Gaur hasi eta domekara bitartean Kalez Kale jaialdiaz gozatzeko aukera izango da Iurretan. Hiru egunez, bada, bederatzi ikuskizun eszeniko eskainiko dituzte. Aurtengoa dagoeneko zazpigarren ekitaldia da. Ikuskizun guztiak doakoak eta euskaraz izango dira. Euria eginez gero, pilotalekura eramango dituzte.
Bapatean zirko talde arabarrak eskainiko du lehen ikuskizuna. Gaur arratsaldean izango da, Amilburu plazan. 17:30ean hasiko dira Tenderete izeneko lana antzezten. Taldekideen esanetan, komikoa da, eta zirku eta clown teknikak musikarekin uztartzen dituzte. 20:30ean, leku berean, Trapu Zaharra taldeak Ametsetan bizi taularatuko du.
Bihar, 18:00etan, San Migel plazan, Hortzmuga taldeak askatasunari buruzko Libertia lana antzeztuko du. 20:30ean eta 21:30ean, Amilburun plazan bi dantza ikuskizun izango dira: Deabru Beltzen Dumbreak perkusio eta dance ikuskizuna eta Organik taldearena —ahari topekan oinarrituta—. Domekan, azkenik, 13:00ean, Marsel magoa izango da Dantzari plazan.
VII. KALEZ KALE JAIALDIA
Non. Iurretan.
Noiz. Gaur, bihar eta etzi.