordu erdiko bi saiotan.
Zaldiak ez dira izango azokako animalia bakarrak. Batetik, arrano eta belatzen falkoneria ikuskizuna egongo da. Bestetik, goiz osoan, animalia exotikoen erakusketa bat antolatu dute.
XIV. MORGAKO AZOKA
Noiz. Domeka honetan egingo dute azoka.
Non. Andra Mari elizaren inguruetan, plazan eta frontoian antolatuko dira ekintzak.
Urteurren borobilak
Hor Dago Abante konpartsak hogei urte bete dituela eta BERRIA-ren hamargarren urteurrena ospatzeko bazkari bat egingo dute bihar. "Urtebetetzeak normalean otorduen inguruan ospatzen direnez, zer hobea bazkari bat baino", adierazi du Arantza Ibabek, Ho...
Hamar erakundek parte hartuko dute ekinbidean
Oraingoz honako erakunde hauek arituko dira proiektuan lanean: Gurutze Gorria, Otxarkoagako Prestakuntza Zentroa, Igurco Egoitza, Gaztaroa-Sartu elkartea, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea, Francisco de Goya-Lope de Vega LHI, Tendel elkartea, Mirib...
Euskal giroko ospakizuna
Algortako San Nikolas ikastolaren 50.urteurrenaren inguruko ekitaldien barnean, Euskal Jaia antolatu dute biharko. Mende erdi, ez ordea gehiegi lelopean, urte osoko egitarau zabal bat prestatu dute ikastolakoek. Bihar, baserritar edo arrantzale jantzita joateko deia egin dute. Herritar denak gonbidatuta daudela nabarmendu dute: "Algortar guztiak etor daitezela, urteurrena denon artean ospatzeko", dio ikastolako Gaizka Arrizabalagak.
Txistularien eta fanfarrearen musikaz girotuta hasiko dute eguna, 09:30ean. Horien musika lagun dutela, 11:00etan hasita, herriko dantza taldeek kalejira bat egingo dute Telletxe plazara heldu arte. Han, dantza emanaldi bat egingo dute. Baserriko produktuen erakusketa ere egongo da. Teilagorri plazan izango dira ikusgai goiz osoan, 11:00etatik 15:00etara. Hamar bat erakusmahai ipiniko dituzte.
Bestalde, umeentzako hainbat ekitaldi egingo dituzte. Besteak beste, 11:00etatik 14:00etara, herri kirolak izango dira Bihotz Alai plazan. Zenbait tailer ere egingo dituzte. Herri bazkaria 15:00etan egingo dute Zabala eskolan. Ostean, bertso kafea izango dute, Algortako bertsolari eskolakoekin.
Arratsaldean, Telletxe plazan, Iñaki Perurenak erakustaldia egingo du. 19:00etan, Getxoko antzerki eskolako kideek eta San Nikolas ikastolako zenbait ikaslek kale antzerkia egingo dute. "Algortako Erdi Aroko giro euskaldunaren inguruko antzezlana izango da". 17:30etik 20:00etara bitartean, Osabi taldeak herriko tabernak girotuko ditu. Eguna biribiltzeko, herri erromeria egingo dute Telletxe plazan, Erdizka Lauetan taldearen eskutik. Gero, Beñat Gantxegi DJaren emanaldia izango da.
Gaurtik, jai giroa
Girotzen hasteko, arratsalde musikala antolatu dute gaurko. Bertsoband saioa eta Bihotz Alai abesbatzaren emanaldia izango da 18:00etatik 21:00etara bitartean. Bertsoband-ean, Algortako musika bandaren doinuak eta Paya anai-arreben bertsoak uztartuko dituzte.
Bestalde, urteurreneko ekitaldien barnean, hamar asteburutarako mendi irteerak antolatu dituzte. Bihar eta etzi, adibidez, Kalamendi (314 m), Kamaraka (800 m), Besaide (564 m), Mello (633 m) eta Lekanda (1.302 m) tontorretara joango dira.
EUSKAL JAIA
Zer.San Nikolas ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko Euskal Jaia egingo dute.
Non. Algorta, Getxo.
Noiz. Bihar, egun osoan.